Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
ERRAN NAHI BAITA

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da erran nahi baita: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela erran nahi baita esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.

Aurreko enuntziatuari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’. Diskurtsoaren harian birformulazioa geratzen da indartuta edo nabarmenduta; hortaz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.

(2.1)

Apirilaren lehenaren antzekoa da Hegoaldeko inuxenten eguna, erran nahi baita edozein gezur saka daitekeela abenduaren 28-an, hala nola egiten den Iparraldean apirilaren 1-ean. [EPD-prentsa, Herria]

Birformulakizuna

Apirilaren lehenaren antzekoa da Hegoaldeko inuxenten eguna,

Azalpena: atal birformulatzailea

erran nahi baita edozein gezur saka daitekeela abenduaren 28an

(2.2)

Eta, gure legearen arabera ez baita haizu apez bati Erromatik ohore edo distintzionerik batere hartzea, Frantziako-Gobernuaren baimena galdetu eta ardietsi gabe, Gobernu hunen izenean, hemen goratik erraiten dut apez hekieri debekatuko ditugula izan dituzten ohorezko titulu hetaz, batere ez behin ere zerbitzatzea. Eta badut esperantxa, Erromako Gortea, erran nahi baita Aita Sainduaren gobernua, lehena izanen dela apez horien bere herriaren legea obediaraztea aholkatzeko. (...) [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 120]

Birformulakizuna

Erromako Gortea,

Azalpena: atal birformulatzailea

erran nahi baita Aita Sainduaren gobernua

Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, erran nahi baitaren bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu zatiak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak)

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona hemen erran nahi baita birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak (ikus bereziki Garcés 2008):

a. Identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzea

Honetan datza birformulazio-prozesua: erran nahi baitaren bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide egiteko erabiltzen da erran nahi baita. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko.

(3.1)

Gaurko gomita, beraz, Daniel Landart, Donoztirin sortua eta Mugerren bizi. Gau on, Daniel. -Bai zuri ere. Gau on entzuleak. -Bizkorrian? -Biziki ontsa, milesker. -Ez zira denbora txarraren beldur izan hunaraino jiteko? -Batere. Biziki aise egin dut bidaia... Etxetik hunaraino, erran nahi baita Mugerretik Donibane Garazira. [EPD, Ez da musik, Menane Oxandabaratz (Elkar, 2006) Orr.: 7]

(3.2)

Orok ikasten dute orratzaren ibiltzen, berrien hausten eta oroz gainetik zaharren apaintzen. Holaxet entseatzen dira oro laneko gustiaren hartzera. Lehenbiziko Baigorriko eskola emaileak ziren serora filles de la Croix deitzen diren horietarik, eta serora horiek eskola eman izan dute etxe hortan hogoi eta hamabi urtez erran nahi baita joan den hilabetearen leheneraino. Oraino ere hor izanen ziren superioarak ez balu aspaldi pasatu erretretako adina. Bazituen hiruretan hogoi eta bortz urte. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 174]

(3.3)

(...) maila honetakoak direla, eta ez daudela Isaiasen, Jeremiasen, Natan profetaren, Ahiah silondarraren eta horien antzekoen maila berean; izan ere, horiek, erran nahi baita, Davidek, Salomonek eta Danielek, ez zuten hitz egiten eta ez zuten deus erraten izpiritu santuaren bitartez besterik. [EPD, Alderraien gidaria II, Maimonides / Xabier Kintana (2008) Orr.: 164]

adibide gehiago:

(3.4)

Garazi aldeko Sokorri Katolikoak Piarres Larzabalen "Herriko bozak" antzerkia presentatuko du Donibane Garaziko Vauban gelan, Bazko zaharrez, erran nahi baita apirilaren 19an, igande aratsaldez (15.30) eta ere maiatzaren 3an, beti igandez, tenore berean. [EPD-prentsa, Herria]

(3.5)

Bizitzeko behar diren baliabideak eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea, berriz, ez doakio iduriz bereziki elizaren botereari, baina gehigarri bezala bakarrik, zeren ez baitu Jesus Jaunak bereziki berritarik ezarria, baina naturaren legetik baitator, honek duelakotz agintzen, guk erran bezala, langileari zor zaiola lansaria ematea. Gero, gaineratzen dut, ene ustez, zuzenagoa dela Joanes Gersonen zatiketa, elizaren boterea bi partetan soilik banatzen duena, erran nahi baita ordenakoa eta jurisdikziokoa. [PKC, Teologia eta Politika, Martin Azpilkueta / Piarres Xarriton (2006) Orr.: 127]

(3.6)

Valoistar lehengusu horietariko bat zen Frantziako errege Karlos IX.a, gerla eman berri zigun sugea. Inoiz ez nintzen xehetasun horretaz jabetua. -Orain hi haut. Orain ni ninduen. Beharbada, barne guztia hanpatu behar zitzaidan puntu hartan. Ez zitzaidan hanpatu. Nafarroako printzearen anaia nintzen, erran nahi baita, noizbait erresumako koroa buru gainean jantziko zuenaren haurridea. (...) [EPD, Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009) Orr.: 13]

(3.7)

Ez dira guti beren aurpegietan malko arrastoak dituztenak. Arras polit eta hunkigarria dena, xehetasun batengatik izan ez balitz: horietariko bat baino gehiago Henrike Borboikoari "Kuku antikristoa! " oihukatzen ziotenetarik izanen zen duela hogei urte, erran nahi baita, erregeri hiriko ateak irekitzeari behin eta berriz uko egiten ziotenetarik. Giza arima zein arina eta mudakorra den oroitarazi dio Pedro Agerrek bere buruari. [EPD, Mailuaren odola, Aingeru Epaltza (Elkar, 2006) Orr.: 16]

1b. Biformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea

Aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua argitzera datorren birformulazio bati bide egiteko erabiltzen da maiz; baina baita hitz ilun, ezezagun eta arrotzen esanahia azaltzeko.

(3.8)

Monclarrek kontuak eginen zituen: arpilatzaileak 4.500 izan beharrean 5.000 izateak ez zuen hiriko biztanleen zorigaitza makurragotuko. Herrixka, berriz, zutik zegoen eta bizirik hango biztanleak. -Zoazte Jaunaren bakean. Gu ailegatu orduko aspaldi itzalia zen egiazko borroka, erran nahi baita, gizonez gizon, buruz buru eta berdinez berdin egiten dena. Noraino izan zen hura odoltsua ez dakit. Zubi gotortuan, ate inguruan eta karriketan ez zen soldadu hilik falta. Etsaietarik franko, eta gureetarik gehiago. [EPD, Mailuaren odola, Aingeru Epaltza (Elkar, 2006) Orr.: 274]

(3.9)

