Industria doktorea

Industria doktorea

GARRANTZITSUA: industria aipamena aukeratuz gero, prozedura hau nahitaez aplikatuko zaie 2024/2025 ikasturtetik aurrera matrikulatzen diren ikasleei. 2024/2025 ikasturtearen aurretik matrikulatutako doktoregoko ikasleentzat, berriz, borondatezkoa izango da.

UPV/EHUren Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiko IX. kapituluan agertzen da "Industria doktorea" aipamena. “Industria doktorea” aipamena txertatu ahal izango da doktore tituluaren aurrealdean, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

  • a) Tesiaren egileak industria, merkataritza, gizarte edo kultura arloan interesekoa den ikerketa proiektu bat aurrera eraman izana, dela enpresa batean, dela erakunde publiko edo pribatu batean, dela administrazio publiko batean. Horietatik kanpo geratzen dira unibertsitateak, ikerketarako erakunde publikoak (nazio edo erkidego mailakoak) eta unibertsitate ospitaleak.
  • b) Erakunde, enpresa edo administrazio publikoak eta unibertsitateak doktorego tesia egiteko hitzarmena sinatu izana. Erakundearekin lankidetza hasi baino lehen sinatu beharko da hitzarmena.
  • c) Ikerketa proiektua garatzeko aukeratu den erakunde, enpresa edo administrazio publikoak doktoregaia kontratatu izana, tesia garatu bitartean gutxienez urtebetez. Hala, ezinbestekoa izango da ikerketaren zati handi bat erakunde, enpresa edo administrazio publiko horretan garatzea.

Unibertsitatearen eta erakundearen arteko lankidetza hitzarmena

Erakundearekin lankidetza hasi baino lehen sinatu beharko da hitzarmena, hau da, doktoregaia tesia erakundean egiten hasi aurretik.  Hitzarmena egiteko, baldintza hauek bete beharko dira: (a) Doktoregaia UPV/EHUko doktorego programa batean matrikulatuta egon beharko da; (b) doktoregaiak ordainduta eduki beharko du doktoregoko matrikula; (c) konpromiso dokumentuak alde guztien sinadurak izan beharko ditu eta GAURera igota egon beharko da (konpromiso dokumentuaz gehiago jakiteko).

Hitzarmena egiteko prozedura, 4. hitzarmen eredua erabilita:

  1. Doktoregaiak eta tesi zuzendariak unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza hitzarmena egiten nahi dutela adieraziko diote doktorego programako batzorde akademikoari, tesi industrial bati lotuta. Eskariari kontratuaren kopia eta industria doktoregoari buruzko inprimakia (docx, 57 Kb) erantsi beharko dizkiote.
  2. Batzorde Akademikoak hitzarmena egitea onartzen badu, Batzorde Akademikoko koordinatzaileak eskaria bidaliko dio posta elektronikoz DOKeri (doke.hitzarmenak@ehu.eus) aurreko puntuan aipatutako dokumentuak erantsita (inprimakia, behar bezala beteta, eta kontratuaren kopia).
  3. DOKek hitzarmena prestatuko du ereduaren* arabera, industria tesien inprimakian emandako datuekin. Dokumentuak ez badira elektronikoki sinatzen, DOKek hitzarmenaren bi ale sortuko ditu (kanpoko erakundearentzat eta DOKerentzat) eta eranskinaren sei ale (doktorego programako koordinatzailearentzat, doktoregaiarentzat, zuzendarientzat eta enpresan doktoregaiaren ardura izango duen pertsonarentzat). Elektronikoki sinatuz gero, dokumentuak posta elektronikoz bidaliko zaizkie alderdi guztiei.
  4. Alderdi guztiek hitzarmena behin sinatuta, programako administrariak hitzarmena eta eranskina erregistratuko ditu GAURen.

*Hitzarmena ez bada UPV/EHUko ereduaren arabera egin behar, jarraitu beharko zaio Kanpoko erakundeekin ereduarekin bat ez datozen lankidetza hitzarmenak egiteko Prozedurari.