2025eko Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna
Otsailaren 21ean UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du Arabako Campuseko pabilioian. Jardunaldia irekia izango da hizkuntzaren, kulturaren eta migrazioaren inguruan gogoeta egin nahi duten pertsona guztientzat.
‘Hizkuntzen arteko joan-etorria’ izenburupean, Arabako Campusak eta Vital Fundazioak diruz lagundutako ekimenak jatorri atzerritarreko pertsonak bilduko ditu. Euren ama-hizkuntzarekin eta euskararekin duten harremanari buruz hitz egingo dute, eta euskal gizartean integratzeko prozesuaz eta ingurune eleaniztun batean bizitzeaz mintzatuko dira.
Parte-hartzaileen familiako hizkuntzen artean honako hauek daude: gaztelania, lingala (Kongoko Errepublikan, Angolan eta Erdialdeko Afrikako Errepublikan hitz egiten den hizkuntza), Marokoko arabiera, katalana eta friuliera (Italian, Friuli-Venezia Giulia eskualdean, hitz egiten dena). Hizlari guztiek dute nolabaiteko harremana euskararekin: batzuek txikitan ikasi dute, beste batzuek helduaroan, eta batzuk orain ari dira ikasten.
Ekitaldia 11:00etan hasiko da eta bi ordu inguru iraungo ditu. Jarduera honekin, UPV/EHUk Katedrak hizkuntza- eta kultura-komunitate ezberdinen arteko elkar ulertzea sustatu nahi du, aniztasuna errespetatuz eta bizikidetza bultzatuz. Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna UNESCOk bultzatu zuen 1999an, hizkuntza-aniztasuna eta hezkuntza eleanitza sustatzeko, eta Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadarekin bat egiten du.
Jardunaldia irekia izango da hizkuntzaren, kulturaren eta migrazioaren inguruan gogoeta egin nahi duten pertsona guztientzat.