Kausitu dute eskola libroetan badela 220 mila eta 810 eskolier eta gobernamenduko eskoletan 133 mila 796 eskolier. Beraz 100 mila eskolier gutiago kausitu dute gobernamenduko eskoletan eskola libroetan baino. Horra beraz non frerak eta serorak kasatu dituzten populuaren majoritaterik handienaren nahiaren kontra, eta zendako? Gobernamenduko diruaren (erran nahi baita gure diruaren) populuaren minoritateari goza arazteko. Izaiten ahal dea gauza hori baino injustuagorik? Ez dugu sekulan hartuko pausurik lege munstro itsusi hori kanbiarazi artino. Ostabat (Eskualduna, 1897.XI.19) Urriaren hogoieta laueko igandian baginien Izuran pesta pollit eta hunkigarri bat. Nexkatuen eskola bat finkatu dugu. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 203]

(3.10)

-Tripa-ustel zikina! Martintzar astopitoa! Ukabila goititu zuen, ni jotzera. Ez ninduen jo. Zaldia trostan jarrita urrundu zen nire ondotik. MIOSSENSEK bezala, lo cosin edo lo cosin basco erraten hasi zitzaizkidan Henrikeren segizioan. Erran nahi baita, "lehengusua" edo "euskaldun lehengusua". Henrikek den-denen aitzinean eskaintzen zidan konfiantzazko tratuak etorki bat izan behar zuen, eta ez zuten oker jo ahaidetasunari egotzita. Bien arteko eite izugarriak horren alde egiten zuen. Mailan tronpatu ziren, ez bertze deusetan. Henrikek hamaika irri egin zituen horren kontura. [EPD, Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009) Orr.: 58]

adibide gehiago:

(3.11)

Alabaina ere, anitz nondik heldu garen eta gure arbasoek kontatu istorio zaharren erroak jakin nahiak erabilarazten gaitu, egarri horien asetzeko, ezker eta eskuin kurri. Gure mintzairaren bihotza Mintzaira guziek errespetua merezi dute, nonahikoak izan diten, mundu honetako punta batetarik eta besteraino, eta edozein garaikoak. Eta guk, euskaldunek, erran nahi baita euskaradunek, nolaz ez genezake maita gure mintzaira aiten aitek utzi daukuten altxor bizi bat bezala? Nork ahantz ditzake aita eta amen altzoan pasatu orenak, heiengandik ukan karesa edo laztan goxoak, gure paregabeko hizkuntza lagun? Batez ere zerbait min edo nahigabek harrapaturik ginaudelarik... [EPD, Luzaiden gaindi 2, Angel Aintziburu (Elkar, 2009) Orr.: 182]

(3.12)

Ustekabeak eta ikarak bat egin zuten Etienneren begi gorrietan. Mozkor balego bezala kulunkatu zen, ezpata beti eskuan. Orduan ikusi nuen, hara!, gezi baten hegala haren besaburuan ageri. Zalu jokatu nuen; erran nahi baita, bisaian ostiko bat hartu berritan inork jokatzen ahal duen bezain zalu. Agondu gabe itzuli nintzen. Nire bizkarrak bulkatuta, lurrak gider erdiraino hurrupatua zuen sastagaia. Beharrik lehen tirakoan atera nuen argira. Etienne ezpata berriz ere goititzeko ahaleginean zebilela joan nintzaion gainera. [EPD, Mailuaren odola, Aingeru Epaltza (Elkar, 2006) Orr.: 203]

1c. Birformulakizunaren esanahia zabaltzea: definizioa

Birformulakizuneko hitz edo termino baten esanahia argitzera datorren birformulazio bati bide egiteko erabiltzen da: definizio bidez argitzen da atal birformulatzailean birformulakizuneko hitza edo terminoa.

(3.13)

L. apezari, (iduriz, Luilier betarramista) gauza bertsuak idazten zizkion: lehen batean diosesako kongregazione bezala baizik ez zuela onartua izan nahi, Katedraleko erretorarekin mintzatua zela eta haren gain utzi zuela gaiaren hunkitzea apezpikuarekin mementorik egokienean. Bainan apezpikuaren erabakiek obra osoa suntsitzen zutela. Kongregazioko apez gehienak Hazparnen izanez urteko erretretarentzat elgarrekin mintzatu zirela eta aho batez, bakar batek huts egin gabe, erabaki zutela Batikanon eskatzea "exemzioa", erran nahi baita, zuzenean Batikanoren menpeko izatea. (...) [EPD, Janpierre Arbelbide, Xipri Arbelbide (Egan, 2005) Orr.: 94]

(3.14)

Bazutela ere kanpainetan detxima, erran nahi baita orotarik hamargarren partea: ogia pikatzen zenean, hamar espaldetarik bat apezarentzat; ogia jotzen zenean, hamar gaitzuretarik bat apezarentzat. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 243]

adibide gehiago:

(3.15)

Ez letzione emateko bainan lekukotasun sinple gisa. Sarkin. Guen oroimenean ez dugu nihun aurkitzen baztertuak izan garelako sendimendurik: ez dugu sekulan, gure baztertzeko xede bat bezala hartu, jende batzuek beren. mintzairan -ezagutzen ez dugun batean- mintzatzea. Izan dadin elizan edo hemen baratzezainak beren artean mintzo zirelarik. Pertsonalki, nere burua "intrus" edo sarkin batentzat hartu dut, erran nahi baita norbeit bertzeen artean kokatzen dena nehork funski gomidatu gabe. [EPD-pren., Herria]

(3.16)

Gorputz bat, aldiz, ez du gogoeta batek mugatzen, ez eta ere gorputz batek gogoeta bat. Substantzia deitzen dut, bere baitan den eta bere baitarik ulertzen den zerbait: erran nahi baita, beste gauza baten kontzeptuaren beharrik gabe, haren kontzeptua moldatzen den zerbait. [EPD, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 33]

1d. Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea: izendapena

Batzuetan alderantziz gertatzen da: etiketa edo izendapen baten bidez laburtzen da atal birformulatzailean birformulakizuneko enuntziatuaren esanahia.

(3.17)

Erran ditake beraz sahets bide horretarik lortu zuela bere helburua: Ameriketako euskaldunek apezak izatea. Behin baino gehiagotan entzun dute beneditar zenbaitek nola zaldiz ibiltzen ziren hango fraideak Pampa zabalean zeuden Euskaldunen ebanjelizatzen. Horietarik batek zien erran Euskaladunei haien bekatu nagusia zela, azeri gorriak izatea, erran nahi baita, bekaizkeria. (...) [EPD, Janpierre Arbelbide, Xipri Arbelbide (Egan, 2005) Orr.: 94]

adibide gehiago:

(3.18)

Nahi nuke, bai segur, batasun hori argitzen baliezagu bere kausa hurbilaren arabera. Baina, berak Izpiritua asmatua zuen halako gisaz Gorputzaren ezberdina non ez baitzegokiokeen neholako kausa singularrik ez haien batasunari ez Izpirituari berari eta dei egin behar izan baitzion Mundu Osoaren Kausari, erran nahi baita Jainkoari. [EPD, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 533]

(3.19)

