Sorkuntza-kontzeptua
Espazioa da mezua adierazteko gure eraren muina: gure mezuaren objektuak erakusten ditu, eta ordenatzen eta zehazten ditu proportzioak, neurriak, erritmoa, eskala…
Espazioa euskarri bihurtzen da, edukiaren, mamiaren, kontakizunaren oinarri.
Hala, "espazioa zizelkatuz", Chillidak zioen moduan, forma batzuk taxutzen dira, hitzak balioa hartzeko behar diren espazioak sor ditzaten. Gure sisteman, honela interpretatzen dugu kontzeptu hori: mezua zizelkatzeko oinarria, informazioa kokatzeko espazioa.
Espazio hori sortzeko oinarria forma geometriko soilak dira, aurrez planifikatutako eran modelatuak, aukera eman dezaten elementuak modu berezi eta bereizgarrian kokatzeko.
Forma horiei "espazio-kutxak" deritzegu, eta, horiei esker, Unibertsitatearen irudi grafiko bateratua adierazten dugu komunikazio-euskarri nagusietan.
ESPAZIOA Planifikatutako eran modelatutako forma geometriko soilen bidez irudikatzen dugu.
UPV/EHUren identitatea aise ezagutzeko modukoa eta bereizgarria da, eta marka komunikatzeko hari gisa dihardu. Markaren funtsa eta balioak transmititzen ditu bere irudiaren bidez:
Nortasuna eta konpromisoa
Espazioaren kontzeptutik abiatuta sorturiko formek konpromisoaren eta profesionaltasunaren ideia transmititzen dute. Estilo propioaren, hemengo artearen eta kulturaren isla dira. Ordena, oreka eta errespetua iradokitzen dute. Sistema sinplea da, baina ordenatua, eta koherentzia du; horrek gure buruarekin leial jokatzen laguntzen digu, ideiak argi izanik eta norabide konstanteari eutsiz.
Bultzada eta bizitasuna
Mugimendua, sormena, sortzeko askatasuna. Askotariko ideiak, munduak, ahotsak aintzat hartzen dituen sistema bat... baina norberarena galdu gabe, horrek uztartzen baititu gainerako guztiak bere baitan.
Espazio-kutxen sistema honek bidea ematen du nortasunari eusteko, nortasuna garatzeko eta bizitzeko. Eta horrexegatik, suspertu egiten du, energia transmititzen du eta benetan nolakoak garen kontatzen du.
Harrotasuna eta hazkundea
Estilo propioa duen marka bat, agerian uzten duena zer eta nor garen; hazten jarraitzeko, fruituak biltzeko eta etorkizuna ereiteko oinarria. Sistema grafiko honen bidez, identitate koherente eta bereizgarria sortu dugu, markaren nortasuna zabaltzeko eta, horrekin batera, gure estiloari sendotasuna eta berezitasuna emateko.