Talde lana
Gaitasun honen bidez, talde batean integratzeko eta harremanak izateko moduak lantzen dira, helburu komunak lortzeko lankidetzan jardunez, informazioa trukatuz, erantzukizunak eta lidergo funtzioak hartuz, zailtasunak konponduz, eta taldearen hobetzeko eta garatzeko ekarpenak eginez. Talde lana eraginkorra izateko, funtzionamendu arauak eta lortu beharreko helburu komunak ezarri behar dira. Gainera, ezinbestekoa da nork bere erantzukizun indibiduala eta kolektiboa hartzea, genero, kultura eta hizkuntza aniztasuna une oro errespetatuz.
Azken aldian erakundeetan izandako eraldaketak lehen baino lankidetza eta kooperazio handiagoz lan egiteko modua bultzatu du. Tuning proiektuan jada, enplegatzaileek eskatutako gaitasun modura agertzen zaigu talde lana, eta kontuan hartzen da ere Europako Unibertsitate Eremuaren ikasketa plan berriak diseinatzeko orduan (González eta Wagenaar, 2006).
Lantalde guztiak berez taldeak diren arren, talde guztiek ez dute modu kooperatiboan lan egiten; hau da, ez dira lankidetzan aritzen (Cortese, 2005). Johnson, Johnson eta Holubec (2006) egileek lau talde mota bereizten dituzte: sasitaldea, ikaskuntza tradizionaleko taldea, ikaskuntza kooperatiboko taldea, eta errendimendu handiko ikaskuntza kooperatiboko taldea. Sasitalde bateko kideek elkarrekin lan egiteko kontsigna bati men egiten diote, baina ez dute talde identitaterik. Ikaskuntza tradizionaleko talde bateko kideek zereginak banatzen dituzte beren artean, baina horiek egiteko ez da beharrekoa lana batera egitea eta, eskuarki, pertsona bakoitzak zerbait lortzea espero du besteekiko truketik. Talde kooperatiboan, kideek hainbat talde teknika eta dinamika erabiltzen dituzte, helburu berdina partekatzen dute, eta, gainera, kide bakoitzak gainerakoen errendimendu ona bultzatzen du, eta kideek elkarri laguntzen diote motibazioa areagotzeko. Errendimendu handiko ikaskuntza kooperatiboko taldeak, berriz, aurrekoaren ezaugarriak biltzen ditu, baina taldearen arrakastak eta elkarrekiko konpromiso maila handiak bereizten dute aurreko taldetik.
Talde laneko gaitasuna taldean lan egitea baino gehiago da; izan ere, helburu komunak lortzeko jarduerak egitean norbera prest egoteaz eta besteekin kolaboratzeaz gainera, informazioak trukatu, erantzukizunak hartu, eta sortutako zailtasunak konpondu behar dira, taldearen hobekuntzan eta garapenean laguntzen baitute. Ikuspegi horretatik, gaitasun horrek oinarrizko lau dimentsio hauek ditu: identitatea (indibiduala eta kolektiboa), komunikazioa (funtzionamendu onena lortzeko interakzioa), exekuzioa (helburu komunak abian jartzea) eta erregulazioa (taldearen doikuntza prozesuak) (Torrelles, 2011). Dimentsio horiez gainera, errespetua, enpatia eta motibazioa oinarrizko baldintzak dira. Hori dela eta, talde lantzat hartzeko, taldeak multzo dinamiko bat izan behar du, eta ez indibidualtasunen batuketa bat; eta denon artean adostutako helburu bat lortzeko asmoa eduki behar du, komunikazio eta errespetu giroan (Muñoz, 2010).
TL01 | Errespetuzko jarrera erakusten du taldearen barruan azaldutako ideiak adieraztean eta hartzean. |
---|---|
TL02 | Helburu komunak lortu nahi dituen lan talde baten rolak eta eraketa eta funtzionamendu arauak identifikatzen ditu. |
TL03 | Talde lana baloratzen du, aniztasunaren ahalmena ikasteko aukera gisa onartuta. |
TL04 | Informazioa trukatzen du, baliabide pertsonalak partekatuz, eta lanerako ideiak eta proposamenak ematen ditu, taldea eraginkorragoa izan dadin. |
TL05 | Lankidetza lanerako plan errealista eta egingarri baten diseinuan parte hartzen du, berari eta taldeari dagozkion zereginak identifikatuta. |
TL06 | Dagozkion zereginak erantzukizunez betetzen ditu, helburu eta emaitza kolektiboak lortzeko. |
TL07 | Bilerak eraginkortasunez koordinatzen ditu lankidetzako trebetasunak erabilita; hala nola lidergo partekatua eta txandakakoa. |
TL08 | Modu proaktiboan jokatzen du, beste pertsona batzuk mobilizatuz, jarduera plan bat diseinatzean eta aurrera eramatean. |
TL09 | Laneko giroan eta taldearen errendimenduan eragina duten gatazka egoerei lotutako faktoreak identifikatzen ditu. |
TL10 | Gatazkei irtenbide bat emateko konponbide kolektiboak bilatzen laguntzen du, adostutako helburuak lortzeko. |
TL11 | Bere gogoetak eta argudioak partekatzen ditu, taldeak egindako prozesuaren eta lortutako emaitzen baterako ebaluazioa egiteko. |
TL12 | Ikasketa eta/edo ikerketa proiektu bat garatzen du aniztasunaren ikuspegitik, diziplinarteko taldeetan egindako lana oinarri hartuta. |
TL13 | Beste talde batzuekin lankidetzan dihardu, sare zientifikoen eta profesionalen eraikuntzan. |