Errektoaren erabakia
EBAZPENA, 2003ko apirilaren 7koa, EHUko errektorearena, EHUren beraren prebentzio zerbitzua eratu, antolatu eta zerbitzuaren funtzionamendua zehazteko dena.
Azaroaren 8ko 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa, indarrean jartzeak aldaketak eragin ditu administrazio publikoetan, lanpostuko arriskuen prebentzioaren bidez langileen osasuna babesteko politiken arloan, hain zuzen ere; izan ere, lege hori laneko araudi ez ezik, funtzionario publikoen estatutuetako oinarrizko araudi ere bada.
Azaroaren 8ko 31/1995 Legea garatzeko, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretua, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzekoa, argitaratu zen, eta errege dekretu horretako 14. artikuluan zehaztuta dago 500 langiletik gora dituzten enpresek beren prebentzio zerbitzua eratu behar dutela, eta eratu ez ezik, prebentzioaren arloko jarduerak betetzeko beharrezko diren giza baliabide eta baliabide materialak ere izan beharko dituztela.
Hori guztia kontuan hartuta, langileen ordezkariei kontsulta egin ondoren EHUko Campus Arteko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Batzordearen bidez, 2003ko martxoaren 7an CCOO, CSIF, ELA, LAB, STEE-EILAS eta UGT sindikatuetako prebentzioko ordezkariekin adostu ondoren eta eman dizkidaten eskumenen babesean, honakoa
EBATZI DUT
- Prebentzio Zerbitzua eratzea.
- Definizioa eta helburua.
- Jarduera eremua.
- Baliabide materialak eta aurrekontua.
- Antolaketa.
- Osasun Arloaren eginkizunak.
- Arlo Teknikoaren eginkizunak.
- Prebentzio Zerbitzuko buruaren eginkizunak.
- EHUko ikastegien parte hartzea.
- Laneko arriskuen prebentzioari buruzko kultura zabaltzea.
- Campuseko errektoreordearen, Ikerketa errektoreordearen, Kalitate katedrako titularraren, Pertsonaleko gerenteordearen eta campusetako gerenteordeen jarduerak.
- Campuseko eta campus arteko laneko segurtasun eta osasunerako batzordeak.
- Indarrean sartzea.
Lehenengoa.– Prebentzio Zerbitzua eratzea.
EHUren Prebentzio Zerbitzua osatuta dago eta gerenteari atxikita egongo da
Helburua.– Definizioa eta helburua.
EHUko Prebentzio Zerbitzua prebentzioaren arloko zeregina betetzeko beharrezko diren giza baliabide eta baliabide materialez osatua dago, horien bidez unibertsitateko kideei babesa emateko segurtasun eta osasunaren arloan. Zeregin horiei jarraituz, aholku eta laguntza emango diete administrazioari, langileei, horien ordezkariei eta campusetako eta campus arteko laneko segurtasun eta osasun batzordeei.
Hirugarrena.– Jarduera eremua.
Prebentzio Zerbitzuak EHUko langile guztiei eragiten die.
EHUko errektoreak eta gerenteak zehaztu eta zainduko dituzte laneko segurtasun eta osasunaren arloko helburuak, unean uneko indarreko araudiari jarraituz.
Laugarrena.– Baliabide materialak eta aurrekontua.
Aurrekontu-sail berariazkoak zehaztuko dira programa bakoitzerako, EHUn prebentzio jarduerak abian jarri, egoki bete eta neurri zuzentzaileak ezarri ahal izateko, eta prebentzio jarduerak betetzeko beharrezko instalazio eta baliabide materialak eskuratzeko, beti ere, aurrekontuei buruzko araudiari jarraituz.
Bosgarrena.– Antolaketa.