"Beti zoriontsuak izan gaitezen"; izan ere, zerorrek dakizunez, doktoreek (bedeinka bedi haien oroitzapena!) Eskriturako berba horiek "Zoriontsu izan eta luzaro bizi zaitezen" (ibid. honela azaltzen dituzte: "Zoriontasun osoko munduan zoriontsu izan zaitezen, eta luzaro bizi zaitezen betiko iraunen duen munduan" (Qidduîn B %RA BEREAN GURE PASARTE HONETAN i"ETI ZORIONTSUAK izan gaitezen" hitzek ideia berbera adierazten dute erabat, hau da, zoriontasun eta egonkortasun osoko mundura iristea, erran nahi baita, betiko iraunkortasunera (hilezintasunera), baina beste hitzok, "eta Hark bizia kontserba diezagun" gorputzezko lehengo bizitzari buruzkoak dira, denbora batez dirauenaz, eta horren ordena bikaina gizarte-elkartearen bidez baizik ezin ezar daiteke, erakutsia dugun bezala. [EPD, Alderraien gidaria II, Maimonides / Xabier Kintana (2008) Orr.: 276]

e. Beste balio batzuk: ondorioa, dedukzioa…

Bestalde, zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzake erran nahi baita markatzaileak. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulazioaren nolabaiteko hiperonimoak direnez, gai dira erabilera markatuetan bestelako balioak (ondorioa, dedukzioa) eta birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa).

Zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko (ikus Garcés Gómez, 2008: 87-104). Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatzen dituzte inferentzia-prozesuetan.

Inferentzia-prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da erran nahi baita: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa. Atal birformulatzailearen hasieran paratzen da beti birformulatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: honako adibide honetan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik (bere zorrari uko egiten du) harantzago doa birformulazioa (erran nahi baita garbi garbia ohoingua bat egiten duela).

(3.20)

Erreboluzione handiaren denboran, duela ehun urte, gobernamendua jabetu zen ontasun heietaz; bainan ordaintzaz hartu zuen engaiamendua apezen pagatzeko. Apezeri emaiten dion paga ez da beraz zor haren pagamendua baizik; denbora hartan hartu zuen kapitalaren interes suerte bat xoilik. Beraz gobernamenduak paga kentzen duenean apezeri, bere zorrari uko egiten du; erran nahi baita garbi garbia ohoingua bat egiten duela. Aldiz beren gezur eta kalomnia tzarrez paga horiek galarazi dituzten guziak, gobernamenduaren ohointzan kosent edo partalier dira. Heien hobena izigarria da; ez ginuke segur halako heien plazan izan nahi. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 114]

(3.21)

Heien jokoa litake Charia delakoa hedatzea herri osoan, erran nahi baita islamisten lege dorpeenaren pean ezartzea herria eta jendea. [EPD-prentsa, Herria]

(3.22)

Zenbat eta gorago iganen baita maila horretako bakoitzaren ezagutza, hainbat eta hobeki ezagutuko ditu bakoitzak bere burua eta Jainkoa, erran nahi baita hainbat ere beteginago eta zoriontsuago izanen dela, ondoko proposizioek hobeki erakutsiko duten bezala. [EPD, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 575]

Bestalde, elkarrizketa baten harian galderazko enuntziatu beregain bat osatzeko gauza da erran nahi baita birformulatzailea: solaskideari azalpen zehatzago bat edo birformulazio argigarri bat eskatzeko erabiltzen da (‘heterobirformulazioa’):

(3.23)

-Ulertzen duzu... nire langileek nahi izan dutelarik greba egin gehiago pagatuak izateko gisan, behar izan ditut kanporatu... Ondorioz, lantegiaren erdia bota eta, bakea ukan dut! -Zenbat pagatzen dituzu zure langileak? -eskatu zion bilo luzeak zituen mutikoak. -Hemengo legeak aipatzen duen minimoa baino gehiago! -Erran nahi baita? -150 pesos egunean. 3 euro inguru. Minimoa baino %25 gehiago! Gehiago ezin dut! Zinez! Lan sariak igotzen banitu lantegia itxi beharko genuke! Mikelek ez zion ezer erran baina harritzen zen ikustea zer segurtasunarekin gazte horrek zituen langile familia osoak miseriara bota! [EPD, Skyroom, Ramuntxo Etxeberri (Elkar, 2004) Orr.: 212]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazioaren elementu garrantzitsua, birformulatzaile paradigmatikoa: esatariak, lehen formulazio “desegoki” baten ordez bigarren bat jartzen du, egokiagoatzat jotzen duena. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz (erran nahi baita). Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (ikus Larringan, 1996: 245).

Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.

argibide gehiago:

Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:

*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea. 

(4.1)

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:

(4.2)

Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.

Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).

Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.

(4.3)

[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

(4.4)

Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Diskurtsoaren harian nabarmenduta geratzen da, nolabait, erran nahi baita birformulatzaileak sartzen duen iruzkina edo informazioa.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa. Inferentziazko prozesuetan, berriz, ondorioa adierazteko erabiltzen da erran nahi baita birformulatzailea: birformulakizunean esandakotik ondoriozta daitekeen zerbait —batzuetan, ondorio subjektiboa— gaineratzeko balio du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Erran nahi da predikatuaren gramatikalizazioz sortua da erran nahi baita birformulatzailea. Izan ere, OEHko azalpenen arabera (ikus Euskal hiztegiak), tradizio zaharrean erran nahi da aldaera da erabiliena; gero, XIX. mendearen amaieratik aurrera erran nahi baita aldaera nagusitu zen, XX. mendean beste esapidea (erran nahi da) ia erabat ordezteraino. Beharbada, ez da kasualitatea erran nahi baita aldaera nagusitu izana. Izan ere, bait- aurrizkia dela medio ondo bereizten da predikazio arruntetik eta modu argiagoan betetzen du diskurtsoaren mailako lotura-eginkizuna: alegia, funtzio diskurtsiboa (birformulazioa) betetzeko espezializatu da esapide aurrizkiduna (gramatikalizazioa).

8. aurkibidera joan Aldaerak

ERRAN NAHI DA, ESAN NAHI BAITA, ESAN NAHI DA

9. aurkibidera joan Baliokideak

Ñabardurak ñabardura, honako birformulatzaile hauek ematen dituzte hiztegigileek erran nahi baita esapidearen baliokidetzat: hau da, hots, alegia. Dena dela, sintaxiaren eta posizioaren aldetik, besteak beste, oso bestelako jokamoldea ageri du erran nahi baita birformulatzaileak. Izan ere, nahikoa posizio zurruna du perpausean (atal birformulatzailearen hasieran), eta perpausak lotzen dituenean ia beti perpaus osagarria (-la menderagailuduna) gobernatzen du.

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Birformulatzaile hau (erran nahi baita) ez dago aztertuta euskal gramatiketan.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

[Orotariko Euskal Hiztegia]

ERRAN NAHI DA (L ap. A; Ht VocGr, Dv), BAITA. Es decir. Tr. De uso casi general en la tradición septentrional (pero no en Axular); no lo documentamos al Sur. Con baita, beita, es hasta finales del s. XIX, bastante menos frecuente, aunque se encuentra ya, alternando con da, en Leiçarraga y Tartas (Onsa 144); en el s. XVIII lo hallamos en Maister y Lopez. Desde mediados del s. XIX su uso va aumentando, extendiéndose a autores labortanos, y ya desde finales de dicho siglo predomina claramente sobre erran nahi da; en el s. XX, sólo encontramos ejs. de este último en Oxobi (177) y CatJauf (115).

