Etika eta Erantzukizun Profesionala
Gaitasun honen bidez, kontzepzio etikoak eta deontologikoak lantzen dira, baita integritate intelektualari lotutakoak ere. Jardun profesionalak printzipio etiko sendoetan, konpromisoan eta erantzukizunean oinarritu behar duela barneratu behar da. Lanbidearen funtsezko elementuak modu autonomoan eta kontsekuentean aplikatu behar dira, printzipio etikoak, lege esparrua eta jarduera arautzen duen kode deontologikoa barne hartuta. Era berean, osotasun profesionalak laneko kalitate estandarren aldeko konpromiso bat dakar, non zintzotasun zientifikoz jokatu eta erantzukizun indibiduala nahiz kolektiboa baloratu behar baita etorkizun jasangarri bat lortzeari begira.
Etika profesionalak lan arloan aritzeko hainbat printzipio moral eta jarduteko modu biltzen ditu; hala, alde batetik, etika orokorraren printzipioak aplikatzen dira, eta, bestetik, lan arlo bakoitzaren ondasun propioak, balioak eta ohitura sartzen dira (Bolívar, 2005).
Horren harira, etika orokorra eta etika profesional espezifikoak aintzat hartuta, Cobo-k (2003) oinarrizko bost irizpide moral proposatu zituen, ikasleak beren burua profesional gisa identifikatzeko lagungarri izan daitezkeenak. Honako hauek dira: zerbitzuko bezero edo erabiltzaileen, lankideen eta, oro har, herritar guztien duintasuna, askatasuna, berdintasuna eta giza eskubideak errespetatzea; trukatze-justiziarekin eta, hala behar bada, gizarte justiziarekin jokatzea; autonomiaz jardutea bai jardun profesionalean bai hari datxekion etikan; gaitasun profesionalak bezeroen eta erabiltzaileen onuraren zerbitzura jartzea; eta, erantzukizun profesionalaz jokatzea beti. Horrek esan nahi du etengabe hobetzea eta eguneratzea, zerbitzuaren kalitate teknikoa eta giza kalitatea zaintzea, lanbideari buruzko gizalegezko etikaren itxaropenei erantzunez.
Gaitasun honen prestakuntzaren bidez, ikasleak jakin behar du bereizten lanbidean aritzean etikoki zer den zuzena eta zer ez, eta jakin behar du, batez ere, etikoki profesional eta herritar gisa jokatzen (Martinez, Buxarrais eta Esteban, 2002).
Unibertsitateko ikasleek, gutxi asko, aukera moralen oinarrizko sistema egonkor bat izaten dute; alabaina, gaitasun hori garatzen jarraitu behar dute, eta laguntza eman behar zaie bide horretan, beren eskema moralaren bereizketa kritikoan, hierarkizazio egokian, sistematizazioan, oinarrian eta hedapenean, eta, zailagoa izan badaiteke ere, beren oinarrizko sinesmen bat berriro planteatzean (Villa eta Poblete, 2008).
Unibertsitateak profesionalei emandako prestakuntza osoak profesionaltasuna zuzen erabiliko duten herritarren prestakuntzan laguntzen du, eta horren barruan, gaitasun zientifiko-teknikoez gainera, etika ere sartzen da, adiera zabal batean lanbidearen jardunaren dimentsio moralaz arduratzea esan nahi duena (Bolívar, 2005).
EE01 | Errespetuz jokatzen du testuinguru akademikoetan eta profesionaletan, gizarte, kultura eta/edo genero arrazoiengatik inor baztertu gabe. |
---|---|
EE02 | Konfidentzialtasunez gordetzen ditu hainbat jarduera eta harreman testuingurutan erabiltzen dituen datu akademikoak eta profesionalak. |
EE03 | Ekintza bat ikuspuntu etikotik defendagarria izateko behar diren elementuak zehazten ditu. |
EE04 | Laneko egoera batean eragina duten askotariko interes etikoak identifikatzen ditu. |
EE05 | Portaeren eta emandako iritzien egokitasun etikoa eta deontologikoa argudiatzen du. |
EE06 | Egoera jakin batean bere jardunean eragina duten balio etiko propioak adierazten ditu. |
EE07 | Egoera jakin batean hartu beharreko erabakien ondorio etikoak baloratzen ditu, lanbidearen kode deontologikoa aplikatuta. |
EE08 | Lanbidearen printzipio etikoekin bat datozen erabakiak hartzen ditu, kode deontologikoa errespetatuz. |
EE09 | Lan arloan euskararen erabileraren erantzukizun indibidualaz eta kolektiboaz gogoeta egiten du. |
EE10 | Euskararen erabilerarako jarrera proaktiboa du, ikasketa, lan eta ikerketa testuinguruetan. |
EE11 | Dokumentazio pertsonalari, plagioari eta jabego intelektualari lotuta dauden alderdi etikoak aintzat hartzen ditu, arloko lanen eta proiektuen barruan. |
EE12 | Jakintza arlo jakin bateko ikerketen garapenari lotutako alderdi etikoak baloratzen ditu. |
EE13 | Proposatutako konponbide zientifiko-teknikoek gizartean eta ingurumenean duten eragina aztertzen du, haien funtzionalitatea eta egokitasuna jasangarritasuneko eta gizarte justiziako irizpideen arabera baloratuta. |
EE14 | Lanbidea hobetzeko proposamen indibidualak eta kolektiboak egiten ditu. |
EE15 | Proiektuak kalitate estandarretara egokitzen ditu, zintzotasun intelektualez eta zorroztasun zientifikoz. |