Noiztik kontsidera daiteke Geologia zientzia bat dela?
Zientzian oso erroturik dago honako ideia hau: historian zehar oinarrizko bost zientziak (Matematika, Fisika, Kimika, Biologia eta Geologia) enbor beretik bereizten joan dira ordena zehatz horretan. Ideia hori dago, hain zuzen, Eduardo Chillidak 1981ean diseinatutako UPV/EHUko logotipoko"Zientziaren zuhaitza"ren metaforaren atzean.
Esan daiteke geologia XIX. mende hasieran hasi zela konfiguratzen diziplina zientifiko formal eta independente gisa, eta beste lau oinarrizko zientziak (Matematika, Fisika, Kimika eta Biologia) definitzen dituzten parametro berak izan zituela oinarri. Dena den, zientzia munduan ospea duten aditu batzuk, esate baterako, Walter Álvarez geologoa (1968an Fisikako Nobel Sari Luis W. Álvarezen semea), atzerago doaz, XV. mendeko Geologiaren konfigurazio originalera arte. Bere argudioa honako hau da: Fisikaren jatorria Kopernikoren Iraultzarekin eta mugimendu heliozentrikoaren legeak (Lurrak eta beste planeta batzuek eguzkiaren inguruan egindako mugimendua) proposatzeko beharrezko tresnen diseinuarekin lotzen baldin bada, orduan Geologiaren sorrera Aurkikuntza Bidaiekin batera kokatu daiteke. Garai hartan neurketak egiteko trena berriak (iparrorratza, sextantea, astrolabioa) garatu ziren itsasoetan zehar galdu gabe nabigatzeko (jakinda zein zen longitudea, latitudea eta ordua) eta aurkitutako lurralde berriak kartografiatzeko. Horri esker, lurralde berrien barne-antolakuntza ezagutu zezaketen, eta baita konparaketak egin, bertako baliabideak non zeuden kokatu eta bide komertzialak ezarri ere.
Erreferentziak
- Álvarez, E., 2004. Filosofía de las ciencias de la tierra. El cierre categorial de la Geología. Biblioteca Filosófica en Español, Fundación Gustavo Bueno. Pentalfa Ediciones, Oviedo (Spain), 355 p.
- Leitao, H. and Alvarez, W., 2011. The Portuguese and Spanish voyages of discovery and the early history of geology. Geological Society of America Bulletin, 123: 1219-1233. Doi: 10.1130/B30368.1.
- Serres, M. (1998). Historia de las Ciencias. Editorial Cátedra, 565, págs.