Baina orain hobeago bat desiratzen duté, erran nahi baita zelestiala. Lç He 11, 16. Estranjerak, erran nahi da, haren fidelén konpainiako eztiradenak. Ins B 3v. Ifernuetara, erran nahi da, ez kondenatuen ifernura, baiña lurraren barreneko lekhu behera batzuetara. Mat 60. Erakuts diazadazun gauik gabeko eguna, erran nahi da, zeruko loria. Harb 16. Gure arima garbitu behar dugula bekhatu benialetara dituen afekzione guzietarik, erran nahi da, eztugula borondatezki iduki behar bekatu benialetan. SP Phil 80. Jinkoaren erresumaz, erran nahi da elizaz. Bp I 140. Bizkaitarrak, erran nahi da eskualdunak, izpiritutsuak dira. ES 110. Erran nahi da, Jaiñkoa baitan esparantza duenak, sentituko duela [...]. He Gudu 47. Beldürrez gizon zaharrak, erran nahi beita, aragi miserable ezpiritiaren pian orano untsa jarri eztenak, gañia har dizadan. Mst III 20, 3. Hilen naiz; erran nahi da, munduan dituzkedan gauza guziez gabetua izanen naizela. Dh 117s. Bere fiña ukhan zuenaz: / erran nahi da, itho zenaz. Gy 191. Galtzak moda zaharrean eginak, erran nahi baita zubi handia zutela. Elzb PAd 6.Oren bat irian izan ziren lehen aldikotz Larresoroko elizaren ikertzen, erran nahi baita, imitorio estakuru, elizaz eta elizaren barnekoez jabetzen. HU Zez 126. Orai erran nahi baita 1853an. Zerb Azk 65. v. tbn. AR 132. Lap 35 (V 20).

Sarasolaren Euskal Hiztegian eta Euskaltzaindiaren Hiztegian (‘erran’ sarreran) hau da eta hots birformulatzaileen bidez azaltzen da erran nahi baita esapidearen esanahia, baina azpisarrerarik eskaini gabe:

[Euskal Hiztegia]

1 erran, erraten (1627) edo erraiten (1545). du ad. ( 1545) Sort. (Laguntzailerik gabe ere jokatzen da: dio; zioen; diotso; ziotson; banerra, balerra; lerrake; berra, errazu, berrate.). Esan. Erran nahi baita: hau da, hots. Erran gabe doa: esan beharrik ez dago. Hazi ona behar dela, hori erran gabe doa; ez erein dudako hazirik.

Eta Hiztegi Batuan ere adibideen bitartez eta azpisarrerarik eskaini gabe azaltzen da esapidearen esanahia:

[Hiztegi Batua]

erran 1, erraten. du ad.: erran gabe doa ('ez dago esan beharrik'); Jainkoaren erresuma, erran nahi da, Eliza; hilko naiz, erran nahi da gauza guztiez gabetua izango naizela; orain, erran nahi baita, 1853an.

Oharra: Azkueren hiztegian (Diccionario Vasco-Español-Francés, DVEF) ez dago jasoa erran nahi baita birformulatzailea, eta Lhanderenean honako argibide soil hau baino ez dator: “(Hb.) c´est-à-dire”.

12. aurkibidera joan Posizioa

Gaurko euskaran, betetzen duen funtzioa betetzen duela, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da —salbuespenak salbuespen (Hegoaldeko idazleren baten adibide bakanen bat)— erran nahi baita birformulatzailea.

(12.1)

Elkartasun-elkarte frango kezkatuak daude, manifestaldi batzu ere muntatu dituzte, solasa hedatu baita paperik gabeko etorkinak gisa bat edo beste laguntzen dituena zigortua litakeela eta gainerat ez guti! Gobernuak berak emana hori erakusterat eta iduriz aski garbi! Arrangura handiak agertu dira hor gaindi. Behartsuak laguntzen dituztenek ez diotela jende gaixo horieri galdetzen paperak xuxen dituzten ala ez, beharretan direla ikusiz segurtatzen diotela sokorri zerbait. Elkartasunez, erran nahi baita jendetasunez. [EPD-prentsa, Herria]

(12.2)

Xinan, berriz ere arrastatu dute Mgr Zhiguo apezpikua, hamabigarren aldikotz, erran nahi baita usaia baduela, baina behar da jakin badirela hango gobernu komunistak onartu apezpiku "ofizialak" eta besteak, eta hau beste hetarik izanki, hots, libertatea mugatua dutela. [EPD-prentsa, Herria]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Erran nahi baita birformulatzailea, gorago azaldu denez, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da beti: birformulatzailearen aurretik nolabaiteko etena egiten da (idazkeran puntuazio-zeinu hauetakoren baten bidez adierazia: puntua, puntu eta koma, koma) eta ondotik, antzeko maiztasunez, koma zein puntuazio-markarik eza ageri da. Ez dirudi puntuazioa erabilera aposatuaren (sintagmak lotuz) edo aposatu gabearen arabera (perpausak lotuz) aldatzen denik. Are gehiago, testugile berak (ikus ondorengo adibideak) komarekin zein komarik gabe idazten du birformulatzailea antzeko testuinguruetan. Herria astekarian, berriz, askozaz ere maizago erabiltzen dute birformulatzaile hau ondorengo komarik gabe.

(13.1)

Ez da, beraz, nehondik ere erraten ahal Jainkoak pairatzen duela beste zerbaitengatik, ez eta ere substantzia hedatua ez dagokiola Jainkozko izaerari, zatikorra asma baledi ere, mugagabea eta betierekoa dela onartzen den ber. Baina horretaz badugu oraingotz aski erranik. XVIø Proposizioa Jainko izaeraren ezinbestekotasunetik etorri beharrekoak dira, kontaezinezko modutan etorri ere, kontaezinezko gauza guztiak, erran nahi baita mugagabeko adimenaren menpe sar ahala gauza. [EPD, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 67]

(13.2)

Alta bada, gizakiek kontutan har balezate substantziaren izaera, batere dudarik gabe ikus lezakete zein den zuzena 7ø Proposizioa. Gehiago oraino, guztiek axiomatzat har lezakete proposizio hori eta egia komunen lerroan sar. Substantzia, ezen, dei lezakete bere baitan existitzen den eta bere baitarik ulertzen den zerbait, erran nahi baita, ezagutua izateko beste gauza baten ezagutze beharrik ez duen zerbait. [EPD, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 43]

(13.3)

Ez dira gauzen izaeran (...) atributu bereko bi substantzia aurkitzen ahal, erran nahi baita (...) elkarrekilako zerbait baduten bi substantzia. Eta ondorioz, (...) ez da bata bestearen kausa izaten ahal; erran nahi baita, ez duela batak ekoizten ahal bestea. [EPD, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 39]

(13.4)

