Breadcrumb

Tutorekidetzan egindako tesiak

Tesiak tutorekidetzan - diapositiba

Tutorekidetzako doktoregoa herrialde desberdinetako bi (edo hiru) unibertsitatetan egiten da. Doktoregaiak defentsa bakar bat egiten du unibertsitate horietako batean, eta gero unibertsitate bakoitzak bere doktore titulua ematen dio ikasleari.

Inprimakiak - tutorekidetzak

ko-tutoretza info

Argibideak eta aurreko arautegiarekiko aldaketak

Prozedura hau arautegi berriaren arabera egokitu da (2024ko ekainaren 7ko EHAA: X. KAPITULUA. TESIAK TUTOREKIDETZAN).

  • Oro har, Graduondoko Batzordeak ikerketa egiten den lehen urtean eman behar du baimena tesi bat tutorekidetzan egiteko eta hartarako hitzarmena sinatzeko. Doktorego programan matrikula egin den egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. 
  • Tutorekidetza bi edo hiru unibertsitateren artean egin daiteke (horietako bakarra Espainiakoa). 
  • Tesia zuzendarikidetzan egiten duten doktoregaiek arduraldi osoan egin beharko dute doktoregoa, non eta kasuan kasuko deialdian, kontratuan edo hitzarmenean ez den esplizituki esaten arduraldi partzialean egin dezaketela (IV. KAPITULUA: Ikasketen garapena). 
  • Tutorekidetza egonaldiak ez du nazioarteko aipamena izateko balio. Tutorekidetzan egiten diren tesietan "Nazioarteko doktorea" aipamena txertatu ahal izango da doktore tituluan, baldin eta hitzarmena sinatu duten erakundeetatik bestelakoetan egiten badira egonaldiak, betiere a) atalean xedatzen dena kontuan hartuta. Horretarako, 39. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dira (X. KAPITULUA: Tesiak tutorekidetzan). 
  • Ikerketa-egonaldiak hitzarmena sinatu aurretik egin daitezke (osorik edo partzialki).
  • Tutorekidetza hitzarmena doktoregaia bigarren (edo hirugarren) unibertsitatean matrikulatu aurretik sinatu ohi da, baina ez da nahitaezkoa. 
TUTOREKIDETZAK KUDEATZEKO ESKUMENAK:
- Doktorego Eskolak (DOKe) gainbegiratzen du baldintza guztiak betetzen direla eta berak prestatzen eta tramitatzen ditu hitzarmenak.
- Graduondoko Batzordeak tutorekidetza eskariak baimendu eta onespena ematen die hitzarmenei.

-->Tutorekidetza tesien inguruko galderarik edo zalantzarik izanez gero, idatzi helbide honetara: international.doke@ehu.eus 

Tesia tutorekidetzan egiteko baldintzak

“U Unibertsitatearekin tutorekidetzan egindako tesia” aipamena agertuko da doktore tituluaren aurrealdean, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira: 

HITZARMENA ETA BESTE UNIBERTSITATE BATEKO ZUZENDARIKIDEA 

- Doktorego tesia bi unibertsitate edo gehiagotako doktoreek gainbegiratua izatea, horietariko bat UPV/EHUkoa eta gainerakoak atzerritarrak direlarik. Horretarako, betiere, tutorekidetza hitzarmen bat sinatu beharko da. 

GARRANTZITSUA: hitzarmena bi (edo hiru) unibertsitateren artekoa izan behar da, EZ ikerguneen edo bestelako entitateen artekoa. 

HITZARMENEKO UNIBERTSITATE BAKOITZEKO DOKTORE TITULUA  

- Doktorego tesiagatik doktoregaiak bi titulu edo gehiago lortzea, tesiaren ardura duen goi mailako hezkuntza erakunde bakoitzeko bat. 

Tesia atzerriko unibertsitate batean defendatuz gero, hark defentsaren jakitun jarri beharko du UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzua. 

EGONALDIAK 

- Doktore titulua eskuratzeko beharrezkoa den prestakuntza aldian, doktoregaiak gutxienez sei hilabeteko ikerketa egonaldia egin izana tutorekidetza hitzarmenean biltzen diren erakundeetako bakoitzean, dela aldi bakarrean edo hainbatetan. Egonaldiak eta jarduerak tutorekidetza hitzarmenean jaso beharko dira. 

Tutorekidetzaren barruan egindako egonaldiak ez du balio “nazioarteko doktorea” aipamena lortzeko. 

EPEAK 

GARRANTZITSUA: Tutorekidetza eskaria doktoregoko lehen urtea amaitu aurretik egin behar da. 

