2019/2020 ikastaroak: irakurmena konplexutasunez lantzen
Ikasturte honetan ere, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza arautuko irakasleen formazioan ari gara lanean, asko laguntzen digulako hausnartzen eta proposamenak garatzen. Aurten, besteak beste, irakurmenaren lanketari lotutako bi ikastaro ematen ari gara, Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako.
Irakurmena ezin da gainerako ikas-prozesuetatik bereizi. Hala ere, zehaztasun batzuk landu nahi izan ditugu, irakasle asko abiatzen direlako irakurketari lotutako kezkatik irakats-prozesuak aztertzen eta eraldatzen.
Hizkuntzen didaktikaren lan-lerroan, lanean gabiltza konplexutasunaren teoria eta ikuspegi dialektikoa hizkuntzen irakaskuntzarekin elkarlotzen, jabe-gabetzetik eta ilusionismo sozialetik abiatuz. Irakurketa komunaren kontzeptua interesgarria iruditu zaigu horretarako.
Bi ikastaro ematen ari gara:
- Ulermenezko irakurketa Lehen Hezkuntzan
- Irakurketa lantzeko estrategiak eta baliabideak Bigarren Hezkuntzan
Bi ikastaroetan antzeko edukiak erabiltzen ari gara eztabaidatzeko, bizipenak trukatzeko eta hausnartzeko, eta gero ikastaro bakoitzak bere egitura du.
Hauek dira oinarri gisa erabiltzen ari garen materialak, gaien pizgarri gisa:
- Ulermenezko irakurketa Lehen Hezkuntzan: hiru mito deseraikitzen
- Zer da ulertzea? Ulermenezko irakurketaren inguruan
- Ulermenezko irakurmena eta konplexutasuna
- Ulermenaren konplexutasuna eta musika
- Irakurtzeko moduak eta irakurketa komuna
- Ulermenezko irakurketa eta curriculum arloak
- Estrategien inguruan bi hitz
- Irakurmena eta IKTak
Sakontzeko, artikulu hauek proposatu ditugu:
Algunos apuntes para la adquisició de la lectoescritura
Diversidad lingüística y matriz sociocultural
Ikastaroen amaieran, ikastaroen kopia bat jarriko dugu ilusionismosocial.org plataforman.