Izadian, ordea, hutsarterik ez denaz geroz (horretaz bestalde aritu gara) eta hutsik ez dadin izan alde guztiek elkarri loturik egon behar baldin badute, ondorioz, ateratzen da alde horiek ezin bereiziak direla egiazki, erran nahi baita substantzia gorpuzkina, substantzia den bezainbatean, zatiezina dela. [EPD, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 65]

(13.5)

Zerbait erran behar badugu, bestalde, arruntean Jainkoaren kontu ezartzen dugun adimenaz eta nahimenaz, hona ohar bat: Jainkoaren esentzia betierekoari baldin badagokio adimenaren eta nahimenaren jabe izatea, bi atributu horiez arruntean ulertu ohi denaz besterik aditu behar da zinez. Zeren, Jainkoaren esentzia osa lezaketen adimenak eta nahimenak gure adimenaz eta gure nahimenaz guztiz ezberdinak izan behar lukete eta izena baizik ez lukete elkarrekilakorik; erran nahi baita zakurra deitzen den zeruko zeinua eta zaunka egiten duen animalia bezala litezkeela elkarrekin. [EPD, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 71]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Erran nahi baita birformulatzaileak perpausaren esparruan nahiz perpausetik gorako mailan betetzen du bere eginkizun diskurtsiboa. Alde batetik, tarteki gisa (gazt. 'inciso') erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten arteko lotura ezartzeko (erran nahi baita 'aposatua'). Beste alde batetik, testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da (erran nahi baita 'aposatu gabea').

1. Erran nahi baita, tarteki gisa (erran nahi baita 'aposatua'): aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— da birformulakizuna.

(14.1)

Afrikan meningita eritasuna garaitzen hasia da emeki bada emeki, eritasun horren kontra, xertoekin bereziki egin den ekitaldi baten ondotik. Hots, zortzi miliun xertatze egin dituzte, Niger, Nigerian eta Txaden bereziki. Erran behar da holakoak zituztela beharrak, 60.000 jende izanik eritasunak hunkiak eta bi mila hilak ere. Badakite zorigaitzez gaitz horren berri toki horietan: hamar urtetarik itzultzen omen zaie eritasuna, erran nahi baita birus berezi hori. [EPD-prentsa, Herria]

Horrelakoetan, tartekatuta eman ohi da atal birformulatzailea: a) aposaturik (maizenik koma artean); b) edo besterik gabe tarteki gisa[1] (sarritan koma artean edota gidoi edo parentesien artean). Eta gehienetan halako paralelismo funtzional bat —'baliokidetasun funtzionala' (ikus Suñer 1999)— egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (eritasuna, / erran nahi baita birus berezi hori): paralelismo funtzional horrek, bestalde, badu zerikusia informazio-egiturarekin, eskuarki birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzera baitator atal birformulatzailea (gure testuan, adibidez, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Zer itzultzen zaie?). Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, nolabaiteko baliokidetza diskurtsiboa egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.

[1] Zentzu hertsian ulertuta, elementu nominalen arteko albokotasunezko predikazio-erlazioa baino ez da aposizioa: "El nombre mismo del fenómeno, appositio, del latín apponere —equivalente a «colocar junto a»— nos indica ya que suele existir adyacencia entre los términos en aposición.  Esta circunstancia no es casual, no responde únicamente al mero deseo de un hablante de colocar contiguos dos elementos, sino que es manifestación de la relación predicativa que necesariamente debe mediar entre los dos miembros en aposición. Las aposiciones introducirían, pues, una predicación secundaria (cf. Stowell 1983) de caráctcr nominal [-> §§ 38.1 y 73.2.2], usada para especificar o explicar otra palabra de la misma especie (Suñer 1999: 525). (…) “En los ejemplos anteriores [51a: 'Al final apareció con su hermano, con Pedro'; 52c: 'Se le veía feliz, andaba canturreando, gorgoriteando, por lo bajo'] se respetan ciertos requisitos estructurales comunes a los casos de aposición que se han visto hasta ahora: los dos elementos deben ser de la misma categoria o equiparables funcionalmente y deben poseer cierto grado de afinidad semántica. Sin embargo, si el término 'aposición' se aplica restrictivamente sólo a aquellos segmentos que establezcan una relación predicativa con un nombre o complemento nominal adyacente, ejemplos como (51) o (52) no son propiamente aposiciones puesto que no es posible establecer una predicación con un 'sujeto’ que no sea un elemento nominal” (Suñer 1999: 542-543). Dena dela, lan honetan zentzu zabalean darabilgu 'aposatua' terminoa, beraren barnean aposizioa eta tartekia sartuta (ikus Euskaltzaindiaren 109. araua: 109 Komunztadura aposizioetan).

2. Erran nahi baita 'aposatu gabea': aurreragoko perpaus bat —eskuarki, aurreko perpausa— da birformulakizuna.

(14.2)

Apirilaren lehenaren antzekoa da Hegoaldeko inuxenten eguna, erran nahi baita edozein gezur saka daitekeela abenduaren 28-an, hala nola egiten den Iparraldean apirilaren 1-ean. [EPD: Herria].

Bigarren kasu horretan, atal birformulatzailea ez doa aposaturik edo tarteki gisa, baizik eta perpaus berri bati hasiera emanez. Bestalde, ez da egoten paralelismo funtzionalik birformulakizunaren eta birformulazioaren artean eta ez da iruzkintzen mintzagai bera atal birformulatzailean. Askotan, gainera, ez da parafrastikoa bi enuntziatuen arteko erlazioa: esate baterako, birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean inferentziazko erlazioa ager daiteke.

Erran nahi baita 'aposatu gabea'

Alde batetik, testu bateko perpaus biren arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da.

(14.3)

Den gutieneko zalantzarik ez balitz ere bestalde arazo honetan, ez litzateke gauza berria teologiako eztabaidak antolatzea dudazko ez diren puntu zenbaiti buruz: Hala nola eztabaidak izaten diren Jainko Gizon Eginari eta fedezko beste artikulu batzuei buruz. Teologiako eztabaidak alabaina ez dira beti deliberatiboak. Askotan demostratiboak dira; erran nahi baita, egiaren erakusteko antolatzen direla eta ez egiaren frogatzeko. [PKC, Indio aurkitu berriak, Francisco de Vitoria / Piarres Xarriton (1993) Orr.: 55]

(14.4)

Horra zergatik Joanes Pariseko domingotarrak errana duen delako botere laikoa Jainkoarenganik datorrela zuzenean; erran nahi baita Jainkoak emana diola gizonari naturazko arrazoia, hortik ageri da delako boterea gizakiei eman izan zaiela beren gobernu onarentzat, hori bera errepikatzen zuen bezala Durandusek eta gero berriz Hervaeusek, Joanes Gersonek eta Jakobek. [PKC, Teologia eta Politika, Martin Azpilkueta / Piarres Xarriton (2006) Orr.: 130]

Gorago esan bezala (ikus posizioa), atal birformulatzailearen hasieran jartzen da ezinbestean: hots, birformulazio esplikatiboa adierazten duen perpausaren hasieran. Dena dela, gramatikalizazioa ez da erabatekoa. Izan ere, nahiz eta lexikalizatuta edo gramatikalizatuta egon, perpausak lotzen dituenean (erabilera aposatu gabean, alegia), ia beti eskatzen du –(e)la menderagailua birformulazioan: alegia, perpaus osagarria gobernatzen du ia beti. Beraz, semantikaren eta pragmatikaren aldetik alegia, hots, hau da birformulatzaileen kidekoa bada ere, sintaxiaren aldetik oso bestelako jokamoldea du.

