Gizarte Konpromisoa
Gaitasun honen bidez, ekintza enpatikoa eta arduratsua lantzen da, herri, herrialde eta mundu mailan sortutako gizarte, ingurumen eta ekonomia erronken aurrean, bai eta egungo gizartearen oinarrizko balio demokratikoen aurrean ere. Horrek dakar konponbide teknikoen eta jarduera profesionalen gizarte eta ingurumen inpaktua analizatzea eta baloratzea, baita erantzukizunez jokatzea ere, askotariko kultura, hizkuntza eta genero identitateak, oinarrizko eskubideak eta aukera berdintasuna ziurtatuta eta haiekiko errespetua sustatuta. Hori guztia garapen jasangarriaren esparru global batetik ulertuta.
Gizarte erantzukizunaren kontzeptuak barne hartzen dituen trebetasunak, balioak eta jarrerak honako alderdi hauei daude lotuta: tolerantzia, jarrera irekia, erantzukizuna, aniztasunaren errespetua, kulturarteko ikuspegia, parte hartze demokratikoa, ingurumenarekiko errespetua, eta kidetasunaren sentimendua.
Gizarte erantzukizunari, konpromisoari eta inpaktuari lotutako gaitasunak zati garrantzitsu bat hartzen du XXI. mendeko herritarren prestakuntzan ezinbestekotzat hartzen diren ikaskuntzen, gaitasunen eta trebetasunen artean (Fadel, 2008; Scott, 2015a), eta bereziki unibertsitate prestakuntzan, non oinarrizko helburutzat hartzen baitira lan arloan jarduteko prestakuntza eta herritar aktiboa eta arduratsua izateko heziketa (Naval, García, Puig eta Santos, 2011; Europako Kontseilua 2017).
Gizarte konpromisoa, etikarekin batera, herritar kontzienteen sustapenerako alderdi garrantzitsuenetariko bat da. Izan ere, pentsamendu kritikoa garatzen laguntzeaz gain, gizarte errealitatera hurbiltzera errazten dute, gizartea eraikitzeko eta eraldatzeko gonbidapena luzatuz (Escajedo et al., 2018). Ildo horretan, nabarmena da unibertsitatearen ahalmena erreferentziazko eredu bihurtzeko gizarte konpromisoaren eta erantzukizunaren arloan.
XXI. mendean profesionalak prestatzeak pertsonak komunitatean eta komunitaterako heztea esan nahi du, hala maila lokalean nola globalean. Gizartearen giza garapen jasangarrian parte hartzeko gai izango diren herritar solidarioei prestakuntza akademikoa eman behar zaie (Vallaeys, 2008).
Zehazki, jasangarritasunerako hezkuntza proposamen batek hainbat ikaskuntza mota bildu beharko lituzke, eta ikaskuntza horiek alderdi hauei lotuta egongo lirateke: herri, herrialde eta mundu mailako gizarte eta ingurumen arazoaren ulermen kritikoa; jasangarritasunari lotutako ekintzak erabakitzeko eta egiteko trebetasunak, estrategiak, teknikak eta prozedurak; eta, kontzepzio moral eta etiko bat, jasangarritasunarekiko koherenteak diren jarrera eta balio berriak sustatzeko (Aznar eta Ull, 2009).
GK01 | Gizarte desberdintasuneko portaerak identifikatzen ditu, diseinatutako jardueretan eta/edo proiektuetan. |
---|---|
GK02 | Bere ikasketa arloaren testuinguruan, hizkuntza eta kultura aniztasuna errespetatzen duten ekintzak eta portaerak deskribatzen ditu. |
GK03 | Euskararen erabilera sustatzeko testuinguru eta egoera egokiak sortzen dituzten proposamenak formulatzen ditu. |
GK04 | Kolektibo kaltetuenekiko desberdintasunak eta portaera okerrak gainditzeko bideak proposatzen ditu, askotariko teknikak eta tresnak erabilita. |
GK05 | Modu jasangarrian kudeatzen ditu arazo edo egoera bat konpontzeko eskura dauden baliabideak. |
GK06 | Kolektibo kaltetuenen arretarako neurriak aplikatzen ditu lan akademikoetan eta ikerketetan, genero berdintasunaren eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioak barneratuta. |
GK07 | Ekintza zientifiko-teknikoek eta erabaki eta proposamen profesionalek gizartean eta ingurumenean duten inpaktua aztertzen du. |
GK08 | Jakintza arloko politika, programa edo jardun espezifikoek maila indibidualean, sozialean, kulturalean, ekologikoan eta globalean dituzten inplikazioak argudiatzen ditu. |
GK09 | Gizarte gai esanguratsuei buruzko zentzuzko iritziak ematen ditu, bere jakintza arloko datuen interpretaziotik abiatuta. |
GK10 | Diziplinarteko proposamenak adierazten ditu giza garapen jasangarriari lotutako arazoei erantzuteko. |
GK11 | Kulturarteko testuinguru batean, jarduera baten gizarte inpaktua balioesten du, eta hobetzeko aukerak bilatzen ditu. |
GK12 | Garapen jasangarriago baterako aukerak eta erronkak identifikatzen ditu, testuinguru edo ikasketa arlo jakin bati lotutako ekintzen diseinuan. |
GK13 | Produktu, prozesu edo sistema bat diseinatzen du, ekonomia, ingurumen, gizarte, etika, segurtasun eta jasangarritasun muga errealisten barruan. |
GK14 | Azterketa edo ikerketa prozesu baten emaitzak transferitzen eta dibulgatzen ditu, gizarte testuinguru espezifikoetan eta anitzetan. |