Hizkuntza-lankidetza
Katedra Sao Tome eta Principen
Maria Montroy Katedrako Margarita Salas bekadunari esker, katedra Santo Tome eta Prinzipen izan da Bierzo Sur Gobernuz Kanpoko Erakundearekin. Tailerrak egin dira forro hizkuntzaren erabileraren bidez komunitateko nagusiak eta gazteak elkarrengana hurbiltzeko eta forroa (galtzear dagoen bertako kriollo bat) balioan jartzeko. Nagusiek batez ere forro erabiltzen dute; gazteek, ordea, portugesa, eta horrek eragiten du elkarren arteko urrunketa. Bi tailer antolatu dira: batetik, forroera sustatzeko tailerrak eta, bestetik, animazioaren bikoizketa forroeraz.
Animazioaren esteka: https://www.ccma.cat/tv3/sx3/el-sol-i-la-lluna-21-llengua-forro/video/6179064/
Adiskidetasuna gauza zoragarria da. UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedran zorte handia dugu, lagun berri asko egin ditugulako uda honetan. Ponferradan, Cooperación Bierzo Sur GKEa ezagutu dugu; Castelló de la Planan, Jaume I Unibertsitateko TRAMA ikerketa-taldea; eta, Katalunian, TV3ko Una mà de contes taldea. Eta hori ez da dena! Talde bitxi honekin Santo Amaroraino joan gara, Santo Tomé uhartera (Afrika), eta bertan gure lagun taldea are gehiago hazi da. Nicole, Marta, Ney, Emanuel, Vavá, Dias jauna, Dió andrea eta beste lagun askorekin uda oso interesgarria igaro dugu.
Santo Amaroko gure lagunek adineko jendeak hitz egiten duen hizkuntza babestu eta berreskuratu nahi dute, forroera, urteen poderioz galtzen ari dena. Hori saihesteko, Una mà de contes (El Sol i la Lluna) liburuaren kapitulu bat itzuli eta bikoiztu dute hizkuntza horretan. Santo Amaroko haur zein adinekoei esker, baita bertako Rádio Lobata irratiari esker, ipuin hau forroeraz entzuteko pribilegioa daukagu orain.
Izan ere, lagunak opari bat dira, eta hizkuntza berriak ezagutzea mundu berriak aurkitzearen modukoa da. Desagertzen utzi behar ez ditugun munduak, ezagutza altxorra da eta. Edo, forroeraz dioten bezala, sêbê na ka kupá lugé fa.
Eskerrik asko, lagunok! Ikusi arte!
Esker onak: Emanuel; Lia; Marta; Ney; Nicole; Rafael (laguntzailea); Dias jauna; Dió andrea; Luiza Janoto andrea; Domingas Bom Jesús andrea; Anastacia Lima andrea; Santo Amaroko eskoleiroak, bereziki Amaro Mendes (Sheriff) eta Wassiley Souza; Rádio Lobata irratiko taldea, bereziki Gidel; Manuel Barrios Lucena; Una mà de contes, TV3; Bierzo Sur Cooperación GKE; Universitat Jaume I.
Kolonbiako nasa-yuwe eta embera hizkuntzen indarberritzea: baliabide didaktikoak eta hezkuntza elebiduna
Proiektu hau Katedrak Garabide, Soziolinguistika Klusterra eta Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolarekin (BAM) batera diseinatu du, eta beti ere nasa-yuwe eta embera komunitateen partaidetza zuzena bideratuz haien hizkuntzak eskolaratzeko materialak sortzeko egitasmoarekin. Hasteko irakurketa-idazketa prozesurako behar direnak sortzea du helburu. 2014 urtean materialak sortu eta esperimentatzeko zenbait tailer egin dira Kolonbian, Idiazabal, Ortega eta Barreña katedrakidean egin dituzten egonaldietan, eta 2016erako egitasmoa garatzea espero dugu. Ekimen horiek gauzatu ahal izateko diru-laguntza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailetik, eta Berriz, Leioa eta Elorrioko Udalekin sinatu ditugun hitzarmenetatik jaso dugu.
