KOMUNIKAZIOA ETA ELEANIZTASUNA

Komunikazioa eta Eleaniztasuna

Gaitasun honen bidez, hitzezko eta ez-hitzezko hizkuntzaren erabilera lantzen da interakzio testuinguruetan, esanahiak interpretatzeko eta trukatzeko, modu jakin batean jokatuz. Horrek esan nahi du ideiak eta kontzeptuak ulertzeko eta argi adierazteko gaitasuna eskuratu behar dela, genero ikuspegia aintzat hartuta, kultura eta hizkuntza anitzeko testuinguru inklusibo batean.

Komunikazio gaitasunak, adierarik zabalenean, hainbat komunikazio kode biltzen ditu; hala nola keinu, musika eta matematika kodeak, ahozkoaz eta idatzizkoaz gainera.

Komunikazioak hitzezko (ahozkoa eta idatzia) eta ez-hitzezko hizkuntzaren erabilera eraginkorra eskatzen du, elkarren mendekoak diren kodeen sistema konplexu bat erabilita, zeinak subjektu bati askotariko zeinu eta seinaleen bidez harremanetan egotea ahalbidetzen baitio. Arlo akademikoan, komunikazio gaitasunaren barruan, garrantzi handia du hizkuntza gaitasunak, eta honela definitzen da: ahozko eta idatzizko kodearen erabilera egoki, zuzen, koherente eta estetikorako behar diren ezagutza eta trebetasun guztiak (mezuak ulertzea eta adieraztea, analizatzea eta laburbiltzea, identifikatzea, konparatzea, sortzea eta birsortzea), entzumenean, hizketan, irakurketan eta idazketan hauteman daitezkeenak (Reyzábal, 2016).

Unibertsitatearen testuinguruan komunikazio gaitasuna lantzeko, haren barruan inplikatutako hiru gaitasunak garatzen, abian jartzen eta ebaluatzen dira, alegia: ahozko komunikazioa, idatzizko komunikazioa eta komunikazioa atzerriko hizkuntzan (Villa eta Poblete, 2007).

UPV/EHUren testuinguru eleanitzean, komunikazio gaitasunak dakar ahozko eta idatzizko komunikazioa garatzea EAEko bi hizkuntza ofizialetan, bai arlo zientifikoan bai profesionalean.

Ahozko komunikazioari dagokionez, gaitasun hori menperatzeko, ideiak, ezagutzak eta sentimenduak eraginkortasunez komunikatu behar dira, hitzaren bidez, bai elkarrizketetan eta taldeko jardueretan, bai askotariko entzuleen aurrean egindako aurkezpen publikoetan. Horrek zera esan nahi du: komunikazio argia eta eraginkorra egitea, diskurtsoa modu egituratuan antolatzea, entzuleriara egokitzea, eta hitzezko eta gorputzezko hizkuntzak elkarren osagarriak izatea. Azken batean, komunikatu nahi dena benetan transmititzeko gai izatea.

 Idatzizko komunikazioari dagokionez, gaitasun hori menperatzeko, ideiak, informazioa eta sentimenduak idazkeraren eta laguntza grafikoen bidez transmititzeko gai izan behar da, diskurtsoaren antolaketa egituratzeaz eta hura irakurlegoari egokitzeaz gainera. Beharrezkoa da ordena izatea azalpenean eta argitasuna, berriz, hiztegian, esaldien eraikuntzan eta puntuazio zeinuen erabileran.

Amaitzeko –zenbait titulutan oso garrantzitsua–, atzerriko hizkuntza batean komunikazio gaitasuna edukitzeko, unibertsitateko ikasleek ahoz eta idatziz komunikatzeko gai izan behar dute beren lurraldean ofiziala ez den hizkuntza batean. Gaitasun hori eraginkortasunez menperatzeko, ikasleek testuak, diskurtsoak eta elkarrizketak ulertzeko eta ekoizteko gai izan behar dute, kasu bakoitzaren egoera menperatuta.

Horrez gain, komunikazio gaitasuna beharrezkoa da ere beste gaitasun batzuk eskuratzeko; hala nola talde lana, alfabetatze mediatikoa eta informazionala, pentsamendu kritikoa, eta lidergoa. Eta guztiz beharrezkoa da ere titulu bakoitzaren berezko ezagutzak eskuratzeko (Fernández, 2010).

KOMUNIKAZIOA ETA ELEANIZTASUNA
Ikaskuntza emaitzen adibideak
KO01 Arau ortografikoak eta gramatikalak errespetatzen ditu, testu akademikoak idaztean.
KO02 Idatzizko komunikazio espezializatuan egiturak eta arauak erabiltzen ditu, bai hizkuntza ofizialetan bai atzerriko hizkuntzetan, dokumentu akademikoak eta zientifikoak egiteko.
KO03 Bibliografiaren erreferentzia eta aipamen arauak betetzen ditu, testuinguru akademikoaren arabera (APA, Vancouver, ISO…).
KO04 Komunikazio eraginkorraren printzipioak identifikatzen ditu, bere testuinguru pertsonalean eta sozialean.
KO05 Entzumen aktiboa mantentzen du askotariko lantaldeetan, enpatiaz eta asertibitatez.
KO06 Ideiak eta argudioak era ulergarrian komunikatzen ditu, ezarritako irizpide formalekin bat etorrita.
KO07 Bere ideiak komunikazio eraginkortasunez adierazten ditu, hitzezko eta ez-hitzezko hizkuntzaren arteko koherentziari eutsita.
KO08 Hitzezko eta ez-hitzezko adierazpena entzuleriari egokitzeko gai da, ahozko aurkezpen publiko batean, bai hizkuntza ofizialetan bai atzerriko hizkuntzetan.
KO09 Euskararen eta gaztelaniaren erabilera inklusiborako gomendioak txertatzen ditu diskurtsoan.
KO10 Ahozko azalpen batean, testuinguruaren beharren baitan kudeatzen ditu denbora eta erritmoa.
KO11 Euskara eta/edo gaztelaniaren erabilera testuinguru akademiko eta/edo profesionalera egokitzen du.
KO12 Hizketarako txanda errespetatzen du, eta bere ideiak segurtasunez adierazten ditu, eskatzen zaizkion askotariko eskakizun formalak aintzat hartuta.
KO13 Ikusleekin eta/edo entzuleekin interakzioa mantentzen du, eta, hala behar denean, laguntza euskarriak eta materialak erabiltzen ditu, informazioa hobeto uler dadin.
KO14 Bere esperientziak eta ezagutzak asertibitatez defendatzen ditu, hizkuntza zientifiko-teknikoa erabilita.