HIZKUNTZA INDIGENEN NAZIOARTEKO URTEAN AMA HIZKUNTZA GUTXITUAK ALDARRIKATU NAHI DITUGU 2019-02-21
Date de première publication: 13/02/2019
Hizkuntzen desagertzea agerian jarri eta galera horri aurre egiteko asmoarekin, otsailaren 21ean Ama Hizkuntzaren Nazioarteko eguna ospatzen da. Urtero bezala, aurten ere egun hau izan nahi dugu gogoan.
Baina aurten badugu berezitasun bat, 2019a Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu baitu Nazio Batuen Elkarteak bere Asanbladan.
Indigena hitzak lurralde jakin bateko biztanleari egiten dio erreferentzia. Lurralde horretako biztanleek komunitate bat osatzen dute eta kultura eta hizkuntza partekatzen dute.
Gehienetan, komunitate horiek ukipen egoeran bizi dira hizkuntza hegemoniko batekin, eta prestigio kontuak direla medio, sarritan, albora uzten dute euren hizkuntza eta horrek eten bat eragiten du norberaren hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan, bata zein bestea galtzeko arriskuan jartzen direlarik.
Komunitate indigena horiek munduko biztanleriaren %6a besterik ez dira, baina, aldiz, 4.000 hizkuntza ezberdin biltzen dituzte. Munduko hizkuntza guztien erdia baino gehiago, alegia (munduan 6.000 hizkuntza inguru daude).
Komunitate horiek hizkuntzen, kulturen, egiteko modu ezberdinen, munduko beste ikuskera baten eta urteetan garatutako ezagutzen gordailu dira. Gauza horiek guztiak oinarrizkoak dira norbanako eta talde-identitatea mantentzeko.
Hizkuntza indigena asko eta asko hizkuntza gutxituak dira, eta hizkuntza horiek, oro har, erabilera mugatuta izateaz gain, zailtasunak dituzte modu normalizatu batean erabiltzeko. Zailtasun edo muga horien adibide garbia eskolarena da.
Prestigioa duen hizkuntzaren mesedetan eta norberaren hizkuntzaren kaltetan, ohikoa da komunitate horietako umeak hizkuntza hegemonikoan eskolatzea, ofiziala den hizkuntza bakarrean, alegia. Eta horrek, sarritan transmisioaren etena areagotzen du.
Denok dugu gure ama hizkuntza edo lehen hizkuntza ikasi eta garatzeko eskubidea, baina hizkuntza gutxituentzat zailagoa da eskubide hori gauzatzea. Nahiz eta 1953an UNESCOk ama hizkuntza eskolako hizkuntza izan behar duela aitortu zuen, hizkuntza indigena eta gutxitu askok oraindik ere ez dute presentziarik eskoletan edota presentzia hori ez da eraginkorra hizkuntza mantentzeko, eta are gutxiago, biziberritzeko. Horren ondorioz, hizkuntza asko galtzeko zorian daude.
Bi astetik behin hizkuntza bat desagertzen da eta harekin batera lotuta daraman ondare kultural eta intelektual osoa. |
Uste baino gehiagotan, hizkuntza indigena edota gutxitu bateko hiztunak eleaniztunak dira, gehienetan hizkuntza hegemonikoa ere ezagutzen dutelako. Ez hori bakarrik, zenbaitetan mugakide diren komunitateetako hizkuntzak ere ezagutzen baitituzte. Horregatik eleaniztasunaren balioa eta indarra azpimarratu nahi ditugu, komunitate indigenen ahalduntzearen bidetik ama hizkuntza oinarritzat hartzen duen eskola eleaniztunerako urratsak eman daitezkeelako, eta hori garapenerako motorra izan daitekeelako. Egoera hori gogora ekartzeko ONUk 2019 urtea izendatu du Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea.
Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea eta Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna bezalako aldarrikapenak beharrezkoak ditugu gehienetan gutxituak diren hizkuntza horiek ezagutarazteko, bide bat izan baitaiteke kontuan hartuak izan daitezen eta berdintasunezko tratua lor dezaten.
Hizkuntza horiek mantentzea, biziberritzea eta haien erabilera sustatzea ezin bestekoa da hizkuntzen aniztasuna ez ezik herrien iraupena eta garapena ere bermatzeko, eta nola ez Garapen Iraunkorreko 2030 Agendaren helburuak betetzeko.
UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedratik ere gure aletxoa jarri nahi dugu proiektu honekin. Horregatik, Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea gogoan izateko, guretzat gertuagokoak eta ezagunagoak diren hizkuntzekin batera hizkuntza indigenei eman nahi izan diegu ahotsa animazio digital baten bidez.
Eskerrak eman nahi dizkiegu gure kolaboratzaileei hizkuntza guzti hauei ahotsa jartzen laguntzeagatik: O. Sagastume (euskara); Luís Pérez Barral (galiziera); Gonzalo Larreategui (gaztelania); A. Olçomendi (frantsesa); A. Ortega (ingelesa); Adrian A. eta Beatrice D. (alemana); C. Ruda (nasa-yuwe), Felix Taruire Cario (guaraniera), Martin Gonzalez (mistekera); Mohand Tilmatine (kabiliera); Pádraig Ó Duibhir eta Laoise Ni Thuairisg (gaelikoa); Ximena Flores (kitxua); Waxie Maura Carrillo Sotero (huichol); Morgane Lincy (bretoiera); Payam Mohammadi eta Kijhan Salmani (kurduera); Mwema Children Centre (swahilia); Enlli Thomas (galesa); Cecelia Taukapo (tongera).
Beheko taulan aukeratuta entzun dezakezu animazioa hizkuntza ezberdinetan.
Zure hizkuntza hor ez badago eta zerrendan egon dadila nahi baduzu jar zaitez harremanetan gurekin (unesco-hizkuntzak.katedra@ehu.eus) eta denon artean ozenago egin ahal izango dugu aldarrikapena.
IYIL2019 BERTSIOA | |
---|---|
Hizkuntza eta Youtube-ko esteka | Hizkuntza eta Youtube-ko esteka |
Euskara | Nasa-yuwe (Cauca, Colombia) |
Katalana | Guaraniera (Bolivia) |
Galiziera | Tseltal (Chiapas, Mexiko) |
Gaztelania | Mistekera (Oaxaka, Mexiko) |
Frantsesa | Kabiliera (Kabilia, Aljeria) |
Alemana | Gaelikoa (Irlanda) |
Ingelesa | Lingala (Kongoko Errepublika) |
Kitxua | |
Huichol (Jalisco eta Nayarit, Mexiko) | |
Bretoiera (Bretania, Frantzia) | |
Kurduera (Iran) | |
Swahilia (Tanzania) | |
Galesa (Gales) | |
Tongera (Tonga, Ozeania) |
AMA HIZKUNTZAREN EGUNA (OTSAILAK 21) BERTSIOA | |
---|---|
Hizkuntza eta Youtube-ko esteka | Hizkuntza eta Youtube-ko esteka |
Euskara | Nasa-yuwe (Cauca, Colombia) |
Katalana | Guaraniera (Bolivia) |
Galiziera | Tseltal (Chiapas, Mexiko) |
Gaztelania | Mistekera (Oaxaka, Mexiko) |
Frantsesa | Kabiliera (Kabilia, Aljeria) |
Alemana | |
Ingelesa |