1.– Prebentzio Zerbitzua bi arlotan banatuta egongo da: Osasun Arloa eta Arlo Teknikoa. Zerbitzuan, beraz, alor desberdinetakoak arituko dira, baina elkarlanean arituko beharko dira urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzekoak, 15. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
1.1.– Osasun arlokoen zereginak laneko osasun, ergonomia eta psikosoziologia aplikatuarekin lotutako espezialitateei dagozkienak izango dira. Zeregin horiek betetzeko, eta indarreko araudiari jarraiki, Oinarrizko Osasun Unitateak (OOU) izango ditu, hau da: EHUk gaur egun dituen hiru campusetako bakoitzak Oinarrizko Osasun Unitate bat izango du.
Gaur egun EHUko Osasun Zerbitzuan diharduten mediku eta erizainak Osasun Arloan sartuko dira. Arlo horrek arduradun bat izango du koordinazio lana egiteko.
1.2.– Arlo Teknikoan unibertsitateko goi mailako lau titulatu arituko dira: Araba eta Gipuzkoako campusetan titulatu bana eta Bizkaikoan bi. Urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuko VI. kapituluan jasotakoarekin bat, prestakuntza egokia izan beharko dute goi mailako eginkizunak betetzeko prebentzioko berezitasun eta diziplinaren arloan, laneko segurtasun eta industri higieneari dagokionean, hain zuzen.
EHUko gaur egungo prebentzioko teknikariak Arlo Teknikoan sartuko dira. Arlo horrek arduradun bat izango du koordinazio lana egiteko.
2.– Prebentzio Zerbitzuak zerbitzuburu bat izango du koordinazio eta gestio lanak egiteko.
3.– Arkitektura eta Obra Zerbitzua elkarlanean arituko da Prebentzio Zerbitzuarekin, batez ere unibertsitateko azpiegituretan, sarreretan, eraikinen edo instalazioen segurtasunean, ebakuaziorako sistemetan edo antzekoetan neurri zuzentzaileak edo hobekuntzarako bitartekoak ezartzeko edo horien inguruko proposamenak egiteko.
4.– Kontratazio eta Erosketa Zerbitzua elkarlanean arituko da Prebentzio Zerbitzuarekin, indarreko araudia betetzeko beharrezko diren ekipamenduak lortzeko, hain zuzen.
5.– Prestakuntzako arduradunak ere elkarlanean arituko dira Prebentzio Zerbitzukoekin laneko arriskuen prebentzioaren arloan beharrezko diren prestakuntza planak prestatu eta antolatzeko.
6.– Gerenteak koordinazio lanak eginda, EHUko beste edozein zerbitzu edo langile (batez ere, irakasle eta ikerlariak) aritu ahal izango da Prebentzio Zerbitzuarekin lankidetzan aholku emateko eta prestakuntza planak osatu, antolatu eta emateko. Era berean, Prebentzio Zerbitzuarekin elkarlanean aritu ahal izango dira arloan ospea duten beste profesional edo erakunde batzuk ere, aholku edo/eta prestakuntza emateko.
Seigarrena.– Osasun Arloaren eginkizunak.
1.– Osasun Arloaren eginkizunak dira osasuna zaintzeko beharrezkoak diren zereginak betetzea, bai eta ergonomia eta psikosoziologia aplikatuarekin lotutakoak ere.
EHUko Prebentzio Zerbitzuak, osasuna zaintzeari dagokionean, honakoak izango ditu oinarri: prebentzio zerbitzuen osasun jarduerei buruzko araudia (uztailaren 27ko 306/1999 Dekretua; 1999ko abuztuaren 20ko EHAA, 159. zk.) eta ergonomia eta psikosoziologia aplikatuari buruzkoa. Arlo honen eginkizunak, beraz, honakoak izango dira:
a) Osasuna zaintzea eta sustatzea:
– osasun azterketak egitea
– osasuna zaintzeko hartutako neurrien bidez eta arriskuen ebaluazioaren ondorioz lortutako emaitzak aztertzea
– haurdun edo erditu berri dauden emakumeek eta egoera jakin batzuetan aparteko sentikortasuna duten langileek dituzten arriskuen azterketak egitea
– Lehen laguntzak antolatzea eta ematea; larrialdiak antolatzea eta egoera horietan laguntza ematea
b) EHUko langileen osasunarekin zerikusia duten faktoreen ondorioz eragindako lan husteak gestionatzea eta kontrolatzea, eta hori horrela egingo da helburu bakarrarekin: gaixotasuna edo laneko huts egitea eragin duen faktorearen eta lan-guneak osasunerako izan dezakeen arriskuaren artean izan daitekeen lotura aztertzea.
