comites_seguridad_salud_reglamento_intercampus

Campus-arteko Segurtasun eta Osasun Batzordearen Funtzionamendu Arautegia

1. artikulua: Definizioa

Laneko segurtasun- eta osasun-batzordea kide anitzeko organo paritarioa da, UPV/EHUko arriskuen prebentzioei buruzko plan, programa eta ebaluazioen inguruan aldiro-aldiro proposamenak eta kontsultak egiteko batetik, eta segurtasun- eta osasun-politika egokia antolatu, zaindu eta hobetzeko bestetik; halaxe dio laneko arriskuen prebentzioari buruzko Legeko 38. artikuluak. Batzorde hori da UPV/EHUko funtzionarioen lan-baldintzak arautzeko akordioan (45. artikuluan eta ondorengoetan) eta lan-kontratua duten UPV/EHUko langileen hitzarmen kolektiboan (49. artikuluan eta ondorengoetan) aipatzen dena.

2. artikulua: Osaera

Batzordea 18 kidek osatzen dute; horietatik bederatzi administrazioak izendatzen ditu eta beste bederatzi erakunde sindikalek. Administrazioak izendatzen dituen bederatzi horietatik bat batzordeko buru izango eta beste bat idazkari; horien artean izango dira, era berean, campusetako segurtasun- eta osasun-batzordeetako buruak. Sindikatuek izendatutako kideak, berriz, izango dira irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren batzarretan ordezkaritza dutenak eta enpresa-batzordeetakoak direnak, eta sindikatu bakoitzak ordezkari bat izango du, gutxienez; gainerakoak duten ordezkaritzaren arabera proportzionalki banatuko dira, eta horietatik sei, gutxienez, campusetako segurtasun- eta osasun-batzordeetakoren batekoa izango da, berari dagozkion eskumenekin.

Batzordeak hiru Lurralde Historikoetako campusetan izango du eskumena.

3. artikulua: Eginkizunak

Campus-arteko segurtasun- eta osasun-batzordearen zereginak aplika batzordeari dakiokeen legerian daude, eta baita ere funtzionarioen lan-baldintzak arautzeko akordioan eta lan-kontratua duten langileen hitzarmen kolektiboan. Hain zuzen ere, batzordearen eginkizunak dira:

  • campus bati baino gehiagori dagokion ebaluatze-lanak koordinatzea;
  • campusetako   batzordeek   edo, UPV/EHUko aurrekontu orokorren menpe dauden gaietan, campus-arteko segurtasun- eta osasun-batzordeak berak proposatutako ekimen, hobetzeko   proposamen eta hutsune-zuzentzeen artean lehentasunak ipiniko ditu, betiere ekimen eta proposamen horiek duten garrantziaren arabera;
  • campusetako batzordeei aurrezaintzarako jarduerak burutu ditzaten bultzatzera; eta
  • prestakuntza-jarduerak koordinatzea.

4. artikulua: Batzorde-burua

Hauek dira batzorde-buruaren zereginak:

  • a) batzordearen ordezkari izatea eta batzordearen bileretan eta lanetan parte hartzea;
  • b) batzordeko  bilerak  deitzea,  zuzentzea  eta  bileretako buru izatea, eta bileretako gai-zerrenda egitea, gainerako partaideen proposamenak onartuz, proposamenik egiten badute;
  • c) batzordeko aktei eta ziurtagiriei ez ezik azterlan, lan eta konklusioei ere oniritzia ematea;
  • d) batzordeak hartutako erabakiak behar bezala bideratzeko hartu behar diren neurriak gauzatzea;
  • e) batzordekideei, beren eginkizunak burutu ditzaten, beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak, aurrekariak eta txostenak ematea;
  • f) batzordearen jarduera koordinatzea eta, oro har, batzordeak behar bezala funtziona dezan behar diren neurriak hartzea; eta
  • g) batzorde-buruari batzorde-buru den neurrian dagozkion zereginak eta batzordeak uzten dizkionak.