(14.5)

Apirilaren lehenaren antzekoa da Hegoaldeko inuxenten eguna, erran nahi baita edozein gezur saka daitekeela abenduaren 28-an, hala nola egiten den Iparraldean apirilaren 1-ean. [EPD-prentsa, Herria]

(14.6)

Izan ere, zientzia fisikoan oso ongi azaltzen da izaki bakoitzak naturan nahitaez halako helburua ukan behar duela, baina azken xede hori, lau kausetarik nobleena, espezie gehienetan ezkutaturik gelditzen dela. Aristotelesek etengabeki aldarrikatzen du naturak ez duela deus alferrik egiten; erran nahi baita, naturaren obra orok nahitaez halako helburua ukan behar duela. [PKC, Alderraien gidaria II, Maimonides / Xabier Kintana (2008) Orr.: 212]

Salbuespenak dira –(e)la menderagailua hartzen ez duten birformulazioak:

(14.7)

-Zu bezala pentsatuko nuen duela zonbait urte... Bainan gauza bitxiak badira. Euskara ainitzendako gibelerat ari da, bertzendako berriz aitzinerat, eta beraz, bitxi badirudi ere, azken urte hautan goiti egin dugu. Erran nahi baita, nik uste, eskuara atxiki nahi dutenek betetzen dute eskuara galtzerat aise uzten dutenen ziloa. Eta horregatik ez dut erraiten nik hain neke dela... Guk eskuara badakigu, hor ari girenek, ni eta enekin diren beharbada 50 bat lagun, herrietako berriekin idazten dutenak. [EPD-liburuak, Ez da musik, Menane Oxandabaratz (Elkar, 2006) Orr.: 120]

Erran nahi baita, tarteki gisa (erran nahi baita 'aposatua')

Tarteki gisa erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko (ikus Zabala 1996). Halakoetan, luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen ditu erran nahi baita aposatuak (ikus Zabala 1996: 118; Martín Zorraquino, Portolés 1991: 4070): izen-sintagmak, adjektibo-sintagmak, adberbio-sintagmak, perpausak Hain zuzen ere, hori da diskurtso-markatzaile honen zeregin nagusietako bat: tarteki gisa txertatzen edo gaineratzen den iruzkin esplikagarriaren balio birformulatzailea agerian uztea.

(14.8)

Hiru abokatek eta lau lekukoek (Michel Loquet Loire-Atlantique-ko "Chambre d'Agriculture"-ko president ohia, Gérard Onesta Europarlamentuko presidentorde ohia, Jean Foirien Ainharbeko laboraria, Frantxua Maitia hautetsia) argiki erakutsi dute auzi politikoa zela, akusazioneak, erran nahi baita estaduak, funtsezko argumenturik ez zuelarik Euskal Herriko Laborantza Ganbara elkartea eta hunen presidentaren kontra. [EPD-prentsa, Herria]

(14.9)

(...) Bigarren lerroan dator diotenaz, gorputzeko beste atsegin-mota bat; gorputzaren soseguak eta orekak emaiten duena, erran nahi baita bakoitzaren nehongo gaitzik gabeko osasuna. [PKC, Utopia, Tomas Moro / Piarres Xarriton (1992) Orr.: 197]

(14.10)

Konparazione, gure nortasunari, erran nahi baita gure euskaldungoari, batere atxikiak giren ainitz eta ainitz minbera izaiten gira ikusiz nortasun horren begiratzea gatik egiten ditugun galde batzuentzat sekulan ez dela funtsezko arrapostu manerakorik! [EPD-prentsa, Herria]

(14.11)

Kausa finalaren aldetik ere, eliza boterearen helburua da naturaz gaineko egoera izatea graziari esker mundu honetan eta betiereko loriari esker beste munduan; botere laikoaren helburua, aldiz, naturazko egoera da, hots, bizi ona eta zoriontsua, erran nahi baita bertutetsua, bertute moralek egiten duten bezala arrazoi naturalaren gidaritzapean onargarri, graziadun egiten duen grazia bereziaren beharrik gabe. [PKC, Teologia eta Politika, Martin Azpilkueta / Piarres Xarriton (2006) Orr.: 131]

(14.12)

Bertutearen bide zail eta dorpeari jarraikitzea beraz eta ez bakarrik biziko gozagailuak hastantzea, baina oraino oinazeak gogo onez jasaitea sari baten menturarik batere izan gabe - zer sari izan daiteke alabaina atseginik gabe, erran nahi baita zorionik gabe, bizi guzia iragan eta deus ez baduzu ukaiten ahal hil ondoan? - erokeria hutsa daukate horrela ibiltzea. [PKC, Utopia, Tomas Moro / Piarres Xarriton (1992) Orr.: 183]

(14.13)

Horra zergatik gogoratzen zaizkidalarik eta ikertzen ditudalarik gure begien aintzinean lore duten erresuma horiek, ez dut hor ikusten - ez alafede! - aberatsek, Estatuaren izena eta boterea eskuratuz, beren arteko tratuen errazteko muntatzen duten azpijoko bat baizik: nehongo itzulikak eta jukutriak amesten eta asmatzen dituzte, lehenik bidegabeki bildu dituzten ontasunen gal beldurrik gabe atxikitzeko, gero behardun guzien lan eta nekeak ahal bezain guti ordaintzeko eta haietaz ederki baliatzeko. Aberatsek behin erabakiz geroz jukutria horiek oro onartu behar direla Herriaren onetan - erran nahi baita, behardunen beren onetan - hori bera aski da lege bihur daitezen. [PKC, Utopia, Tomas Moro / Piarres Xarriton (1992) Orr.: 293]

(14.14)

Orai artio gure ganik urrun zirenak hurbil ditezela beraz gure ganat! Konpreni dezatela oraiko legeak hobeago izan nahi dituztenak direla egiazko kontserbaturrak edo xuriak eta ez lege horien destruitzaileak. Eta aldiz tronpatuak direla diotenez oraino lehenagoko denborak itzuliko direla, erran nahi baita errege edo enperadore bat izanen dugula. Eta orai akabatuko dugu erraiten dugularik gure adixkideri: "Unionea eta unionea eta beti unionea! " Horra Réveil Basque jurnalaren pentsatzeko manera, eta oraiko orenean errepublikano guziena, zoinen obligazionea baita pentsamendu bat izaitea: "Frantziaren ona". [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 42]

