comites_seguridad_salud_reglamento_campus

Campuseko Segurtasun eta Osasun Batzordearen Funtzionamendu Arautegia

1. artikulua: Definizioa eta osaera

Segurtasun eta Osasun Batzordea kide anitzek osatutako organo parekidea da, UPV/EHUko langile funtzionarioen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenean eta lan-kontratudun langileen Hitzarmen Kolektiboan aipatua. Hauek dira bere helburuak: erakunde publikoetan arriskuei aurrea hartzearen inguruko planen, programen eta ebaluazioaren gaineko kontsultak eta proposamenak egitea aldiro eta erregulartasunez; eta, baita ere, segurtasun eta osasunaren alorrean politika egokia egiten dela edo politika hori hobetzen dela zaintzea.

Hamabi kidek osatuko dute batzordea. Horietako sei administrazioak izendatuko ditu, eta bat batzordeko burua izango da eta beste bat idazkaria; beste seiak erakunde sindikalek izendatutako prebentzioko ordezkariak izango dira (sindikatu bakoitzeko ordezkari bat).

Batzordearen aginpidea campusean dauden ikastegi guztietara zabalduko da.

2. artikulua: Eginkizunak

Campuseko Segurtasun eta Osasun Batzordearen eginkizunak dira legeria aplikagarrian xedatutakoak, bai eta langile funtzionarioen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenean eta lan-kontratudun langileen Hitzarmen Kolektiboan jasotakoak ere. Era berean, Campusarteko Segurtasun eta Osasun Batzordeak emandako irizpideei jarraituko die.

3. artikulua: Batzordeko burua

Hauek dira batzordeko buruaren eginkizunak:

  • a) Batzordearen bileretarako deia egitea, bileretako buru izatea eta bilerak zuzentzea; eta bileretan aztertuko diren gaiak zehaztea, batzordeko beste kideen proposamenak ere onartuta, halakorik egonez gero.
  • b) Batzordeak hartutako erabakiak tramitatzeko beharrezkoak diren neurriak betearaztea.
  • c) Batzordeko kideek lana egiteko beharrezko izan ditzaketen dokumentu, aurrekari eta txostenak euren esku jartzea.
  • d) Batzordearen zereginak koordinatzea eta, oro har, batzordeak behar bezala funtziona dezan beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Batzordeko burua ez dagoenean, administrazioak izendatutako kideen artetik nagusienak beteko ditu haren zereginak.

4. artikulua: Idazkaria

Hauek dira idazkariaren eginkizunak:

  • a) Batzordearen aztergaiak prestatzea, batzordeko buruak ontzat eman ondoren, eta bileretarako deiak egitea.
  • b) Akten eta erabakien ziurtagiriak egitea.
  • c) Batzordearen kanpoko eta barruko dokumentuak tramitatu eta zaintzea, eta batzordeari egingo zaizkion kontsultak erantzutea, berari zuzendu beharko baitzaizkio.
  • d) Bileren aktak egitea, euskaraz eta gaztelaniaz. Aktetan honako hauek jasoko dira: aztertutako gaiak eta hartutako erabakiak; eta, baita ere, adostu ez diren puntuak, adostasuna ez lortzeko arrazoia zein izan den azalduta.
  • e) Hartutako erabakien berri ematea bai Campusarteko Segurtasun eta Osasun Batzordeari bi kasuan kasuko ikastegiei.
  • f) Batzordeko kideek batzordeari zuzendutako komunikazio-egintzak jasotzea; hau da, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak eta ezagutu behar dituen gainerako idatziak.

Idazkaria ez dagoenean, administrazioak izendatutako kideen artetik gazteenak beteko ditu haren zereginak.

5. artikulua: Bilerak

Batzordeak bost ohiko bilera egingo ditu, gutxienez, urtean. Urteko lehen bileran zehaztuko du egutegia, bilerak aldizka egin daitezen. Ezohiko bilerak ere egin ahal izango dira, batzordeko buruaren ekimenez edo batzordeko hiru kidek edo gehiagok hala eskatuta.

6. artikulua: Deialdia eta aztergaiak

Batzordearen bilerarako deia batzordeko buruak egingo du edo, agindua ematen badio, idazkariak. Bilera baino lau egun baliodun lehenago eman beharko da deialdiaren berri, bilera ohikoa denean; bilera ezohikoa bada, bi egun lehenago jakinarazi beharko da. Deialdiarekin batera honako hauek bidaliko dira: aurreko bilerako aktaren zirriborroa, aztergaiak, eta aztergai horiei dagozkien dokumentuak.