Cauca (Kolonbia) herrialdeko nasa-yuwe hizkuntzako irakasleen prestakuntza
Egitasmo hau Garabide Elkartearekin batera egiten da, beraiek 2010 urteaz geroztik duten harremanari esker. 2014 urtean katedrak hainbat ikastaro antolatu ditu Cauca eskualdean: apirlean Itziar Idiazabal irakasleak, eta azaroan Ane Ortega irakasleak emanak izan dira. Bestalde, Andoni Barreña irakasleak Popayaneko Universidad del Cauca-k konbidaturik lau hileko egonaldia egin du 2014ko irailetik abendura. Egonaldi horri esker hainbat ikastaro eta mintegi eman ahal izan ditu Caucako nasa-yuwe hizkuntzaren eragile eta irakasleekin, beti ere Garabide elkartearen lankidetzarekin batera. Katedraren parte-hartzea posiblea izan da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntzari esker, eta Leioako, Berrizko eta Elorrioko Udalekin ditugun hitzarmenei esker.
Garapenerako Lankidetza-proiektuetan hizkuntza-irizpidea txertatzeko proposamena
Egitasmo hau UNESCO Etxea, Soziolinguistika Klusterra eta Garabiderekin batera bideratu da, nolabaiteko gida modura garapenerako lankidetza egitasmoetan hizkuntza aniztasunaren irizpidea kontuan hartua izan dadin. Bestelako oinarrizko irizpide nagusiekin batera, hala nola genero berdintasuna edo garapen iraunkorra, lankidetza bideratzen den herrialdeetan hizkuntza aniztasuna eta bereziki hizkuntza gutxituen egoera kontuan hartua izateko gida proposatzen da. Proiektu honetako emaitza da Uranga-ren 2013ko argitalpena.
Afrikako bariba hizkuntzaren normalizaziorako teknikarien prestakuntza
Egitasmo hau Afrikako "Vie pour tous" (Parakou, Benin) gobernuz kanpoko erakundearen eskaera batetik sortu zen, hain zuzen baribatarrak bere lurraldean bere hizkuntza (bariba) eskolatu eta erabilera sustatzeko asmoarekin. Garabide Elkarteak antolatzen duen irakasleen prestakuntza programan parte hartzekoak ziren bertako irakasle bat eta kazetari bat, baina ez dugu diru-laguntzarik lortu 2014 urtean prestakuntza horretan parte hartu ahal izateko. 2015 urtean beste eskaera bat bideratuko dugu Manuel Iradier Afrikanisten Elkartearekin batera haiek ere erakunde berberarekin lan egiten dutelako.
Elebitasuna eta eleaniztasunaren garapena haurtzarotik heldutasunera bitartean euskaraz eta haren ondoko hizkuntzetan (FFI2012-37884-C03-01 / IT676 -13)
Ikerketa proiektu hau UPV/EHUko HIJE (Hizkuntzaren Jabekuntza eta Erabilera) ikertaldeak bideratzen du Espainiako MINECO eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaz 2012-2015 urte bitartean.Itziar Idiazabal da proiektu honen ikerlari nagusia eta bertan dihardute katedrako beste zenbait kidek ere.
Murgilketa bitartez euskaldundutako hiztun berriak: jarrerak eta identitatea ( FFI2012-37884-C03-03)
Proiektu hau Katedrako kide diren ikerlariek Deustuko unibertsitatera atxikita garatzen da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako MINECOren diru-laguntzarekin 2012-2015 urte bitartean. Estibaliz Amorrortu da ikerlari nagusia.
Proiektu hau europar COST New Speakers in a Multilingual Europe: Opportunities and Challenges (ISCH COST Action IS1306) proiektuan integratu da, Bernadette O'Rourke-k zuzenduta eta 2013ko maiatzaren 15ean onartua. Esti Amorrortu-k eta Ane Ortega-k "Expert" eta "MC Substitute" gisa 1. lerroan (Indigenous minority languages) parte hartzen dute. Itziar Idiazabal eta Ibon Manterola proiektu honetako kolaboratzaileak dira baita ere 2014 urtetik aurrera.
ELEBIDUN Egitasmoa. Étude des compétences linguistiques chez les élèves de l'école primaire dans le cadre d'une scolarité bilingue (basque-français). IKER (UMR5478) Baiona
Frantziako Conseil Géneral des Pyrénées Atlantiques erakundeak eta Euskararen Elkarte Publikoak diruz lagunduta, 2012-2014 urteetan burutzen ari da egitasmo hau Lehen Hezkuntzako haurren heziketa elebidunaren frantses eta euskarazko gaitasunak aztertze aldera. Jon Casenave da ikerlari nagusia eta Itziar Idiazabal, Ibon Manterola eta Ines Garcia-Azkoaga ikertalde zientifikoko kide dira.