Perpausaren mailatik beherako sintagmak birformulatzen direnean (ikus gorago 14.8. eta hurrengo adibideak), halako paralelismo funtzionala egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean, eta atal birformulatzailean ez da erabiltzen perpaus osagarririk (alegia, ez dago –la menderagailurik). Batzuetan (ikus beheragoko adibideak), nahiz eta birformulakizuna izen-sintagma baten bidez adierazia egon (gauza hori, gauza zakiten bat), perpaus osagarri baten bidez garatzen da delako ideia hori birformulazioan, birformulakizuneko aditzak (kondutan hartuz, seguratzen du) perpaus osagarria gobernatzen baitu:

(14.15)

Oinarrizko gauza hori kondutan hartuz, erran nahi baita etzuela herriak baztertzaile egintza bat egiten guregan, bainan guk genuela sarkoikeria bat egiten haren baitan, jakin nahi izan dugu, guen baitarik, ez erkidegoak zer egin behar zuen guretzat, gu ongi senti gintezen, bainan guk zer egin behar genuen, den bezalako erkidego horren barne izateko. [EPD-prentsa, Herria]

(14.16)

Bainan letra bakar bat agertu du, bere azpiko Apezpiku batena, St Denis de la Réunion-eko apezpiku Fuzet Jaonarena. Letra horrek lehenik seguratzen du gauza zakiten bat, bainan orai artio hain klarki frogatua izan ez zena, erran nahi baita, Aita Sainduaz on hartuak izan direla Lavigerie Kardinal Jaonak erran dituen eleak, egin dituen gauzak. Erromatik etorri da St Denis-eko Apezpiku Jaon hori, eta han Aita sainduaz errezebitua izan da. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 158]

Aurreko adibideetan ikusi denez, askotan, halako funtzio-paralelismoa ageri da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (paralelismo diskurtsiboa, baina ez nahitaez sintaktikoa): izan ere, gehienetan, atal birformulatzaile aposatuak eta birformulakizunak kasu-marka eta numero bera izan ohi dute; baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde. Aski da (ikus Zabala, 1996), ondorengo adibideetan ikus daitekeenez, elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea.

(14.17)

Orok ikasten dute orratzaren ibiltzen, berrien hausten eta oroz gainetik zaharren apaintzen. Holaxet entseatzen dira oro laneko gustiaren hartzera. Lehenbiziko Baigorriko eskola emaileak ziren serora filles de la Croix deitzen diren horietarik, eta serora horiek eskola eman izan dute etxe hortan hogoi eta hamabi urtez erran nahi baita joan den hilabetearen leheneraino. Oraino ere hor izanen ziren superioarak ez balu aspaldi pasatu erretretako adina. Bazituen hiruretan hogoi eta bortz urte. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 174]

(14.18)

Afrikako lur eta ur ainitzetan beldur haundiak badituzte sarraraziak itsas-lapur eta terrorista frangok Nigeria eta Gineako golkotik biziki haratago ere, erran nahi baita Xina eta Malakako itsasaldeetaraino. [EPD-prentsa, Herria]

adibide gehiago:

(14.19)

Afrikan 53 estadu bildu dira Etiopiako Addis Abeba kapitalean eta beren batasunaren buru hautatu dute Muammar Kadhafi Libiakoa urte batentzat. Bigarren urrats bat ere nahiko zuen lehenagoko koronel bolbora hunek, erran nahi baita Afrikako Estadu Batuen batasuna sortu, baina ez da hori aldi huntako izanen. [EPD-prentsa, Herria]

(14.20)

Olerkari alu batek erran omen du elkar maitatzea, ber norabidera begiratzea erran nahi zuela! -Bai... eta? -Memento batez ez dugu gehiago ber gauza begiratu... Alta, arrats guziz, zu oheratu eta, bata bestearen ondoan jartzen ginen eta ber norabiderat begiratzen genuen... erran nahi baita telebista! -Telebista! -Eta bai... Telebistak kalte handiak egin zizkion gure bikoteari! Printze edo printzesa batekin ezkontzen zarela uste duzularik, laster iduritzen zaizu igela bilakatu dela! [EPD, Skyroom, Ramuntxo Etxeberri (Elkar, 2004) Orr.: 233]

(14.21)

Dena ondoko suaren inguruan finitu zen. Jendaki, lagun eta adiskideak, orobat zenbait etsai, gomit dira haren alde telebistak amatatzerat etxeratze bakoitzean. Oharra: Erran gabe doa, familiak, titietaraino izanki (erran nahi baita, barrabilak baino aise gorago), ez du errezibitan, ez deus obro gaztigatzen. Eta merzi anitx. Ez diote argitaratu. Inork ez du jakin hilik dela kronikaria... Dena den, inor bera bezainbat libertitu izan bada, kontent. [EPD, Denboraren mugan, Jose Angel Irigaray (Pamiela, 2005) Orr.: 26]

Inoiz edo behin, birformulazio kateatuak ere ager daitezke testuetan (birformulatzaile bera errepikatuz edo birformulatzaile baliokideak uztartuz). Halakoetan, birformulazio bakoitza aurrekoaren birformulaziotzat har daiteke:

(14.22)

Georges Bushhautsi-mausitan plantatua da Europanoekin lurralde huntako bisita egin zuenaz geroztik. Doi bat laxaturik bezala, garbiki erran du atsegin duela europearrekin iritzi eta hitz beretan izaitea, hala-nola Iraniari buruzko gauzetan. Egia da herri hori ez zuela komentzio mundialaren batasunean sartzerat utzi nahi Amerikak eta orai ba, Condolezza Rice andere segetari nausiak erran duen bezala. Haatik Iraniaren onartze hori baldintza edo kondizionetan bakarrik, erran nahi baita uranium programa hura hein batean uztekotan, erran nahi baita bonba atomika haren bidean prestu egoitekotan. [EPD-prentsa, Herria]

(14.23)

Gutiziak ba, bainan ez naiz kurritua, batere. -Bainan, hala ere, ongi bizi da Eskual Herrian... -A bai. Eskual Herria, zinez ongi ezagutzen dutala erran dezaket. Batere espanturik egin gabe. Ezagutzen dut Eskual Herria, erran nahi baita, bere osotasunean. Erran nahi baita ezagutzen ditut, bai probintzia guziak edo bederen probintzia guzietako herri andana bat. Xantza hori ukan dut: 18 urtetako hasi nintzan Eskual Herriaren -bere osotasunean berriz diot- bisitatzen, bisitatzen eta preziatzen. [EPD, Ez da musik, Menane Oxandabaratz (Elkar, 2006) Orr.: 21]

Elkarrizketa baten harian galderazko enuntziatu beregain bat osatzeko gauza da erran nahi baita birformulatzailea: solaskideari azalpen zehatzago bat edo birformulazio argigarri bat eskatzeko erabiltzen da:

(14.24)

-Ulertzen duzu... nire langileek nahi izan dutelarik greba egin gehiago pagatuak izateko gisan, behar izan ditut kanporatu... Ondorioz, lantegiaren erdia bota eta, bakea ukan dut! -Zenbat pagatzen dituzu zure langileak? -eskatu zion bilo luzeak zituen mutikoak. -Hemengo legeak aipatzen duen minimoa baino gehiago! -Erran nahi baita? -150 pesos egunean. 3 euro inguru. Minimoa baino %25 gehiago! Gehiago ezin dut! Zinez! Lan sariak igotzen banitu lantegia itxi beharko genuke! Mikelek ez zion ezer erran baina harritzen zen ikustea zer segurtasunarekin gazte horrek zituen langile familia osoak miseriara bota! [EPD, Skyroom, Ramuntxo Etxeberri (Elkar, 2004) Orr.: 212]

Eskuarki, birformulakizunaren ondoren —haren ondo-ondoan— jarri ohi da iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile aposatua (bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada).

