Osteoporosia gaztetatik jarduera fisikoarekin eta nutrizio egokiarekin prebeni daiteke
Lehenengo argitaratze data: 2018/03/13
Osteoporosia gaztetatik ere prebeni daiteke, jarduera fisiko moderatu biziarekin eta kaltzioan eta D bitaminan aberatsa den dietarekin. UPV/EHUren ikerketa baten arabera, bi faktoreek laguntzen dute hezurren mineralizazioa hobetzen eta, ondorioz, osteopenia eta osteoporosia gaztetatik prebenitzeko eta geldotzeko programak diseina daitezke. Artikulua Nutrients aldizkarian argitaratu da.
Osteoporosia adinari eta emakumeari lotzen zaion gaixotasuna da, baina gero eta gizon gehiagok jasaten dute. Gaixotasun horri, batik bat, tratamendu farmakologikoarekin egiten zaio aurre, detektatzen den unean. Hala ere, gaztetan prebenitzea kontuan hartu beharreko estrategia da, helduarora heltzean hezurrak ongi mineralizatuta eta kalitate onarekin heltzeko. UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertalde bat unibertsitateko gazteen hezur egoera aztertzen ari da, hura prebenitzen eta geldotzen laguntzen duten faktoreak identifikatzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia eta Erizaintza sailetako ikertalde batek eginiko azterlanak 18 eta 21 urteko 156 ikasleren hezur osasuna aztertu du. Hori da oraindik hezurren heldutasun goreneko puntura iritsi ez diren helduen hezur kalitateari buruz eginiko ikerketako bat –gutxi egin dira–. Orain arte, nagusiki, hezurraren kalitatearentzat erabakigarriak diren faktoreen atzera begirako azterlanak egin dira.
Idoia Zarrazquin UPV/EHUko ikertzaileak zera azaldu du: “orain arte egin diren azterlan gehienak helduaroan eta hezurren gainbeheraren hasieran zentratzen dira, alegia, osteoporosian, batik bat 50 urtetik aurrerako emakumeetan. Gure ustez, garrantzitsua da aurretiko azterlan hauek egitea, jakiteko zerk eragiten duen positiboki hezurren kalitatean; izan ere, hobekuntza marjina zabalagoa da, aurretik hamarkada bat baino gehiago baitago mineralizazioa ahalik eta lasterren areagotzeko”.