NORMATIVA-EVALUACION-DOCTORADO

Doktorego Eskolaren doktoregoa ebaluatzeko arautegia

Erabakia, Doktorego Eskolako Kontseilu Iraunkorrarena, 2025eko urtarrilaren 20koa, zeinaren bidez egokitzen baita Doktorego Eskolako Kontseilu Iraunkorraren 2021eko maiatzaren 24ko Erabakia UPV/EHUko Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegi berrira (2024ko apirilaren 25ekoa)

Doktorego Eskolaren Kontseilu Iraunkorraren 2021eko maiatzaren 24ko Erabakian, Doktorego Eskolaren doktoregoa ebaluatzeko araudia onartu zen.

Akordioaren helburua da ikasleei aukera ematea erreklamazioa batzorde akademikoaren aurrean aurkezteko, ebaluazio negatiborik jasoz gero. Hori beharrezkoa zen, zeren UPV/EHUko Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegiaren arabera (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2019ko abenduaren 12koa), Doktorego Eskolari baino ezin zitzaion aurkeztu ebaluazio negatiboen kontrako erreklamazioa, eta ez lehen ebaluazioa egiten duen batzorde akademikoari berari.

UPV/EHUko Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegi berriak, 2024ko apirilaren 25ekoak, bai jasotzen du aukera hori 17. artikuluan (“Aurrerabidearen Ebaluazioa”).

Doktorego programa batean matrikulatzeak urtean bi ebaluazio deialdi egiteko eskubidea ematen du: ohikoa eta ezohikoa. UPV/EHUk behar bezala iragarriko dizkie ebaluazio aldi zehatzak doktoregoko ikasleei, tesi zuzendariei, tutoreei eta batzorde akademikoetako kideei. Aldi horiek honela banatzen dira:

Egintza Aldia
Ikasleek GAURera igo behar dituzte "Ikerketa eta prestakuntza plan pertsonala" eta urtean egindako jarduerak Ikasturteko edozein unetan, harik eta ebaluazioaren hasiera iragarri arte
Zuzendariek eta tutoreek txosten positiboa edo negatiboa egin behar dute (GAURen ontzat eman) Ikasturteko edozein unetan, harik eta aldi honen amaiera data iragarri arte
Doktorego programetako batzorde akademikoen ebaluazioa Ebaluazioa hasi ondorengo aste 2
Doktoregaiek batzorde akademikoei ebaluazioa erreklamatzea Aurreko ekintzaren ondorengo bost egun baliodunetan
Batzorde akademikoek erreklamazioak ebaztea Aurreko ekintzaren ondorengo bost egun baliodunetan

 

Informazio gehigarria

Doktoregoko ikasleek "Ikerketa eta prestakuntza plan pertsonala" eta urtean egindako jarduerak igo ditzakete GAURera urteko edozein unetan, betiere deialdi bakoitzari dagokion ebaluazio aldia hasi aurretik.

Era berean, tutoreek eta zuzendariek ikasturtean zehar eman ditzakete ontzat "Ikerketa eta prestakuntza plan pertsonala" eta urtean egindako jarduerak, harik eta UPV/EHUk aldi horren amaiera data iragarri arte.

Zuzendarien eta tutoreen txostena honetan datza: GAURen ontzat ematea (edo ez) "Ikerketa eta prestakuntza plan pertsonala" eta ikasleek aurkeztutako jarduerekin sortzen den "Jardueren dokumentua".

Zuzendariek eta tutoreek egindako txostena ikusita, batzorde akademikoek ikasleak ebaluatu behar dituzte. Ebaluazio positiboa jaso duen ikasle bakoitzaren akta berehala sor daiteke GAURen. Aitzitik, ebaluazio negatiboak behin-behinekoak dira, eta ikasle bakoitzaren akta ez da sortu behar harik eta ezarritako epeetan aurkez daitezkeen erreklamazioak ebatzi arte.

Doktorego Eskolak jarriko ditu jakitun behin-behineko ebaluazio negatiboa jaso duten doktoregaiak (ikasleen UPV/EHUko helbide instituzionalak baino ez ditu erabiliko: @ikasle.ehu.eus edo @ehu.eus). Ikasleok bost egun baliodun izango dituzte batzorde akademikoari ebaluazio negatiboaren kontrako erreklamazioa jartzeko, doktoregoko egutegiaren arabera. Hori dela eta, doktoregoko ikasleak mezu elektroniko bat bidali beharko die batzorde akademikoko kideei, beherago agertzen den erreklamazio eskaria erantsita (“Doktorego ikasketetan ebaluazio negatiboaren erreklamazioa doktorego programako batzorde akademikoaren aurrean”). Epe hori igarota, erreklamaziorik aurkeztu ez duten ikasleei akta sor dakieke.

GARRANTZITSUA: UPV/EHUko Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako 2024ko apirilaren 25eko Arautegiaren arabera, bigarren ebaluazioa ere negatiboa bada, doktorego programako batzorde akademikoak txosten arrazoitu bat egin beharko du, interesdunari aurretik entzunda, eta behar duen informazio guztia bildu ondoren. Entzunaldia interesdunak berak eskatu beharko du, doktoregoa ebaluatzeko arautegian “doktoregaiek batzorde akademikoei ebaluazioa erreklamatzeko” zehaztutako epean. Horretarako, posta elektronikoz bidali beharko dio batzorde akademikoari beherago agertzen den erreklamazio orria (“Doktoregoko ikasketetan ebaluazio negatiboaren erreklamazioa doktorego programako batzorde akademikoaren aurrean” izenekoa).

Batzorde akademikoek bost egun baliodun izango dituzte erreklamazioak ebazteko, ebaluazio arautegi ofizialaren arabera, eta, ondoren, ikasle horien aktak sortu beharko dituzte. Gogorarazi beharra dago ebaluazioa positiboa izanez gero, emaitza berria GAURen grabatzeaz gain, justifikazio iruzkinak aldatu behar direla.

Berriz ere, Doktorego Eskolaren ardura izango da batzorde akademikoek erreklamazioak baietsi ez dizkieten doktoregaiei jakinaraztea Doktorego Eskolan bertan erreklamatzeko aukera dagoela, jakinarazpena egin eta hamar egun balioduneko epean. Horretarako, beherago agertzen den erreklamazio orria bidali beharko dute (“Doktorego ikasketetan ebaluazio negatiboaren erreklamazioa Doktorego Eskolaren aurrean” izenekoa), bertan adierazten diren jarraibideak betez.

Doktorego Eskolak ezetsi egingo ditu lehenago batzorde akademikoetan jarri ez diren erreklamazioak.

Bigarren erreklamazio hori ezesten bada, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke doktoregaiak Euskal Herriko Unibertsitateko Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboari (COARD/EISBA) hilabeteko epean, berau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Bi aldiz jarraian ebaluazio negatiboa jasoz gero eta, UPV/EHUko erreklamazio bide guztiak agortuta ebaluazio horrek bere horretan jarraituz gero, doktoregaiak behin betiko utzi beharko luke doktorego programa.

 

Erreklamazio-inprimakiak