c) Zaintza epidemiologikoa.
d) Giza harremanak, estresa eta depresioa.
e) Laneko baldintzak antolatzea, lanpostuen diseinua egitea, esfortzu-mugak eta laneko ingurugiroa.
f) Lortutako emaitzak aztertzea.
g) Agintzen dizkioten antzeko beste eginkizun batzuk, bai eta indarreko araudian zehaztutakoak ere.
Behar bezalako akreditazioa eta baimena duten zentro espezializatuekin azpikontratatu daitezke zerbitzuko oinarrizko osasun jardueraz gaindiko zenbait jarduera, esaterako, diagnostikorako osagarrizko teknikak.
Zazpigarrena.– Arlo Teknikoaren eginkizunak.
1.– Arlo teknikoari honakoak dagozkio:
a) EHUko zentroetako arriskuen ebaluazioa egitea.
b) Osasun arloarekin zerikusirik ez duten prebentzio jarduerak planifikatzeaz gain, horretarako beharrezko diren programa eta planak egitea.
c) Istripuak eta ezbeharrak ikertzea, arrazoiak zeintzuk izan diren jakiteko eta, aurrerantzean, horiek saihesteko.
d) Ikuskaritza lana egitea.
e) Industriako segurtasun eta higienearen arloko estatistikak egitea.
f) Jarduera zuzentzaileak proposatzea.
g) Larrialdietarako planak diseinatzea eta planak egiteko lanak koordinatzea.
h) Arlo honetako prestakuntzarako proposamenak egitea.
i) Ikuskaritza teknikoak eta gestiokoak egingo ditu, adibidez: prozeduren kontrola, praktika operatiboak, segurtasuneko arauak, obra berriak.
j) Indarreko araudiari jarraituz izan ditzakeen beste batzuk.
2.– Arlo teknikoak laneko segurtasunaren arloan prebentzioarekin eta industria higienearekin zerikusia duten eginkizunak izango ditu, eta zeregin batzuetarako behar bezala akreditatutako edo baimendutako zentro espezializatuak azpikontratatu ahal izango ditu.
Zortzigarrena.– Prebentzio Zerbitzuko buruaren eginkizunak.
1.– Prebentzio Zerbitzuko buruari honakoak dagozkio:
a) Prebentzio Zerbitzuko arlo biak koordinatzea eta zuzentzea.
b) EHUn osasuna sustatzeko eta laneko arriskuak prebenitzeko beharrezko diren jarduerak bultzatzea.
c) Langileentzako informazio programak eta prestakuntza planak egitea.
d) Arriskuen ebaluaziorako prozesua zuzentzea.
e) Neurri zuzentzaileak planifikatzea eta ezartzea, batez ere, EHUko beste zerbitzu batzuk ere parte hartu behar dutenean.
f) Prebentzio Zerbitzuan sortuko diren erregistro guztien gestioaren eta zaintzaren ardura izatea.
g) Laneko arriskuen prebentzioarekin lotuta beharrezko diren jarduerak egitea, gerenteak gainbegiratuta.
h)Prebentzio Zerbitzuaren urteko txostena egitea.
i) Prebentzioko neurriak ezartzeko lehentasunak zehaztea eta neurri horien eraginkortasuna kontrolatzea.
j) Prebentziorako eskuliburuak eta prozedurak argitaratzeko eta banatzeko lanak zuzentzea.
k)Prebentzio Zerbitzuaren web gunea zuzentzea eta gainbegiratzea.
