Katedra sarrera

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra

 

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra hizkuntza gutxituen arloan espezializatutako Unesco Katedra da, eta UNITWIN sarean txertatuta dago. Katedrak kultura- eta hizkuntza-aberastasuna du jomugan, eta bereziki hizkuntza kalteberetan eta desagertzeko arriskuan daudenetan jartzen du arreta. Gizateriaren hizkuntza-ondarea babesten laguntzeko, kalitatezko hezkuntza eleanitza sustatzeko eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunari balioa ematen dioten ekimenak sustatzeko, Katedrak honako ekintza hauek bideratzen ditu:

  • Bertako eta kanpoko hizkuntza-ondarea aztertu, deskribatu eta ezagutaraztea.
  • Galzorian dauden hizkuntza gutxitu eta kalteberen gaineko ezagutza zabaltzea eta prestakuntza eta ikerketa bultzatzea.
  • Bereziki hizkuntza gutxitua ardatz hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren ezaugarriak eta baloreak ikertzea, eta aldi berean, prestakuntza inklusibo eta justua ziurtatzeko oinarriak ezagutaraztea.
  • Hizkuntza ondarearen inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea, eta sare horiekin batera ekimenak garatzea.
  • Euskal Herriko hizkuntza eta kultur ondarea bere aniztasunean ezagutu, eta kudeaketa egokienak indartze aldera, ikerketak eta prestakuntza-ekimenak bultzatzea.

Albisteak eta Ekitaldiak

Anik Nandiren bisita Katedran

Lehenengo argitaratze data: 2024/12/11

Abenduaren 10ean Anik Nandi ikertzailea eta katedrakidea izan genuen Katedran. Bisita aprobetxatu genuen Indiako Woxsen Unibertsitatearekin dugun lankidetza hitzarmena sinatzeko.

Arratsaldean Indiako hizkuntza politikei buruzko hitzaldia eskaini zien Arabako Campuseko Irakasleen Prestakuntza Masterreko ikasleei.

Sinatutako hitzarmenaren bidez baterako proiketuak eta egonaldiak egiteko bidea ireki nahi dugu. Zehazki, Woxen Unibertsitateko Centre for Languages & Multicultural Communication zentroarekin egingo dugu lan hizkuntza-aniztasunaren, hizkuntza-politiken eta hezkuntza eleaniztunaren arloan interes komuneko programak, proiektuak eta/edo jarduerak elkarrekin egiteko. Anik Nandi zentro horretako zuzendaria da egun, eta aldez aurretik ikertzailea izan zen EHUko Elebilab taldean doktorego osteko beka bati esker.

Nandik 2008-2010 bitartean Galizian egin zituen hizkuntzalaritzako graduondoko ikasketak, Santiago de Compostelako Unibertsitatean. 2017an doktore-tesia defendatu zuen Edinburgoko Heriot-Watt Unibertsitatean Soziolinguistikaren arloan. Anik espezialista da hizkuntza politiken, hizkuntza gutxituen Indiako soziolinguistikaren eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren arloetan.

Babesleak

Babeslea

Garabide banner

Soziolinguistika klusterra

inf_tweets

Facebook