GAIAK
EuroSoTL 2019ko biltzarreko komunikazioak orientazio modura eta ez baztertzailean antolatuko dira, honako gai hauetan oinarrituta:
1. Azterketaren eta ikerketaren garapena graduko eta graduondoko ikasleetan
Goi mailako ikasleek, aurrez aurre izango duten etorkizuna edozein izanik ere, gai izan beharko dute errealitateari zorroztasunez behatzeko, arazo konplexu eta berriei erantzuteko, informazioak eta datuak zorroztasunez aztertzeko, ebidentzietan oinarritzen diren emaitzak eta interpretazioak jakinarazi eta zabaltzeko eta etikoki garapen jasangarriaren eta gizarte justiziaren erronkekin konpromisoa hartzeko. Irakaskuntzaren eta Ikaskuntzaren Ikuspegi Akademikoak ikaskuntza horiek ikasleek graduetan dituzten esperientzietan presente egon daitezela defendatzen du.
Atsegin handiz hartuko dira Azterketan oinarritutako ikaskuntzei (Inquiry based learning) eta Ikerketan oinarritutako ikaskuntzei (Research oriented learning) buruzko komunikazioak, ikasleak ikerketa prozesu zabalagoen partaide dituzten esperientziak (Students as partners), ikaskuntzako eta garapen jasangarriko erronketan zentratzen den ikaskuntzako komunitate zabalak.
2. Ikasleen inplikazioa bultzatzen duten esperientziak (Student Engagement)
Ikasleen inplikazioa edo Student Engagement goi mailako hezkuntzaren literaturan, batik bat ingeles hizkuntza duten herrialdeetan nabarmen zabaldu den konstruktu teorikoa da. Hu eta Kuh-k (2002) honela definitzen dute kontzeptu hori: “ikasleek, hezkuntzaren ikuspuntutik, lortu nahi diren emaitzak lortzen zuzenean eragiten duten eta balio handikoak diren jardueretan ematen duten ahaleginaren kalitatea”. Inplikazioa pertsonei banaka esleitzen zaien ezaugarria bada ere, planteamendu batzuen arabera, inplikazioa subjektuek elkarreragiteko dituzten ingurumen baldintzen araberakoa da. Hau da, ikasleak inplikatu egiten dira edo ez dira inplikatzen, ingurunean antzematen diren zenbait baldintzaren arabera. Ikerketa zabala izan da, egun arte eginiko azterlan enpirikoen arabera, ikasleen inplikazioan eragina duten inguruneko baldintza horiek zein diren zehazteko.
Gaur egun, unibertsitatera gizarte sareen eta gailu elektronikoen bidez sozializazio esanguratsua duten gazteen belaunaldi berria iristen da; horiek beren ikasteko eta pentsatzeko moduak eratzen eta zehazten dituzte. Kongresu honetan esanguratsuak izango dira profil horretako ikasleen inplikazioari buruzko ikuspegi berrien gaineko ekarpenak, bereziki graduetako lehen mailetakoak.
3. Gero eta ugariagoak diren esperientzia berriak, ikaskuntza sakona eta esanguratsua sustatzen dutenak
Kongresu honek atsegin handiz hartuko ditu moldeak hautsi, errutinak irauli eta esperimentazioan aurrera egitea ekarriko duten ikaskuntzako eta irakaskuntzako esperientziak. Unibertsitate eta zientzia ikaskuntza abangoardistagorantz bideratutako bide berriak bilatzea, zorroztasuna, etika, sormena eta emozioa betiere aintzat hartuta, SoTL erkidegoa eratzen dugunok aurrez aurre dugun erronka da. Ikasleek “haratago” joateko egin beharreko ekarpena, gainerako eragileekin batera eta elkarlanean, bereziki esanguratsua da. Atal honetan, bereziki erantzun nahi dugu SoTL-k aztertu gabeko eremuak zein diren.
4. Ikaskuntzaren eta irakaskuntzaren ikuspegi profesionala irakasleen garapen profesionala garatzeko helburu gisa
Irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi akademikoak (SoTL) aldaketa behar du irakasleen lanbide garapena eta unibertsitateko irakasleen prestakuntza ulertzeko moduetan. UK Professional Standards Framework for teaching and supporting learning in Higher Education eta Australian University Teaching Criteria and Standards Framework eskemek, besteak beste, ikuspegi berriak irekitzen dituzte eta eginkizun horretaz arduratzen diren unitate eta zerbitzuek unibertsitate irakaskuntza ulertzeko modu berri horietara hobeto egokitzen diren programak diseinatzea eragiten dute. Badakigu herrialde batzuk Britainiako eta Australiako esparruen antzekoak garatzen ari direla, eta unibertsitate eta prestakuntza unitate batzuk ere (Academic/Educational Development Units) dagoeneko ari dira irakasleen artean SoTL-ren garapena sustatzen duten esperientzia praktiko interesgarriak garatzen. Horiei zuzentzen gatzaizkie tematika honetan, eremu honetan eginiko hausnarketa eta aurkikuntzak partekatzeko.
5. SoTL eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (Agenda 2030)
Irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi akademikoak, jatorritik, goi mailako hezkuntzara etikatik hurbiltzea planteatzen du, zenbait baliorekin eta egiteko modurekin konprometituta. Nazio Batuetan 193 herrialdek 2015ean onetsi zituzten Garapen Jasangarrirako Helburuek baterako esparrua eratzen dute, unibertsitateetan maila guztietan presente egon behar duen nazioarteko agenda. Tematika horren bidez, zenbait helburu elkarrekin lotuta lantzen dituzten edo irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan GJHetako bat edo batzuk zeharkako ardatz gisa sartzen dituzten proiektu, ideia eta ekintzen bitartez garapen jasangarrian laguntzeko erronkak beren gain hartzen dituzten jardunbideak aztertzen dituzten SoTL-ko komunitate eta taldeak gonbidatu nahi ditugu. Halaber, ongi etorriak izango dira irakasle, ikasle eta goi mailako hezkuntzatik GJHak garatzen laguntzen duten gizarte eragileen parte hartze plurala duten proiektu eta/edo erakunde eta ikasketa ekintzak.