Deskribapena
Auzo Lana Hezkuntzan (ALHE) ikerketa taldea sare publikoko ikastetxeetan XXI. mendeko gizartearen beharrei erantzuteko burutzen ziren praktikak eta gako pedagogikoak aztertzeko helburuaz sortu zen 2018. urtean. Proposamen guzti horiek haurren ongizatea hezkuntzaren zutabe nagusitzat hartzen zuten. Eginbide horretan beraz, ALHE taldeak, hainbat ikastetxetako profesionalekin lankidetzan, praktika eta proiektu pedagogiko berritzaileak aztertzeari ekin zion. Ikerketa horiei esker, ikaskuntza-prozesuak zein irakaskuntza-funtzioa hobetzen, ikastetxeen baliabideak berrantolatzen eta inguruneaz zein hezkuntza-komunitateaz baliatzen lagundu duten gakoak identifikatu dira; haurrak ahalduntzeko pedagogia baten alde eginez. Gaur egun, taldeak berrikuntza pedagogikoko proiektuen inguruan lan egiten du, hezkuntza-testuinguru formaletan eta ez-formaletan; praktika-komunitate, kultura-elkarte eta hiri hezitzaileekin elkarlanaz. Esku artean proiektu ezberdinak izan arren, ikerketa-ildoek helburu berdin bati begiratzen diote: komunitatearen ongizatea bilatzeari eta lortzeari hain zuzen. Honenbestez, etorkizun hurbilean ALHEk gizarte-premia berriei eta hezkuntzako profesionalen prestakuntza-bide berriei buruzko hausnarketa bateratua bultzatzeko aukera eskaini nahi du. Ildo horretan, gure lana praktika-komunitateen beharrak eta kezkak uztartzen saiatzen da. Honela, hezkuntza-komunitatearen barruan prestakuntza- eta hausnarketa-bide berriak irekitzeko. 2023. urtetik Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikerketa talde kontsolidatua da (GIU22/002).
Ikerketa ildoak
Talde honen ikerketa-ildoak ondorengo gaietan oinarritzen dira: (1) ahalduntzea, (2) inklusioa, (3) berrikuntza pedagogikoa eta (4) kultura-ondarea. Horretarako, eragile ezberdinez osatutako diziplinarteko talde batean hainbat esperientzia hezitzaile aurkezten zein eztabaidatzen ditugu. Elkarbanaketa honetan sortzen diren hausnarketen bidez, geure praktikez ikasi eta hauek hobetuz. Guzti hau aurrera eramateko ondorengo lan ildoak jarraitzen ditugu:
1. Lan-ildoa: Euskal eskola publikoko praktika-komunitateak:
Lehen lan-ildo honen bidez, euskal eskola publikoko sarearen baitan kokatzen diren eta berrikuntza pedagogikoan ibilbide esanguratsua duten hiru proiektuetan jarduten dugu. Zehazki, proiektu hauen baitako ikastetxeetako irakasleek burutzen dituzten Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako praktika-komunitateak indartu, osatu, aberastu, balioetsi eta ikusarazi nahi ditugu:
- Ahalduntze Laborategia (Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektua).
- EAEko Eskola Txikiak.
- Amara Berri Sistemako eskolen sarea.
2. Lan-ildoa: Praktika-komunitateak eremu ez-formaletik:
Bigarren lan-ildo horrek jarraipena ematen dio ALHEk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, hiri hezitzaileekin eta lurralde historikoko kultura-elkarteekin lankidetzan egiten duen lanari. Lan ildo hau ikerketa taldeak hezkuntza ez-formaleko esparruetan arestian adierazitako gaietan sakontzeko asmoz sortu da.
3. Lan-ildoa: Praktika formaleko komunitateak nazioarteko esparruan
Hirugarren lan-ildo horrek aurreko bi ildoetako praktika-komunitateen bertuteak zabaltzen ditu. Horretarako, European Democratic Education Community (EUDEC) eta European Forum for Freedom in Education (EFFE) sare europarrak aintzat izanik.