- Oro har, Graduondoko Batzordeak ikerketa egiten den lehen urtean eman behar du baimena tesi bat tutorekidetzan egiteko eta hartarako hitzarmena sinatzeko. Doktorego programan matrikula egin den egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. 

- Atzerriko unibertsitateak aurreikusten badu prestakuntza aldia ikerketa hasi aurretik egingo dela, hitzarmena sinatzeko epea prestakuntza aldia bukatutakoan hasiko da zenbatzen. 

DOKTOREGOAREN IRAUPENA 

- Tutorekidetza tesiak arduraldi osoan egin behar dira nahitaez (UPV/EHUn lau urtez gehienez; gero urtebeteko luzapena eska daiteke, eta behin-behineko baja bi urtez). 

- Unibertsitateen arteko hitzarmenean zehaztuko da tutorekidetza doktoregoaren iraupena. Edozelan ere, ezin dira gainditu unibertsitateen arautegietan zehaztutako mugak (UPV/EHUren kasuan, ikus esteka honetan doktoregoaren iraupenari buruzkoa).  Hitzarmenean tesia gordailuan uzteko azken eguna ere zehaztuko da. 

GARRANTZITSUA: ikasleek denboraz kalkulatu beharko dituzte tesia egiteko prozesuan behako dituzten luzapenak edo bajak, eta unibertsitateekin negoziatu beharko dituzte hitzarmena sinatu aurretik, hartara errespetatu ahal izateko hitzarmenean tesia gordailuan uzteko ezarritako mugaeguna

Tesia tutorekidetzan egiteko prozedura (UPV/EHUn matrikulatutako ikasleentzako)

1. URRATSA: DOKTOREGO PROGRAMA BATEAN MATRIKULATZEA. ZUZENDARIKIDEAK 

1. Hitzarmen bat tramitatzen hasteko, beharrezkoa da doktoregaia matrikulatuta egotea gutxienez hitzarmeneko unibertsitate bateko doktorego programa batean (UPV/EHUko matrikulazio prozesuaz jakiteko, sakatu hemen). 

Bi unibertsitateetako matrikula eta tasak ordaintzeari buruzko argibideak. Tasak ordaintzeko era hitzarmen bakoitzaren eta unibertsitate bakoitzaren araberakoa da, baina honelakoa izaten da: 

  • Lehen urtean tutorekidetzako doktoregaiak bi unibertsitateetan ordaindu behar du matrikula. Tutorekidetza hitzarmena behin onartuta, tasetako bat itzuli egingo zaio doktoregaiari. 
  • Bigarren urtetik aurrera, tasak txandaka ordaindu beharko dira (urte bakoitzean unibertsitate batean, luzapenak barne). Doktoregaiak kontratu finantzatu bat baldin badauka, normalean kontratua finantzatzen duen unibertsitatean egingo du lehen matrikula. Gainera, UPV/EHUn administrazio tasa finko batzuk ordaindu beharko ditu urtero (urtean 31 € inguru). Inor ez dago salbuetsita. 

Epeei buruzko argibideak: 

Salbuespenez, eta arrazoi justifikatuak direla medio (doktorego aurreko kontratua, zuzendarikidetza edo antzekoak) epe orokorretik kanpo egin ahal izango da eskaria doktorego programa batean onartua izateko. Nolanahi, sarbide eta onarpenerako baldintzak bete beharko dira (II. KAPITULUA. Sarbidea, onarpena eta matrikula). 

2. Doktoregaiak zuzendarikide bat bilatu beharko du bigarren unibertsitatean.
UPV/EHUko irakasle batek tesi bat tutorekidetzan zuzendu ahal izateko, beharrezkoa da doktorego programa batean sartzea. 

3. Doktoregaiak bere tesi zuzendari guztien baimena izan beharko du. 

2. URRATSA. TUTOREKIDETZA HITZARMENA SINATZEA 

Hitzarmena sinatzeko EPEAK:
- Oro har, Graduondoko Batzordeak ikerketa egiten den lehen urtean eman behar du baimena tesi bat tutorekidetzan egiteko eta hartarako hitzarmena sinatzeko. Doktorego programan matrikula egin den egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen.
- Atzerriko unibertsitateak aurreikusten badu prestakuntza aldia ikerketa hasi aurretik egingo dela, hitzarmena sinatzeko epea prestakuntza aldia bukatutakoan hasiko da zenbatzen. 

4. Doktoregaiak tutorekidetza eskaera bete eta sinatu behar du (gorago jaitsi, dokumentuen atalean), gero zuzendariek sinatu behar dute, eta, azkenik, ikaslea matrikulatuta dagoen UPV/EHUko doktorego programako batzorde akademikoak. 

