Prestakuntza osagarriak
Doktoregoko prestakuntza osagarriak esleitzeko eta matrikulatzeko prozedura
Kontseilu Iraunkorrak 2024ko uztailaren 1eko batzarrean onetsitakoa
Doktorego Ikasketa Ofizialen Gestiorako Arautegiaren “Sarbidea, onarpena eta matrikula” deritzon II. Kapituluaren arabera, baliteke ikasleei prestakuntza osagarri espezifiko jakin batzuk egin ditzaten eskatzea doktorego programan onartuak izateko; prestakuntza horiek UPV/EHUk eskaintzen dituen master ofizialen artean proposatu ahal izango dira. Doktorego programaren memoria egiaztatuan ezarriko dira onartua izateko baldintzak eta irizpideak, bai eta prestakuntza osagarrien diseinua ere.
Tesiaren hastapenetan gainditu beharko dira osagarri horiek, ahal dela matrikulatutako lehenengo ikasturtean eta, edonola ere, bigarren ikasturtea amaitu baino lehen.
Prestakuntza osagarriak esleitzerako orduan, garrantzitsua da kontuan hartzea doktorego tesia gordailuan uzteko derrigorrezko baldintza dela osagarri horiek ezarritako epearen barruan gainditzea. Halaber, Doktorego Programako Batzorde Akademikoaren ardura da aldez aurretik dagokion Masterreko Batzorde Akademikoarekin harremanetan jartzea, ikasleek prestakuntza osagarri gisa egin nahi diren masterreko irakasgaiak egin ahal izateko bete behar dituzten eskakizunak egiaztatzeko, bai eta doktoregoko ikaslea matrikulatzeko oniritzia lortzeko ere. Horretarako, inprimaki bat (docx, 441 Kb)eskaintzen da.
Prestakuntza osagarriak formalizatzeko prozedura:
- Doktorego Programako Batzorde Akademikoak onarpenerako eskaerak aztertuko ditu, eta UPV/EHUk eskaintzen dituen master ofizialen artean hautatutako PRESTAKUNTZA OSAGARRIKO kreditu batzuk egiteko baldintzapean onartu ahal izango ditu izangaiak.
- Doktorego Programako Batzorde Akademikoa Masterreko Batzorde Akademikoarekin jarriko da harremanetan, doktoregoko ikaslea matrikulatzeko aurretiazko oniritzia lortzeko, eta inprimakia bete eta sinatu egin beharko da.
- Doktorego Programako Batzorde Akademikoak Doktorego Programako administrariari bidaliko dio onartutako izangaien zerrenda eta, hala badagokio, zera gaineratuko du:(a) prestakuntza osagarri gisa esleitutako irakasgaia(k); (b) esleitutako irakasgai bakoitza zein master ofiziali (bati edo hainbati) dagokion; (c) inprimakia(k) beteta, Masterreko Batzorde Akademikoaren (edo Masterretako Batzorde Akademikoen) oniritziarekin.
- Doktorego Programako administrariak banan-banan jakinaraziko die izangaiei onarpenari buruzko erabakia, posta elektroniko bidez bidalitako mezu bidez.Mezu horretan, prestakuntza osagarriak egin behar dituen edo ez jakinaraziko zaio, baita osagarri horiek zein diren ere.
- Izangaiak doktorego programan matrikulatu nahi duela berretsi beharko du, jaso duen mezuari erantzunda.Berrespen horrekin, prestakuntza osagarriak egitea onartuko du.
- Behin izangaiak matrikula berretsi ondoren, Doktorego Programako administraria doktoregoko ikasle berriarekin harremanetan jarriko da, prestakuntza osagarrien matrikula formalizatzeko.Ikasleak ikasturte akademiko honetan edo hurrengoan matrikulatu nahi duen adierazi beharko dio administrariari.
- Doktorego Programako administrariak ikasturte honetarako hautatutako irakasgaietan matrikulatuko du ikaslea, eta hurrengo ikasturterako utziko ditu esleitutako gainerako irakasgaiak.