Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektua

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren proiektua

Azpiegitura berria 2026-27 ikasturtean martxan jartzea espero da

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen instalazioen ondoan kokatuko da. Proiektuak fakultateak berak behin baino gehiagotan egindako eskaerari erantzun zion, eta 2018ko abenduan iragarri zuten garai hartan UPV/EHU eta Eusko Jaurlaritza gidatzeko ardura zuten pertsonek, alegia: Nekane Balluerka Euskal Unibertsitatearen errektoreak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jon Darpón Osasun sailburuak. Eusko Jaurlaritzak egitasmoaren aldeko apustu nabarmena egin zuen.

Gaur egun Bizkaiko Campusaren Leioa-Erandio Eremuan eta Basurtuko oraingo irakasgunean ematen diren mailetan dauden Fisioterapia, Erizaintza eta Medikuntza ikasleak hartuko zituen eraikin berriak. Horrez gain, eraikin berriak Osasun Zientzien arloko zortzi master ofizialak hartu behar zituen.

Proiektu honen bidez, euskarazko eta gaztelaniazko prestakuntza eskaintza areagotu, irakaskuntzaren eta praktiken kalitatea hobetu, Osasun Zientzien arloko ikerketan sakondu, ezagutzaren transferentzia bultzatu, eta lankidetza estua sortu nahi da osasun sektorearekin. Hau da, egitasmo honen helburu bakarra ez da azpiegitura bat eraikitzea, euskal gizartearen aberastasun sanitarioa, intelektuala, ekonomikoa eta kulturala areagotzea baizik. Esate baterako, sinergia garrantzitsuak sortzea aurreikusten da, ingeniaritza biomedikoaren eta simulazioaren eta errealitate birtualaren garapenerako.

Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza eta Osasun sailen bitartez, Euskadirako beharrezkoa den azpiegitura honen aldeko apustu garbia egin du, osasun arloko profesionalen belaunaldi aldaketa bermatuko baitu. UPV/EHUk goi mailako prestakuntza bultzatuko du fakultate berrian, orain arte egin duen moduan, eta horrek herrialde osoarentzako onura ekarriko du.

Eraikina 5.300 metro koadroko lursail batean egingo da, eta eraikitako azalera erabilgarriak, berriz, 32.000 metro koadro izango ditu. Aurreikuspenen arabera, 2026-27 ikasturtearen bigarren seihilekoan fakultatearen ikerketa jarduera eta ikasketak hartuko ditu azpiegitura berriak.

Gure historiaren datarik garrantzitsuenak

Galeria - Eraikin berria

Irudiak