Batzorde-burua ez dagoenean, administrazioak izendatutako kideen arteko zaharrenak hartuko ditu bere gain haren eginkizunak.

5. artikulua: Idazkaria

Hauek dira idazkariaren zereginak:

  • a) batzorde-buruak aurretik onespena emanda, batzordeko gai-zerrenda prestatzea eta egin behar diren deialdiak egitea.
  • b) Akta eta erabakien ziurtagiriak egitea.
  • c) Batzordearen barne- eta kanpo-agiriak bideratzea. Idazkaria izango da agiri horien zaindaria, eta horrengana joan beharko da, agiriren bat kontsultatu nahi denean.
  • d) Bilera bakoitzeko akta egitea. Puntu hauek jasoko dira aktan: aztertutako gai guztiak, hartutako erabakiak; adostasunik izan ez duten puntuak ere jasoko dira, eta baita adostasun ezaren arrazoiak ere. Aktak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira. Eta
  • e) campusetako segurtasun- eta osasun-batzordeei hartutako erabakiak jakinaraztea.

Idazkaria ez dagoenean, administrazioak izendatutako kideen artetik batzordeak eskuordetutako kideak hartuko ditu bere gain haren eginkizunak.

6. artikulua: Bilerak

Batzordeak 4 ohiko bilera egingo ditu, gutxienez, eta urteko lehenengoan ezarriko du gainerako bilerei buruzko egutegia. Ezohiko bilerak batzorde-buruak edo bost batzordekidek baino gehiagok hala eskatuta egingo dira.

7. artikulua: Bilera-deialdia eta gai-zerrenda

Batzorde-buruak edo, horrek hala agintzen badio, idazkariak egingo du bilerako deialdia. Hiru campusetan egingo dira bilerak, txandaka. Bilera ohikoa bada, lau lanegun lehenago ditu beharko da bilera; ezohikoa bada, berriz, bi egun lehenago gehienez. Deialdiarekin batera, aurreko bilerako aktaren zirriborroa, gai zerrenda eta gai horiei dagokien dokumentazioa bidaliko dira.

Abuztuan ez da batzordearen bilerarik egingo, ezta baimen errekuperatuak diren aldi edo egunetan ere.

Gai zerrendan punturen bat sartu nahi duten batzardokideek puntuari dagokion dokumentazioa aurkeztuko dute, eskaera egiten dutenean, gainerako batzordekideek gaia ezagutu dezaten.

Baldin eta punturen baten inguruan erabakia hartzea ezinezkoa bada, puntu horri buruzko aurrekinak, agiriak edo txostenak falta direlako, administrazioaren eta/edo ordezkaritza sindikalaren gehiengoak eska dezake puntu hori gai zerrendatik kentzeko.

Baldin eta bilera batean gai zerrendako puntu guztiak aztertzeko denborarik ez badago, bileraren amaieran aztertu gabe geratu diren puntuak aztertzeko eguna izendatuko da.

8. artikulua: Batzordea eratzea eta erabakiak hartzea

Batzordea legez behar bezala osatzeko, administrazioko sei ordezkari eta sindikatuetako beste sei ordezkari egon beharko dute, gutxienez.  Lehen deialdian behar den quoruma lortuko ez balitz, bigarren deialdia egingo litzateke, ordubete beranduago. Bigarren deialdian batzordea legez behar bezala osatzeko, nahikoa izango da administrazioko bost ordezkari eta sindikatuetako beste bost ordezkari egotea.

Erabakiak hartzeko, gehiengo soila beharko da bai bileran dauden administrazioko ordezkarien artean eta bai bileran dauden sindikatuetako ordezkarien artean.

Hartzen diren erabaki guztiak horiek eragiten dieten zentroei jakinaraziko zaizkie, eta erabakia hartzerakoan erabakia betetzeko epea ere ezarriko da. Epe hori behin igarota, batzordeak erabakia bete den ala ez aztertuko du.

