Ikerketa proiektuak
Uneotan garatzen ari diren proiektuak:
AL(T)ZA - Dinamizazio komunitarioa Altza auzoan ahozko historien bitartez (2018-2021). Entitate partehartzaileak: ISM-UPV/EHU, UNILCO-espacio nómada, Ilusionista Sozialen Kolektiboa. Ikertzaile nagusiak: Ainhoa Ezeiza eta Javier Encina.
Proiektu honek ez du aldez aurretik ezarritako helburu finkorik, ideia da auzoan zehar topatzen dugun jende eta kolektiboekin eraikitzen joatea, eta auzotar izan gabe ere, beren bizi eta lan esperientziak eskaini nahi dituzten pertsonekin batera egitea.
Denok ditugu gure bizitzari buruzko oroitzapenak, eta horietako asko auzoarekin lotuta egoten dira. Gure proposamena da oroitzapen horiek ez izatea memoria hutsa, baizik eta, areago, baliagarriak izatea auzoko bizitza eraikitzen segitzeko; orainaz eta etorkizunaz hitz egiteaz gain, iraganean bilatzen dira oraina eta geroa kolektiboki eraikitzen lagunduko diguten moduak, eguneroko espazio eta denborak dinamizatzeko eta nahi dugun bizitza bizitzeko; auzoko bizikidetzak, funtsean, esan nahi du gure inguruan dagoen jendearekiko indiferente ez izatea eta komunitateko kide aktibotzat jotzea.
Horretarako, auzoko pertsona eta kolektiboekin elkartzen hasi gara, lehen elkarrizketak egin ditugu, eta eguneroko bizitzako harreman-moduak hobeto ulertzeko, auzoko espazio desberdinetan ibili gara, une desberdinetan.
Gure asmoa da bai banakako, bai taldekako elkarrizketak egitea, eta eraikitze prozesu kolektiboan nahi duten auzotar guztien ahotsak jasotzen saiatuko gara, auzoko historiari buruzko tailerrak antolatuko ditugu, edo argazkiak eta bestelako material adierazgarriak biltzeko topaketa txikiak...
Hau da, auzoari buruzko material batzuk eraikitzea, geure historiaren eraikitze kolektiboaren fruitu eta prozesu osoa kolektiboki eraikiz, eta sortutako materialak, era berean, baliagarriak izatea elkarteetan eta hezkuntza-guneetan, eguneroko espazio eta denboretan, auzoaren iraganari, orainari eta geroari buruzko eztabaida berriak eragiteko, etnia, adin, genero, klase sozial eta lan-kultura desberdinetako jendearen artean bizikidetza dinamizatzeko lagungarri gisa.
Sortuko diren materialak auzoko edozein pertsonarentzat eskuragarriak eta maneiagarriak izango dira, horregatik askotariko adierazpideak erabiliko dira eta Creative Commons lizentziapean egongo dira (hau da, jende guztiak doan eta aske erabili ahal izateko moduan).
Ezagutza zientifikoa eta jakintza herrikoiak elkarlotzen (2015-2019). Nazioarteko elkarlan proiektua, hezkuntzaren eraldaketa sustatzeko. Entitatea: UPV/EHU. Ikertzaile nagusia: Ainhoa Ezeiza
Ezagutza zientifikoaren eta jakintza herrikoien arteko borrokan, erakundeen presioa, bai unibertsitatean eta bai hezkuntza arautuan, zientifikoa herrikoiaren gainetik jartzera eramaten gaitu beti, jakintzak sinplifikatuz eta metodo zientifikoaren iragazkia pasa duten horietara mugatuz. Alabaina, asko dira jakintza herrikoien konplexutasuna erakusten duten adibideak, ondoren ikerketa zientifikoen bidez egiaztatu direnak, hainbat eta hainbat diru gastatu ondoren. Jakintza herrikoiak jendearen partaidetza eta elkarlanaren bitartez sortu eta bersortu egiten dira. 'Jende' hitza anonimotasun hori azpimarratzeko erabiltzen dugu, ezagutza zientifikoan autoretzaren aitorpenarekin dagoen obsesioaren aurrez aurre. Kultura herrikoiak, ikuspegi honen arabera, jakintzen baliabide sortzaile baliotsu dira, eta horrela, proiektu honetan azpimarratzen dugu ekoizpen kulturala eta ezagutzazkoa Zientziatik ezezik jakintza herrikoietatik ere badatorrela. Gainera, ulertzen da pentsamendua ez dela estatikoa, trukeetatik, topaketetatik eta bidegurutzeetatik, espero ezin den horretatik sortzen dela. Zientzia Nagusitua, Ordenaren Zientzia, alegia, elementuak lerrokatzera soilik sartzen da kaosean... Zientzia soziala pentsamendu, sentipen eta ekintzen trukeetan murgildu, busti eta berpentsatu egin behar da, subjektu kolektiboekin nahastuz edo gizarte laboreetan; eta hortaz, kultura herrikoien lojika/alojiketan, denbora eta espazioetan murgildu behar du. Proiektu honen asmoa da ikerketa-lerro bat zabaltzea Euskal Herriko Unibertsitatean beste eragile eta erakundeekin batera, talde honen ildoko formakzio ekintzen bitartez. Uneotan ikertzaile nagusiak egiten diharduen lanaren parte bat da, honako erakundeekin elkarlanean: UNILCO-espacio nómada Sevilla, Casa Caracol de Xalapa (México), LaTICfm de la Universidad Autónoma de Ciudad de México (UACM) eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa (nazioarteko kolektiboa). Espero da etorkizuneko proiektuen katalizatzaile izatea.
Amaitutako proiektuak:
Ongizate gizartearen inguruan eztabaidatzen eskolan (2016-2017). Unibertsitate-enpresa kontratua. Entitateak: Innova4B S. Coop. Pequ., Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzak Saila, ISM-UPV/EHU. Ikertzaile nagusia: Ainhoa Ezeiza.