Aipamen bereziak
Doktore-tituluak 99/11 Errege Dekretuaren araberako “Nazioarteko Doktoregoa” eta “Industria Doktoregoa” aipamenak jaso ahal izango ditu.
“Nazioarteko doktoregoa” aipamena lortzeko, baldintza nagusia da doktoregaiak, doktorego-programan egon den bitartean, Estatutik kanpo gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egin izana goi-mailako irakaskuntza-erakunde edo ikerketa-zentro batean, ikasketak eginez edo tesi-lanak eginez.
“Industria Doktoregoa” aipamenerako, baldintza nagusiak dira doktoregaiak unibertsitatez kanpoko erakunde batean garatzen den industria-ikerketako edo garapen esperimentaleko proiektu batean parte hartu behar duela eta erakunde horrekin gutxienez urtebeteko lan-kontratua edo merkataritza-kontratua sinatu behar duela.
Gainera, doktore-tituluak UPV/EHUren aipamen propioa ere jaso ahal izango du, kanpoko erakundeekin lankidetzan. Horretarako, hitzarmen bat sinatu behar da unibertsitatearen eta kanpoko erakundearen artean, gutxienez bi ikasturterako.