Breadcrumb

Zabaldu atea gure doktoregoari

"Zabaldu atea gure doktoregoari" lehiaketa

Irudia

«Doktorego Eguna 2021» dela eta, Doktorego Eskolak (DOKe) lehiaketa bat antolatu du: «Zabaldu atea gure doktoregoari». Haren bidez, doktoregoko ikasketen gaineko informazioa helarazi nahi diogu publiko orokorrari, eta horrela ikasle berriak erakarri UPV/EHUko doktorego programetara.

Lehiaketa taldeen artekoa izango da. Talde bakoitzak gutxienez bi kide izango ditu, eta bideo bat egin beharko du formatu librean, 70 segundokoa gehienez ere. Edukiari dagokionez, bideoak UPV/EHUko doktorego ikasketen publizitatea egin behar du. Diziplinaz gaindiko ikuspegia eta nazioarteko izaera baloratuko dira bereziki.

Deialdiaren oinarriak

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

  1. Taldeka hartu beharko da parte, eta talde bakoitzak gutxienez bi kide izan behar ditu. Taldeak izen bat hautatu beharko du, bost eta hamar karaktere artekoa, denak ere letrak edo zenbakiak.

  2. Taldeko kide guztiak matrikulatuta egon behar dira UPV/EHUko doktorego programaren batean, baina ez nahitaez programa berean.

  3. Talde bakoitzak bideo bat aurkeztu behar du, oso-osoan originala eta argitaragabea, UPV/EHUko doktoregoko ikasketak ezagutzera emateko.

  4. Ez da onartuko doktore tesi bakar batean oinarritutako bideorik, diziplinaz gaindiko ikuspegia baloratuko baita.

  5. Bideoa euskaraz, gaztelaniaz edota ingelesez izan daiteke.

  6. Bideoak gehienez ere 70 segundo iraungo du. Luzeagoak diren bideoak lehiaketatik kanpo geratuko dira.Baliabideak eta formatua libreak izango dira.

  7. Taldeak izena ematen duenean bideoa bidaliko die antolatzaileei Internetez.

IZENA EMATEKO FITXA

Inskripzioa itxita

IZENA EMATEKO EPEA

Proposamenak aurkezteko epea 2021eko maiatzaren 10ean hasi eta ekainaren 7an amaituko da. Talde bakoitzak bideo bakarra aurkeztu ahal izango du, eta doktoregai bakoitza talde batean baino ezin izango da aurkeztu.

BIDEO FINALISTEN HAUTAKETA

Antolatzaileek izendatutako epaimahai batek aukeratuko ditu hamar bideo finalistak. Epaimahaiak komunikazioaren eraginkortasuna baloratuko du, eta bereziki mezua argia izatea eta entzule arruntak ulertzeko modukoa, eta aurkezpena erakargarria izatea. Era berean, diziplinaz gaindiko ikuspegia eta nazioarteko izaera baloratuko dira bereziki.

Bideo finalisten zerrenda ekainaren 18an argitaratuko da, DOKeren web orrian. Parte hartzaileek begiratu beharko dute zerrenda, finalistei ez zaie-eta banan-banan deituko. Bideo guztiak EHUtb kanalean egongo dira ikusgai.

DOKek parte hartze ziurtagiria emango die parte hartzen duten guztiei, haien lanak aipatutako baldintza guztiak betetzen baditu.

TALDE FINALISTAK

Antolatzaileek aurkeztutako 11 bideoak finalera pasatzea erabaki dute:

LEHIAKETAREN FINALA

Lehiaketaren finala ekainaren 29an izango da, Bizkaia Aretoan egingo den aurrez aurreko ekitaldi batean. Saioa on line ere emango da. Ekitaldi honetan hamar bideo finalistak ikusiko dira, eta talde bakoitzak azalduko du, bi minutu baino gutxiagoko tarte batean, zertaz arduratu den taldekide bakoitza, eta zergatik merezi duen saria beren bideoak. Ekitaldira agertzen ez diren taldeen bideoak finalisten artetik baztertuko dira.

SARIAK

Bost sari emango dira: sari nagusia, bi accesit eta bi sari berezi.

Bideo irabazlea talde finalistek hautatuko dute, bozketaz. Taldeek ezin izango diote botoa beren bideoari eman eta bozketa isilpekoa izango da.

Bi accesitak ikusleek hautatuko dituzte, Internetez egingo duten bozketaz. Bi bideo horietakoren bat lehiaketa irabazi duen berbera bada, bigarren accesita Interneteko bozketan hirugarren geratu den bideoarentzat izango litzateke. Ekitaldira telematikoki bildutako boto emaileen artean opari bat zozkatuko da, 50 bat euroko balioa.

Sari bereziak antolatzaileek emango dituzte, eta izango dira: 1) diziplinaz gaindiko ikuspegi nabarmenena daukan bideoarentzat; eta 2) nazioarteko izaera nabarmenena daukan bideoarentzat. Sari berezi horietako bat ere ez da izango lehiaketaren irabazle nagusia.

Berdinketarik badago, antolatzaileek hori apurtzeko moduren bat zehaztuko dute.

Bideo finalista guztiek jasoko dute sariren bat.

Sarien zenbatekoa taldeko kide kopuruaren araberakoa izango da, taula honi jarraituz:

  Irabazlea 1. accesita 2. accesita 1. sari berezia 2. sari berezia Gainerako
finalistak
2 kide 800 € 360 € 240 € 360 € 360 € 100 €
3 kide 1050 € 450 € 300 € 450 € 450 €
4 kide 1200 € 540 € 360 € 540 € 540 €
5 kide edo gehiago 1250 € 600 € 400 € 600 € 600 €

Sarien dirua erabiliko da doktoregoko prestakuntzarekin lotutako jarduera, zerbitzu edo ondasunetarako. Ezustekoren bat sortuko balitz sari banaketaren inguruan, DOKek hartuko du kasuan kasuko erabakia.

BESTE ALDERDI BATZUK

DOKek eskubidea izango du ekitaldiaren antolaketari buruzko edozein xehetasun aldatzeko, egoerak hala eskatzen badu.

LEHIAKETAREN OINARRIEN ONARPENA

Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri guztiak onartzea dakar. Parte hartzaileak izango dira erantzule bakarrak erreklamaziorik egongo balitz erabilitako material edo grabazioetan agertzen diren pertsonen egile/irudi eskubideen inguruan.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorrita, lehiaketan izena ematean parte hartzaileek baimena ematen diote DOKeri lehiaketak kudeatzeko behar diren datu pertsonalak tratatzeko. DOKe bihurtuko da parte hartzaileen bideo guztien jabe, eta promoziorako erabili ahal izango ditu bilera eta ekitaldietan, web orrian, eta DOKen zabalkunderako profil, talde, sare sozial eta bestelako plataformetan.

Parte hartzaileek beste helburu batzuetarako erabili ahal izango dituzte beren bideoak, betiere DOKek baimena ematen badie.