Doktoregaiak eskaera behin beteta eta sinatuta, DOKeko nazioartekotze teknikariari bidali beharko dio: international.doke@ehu.eus (gainerako sinadurak DOKek erantsiko dizkio gero). 

5. DOKek baldintza akademikoak eta prozedurari dagozkionak betetzen diren gainbegiratuko du. 

6. DOKek hitzarmen bat prestatuko du eta tutorekidetzan parte hartuko duen unibertsitateari bidaliko dio, onespena emateko. 

7. Tutorekidetza hitzarmena XIV. kapituluan xedatutakoaren arabera tramitatu eta izenpetuko da (XIV. KAPITULUA. Lankidetza hitzarmenak kanpoko erakundeekin), eta honako eduki hauek izango ditu gutxienez: 

  • Unibertsitatea eta matrikulazio epeak. 
  • Matrikula tasak eta bestelako eskubide ekonomikoak. 
  • Tesiaren zuzendariak. 
  • Unibertsitateetan egin beharreko egonaldiak eta jarduerak. 
  • Epaimahaikideak izendatzeko irizpideak. 
  • Tesiaren defentsa egiteko hautatutako unibertsitatea. 
  • Titulua emateko baldintzak. 

8. DOKek hitzarmenaren azken bertsioa bidaliko dio Graduondoko Batzordeari, onespena eman diezaion. 

3. URRATSA: MATRIKULA BIGARREN UNIBERTSITATEAN 

9. Hitzarmena behin sinatuta, doktoregaiak matrikula egingo du gainerako unibertsitate tutorekideetan (matrikula tasak ordainduko ditu hitzarmenean zehazten diren mailetan eta epeetan). 

4. URRATSA: IKERKETAREN GARAPENA ETA EGONALDIAK 

Tesia amaitzeko EPEAK:
- Hitzarmena sinatu duten unibertsitateetan egingo da doktorego tesirako ikerketa, gehienez ere, UPV/EHUn Jarraitzeko Arauetan xedatzen den iraupenarekin. Iraupena UPV/EHUn matrikula egin den egunetik zenbatzen hasiko da.
- Egonaldiaren iraupena kalkulatzeko, jatorrizko unibertsitateko doktorego programan matrikula egin den unea hartuko da abiapuntu. 

10. EGONALDIAK: 

Doktoregaiak gutxienez sei hilabeteko ikerketa egonaldia egingo du tutorekidetza hitzarmenean biltzen diren erakundeetako bakoitzean, dela aldi bakarrean edo hainbatetan. Egonaldiak eta jarduerak tutorekidetza hitzarmenean jaso beharko dira. 

Egonaldiak  DOKen tramitatu behar dira, kanpoko egonaldien (outgoing) prozedurari jarraituz. 

Ikerketa-egonaldiak hitzarmena sinatu aurretik egin daitezke (osorik edo partzialki).

Tesia tutorekidetzan egiteaz gain doktoregaiak "Nazioarteko doktorea" aipamena lortu nahi badu, egonaldiak egin beharko ditu tutorekidetza hitzarmenekoez bestelako erakundeetan. Gainera, “Nazioarteko doktore” aipamena lortzeko baldintzak bete behar dira. Ikusi hemen

11. HIZKUNTZA: Ezagutza arlo bakoitzean komunikazio zientifikorako erabili ohi den hizkuntzan idatzi ahal izango da doktorego tesia, edota hitzarmena sinatu duten unibertsitateetako hizkuntza ofizialetako batean. 

5. URRATSA: DOKTOREGO TESIAREN AURKEZPENA ETA DEFENTSA 

Oharra: defentsarako tramiteak ez ditu DOKek egiten. Bosgarren urratsetik aurrera, prozedura osoa UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen bidez kudeatuko da: https://www.ehu.eus/eu/web/doktoregoa/doktorego-tesia/tutorekidetzan-egindako-tesiak (harremanetarako: doctorado@ehu.eus). 

DEFENTSAREN LEKUA 

12. Doktorego tesiaren defentsa hitzarmenean adierazitako unibertsitatean egingo da. 

- Doktoregaiak defentsa egingo den unibertsitatean bertan ordaindu beharko ditu defentsaren tasak, eta unibertsitate horrek hartuko ditu bere gain epaimahaiak eragindako gastuak. 

- Doktorego tesia aurkezteko, gordailuan uzteko eta defentsa egiteko, defentsa egiteko hautatutako unibertsitatean indarrean dagoen arautegia hartuko da kontuan. 

- Doktoregaiari harrera egin dioten erakundeen bermeaz argitaratu, ustiatu eta babestuko dira ikerketaren emaitzak, betiere, unibertsitate bakoitzari dagokion herrialdeko prozedura espezifikoen arabera, eta estatuko arautegia betetzen dela ziurtatuta. 

