Sarrera
UPV/EHUko emakumeen eta gizonen berdintasunerako IV. planak (2024-2028) konpromiso eta ekintza batzuk ezartzen ditu genero ikuspegi integratu bat zabaltzeko unibertsitate jarduera guztietan (prestakuntza, ikerketa eta transferentzia, gizartea eta kultura, pertsonak eta gobernantza eta baliabideak). Planaren V. Ardatzeko Gobernantza eta baliabideak 1.4 puntuak dioenaren arabera, UPV/EHUren erronka da Emakume akademikoen eta TEKAZEL emakumeen (Akademe eta A-Leader/ Lemari) ahalduntzea eta lidergoa lortzen lagunduko duten prestakuntza programak sendotzea.
Berdintasunerako Zuzendaritzak argitaratutako Genero berdintasuneko diagnostikoa 2023 txostenaren arabera, Ikertzaile Nagusietan eta Tesi Zuzandaritzetan emakumeak ez dira %40ko parekidetasunera iristen. Katedradunen arloan, berriz, emakumeen presentzia %25 ingurukoa da. Jakintza esparruei dagokienez, emakumeen presentzia orokorrean baxua da alor maskulinizatuetan, ingeniaritzetan bereziki.
UPV/EHUk, euskal unibertsitate publikoa den aldetik, bere gain hartzen du berdintasuna lortzeko erantzukizuna, eta uste du honako honek izan behar duela horretarako martxan jarri behar diren politiken helburuetako bat: hots, berdintasuna egiazkoa izatea rol akademikoen barne banaketan. Soilik neurri egokiak eta ondo artikulatuak hartuz gero izango gara gai kristalezko sabaia hausteko eta, ondorioz, emakume akademikoei rol horietara iristea eragozten dieten kultur, harreman eta botere faktoreak berbideratzeko.
AKADEME, UPV/EHUko emakume akademikoen lidergoa bultzatzeko prestakuntza eta laguntza programa bat da, helburutzat duena emakume akademikoen lidergo ahalmena eta autolidergorako trebetasunak garatzea, erantzukizun postuetara iristen eta postu horietan irauten laguntzeko, irakaskuntzan, ikerketan eta transferentzian. Emaitza gisa, laguntza sare bat sortzea espero da, emakume akademikoen artean: alde batetik, kezkak, esperientziak, arrakastak eta zailtasunak partekatzeko; bestetik, elkarri laguntzeko modua emango duten harremanak ezartzeko, erantzukizun postuetara iritsi eta postu horietan irauteko.
Programak efektu biderkatzaile bat eragin nahi du UPV/EHUn, eta jarraipen bat izateko asmoz sortu da.