Seguridad en máquinas

Segurtasuna makinetan

SEGURTASUNA MAKINETAN

Makinetako segurtasunaren oinarrizko printzipioa prebentzio intrintsekoa da. Hau da, makina guztiek, berez, seguruak izan behar dute, eta, horrenbestez, diseinutik bertatik, makina horiek erabiliko dituzten pertsonen osasuna bermatuko duten gutxieneko segurtasun-betekizunak bete behar dituzte. Halaber, zenbait baldintza edo aldez aurreko neurri ere bete behar dira makinaren instalazioari, erabilerari, mantentzeari edo konpontzeari dagokienez.

Makinen segurtasunaren bi alderdi horiek, funtsean, bi Errege Dekretuk arautzen dituzte: batak, ekoizleei eta erabiltzaileei zuzenduta dagoenak, makinek izan behar dituzten gutxieneko segurtasun-baldintzak ezartzen ditu, merkaturatu ahal izateko; bestea, berriz, lan-ekipamenduen erabilerari buruzkoa da.

1 Funtsezko segurtasun- eta osasun-betekizunak betetzen dituzten makinak bakarrik merkaturatu eta zerbitzuan jarri ahal izango dira. CE marka daukaten makinek arau horiek betetzen dituztela ulertuko da. CE markarik ez badaukate, ez dira erabili behar, titularrak dagokion egokitzapena egin ez badu.

2 Makina bakoitzak, modu irakurgarri eta ezabaezinean, gutxienez informazio hau adierazi behar du: ekoizlearen izena eta helbidea; CE marka (gutxienez 5 mm-koa); seriearen edo modeloaren izendapena eta serie-zenbakia, egongo balitz. Halaber, jarraibideen eskuliburua ere izango du, eta, eskuliburu horretan, hauek adieraziko dira: makina erabiltzeko aurrez ikusitako baldintzak; makina erabiliko duen pertsonak zein lanpostu izan behar duen; beharrezko jarraibideak, honako hauek arriskurik gabe egin ahal izateko: makina zerbitzuan jartzea, erabiltzea, mantentzea, instalatzea eta muntatzea.

3 Aldizka, makinek ondo funtzionatzen dutela egiaztatu beharko da, eta, makinen transformazioak edota istripuak egonez gero edo makina luzaroan erabili ez bada, proba gehigarriak egin beharko dira.

4 Makina martxan jartzeko aginteek eremu arriskutsuetatik kanpo egon behar dute, eta nahita bakarrik eragin ahal izango zaie. Horrez gain, makinek erabateko gelditzea (segurtasun osoko baldintzetan) ahalbidetuko duen gailua izan beharko dute; gelditzeko aginduak lehentasuna izango du martxan jartzeko aginduen aurrean.

5 Makinaren parteren batek harrapatzeko, ebakitzeko, kiskaltzeko edo zerbait jaurtitzeko arriskua badauka, babes-elementuak edo -gailuak izan beharko ditu. Hainbat babes-elementu (finkoak, inguratzaileak, bereizgailuak, mugigarriak, etab.) eta hainbat babes-gailu (aginte sentsitiboak, hesi fotoelektrikoak, katigatze-gailu bati lotutako pantaila mugigarriak, blokeoarekin edo blokeo barik, etab.) daude. Horiek guztiak lan-motaren arabera aplikatuko dira.

6 Makinak dituen segurtasun-gailuak ez dira inoiz ezeztatu edo saihestu behar, eta babes-elementuak ez dira inoiz kendu behar.

7 Doitzeko, garbitzeko, koipeztatzeko eta konpontzeko eragiketak, posible bada, makina geldi eta energiaren elikadura-iturritik deskonektatuta dagoela egin beharko dira. Eragiketa horiek egin bitartean makinak martxan ez jartzeko kontsignazio-gailuak egon behar dira; ohikoenak giltzarrapoak dira.

8 Ez da eramango arropa lasairik, ilea solte, bufandarik, katerik edota makinak harrapa dezakeen bestelako elementurik.

9 Makina bakoitzak larrialdietarako gelditze-gailuak izan behar ditu, segurtasun-baldintzetan gelditu ahal izateko. Ondo ikusi eta iristeko modukoak izan behar dute, kolore gorrikoak hondo horiaren gainean; sakagailuak badira, botoi-burua izan behar dute.

10 Makina bat erabili behar duen edonork prestakuntza eta informazio egokiak jaso behar ditu, lan horrek dituen arriskuei buruz. Informazioak ulergarria izan behar du, eta, gutxienez, makina erabiltzeko baldintzak zehaztuko ditu, bai eta sor daitezkeen egoera arriskutsuak ere.

11 Makinetako eremu arriskutsuek oharrekin eta seinaleekin markatuta egon behar dute.

12 Lan-esparruko argiztapena nahikoa ez bada, makinetako eremu arriskutsuetan argiztapen lokalizatua egon behar da.
 

Arte Ederretako makinak

Arte Ederretako makinen buruzko informazioa