Hizkuntza hautatu
Altzako ikerketa proiektua
Dinamizazio komunitarioa Altza auzoan ahozko historien bitartez
Proiektu honek ez du aldez aurretik ezarritako helburu finkorik, ideia da Donostiako Altza auzoan zehar topatzen dugun jende eta kolektiboekin eraikitzen joatea, eta auzotar izan gabe ere, beren bizi eta lan esperientziak eskaini nahi dituzten pertsonekin batera egitea. Horretarako, auzoko pertsona eta kolektiboekin elkartzen ari gara, hainbat elkarrizketa egin ditugu, eta eguneroko bizitzako harreman-moduak hobeto ulertzeko, auzoko espazio desberdinetan ibili gara, une desberdinetan.
- PROIEKTUAREN INGURUKO INFORMAZIO GEHIAGO ETA NOLA HARTU PARTE
- AHOZKO HISTORIAK ZER DIRA? Hemen azaldu dugu
Elkarrizketa horietatik materialak sortzen hasi gara, koaderno formatuan, eta aldizkako argitalpenak erabiliko ditugu sortzen dugun materiala ahalik eta lasterren jartzeko edonoren esku, Creative Commons lizentziapean. Material hauek anitzak izango dira, adin, etnia, klase sozial/lan-kultura eta genero aniztasuna kontuan hartuta.
IKAS-MATERIAL PILOTUAK
Uneotan, lanean ari gara sortutako lehen ikas-materialak proban jartzen, hezkuntza-testuinguru errealetan. Prozesu honen amaieran, zuzenketak eta doikuntzak egingo ditugu eta elkarrizketetan agertu diren beste gai batzuk landuko ditugu. Materialak euskaraz daude, eta fase honen amaieran gaztelaniara itzuliko ditugu.
Material hau begiratu, saltseatu edo erabiltzen baduzu, izugarri eskertuko genuke zuen iritzia ematea: ism.upvehu@gmail.com
Esteka honetan dituzue materialak eskuragarri: https://labur.eus/k21EJ
Exelearning tresna erabiliz egin ditugunez, inork editatu nahiko balitu, eskatu eta bidaliko dizuegu deskarkatzeko esteka.
ALDIZKARIA: ALTZAKO AHOZKO HISTORIEN KOADERNO BILDUMA
Aldizkari hau bi hilabetean behin argitaratuko dugu eta lan-koaderno formatua izango du.
Bilduma honen edukiak ahozko eta idatzizko iturrietan oinarritutako eraikitze kolektiboaren emaitza dira, Donostiako Altza auzoan bizi edo ibiltzen den jendeak sortutako jakintza herrikoien isla.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Altzako Historia Mintegiari (AHM) koaderno hau egiteko emandako aholku eta laguntzagatik.