PENTSAMENDU KRITIKOA

Pentsamendu Kritikoa

Gaitasun honen bidez, prozesu intelektual eta sistematiko bati heltzen zaio, non beharrezkoa baita askotariko ekintza mentalak abian jartzea; hala nola zalantza egitea, analizatzea, interpretatzea, sintetizatzea, baloratzea, eta iritzi arrazoituak ematea. Prozesu horrek egoera konplexu bat sakontasunez ulertzera eramaten gaitu, egoera horretara egokituko den, eta hala behar bada, hura eraldatuko duen ezagutza, portaera edo jarrera bat eraikitzeko. Horrez gain, beharrezkoa da jarrera irekia, gogoetatsua eta eraikitzailea izatea, erabakiak hartu eta arazoak konpondu ahal izateko.

Pertsonok pentsatzeko gaitasuna dugu; gaitasun hori, ordea, ez dugu beti modu kritikoan erabiltzen arazoei aurre egiteko eta egoera zailetan erabaki egokiak hartzeko orduan. Kritikoki pentsatzea bizitzarekiko asmo batez eta jarrera batez pentsatzea da, eta, horregatik, hain zuzen, pentsamendu kritiko ona duten pertsonak gai dira arazo konplexuak egoki kudeatzeko, ikuspuntuak trukatzeko, jarrera arrazoituak berenganatzeko, ebidentzietan oinarritutako ondorioetara iristeko, etab. (Blanco Portillo eta Blanco Peral, 2010).

Ikastearen esanahia ez da bakarrik ezagutzak eskuratzea edo horiek birsortzea; sakontasunez ikasteko, ezagutzak menperatu, eraldatu eta erabili behar dira, askotariko buru eragiketak eginez eta haien artean erlazio esanguratsuak eratuz. Horren harira, ikaskuntza sakona ezagutza eskuratzea baino gehiago da, ulermen sakona eskatzen baitu (Valenzuela, 2008). Ikaskuntza mota hori erdiesteko, kalitate oneko pentsamendua eduki behar dugu, eta horrek pentsamendu kritikoa, sortzailea eta metakognitiboa izatea esan nahi du (Beas et al., 2011, Báezek eta Onrubiak aipatuak, 2016).

Facionek (1990, Correak eta Españak aipatua, 2017) emandako definizioaren arabera, pentsamendu kritikoa judizio deliberatu eta autoerregulatzaile bat da, trebetasun kognitiboek (interpretazioa, analisia, ebaluazioa, inferentzia, azalpena eta autoerregulazioa) eta jarrera afektiboek (gauzak zalantzan jartzea etengabe, pertseberantzia, malgutasuna, etab.) osatzen dutena.

Edozein gai, eduki edo arazori buruz pentsatzeko modu bat da, non pertsonak bere pentsamenduaren kalitatea hobetzen baitu pentsatzeko ekintzari datxekion egiturez jabetzen denean (Paul eta Elder, 2003; 2008); eta, ingurura hobeto egokitzea ahalbidetzen duen goi mailako pentsamendu gisa baloratzen da (Da Silva eta Rodrigues, 2011).

Gaur egungo gizartean, informazio asko sortzen da, etengabe, erraz eskuratu, kontsumitu eta birsortu daitekeena, eta aldaketa azkarrak eta ustekabeko berrikuntzak ematen dira; hortaz, ezinbestekoa da gizakiaren inguruan dagoen guztia zalantzan jartzea etengabe. Testuinguru horretan, berebiziko garrantzia du pentsamendu kritikoan hezteak, pertsonei informazio esanguratsua identifikatzen eta hura erabiltzen laguntzeko; hartara, erabaki irmoak autonomiaz hartu ahal izango dituzte arazoak ahal bezain ongi konpontzeko eta hainbat egoera eraginkortasunez bideratzeko (Barnes, 2005; Facione, 2013; Franco, Almeida eta Saiz, 2014; Scott, 2015a, 2015b).

PENTSAMENDU KRITIKOA
Ikaskuntza emaitzen adibideak
PK01 Behaketa sistematikoa erabiltzen du, hainbat egoerari buruzko gogoeta egiteko oinarrizko teknika gisa.
PK02 Egoera baten azpian dagoen arazoa identifikatzen du; hura objektiboki ulertzeko beharrezkoa den informazioa biltzen du, eta elementu esanguratsuak aukeratzen ditu.
PK03 Egoera edo arazo bat azaltzeko hipotesiak adierazten ditu, hura definitzen duten alderdi objektiboak eta subjektiboak identifikatuta.
PK04 Jakintza arloko gai esanguratsuei buruzko testu zientifikoen sintesiak egiten ditu.
PK05 Hainbat iturritatik eskuratutako informazioa interpretatzen du, haren egokitasuna eta irismena ikuspegi kritiko batez baloratuta.
PK06 Inguruan duen errealitatea zalantzan jartzen du, eta horren baitan dauden printzipioak, gertaerak, jarrerak eta balioak analizatzen ditu, bere jarrera propioa definitzeko.
PK07 Arazo edo egoera bat konpontzeko aukerak deskribatzen ditu, konponbide bakoitza argudiatuz.
PK08 Arazo edo egoera jakin bat konpontzeko aukerak aplikatzeko prozesua identifikatzen du.
PK09 Aldez aurretik ezarritako helburuak lortzeko bete beharreko lanerako plana sistematikoki diseinatzen du.
PK10 Arazo bat konpontzeko hainbat aukera kontrastatzen ditu, inplikatutako gertaerak, printzipioak eta balioak identifikatuz.
PK11 Arazo baten konponbidean lortutako emaitzak analizatzen ditu, prozedura zientifikoren bat aplikatuta.
PK12 Ondorioak adierazten ditu, datuen eta ebidentzien interpretazioan oinarrituta emandako iritziak argudiatuta.
PK13 Arlo jakin bateko ekintza bat, egoera bat edo arazo bat hobetzera bideratutako proposamenak planteatzen ditu, ikerketa zientifikoaren parametroei jarraituta.
PK14 Arazo bat konpontzen du ekiteko modu bat aukeratuz hainbaten artean, eta ekiteko modu horren irismenaren eta ondorioen analisian oinarritzen du aukeraketa.
PK15 Hainbat arlotako ezagutzak erlazionatzen ditu, egoera konplexuen aurrean diziplinarteko erantzun bat emateko.