DEFENTSA UPV/EHUn 

13. Doktorego tesia UPV/EHUn egiten denean, VI. eta VII. kapituluetan xedatutakoari jarraikiz egingo dira tesia onartzeko izapideak, epaimahaikideen izendapena eta defentsa bera; era berean, egoki bete beharko da tutorekidetzan egindako tesiak defendatzeko UPV/EHUko prozedura. 

14. Tesia erregistratzeko orduan, gainera, beste unibertsitateetan egindako egonaldien ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da. 

DEFENTSA BESTE UNIBERTSITATE BATEAN 

15. Defentsa beste unibertsitate batean egiten bada, unibertsitate horretan indarrean dagoen arautegiaren arabera egingo dira izapide guztiak. Halaber, bete egin beharko da UPV/EHUn tutorekidetzan egindako tesiak defendatzeko UPV/EHUko prozedura. 

16. Unibertsitate horrek defentsa ekitaldiaren ziurtagiri ofiziala bidaliko du UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzura, eta bertan jaso beharko ditu, gutxienez, defentsaren data, eskuratutako kalifikazioa, epaimahaiaren osaera eta doktorego tesiaren ale bat formatu digitalean, baita cum laude aipamenari dagozkion botoak eta, hala badagokio, sari berezirako hautagai izateko aukera ere. 

TESIAREN FORMATUA: 

17. Tutorekidetzan egindako doktorego tesien kasuan, azalean, UPV/EHUren sinboloarekin batera, tutorekide diren unibertsitateen sinboloa jarri ahal izango da. Kontrazalean edo barruko aldean UPV/EHUkoak ez diren erakunde eta enpresen sinboloak jarri ahal izango dira, baina ez azalean (VI. KAPITULUA: DOKTOREGO TESIA, IZAERA, GORDAILUAN UZTEA ETA DEFENTSA

EPAIMAHAIA: 

18. Hitzarmenen bidez atzerriko unibertsitateekin batera tutorekidetzan aurkezten diren tesien kasuan, doktorego tesiaren zuzendariak eta tutorea epaimahaietako kide ahal izango dira, hitzarmenean horrela jasota badago (VII. KAPITULUA. DOKTOREGO TESIETAKO EPAIMAHAIAK

19. Programan parte hartzen duten unibertsitateek izendatuko dituzte, guztien adostasunez, doktorego tesia ebaluatuko duten epaimahaikideak, betiere, defentsa egiteko aukeratu den unibertsitatean indarrean dagoen arautegia betez eta tutorekidetza hitzarmenean jasotako irizpideak errespetatuz. 

20. Epaimahaikideen izendapenarekin batera aurkeztu beharko da programan parte hartzen duten unibertsitateen agiria, doktoregaiak unibertsitate bakoitzean egin duen egonaldia ziurtatzen duena. 

DOKTORE TITULUA EMATEA: 

21. Doktorego tesiaren defentsa gaindituta, doktoregaiak doktore titulua eskatu ahal izango die programan parte hartu duten unibertsitateei, horietan indarrean dagoen arautegiari eta hitzarmenean adierazitako xedapenei jarraiki. 

22. UPV/EHUko doktore tituluak honako aipamen hau jasoko du: “… Unibertsitatearekin tutorekidetzan egindako tesia”. 

 

Tesia tutorekidetzan egiteko prozedura (beste unibertsitatean matrikulatutako ikasleentzako)

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ez den beste unibertsitate batean matrikulatutako doktoregoko ikaslea bazara, eta UPV/EHUrekin tutorekidetza hitzarmena sinatu nahi baduzu, prozedura hau jarraitu behar duzu:

  • Ziurtatu UPV/EHUko doktorego-programa bateko irakasle batek zure tesiaren zuzendarikide izatea onartzen duela eta bere doktorego-programan onartua izango zarela. Programak eta irakasleak doktorego-programen webgune ofizialetan kontsulta ditzakezu.
  • Ziurtatu tesiaren zuzendariak eta zure jatorrizko unibertsitateko doktorego-programak tutorekidetza hitzarmena sinatuko dutela.
  • Hitzarmena idatzi eta sinatzeko, zure unibertsitateko Doktorego Eskola UPV/EHUko kontaktu administratiboak Doktorego Eskolarekin harremanetan jarri behar da, international.dok@ehu.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

Tutorekidetzan egindako tesiak gordailuan utzi eta defentsa egiteko prozedura

Prozedura Graduondoko web-gunean eskuragarri dago.

GARRANTZITSUA: Tesia atzerriko unibertsitate batean defendatuz gero, hark defentsaren jakitun jarri beharko du UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzua.