Zer da ISM?
Ilusionista Sozialen Mintegia (ISM) Ikerketa eta Formazio Taldea da (IFT), 2015eko apirilean Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan egindako jardunaldietan eratu zena, eta gaur egun Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateari atxikia.
Ikerketa eta formazio talde hau alternatibak kolektiboki, jendearekin eta jendearengandik eraikitzeko interesa duten pertsonek osatzen dute, eta uneotan pertsona hauek koordinatzen dute Euskal Herrian, Andaluzian eta Mexikon:
- Ainhoa EZEIZA, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU). Ikertzaile nagusia.
- Javier ENCINA, UNILCO-espacio nómada (Sevilla)
- Emiliano URTEAGA, Universidad Autónoma de Ciudad de México (UACM)
Zer da IFT bat?
Ikerketa-lerro baten inguruan eratzen den ikerketa eta formazio taldea da, gai horretan ikerketa ibilbidea du(t)en irakasle batek edo gehiagok sortua. Irakasleak eta bere lerroak azpiegitura eta abiapuntua eskaintzen du ikerketa-lerro horren inguruan ikerketa proiektuak proposatzeko eta elkarren artean erlazionatzeko.
Ikerlanak eta ikaslanak egiten ari diren pertsonen arteko laguntza errazteko modu bat da, ezagutza eta jakintzak kolektiboki eraikitzeko.
ISMren kasuan, espazio eta denboretan topaketak gerta daitezen lanean dihardugu, eztabaidarako espazioak zabaltzeko eta askotariko moduetan biltzeko, irakaskuntzaren eta ikerketaren ikuspegi dialektikoan lan eginez.
Nola hartu parte ISMn?
- Proiektuak, eztabaidak edota formazio jarduerak proposatzea, kolektiboki eraikitzea edota parte hartzea: jardunaldiak, ikastaroak, topaketak, kedadak...
- Irakaslan edota ikerlan zehatzetan orientazioa eskatu edota eskaini, hala nola Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak, ikerketa proiektuak, hezkuntza eraldaketarako ekintzak edo proiektuak, gizarte eraldaketarako ekintzak edo proiektuak...
- Irakaskuntza edota ikerkuntza jardueren eraikitze kolektiboan parte hartzea
- Irakaskuntza edota ikerkuntza jarduerak koordinatzea leku geografiko zehatz batean
Nork izan dezake parte hartzeko interesik?
- Gradu hauetako ikasle, irakasle edo administrazio eta zerbitzuetako langileek: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Antropologia, Gizarte Lana, Pedagogia, Jarduera Fisiko eta Kirol Zientziak, Osasun Zientziak... Nolanahi ere, edozein unetan sar daitezke beste gradu batzuetako irakasleak, ikasleak edo bestelako langileak.
- Arlo hauetan lan egiten duten pertsonak: komunitatea, hezkuntza, animazio sozio-kulturala, partaidetza, hizkuntz dinamizazioa...
- Jakintza herrikoiak transmititzen dituzten pertsonak
- Gai hauen inguruan interesa duen edozein pertsona. ISMn parte hartzeko ez da beharrezkoa unibertsitate titulurik izatea, ezta unibertsitatearekin erlaziorik izatea ere. Talde irekia da eta ongietorria ematen diogu parte hartzeko interesa duen dagoen orori.
Jabe-gabetzea eta Ilusionismo Soziala ikerketa-lerro nagusi gisa
Ilusionismo sozial izenez ezagutzen duguna egiteko modu bat da (ez metodologia bat) dimentsio dialektikoan oinarritzen dena, abiapuntutzat metodologia partehartzaileak dituena (IAP bereziki) eta lana kultura herrikoei begira garatzen duena. Eguneroko bizitzako espazio eta denboretan gertatzen diren bitartekotza sozial desiragarrien sorkuntza eta dinamizazioa ditu ardatz nagusi; horretarako, jendearekin eta jendearengandik abiatuta egin behar da lan, dauden aukeren segurtasunetik mugituz eta ezinezkoaren itxaropenera joz, eguneroko bizitzaren autogestioaren bitartez; pentsamendua eta sentipena, ekintza eta ezagutza, jakintza guztien ikaskuntza eta azterketa ezberdindu ezin direlarik.
Jabe-gabetzea* boterea uztea baino ez da ("hacer dejación") (behekoenganantz eta ingurune sozial eta naturalarekin harmonian) eraikitze kolektiboa ahalbidetuko duena. Botere uzte hau bizitzaren edozein eremutan egin daiteke (familia harremanetan, lagunartean, lanean, elkartasunean...), banakakoa izan daiteke (ni aita/ama/seme/alaba gisa..., ni adiskide gisa, ni nagusi gisa, edo irakasle gisa, edo mediku gisa, edo funtzionario gisa, edo aktibista gisa...), kolektiboa izan daiteke (EZLNk ahalbidetu zuena 2000 urtean mugimendu politiko bihurtu zenean, hau da, ejerzitoaren boterea utzita, Chiapaseko herriek euren oraina eta geroa kolektiboki eraiki zezaten: Mundu Berria).
(*itz.oh.: Jabe-gabetzearen itzulpena proposatzen da "desempoderamiento" itzultzeko, literalago liratekeen "boteregabetzea" edo "ahaluztea" itzulpenen aurrean, boterea zerbaiten jabe izatearekin lotzeko (nire langileak, nire seme-alabak, nire gurasoak, nire ikasleak...), baita jabetzea kontzientzia zentzuarekin erlazionatzeko; jabetzeak baduelako bere baitan ebaluazio-ñabardura ("jabetzen naiz nolakoa naizen") eta jabe-gabetzea, norbanakoaren kontzientzia hartzea sustatu ordez, eraikuntza eta autogestio kolektiboan bizi delako. Horrez gain, euskal kultura herrikoien joera linguistiko bat erabili nahi izan da, hitz-jokoen egitura erabiliz (hitzen errepikapena, "saski-naski" tankerako konposatuen eran), egitura erritmiko bat eratzeko).
Uneotan jabe-gabetzearen inguruko gai-ardatz hauetan ari gara lanean:
- Jabe-gabetze komunitarioa
- Hezkuntzaren jabe-gabetzea
- Hizkuntzaren jabe-gabetzea
- Jabe-gabetze zientifikoa
- Osasunaren autogestioa eguneroko bizitzan