Breadcrumb

ARGITALPEN BILDUMAREN BIDEZKO TESIA

UPV/EHUko Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegia 2024ko apirilaren 25ekoa

XIII. Kapitulua. Argitalpen bildumaren bidezko tesia

55. artikulua.– Definizioa.

1.– Doktorego tesia argitalpen bildumaren bidez egin eta defendatuz ere eskura daiteke doktore titulua. Horrelako tesiek kapitulu honetan xedatutakoa bete beharko dute, baita aplikatzeko modukoak diren gainerako arautegietan xedatutakoa ere.

2.– Argitalpen bildumaren bidezko tesia gai beraren inguruko hainbat lan zientifikok osatzen dute; horien guztien egiletza egiaztatu behar du doktoregaiak, baita argitaratu egin direla edo argitaratzeko onartu direla frogatu ere.

56. artikulua.– Betekizunak.

1.– Tesia argitalpen bildumaren bidez aurkezteko eta haren defentsa egiteko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

  • Doktoregaiak hiru artikulu gutxienez izatea argitaratuta edo argitaratzeko onartuta, guztiak doktorego programak iraun bitartean egindakoak.
  • Bi argitalpen izan daitezke, baldin eta doktoregaiak bi ekarpen osagarri egin baditu doktorego programa hasi aurretiko bost urteetan.
  • Argitalpen gisa onartuko da ikertu den arloko artearen egoerari buruzko jatorrizko azterlan edo artikulu bat ere, baldin eta CNEAI batzordeak (Comisión Nacional Evaluadora de la Actividad Investigadora) dagokion arlo zientifikorako ezarritako baldintzak betetzen baditu.
  • Edonola ere, Ikerketa eta prestakuntza plan pertsonalean jasota daude tesiaren helburuak, eta horiekin lerrokatuta egon behar dute argitalpen guztiek.
  • Bildumako artikuluek honako hauetako batean argitaratuta egon beharko dute: Journal Citation Reports (SCI eta/edo SSCI) edo SCOPUS guneetan argitaratu den azken zerrendako aldizkari zientifikoetako batean, edo CNEAI batzordeak doktorego programaren ezagutza arloan zerrendatutako datu-baseetako batean.
  • Argitalpenetako batek, gutxienez, kategoriaren lehen edo bigarren orrian agertu behar du.
  • Arte eta Giza Zientzien arloan edota Gizarte eta Lege Zientzien arloan ekarpen gisa onartuko dira liburuak edo liburu atalak, baldin eta Edizio Akademikoan Kalitate Oneko zigilua badute edo Scholarly Publishers in Humanities and Social Sciences programan jasota badaude.
  • Argitalpenak egile bat baino gehiago badu, eta sinatzaileen ordena alfabetikoa ez bada, artikuluaren lehen edo bigarren sinatzailea izan behar du doktoregaiak. Tesiaren zuzendariek ziurtatuko dute doktoregaiaren ekarpena adierazgarria dela eta ikerketa planari egokitzen zaiola.
  • Doktorego programan matrikula egin ondoren argitaratu diren artikuluen kasuan, doktoregaiek UPV/EHUko afiliazioa aurkeztu beharko dute, baita, hala badagokio, zuzendariek ere.
  • Argitalpen bildumaren bidez tesia osatzen duten lanak ezin izango dira modalitate bereko beste tesi batean jaso.

2.– Doktorego programa bakoitzeko batzorde akademikoak betekizun osagarriak ezarri ahalko ditu tesia aurkezteko modalitate honetan, betiere, prozedura honekin bateragarriak direla bermatuta eta Graduondoko Batzordearen oniritzia jasota.

3.– Doktorego programako batzorde akademikoak argitalpen gisa onartu ahalko du arte proiektu-sormen bat, betiere CNEAI batzordeak dagokion arlo zientifikorako ezarritako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, kasuan-kasuan bete beharreko baldintza eta irizpideak ezarri beharko dira, eta Graduondoko Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio, horrek onar ditzan. Edonola ere, 1.a) atalean eskatzen diren hiru argitalpenetatik bakarrak izan ahalko ditu aipatu berri diren ezaugarriak.

57. artikulua.– Argitalpen bildumaren bidezko tesiaren egitura.

Argitalpen bildumaren bidez aurkeztutako doktorego tesiak nahitaez bildu behar ditu batasun tematikoa duten hainbat lan, argitaratutakoak eta/edo argitaratzeko onartutakoak, horiek guztiak Graduondoko Batzordeak ezarritako egituraren arabera antolatuta.

58. artikulua.– Tesia izapiderako onartu dadin aurkeztu beharreko dokumentazio espezifikoa.

Doktorego tesia gordailuan uzteko dokumentazio orokorrarekin batera (24. artikulua), honako agiri hauek ere erantsi beharko dira:

  • Argitalpen bildumaren bidezko doktorego tesiaren defentsa egiteko eskaria, doktoregaiak sinatutakoa, eta zuzendariaren berariazko baimena.
  • Aurkeztuko diren lanen egilekide ez-doktoreen berariazko adierazpena, testuok modalitate horretako beste doktorego tesi batean aurkeztuko ez dituztela dioena.
  • Tesiaren zuzendariaren txostena, aurkeztutako argitalpenak eta doktoregaiaren ikerketa plana bat datozela adierazten duena, eta egile bat baino gehiago dagoen kasuetan ekarpena funtsezkoa dela ziurtatzen duena.
  • Argitaratzeko onartutako lanen kasuan, DOI edo argitaletxeen ziurtagiriak.