Baldin eta UPV/EHUk gai zerrendako punturen bati buruz eskatutako txosten teknikoa aurrezaintzako ordezkariek batzordeari aurkeztutako txostenarekin bat ez badator eta unibertsitatea eta ordezkariak akordio batera iristen ez badira, hirugarren txosten tekniko bat eskatuko zaio Osalani aurrena edo, bestela, laneko segurtasun eta higienerako institutuari.

9. artikulua: Akta

Bilera bakoitzaren hasieran aurreko bilerako akta onartuko da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, jarraian, gai zerrendako puntuak aztertzeari ekingo zaio.

Idazkariak aztertu gabe dauden gaien berri emango du.

Aktan argi eta garbi adieraziko dira gai zerrendako puntu bakoitzari buruz hartutako erabakiak.

Batzorde-buruak eta idazkariak sinatuko dituzte aktak. Aktak kide guztiek berretsiko dituzte, hurrengo bileran edo hurrengo bileretan.

10. artikulua: Batzordeko kideak

Batzordeko kideek botoa emateko eskubidea izango dute. Boto partikularra eman ahal izango dute, eta baita horren esanahia eta arrazoiak azaldu ere.

Batzordeko kideek tekniko edo aholkulari bat eduki ahal izango dute, gaiaren konplexutasunak hala eskatzen duenean.

11. artikulua: Batzordeari eskainitako denbora

Batzordeko kideek beren eginkizunei eskaintzen dioten denbora lanegun arruntaren barruan sartuko da ondorio guztietarako, eginkizun horiek burutzeko hitzartutako sistemaren arabera, hitzarmen kolektiboan eta indarreko akordio arautzailean hitzartutakoaren arabera alegia.

12. artikulua: Prestakuntza

Administrazioak laneko segurtasun- eta osasun-batzordeari batzordekideak prestatzeko asmoz antolatutako ikastaroen berri emango dio.

Administrazioak aurrezaintzako ordezkariei eman beharko dizkie beren eginkizunak betetzeko prebentzioaren inguruan behar dituzten bitartekoak eta prestakuntza.

Administrazioak berak dituen bitartekoen bidez emango du prestakuntza hori; prebentzioaren inguruan espezializatutako organismo edo entitateekin sinatutako hitzarmenen bidez ere eman dezake. Prestakuntza emateko, arriskuen bilakaera eta sortzen diren beste arrisku berri batzuk kontuan hartuko dira. Behar izanez gero, aldian-aldian errepikatuko da prestakuntza. Aurrezaintzako ordezkariek ere prenbentzioaren inguruko prestakuntza-ikastaroak bultza ditzakete.

Prestakuntzari eskainitako denbora laneko denbora izango da, ondorio guztieterako, eta horren kostua ez dute aurrezaintzako ordezkariek inoiz hartuko.

13. artikulua: Eginkizunak betetzea

Batzordeak bidezkoak iruditzen zaizkion funtzionamendu-arauak onar ditzake bere eginkizunei buruz arautegian aurreikusten ez denerako eta arau hauek interpretatzerakoan eta aplikatzerakoan sor litezkeen zalantzak argitzeko.

Nolanahi ere, arautegi honetan aurreikusten ez den guztia herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruzko artikuluek osatuko dute.

Edozein kasutan, batzorde hau aipatutako Legeko 22.2 artikuluko kide anitzeko organo bat da.

Urtero, eta gutxienez ohiko bi bileratan, segurtasunari eta osasunari lotutako alderdi guztiak biltzen dituen txosten bat aurkeztuko zaio batzorde honi.

14. artikulua: Arautegia aldatzea

Arautegi hau eta campusetako batzordeen arautegiak aldatzeko, administrazioko eta sindikatuetako ordezkarien gehiengo osoaren onespena behar da.