Batzordeak ez du egingo bilerarik abuztuan, ezta ere baimen-txanda errekuperatuko egunetan.

Aztergaietan punturen bat sartzea eskatzen duten kideek puntu horri dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera, batzordeko gainerako kideak jakinaren gainean egon daitezen.

Administrazioaren eta/edo ordezkari sindikalen gehiengoak aukera izango du aztergaietako punturen bat hurrengo bilera baterako uztea eskatzeko, erabakia hartu ahal izateko beharrezkoak diren aurrekariak, dokumentuak edo txostenak aurkeztuak izan daitezen.

Bilera batean ez badira aztertzen aztergai guztiak, bileraren amaieran zehaztuko da zein egunetan izango duen jarraipena.

7. artikulua: Batzordea eratzea eta erabakiak hartzea

Batzordea balioz eratzeko, eta erabakiak hartzeko, administrazioaren bost ordezkari eta erakunde sindikalen beste bost egon beharko dira gutxienez bertan. Lehenengo deialdirako beharrezkoa den quoruma lortuko ez balitz, bigarren deialdia handik eta ordu batera izango da. Batzordea bigarren deialdian balioz eratzeko, alderdi bakoitzeko hiru kide egon beharko dira bertan.

Erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da bileran dauden alderdietako bakoitzak gehiengo soilaz onartzea.

Campuseko Batzordeak hartutako erabaki guztiak Campusarteko Segurtasun eta Osasun Batzordeari eta kasuan kasuko ikastegiei jakinaraziko zaizkie, gehienez ere hamar eguneko epearen barruan. Adierazi egingo da, halaber, zein epetan gauzatuko diren erabakiak eta, epe hori igarota, gauzatu diren ala ez egiaztatuko du batzordeak.

Bilerako aztergairen baten inguruan UPV/EHUk egindako txosten teknikoa ez badator bat prebentzioko ordezkariek batzordeari aurkeztutako txostenarekin, eta bileran ez bada lortzen aldeen arteko adostasunik, hirugarren txosten teknikoa eskatuko da. Lehenik eta behin OSALANi eskatuko zaio egin dezala txostena, edo Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutuari.

8. artikulua: Akta

Bileretako lehen aztergaia aurreko bilerako aktaren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioaren onespena izango da. Ondoren, deialdian aipatutako beste gaiak aztertuko dira.

Erabakitzeke dauden gaiei buruzko informazioa idazkariak emango du.

Aktan argi eta garbi adieraziko da zein den aztergaietako puntu bakoitzari buruz hartu den erabakia.

Aktak batzordeko buruak eta idazkariak izenpetuko dituzte, eta bileran egondako guztiek berretsiko dituzte hurrengo bileran edo aurreragoko batean.

9. artikulua: Batzordeko kideak

Batzordeko kideek, botoa ematean, boto partikularra eman ahal izango dute eta, baita ere, botoa zeri eman zaion esan eta arrazoiak azaldu.

Batzordeko kideek teknikari aholkulari baten laguntza izan dezakete, aztertu beharreko gaiaren zailtasunak hala eskatzen badu.

10. artikulua: Eginkizunak betetzea

Batzordeak egokitzat hartzen dituen neurriak onartu ahal izango ditu eginkizunak betetzeko eta arautegi honetan aurreikusita ez dagoenerako. Bestalde, Campusarteko Segurtasun eta Osasun Batzordearen esku utziko du arautegia interpretatu eta aplikatzean sor daitezkeen arazoen ebazpena.

Dena dela, arautegi honetan jasota ez dagoen guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoetarako zehaztutakoari jarraituko zaio.

Izan ere, Bizkaiko Campuseko Segurtasun eta Osasun Batzordea kide anitzeko organoa da, aipatu berri den legeko 22.2 artikuluan aipatuetakoa.

Segurtasunarekin eta osasunarekin zerikusia daukaten gai guztiei buruzko txostena aurkeztuko zaio batzordeari urtean gutxienez bi aldiz, ohiko bileren barruan.

11. artikulua: Arautegia aldatzea

Arautegi hau aldatzeko proposamenak onartzeko beharrezkoa izango da administrazioaren eta ordezkari sindikalen gehiengo osoa, eta Campusarteko Segurtasun eta Osasun Batzordera bidaliko dira, ebatz ditzan.