UNESCO
UNESCOri buruzko informazio nagusia
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea edo UNESCO 1945eko azaroaren 16an sortu zen Londresen.
UNESCOren helburua bakea eta segurtasuna da lortzea hezkuntza, zientzia eta kulturaren bidez. Erakundeak herrien garapena lortu nahi du baliabide natural eta kulturaren bidez. Munduko herriak modernizatu eta aurreratzea haren xedea da, baina kulturaren aniztasuna eta nortasuna galdu gabe. Erakundeak lan handia egiten du herriak alfabetatzen: hartarako, eskolak eraikitzen ditu, baita irakasleak trebatu ere.
UNESCOren helburu nagusiak, laburbilduta, hauek dira:
• Denentzat, kalitateko hezkuntza lortzea eta etengabeko ikasketa.
• Zientzia bultzatzea, garapen iraunkorra lortzeko.
• Gizarte- eta etika- erronka berriei aurre egitea.
• Kultura askotarikoa, bakea eta elkarrizketa sustatzea.
• Komunikazioa eta informazioa erabiltzea, herri-jakintza eraikitzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da.
Esteka: https://www.unesco.org/es
UN Etxea
UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da. 1991ean sortu zen eta UNESCO (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea) erakundearen printzipioak, programak eta jarduera-ildoak euskal esparruan zabaltzeko asmoa du.
Nazio Batuen eta UNESCOren printzipioekin konprometitutako pertsona eta erakundeen elkartea da, euskal gizarteak giza eskubideen balioak bere gain har ditzan lagunduko duten jarrera indibidual eta kolektiboak sortzeko, herrien garapen iraunkorraren erronka globalaren partaide bihurtuz.
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra UNESCO Etxea erakundeko kideetako bat da.
Esteka: https://unetxea.org/eu/
2030 Agenda
Nazio Batuen Batzar Orokorrak Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda onartu zuen 2015ean, xede nagusi hauekin: pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta pertsona guztientzako oparotasuna bermatzea. 17 helburuz osatuta dago, Garapen Iraunkorrerako Helburu (GIH) direlakoez, hain zuzen ere, eta helburu bakoitzak xede eta adierazle jakin batzuk ditu.
Hala ere, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak 18. helburuaren proposamena egiten du, Hizkuntza eta Kultur Aniztasunarena, hain zuzen ere. Katedraren helburuetako bat da 2030 Agendaren baitan 18. helburu hori aintzat har dadin.
UNESCO Etxeak Agenda horren osaeran parte hartu du, eta, orain, hura benetan ezartzeko lan egiten du, giza garapen iraunkor bat lortu ahal izateko, “Inor atzean utzi gabe” lemapean.