Balioak
Nortasuna
Gure izaera, gure jarduteko moduan islatua. Gure historia eta etorkizuna, gure estilo propioan.
Gure unibertsitatea Euskal Herriko Unibertsitatea da, guztiontzako erakundea. Gure leloa, "eman ta zabal zazu", fruitua eman eta hedatzeko agindua, gidari eta bitarte dugu, sustraiak zainduta, mundu osoari zabalik eta globalitatean kokatuz.
Unibertsitate serioa eta hurbilekoa gara; eta konpromisoa dugu, inplikazioa, kontzientzia, ardura eta gaitasuna. Hizkuntza propio batean mintzo gara, kultura propiotik, ikuspegi propiotik.
Espiritu ekintzailea, inkonformismoa eta beti urrunago iristeko irrika ditugu akuilu.
Bultzada
Gure ahalmen guztia garatzeko indarra ematen diguna: hazteko pizgarria.
Ikerketa sustatzen du, ekimen berritzaileen sorrera suspertzen du, motibatu egiten gaitu, lankidetza sakontzen du, sormena aberasten du, bikaintasuna lortzeko gure saiamena sendotzen du, gure helburuak lortzeko ezinbesteko jarrera tinko eta erabakia taxutzen du.
Konpromisoa
Konpromisoa UPV/EHUn bertako jardunaren barne indarra da, izatearen beraren zio eta arrazoi.
Bikaintasunaren bila abiatutako proiektu partekatu bat aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa da gizartearekin, ikasleekin, gizarte eta ekonomi bilbearekin izan beharreko konpromisoa, ezinbestekoa da hauen premiei erantzun eta errealitate egitea, zorroztasunaz eta jarraitutasunaz arituta.
Aniztasunari behar diogu erantzun, balio aniztunak izanik, irakaskuntzarako geure eredua garatu behar dugulako eta euskal geografia osora heldu eta osotasun horretan presente egon, herriaren jardunean eragile eta parte hartzaile izanik.
Bizitasuna
Unibertsitatearen barruko bizitza geure aniztasunaren isla besterik ez da, jakintza eta askotarikotasuna sortzeko jarduna. Gure jarrera bizi-bizia da, energia, esperientzia eta gaztetasuna da, etengabeko eboluzioa... sormena da.
UPV/EHU bakarra eta europarra da, tokiko eta globala, berritzailea, egungoa, etorkizunerako aukera da.
Harrotasuna
Kide sentitzea, gogobetetasuna, ohorea.
UPV/EHU izateak entzun, aditu, gozatu, ikasi eta lan egitea esan gura du, ikasitakoaren erakusteko eta irakasteko, eredugarritasunaren zabaltzeko.
UPV/EHUko parte hartzaile izateak lagundu egiten digu pertsona gisa eta gizarte gisa hazten, proiektu partekatu baten aktore sentituko bagara. Harrotasunaren sentimena etorkizunerako bermea da, aktiboki aritzen baikara unibertsitatearen garapenean.