Ahozko historiak zer dira?

Zer dira ahozko historiak?

Unibertsitatearen edo udalen inguruan ugari dira ahozko historiak enplegu-hobi berri baten ikuspegitik ikusten dituzten pertsonak, eta hortaz, erakunde hauek dituzten estrategietan kokatzen dituzte: antolakundeak eta zilegitasunak metatzea, politikoak izan zein zientifikoak izan.

Beste pertsona batzuentzat, salaketa-iturri berri dira, klase-kontzientzia berria sortzeko edo kontzientzia nazionala sustatzeko; eta hortaz, abanguardia estrategiak garatzeko indarrak metatzeko logiketan kokatzen dituzte.

Guk lantzen ditugun moduan, ahozko historiak eguneroko bizitzaren demokraziaren eraikitze/eraiste dialektikaren parte dira. Hortaz, gure testuingurua jendeak bere eguneroko bizitzaren autogestioa eraikitzen joateko prozesu bat da.

Prozesu horretan, ahozko historiak kosmobisioak edo mundu-ikuskerak transmititzeko edota eraikitzeko garraiatzaileak dira, pentsatu/sentitu/egiteko eta erlazionatzeko moduak kontatzeko tresnak. Euren ezaugarri nagusia da eguneroko bizitzatik abiatzen den eraldaketa bultzatzen lagun dezaketela.

Horregatik, ahozko historiak eguneroko bizitzatik abiatzen den eraldaketarako landuko badira, jendeak eguneroko bizitzako espazio eta denboretan izandako historia landu behar da, eta ez lurraldeetako historia. Gure historia gure bizitzako elkarreraginen historia da; jaio garen lekuan jaio garelarik ere, gure bizitzak kualitatea eta kalitatea ematen diete eguneroko espazio eta denborei.
 

Nola egiten ditugu ahozko historiak?

Sistematzeko ahalegin handia eginda –hori oso gustuko ez badugu ere–, bost une identifikatzeko moduan gaude:

1. Unea: Elkarrizketak egin
2. Unea: Ahozko historiaren zirriborroa egin
3. Unea: Zirriborroa elkarrizketatuei irakurri eta tailerretan eztabaidatu
4. Unea: Behin betiko lana osatu
5. Unea: Historiak hedatu

Eta zenbait ohar egiteko beharra ikusten dugu:

  • Komeni da herri edo auzoko historiaren inguruan zerbait jakitea aldez aurretik, informatzaileren baten bidez edo, bestela, idatzizko historiaren bat erabiliz.
  • Elkarrizketatuak hautatzeko, ohar hauek kontuan hartzea:
    • Matrize sozio-kulturala:
      • Dimentsio hauetako segmentu desberdineko jendea hautatzea: erlazio-kultura desberdinak (adin-tartea, etnia...), lan-kulturak, klase sozialak eta generoak.

      • Lekuaren aniztasuna: herriaren banaketak ordezkatuak izateko (auzoak izan daitezke, edota goia-behea, ibaiaren alde bat eta bestea, mendialdea eta bailara, errepidearen alde bat edo bestea...)

      • Atxikipen identitatea: elkarte bateko kide izatea, kirol-talde batekoa, edo zenbaitetan joera politikoak eta erlijiosoak kontuan hartuta.

    • Elkarrizketa motak irekia izan behar du. Hasteko, galdera orokor bat egingo dugu, elkarrizketatuaren diskurtsoa irekitzeko, eta sentsibilitatearen, sormenaren eta aukeraren zentzumenak piztuta, historia osatzen joango gara, galdera «ez-zuzenak» erabiliz, adibidez: herri honetan ez zen jolasten?
    • Kontuan izan behar da elkarrizketaren uneak hiru egoera nahasten dituela:
      • bizitakoaren oroitzapenak;
      • elkarrizketatuaren gaur egungo egoera;
      • elkarrizketaren egoera bera.

Oso garrantzitsua da hiru egoera horiek ondo ulertzea, elkarrizketari etekin handiagoa ateratzeko.

  • Elkarrizketa guztiak bilduta ditugunean, zirriborro bat prestatuko dugu; Pedreran, Las Cabezas de San Juanen eta Olivaresen, lau multzo hauek egitea lagungarria izan zitzaigun:
    • Kontatu dizkiguten historien inguruko multzoa
    • Bizi dugunaren inguruko hiru multzo: etxea, kalea, eta botere instituzional motak; jakina, beste egituratze modu asko daude, ahozko historiak askotariko gaiak lantzeko baliagarriak direla kontuan hartuta.
  • Elkarrizketatuak eztabaida tailerretan bilduko ditugu, normalean erreferentzia gehien egin dituzten gaien arabera multzokatuta. Tailerrean zirriborroa irakurtzen da, idazpuru bakoitza eztabaidatuz eta osatuz.
  • Lau edo bost tailerrak (edo beharrezkoak direnak) amaituta, behin betiko bertsioa prestatzen da. Narratzaileen eta herriko beste jendearen arteko topaketak egiten dira (horrela egin zen Las Cabezas de San Juanen; beste leku batzuetan koordinatzaileak izan ziren narratzaileen zeregina hartu zutenak). Topaketak soziabilitate espazioetan izan daitezke, ikastetxeetan... historiak hedatzeko eta ekintza berriak sustatzeko.

Ahozko historien inguruan gehiago jakiteko

Encina, Javier (2017). Ahozko historiak.  A. Ezeiza eta J. Encina (koord.), Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera, 209-221. Donostia (Gipuzkoa): ISM, UNILCO-espacio nómada eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa. Hemen dago eskuragarri: https://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=894

Delgado de Frutos, Nahia; Uranga, Ione; Encina, Javier; & Ezeiza, Ainhoa (2019). Historias orales en Educación Infantil y Primaria. En A. Ezeiza & J. Encina (coord.), Trabajando la lengua desde una perspectiva dialéctica. Algunos apuntes sobre lengua y complejidad, 273-289. Gasteiz: ISM-UPV/EHU. https://labur.eus/zqqvz

Encina, Javier; Ezeiza, Ainhoa & Delgado de Frutos, Nahia (2020). Historias orales como herramienta para la convivencialidad. Revista Latinoamericana Estudios De La Paz Y El Conflicto, 1(2), 13 - 38. https://doi.org/10.5377/rlpc.v1i2.9828

Webgune honetan, bibliografia espezialdua bildu dugu, baita orain arte parte hartutako ikerketa-proiektuak ere, koordinatzaile gisa edo laguntzaile (gaztelaniaz): https://historiasorales.org/