Bederatzigarrena.– EHUko ikastegien parte hartzea.
1.– EHUko ikastegietako dekano eta zuzendariek, administratzaileekin batera, honako zereginak dituzte:
a) Ikastegian batzorde bat eratzea Prebentzio Zerbitzuarekin lotuta Gerentziak zehaztutako programa eta sistemak ezartzeko, horien bidez laneko segurtasun eta osasunari buruzko xedapenak eta araudia betetzeko.
b) Ikastegiko langileen kexu, eskaera eta iradokizunak konpontzea. Zailtasun teknikoak edo bestelakoak direla-eta hori posible ez bada, Prebentzio Zerbitzuko buruari emango diote guztiaren berri.
2.– Ikastegian istripu edo ezbeharren bat dagoenena, administratzaileak berehala jakinaraziko dio Prebentzio Zerbitzuko buruari, eta jorrek, era berean, Campuseko Segurtasun eta Osasun Batzordeari emango dio horren guztiaren berri.
Hamargarrena.– Laneko arriskuen prebentzioari buruzko kultura zabaltzea.
Kontuan izanda zein sakabanatuta dauden eta zein sare nahasia eratzen duten EHUko ikastegiek, jarduerak antolatuko dira ikastegietako langile batzuek prebentzioaren arloko oinarrizko prestakuntza izan dezaten, eta prestakuntza hori oinarri hartuta EHUko gainontzeko langileen artean laneko arriskuen prebentziorako kultura heda dezaten.
Hamaikagarrena.– Campuseko errektoreordearen, Ikerketa errektoreordearen, Kalitate katedrako titularraren, Pertsonaleko gerenteordearen eta campusetako gerenteordeen jarduerak.
Aipatutako errektoreordeek, gerentearekin batera, eta kontuan izanda bakoitzaren eskumenak, laneko segurtasun eta osasunaren arloko eta ingurugiroaren arloko baldintzak hobetzeko beharrezko diren jarduerak zehaztuko dituzte.
Jarduera horien gestioa campuseko gerenteordearen edo Pertsonaleko gerenteordearen ardura izango da, kontuan izanda bakoitzak dituen eskumenak. Lan hori Prebentzio Zerbitzuko buruarekin elkarlanean egingo dute.
Campuseko gerenteordearen kasuan, aipatutako gestio lana Prebentzio Zerbitzuko buruarekin elkarlanean egiteaz gain, osasun arloak eta arlo teknikoak campusean dituen kideen laguntza ere izango du.
Kalitate katedrako titularrak eta campusetako Kalitate Programak bultzatzeko zuzendariek, beren jardueren esparruan, lehentasuna emango diete EHUko laneko segurtasun eta osasuna eta ingurugiroa hobetzeko jarduerei.
Alor honetako erabakiak hartzeko eta gestioa egiteko, aipatutako agintariek beren eskumenen arloei dagozkien txostenak eska diezazkiokete Prebentzio Zerbitzuko buruari.
Hamabigarrena.– Campuseko eta campus arteko laneko segurtasun eta osasunerako batzordeak.
Prebentzio Zerbitzuko jarduerak campuseko eta campus arteko laneko segurtasun eta osasunerako batzordeekin elkarlanean egin beharko dira. Prebentzio Zerbitzuari erabaki honen bidez eman zaizkion eskumenak ez dira izango aipatutako batzordeek dituzten eskumenen kalterako, eta, edozelan ere, indarreko araudian, Lan Baldintzak Arautzeko Akordioan, Hitzarmen Kolektiboan eta arloko gainerako araudian zehaztutakoa bete beharko dute.
Hamahirugarrena.– Indarrean sartzea.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Manuel Montero,
EHUko Errektorea