Ordezkaritza gastuen muga UPV/EHUko Doktorego Eskolako master ofizialetako eta doktorego programetako arduradunentzat
Doktorego Eskolako Batzorde Iraunkorraren Erabakia, 2021eko abenduaren 13koa
UPV/EHUko Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen eta gerentearen 2019ko irailaren 5eko Erabakiaren bidez, UPV/EHUko zerbitzu ordainei eta protokolo eta ordezkaritza gastuen ordainei buruzko zehaztapenak ezarri ziren. Hamaikagarren atalean esaten denez, ordezkaritza gastuak dira unibertsitateko langileek unibertsitatetik kanpoko pertsonei arreta emateko egiten dituztenak, eta beharbeharrezkoak diren jardueretara mugatu behar dira, kontuan hartuta austeritate eta gobernamendu onaren printzipioak.
Irizpide horiek betetzeko, Doktorego Eskolak muga batzuk ezarri dizkie bertako master ofizialetako eta doktorego programetako arduradunen ordezkaritza gastuei:
-
2019ko irailaren 5eko Erabakian zehazten da bertaratze ordainei, zerbitzu ordainei eta gastu ordainei dagokien zenbatekoen zerrenda, tartean bazkari edo afari bakoitzari dagokiona. Ordezkaritza arrazoiengatik egiten diren otordu gonbiten gastuen muga izango da kopuru horren % 150, gehienez.
-
Otordukideen kopuruari dagokionez, gehienez ere UPV/EHUko kide bat egongo da unibertsitatetik kanpoko pertsona bakoitzeko.
Ordezkaritza gastuen kopuru zehatza itzuliko da, behin egiaztatu ondoren gonbita jaso duten UPV/EHUtik kanpoko pertsonen izen-deiturak eta kargua edo lanpostua, bai eta gonbita egin duten UPV/EHUko kideenak ere.