Berriak

Ireki da Bizkaian 80 plazako lau Enplegu Anezka berri osatzeko deialdia (Dema-BFA).

Programa doakoa eta borondatezkoa da, eta izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da.

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/12

Irudia

Lau Enplegu Anezka berriak Bilbon, Eskuinaldean, Ezkerraldean eta Durangaldean izango dira, eta haien helburua parte hartzen duten 80 langabeen gaitasun pertsonalak eta enplegagarritasuna areagotzea izango da, hala lan munduan txertatzeko dituzten aukerak biderka ditzaten.

Anezka bakoitzean gehienez ere 20 pertsona egongo dira. Astean pare bat egunetan bilduko dira, eta lan entrenamendua egingo dute langile tekniko espezializatu baten laguntzaz. Parte hartzaileek beren trebetasun profesionalak hobetuko dituzte, lan berri bat nola bilatu ikasiko dute, adimen emozionaleko tailerrak egingo dituzte, baita komunikazioko, marka pertsonaleko eta lan bilaketako 2.0 dinamikak ere. Horretaz gain, elkarrizketak eta enplegagarritasun mapak egiteko trebatuko dira, laneratzeko aukera berriak izango dituzte, eta bisitak egingo dituzte enpresetara. Berez, aurreko 3 urteetan egin diren 17 edizioetan % 50etik gorako laneratzeak lortu dira.

Anezka-Lanzaderas de Empleo programa 18 eta 60 urte bitarteko langabeei dago zuzenduta. Partaideek Lanbiden izena emanda egon beharko dute, baina ez dute prestakuntza maila jakin bat eduki beharko, edozer lan arlotatik etorritakoak izan daitezke, laneko esperientzia dutenak edo esperientzia gabeak, eta Bizkaian erroldatuta egon beharko dira.