(14.25)

Jujamendua edo kondenazionea emana izanen da hilabete hunen 23-an, erran nahi baita herroka hauk agertzen diren egunean. [EPD-prentsa, Herria]

adibide gehiago:

(14.26)

Errozuete ere lenguaia hoin gal beldur badira, zertako ez diuzten mezak eta besperak heskuaraz emaiten erraiteko plazan gehio nehok mintzatzen eta kasik konprenitzen ez duen lenguaia hortan, erran nahi baita, latinez. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 228]

(14.27)

Bazutela ere kanpainetan detxima, erran nahi baita orotarik hamargarren partea: ogia pikatzen zenean, hamar espaldetarik bat apezarentzat; ogia jotzen zenean, hamar gaitzuretarik bat apezarentzat. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 243]

Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoan birformulazio aposatua: horixe gertatzen da gehienetan, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia bada.

(14.28)

Bizi izan den bezala urrundu zauku erran nahi baita ixil ixila. [EPD-prentsa, Herria]

adibide gehiago:

(14.29)

Ez dira guti beren aurpegietan malko arrastoak dituztenak. Arras polit eta hunkigarria dena, xehetasun batengatik izan ez balitz: horietariko bat baino gehiago Henrike Borboikoari "Kuku antikristoa! " oihukatzen ziotenetarik izanen zen duela hogei urte, erran nahi baita, erregeri hiriko ateak irekitzeari behin eta berriz uko egiten ziotenetarik. Giza arima zein arina eta mudakorra den oroitarazi dio Pedro Agerrek bere buruari. [EPD, Mailuaren odola, Aingeru Epaltza (Elkar, 2006) Orr.: 16]

(14.30)

-Aro berria du gure Elizak, aro berria Nafarroako Erresumak... Errana da ministro baikorra genuela Donapaleun. Hamaika urte egin berria nintzen, eta bihotza hanpaturik aditzen nituen haren hitzak. Enekot Ezponda elizkizunaren ondotik ezagutu nuen. Erreginaren ordezkari zegoen han, erran nahi baita, tenpluaren bigarren ordaintzailearena. [EPD, Mailuaren odola, Aingeru Epaltza (Elkar, 2006) Orr.: 108]

(14.31)

-Lüküze zakur zaharra duk -Katalinak, temati- eta bazakik Joanaren mendekua ez dela oraingoz honaino ailegatuko, errege Karlos bere ilobaren kolera piztu gabe. Horrek ataka gaiztoan eman gaitik. Beharbada keinuren bat espero zuen niregandik, erran nahi baita, aditzera emate bat bere hitzen mamiaz jabetzen nintzela. Ez nion halakorik eskaintzen ahal. Etxeberri ministroa anitz mintzatzen zitzaigun Jainkoaren hitzaz eta orobat aitatxi Iruñeko karrikez. Kontrara, deus guti erakutsi zidaten gure erresumen mugen gainean, are gutiago gure errege-erregi-na ustez ahalguztidunen ahalmenen gainean muga horietatik kanpora. [EPD, Mailuaren odola, Aingeru Epaltza (Elkar, 2006) Orr.: 168]

(14.32)

Eta batean nahiz bertzearekin hain basatiki aritzen, orobat unaturik eta urraturik egoten baitziren akabantzan hala bera nola ehiza-lagunak edo maitalea. Halako gehiegikerien ondotik, heriotzaren ataria ukitzeraino eritzen zen, eta hainbat egunetan ohatzetik ez jalgitzen. Gainerako denbora, bertzelako eginkizunetan ematen zuen, erran nahi baita, idazten edo musika sortzen, bere anaia Anjouko dukea gorrotatzen edo bere buruaz gupidatzen frantsesek maite ez zutelako. Frantziako egiazko erregea, dudarik gabe, erregina-ama zen. Gorroto nion. Beldur nion. Ez zitzaidan, haatik, harrigarri emazteki bat toki gorenetan ikustea. [EPD, Izan bainitzen Nafarroako errege, Aingeru Epaltza (Elkar, 2009) Orr.: 122]

(14.33)

Orduan, briu-brau, Luzaideko erretoreak, jujeen manuz, erran behar diote espos gazteei gaizki ezkonduak izan direla eta arras kinka txarrean daudela, beren ezkontza ez baita bali. Erraiten du, gainera, sakramentuetara hurbiltzeko ez direla gai, juntaturik daudelakoz. Esposek ihardetsi ondoan ez dutela batere berriz ezkontzeko xederik, eskomikatuak dira, erran nahi baita Elizatik kanporatuak. Gaixo ondarlarrak! Ez zirena sobera garratzak orduko Elizaren agintari batzuk, holako gaztigu bortitzaren emateko? Beharrik, geroztik, gauzak aldatu dira, eta kristoren bihotz onaren berri eman daukute. [EPD, Luzaiden gaindi 2, Angel Aintziburu (Elkar, 2009) Orr.: 132]

argibide gehiago:

Askotarikoak izan daitezke azalduaren (birformulakizuna) eta azalpenaren (birformulazioa) arteko harremanak: biak izan daitezke mugatuak; biak mugagabeak; edo bata mugagabea eta bestea mugatua.

(14.34)

Eta, gure legearen arabera ez baita haizu apez bati Erromatik ohore edo distintzionerik batere hartzea, Frantziako-Gobernuaren baimena galdetu eta ardietsi gabe, Gobernu hunen izenean, hemen goratik erraiten dut apez hekieri debekatuko ditugula izan dituzten ohorezko titulu hetaz, batere ez behin ere zerbitzatzea. Eta badut esperantxa, Erromako Gortea, erran nahi baita Aita Sainduaren gobernua, lehena izanen dela apez horien bere herriaren legea obediaraztea aholkatzeko. (...) [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 120]

(14.35)

Herritarren kopurua goititu, %13-z - 1999an 860 Aihertar ginen, eta orain 2006ean egin kondaketaren arabera, 970 Aihertar gira, erran nahi baita kasik miletara heltzen girela. [EPD-prentsa, Herria]

(14.36)

Orok ikasten dute orratzaren ibiltzen, berrien hausten eta oroz gainetik zaharren apaintzen. Holaxet entseatzen dira oro laneko gustiaren hartzera. Lehenbiziko Baigorriko eskola emaileak ziren serora filles de la Croix deitzen diren horietarik, eta serora horiek eskola eman izan dute etxe hortan hogoi eta hamabi urtez erran nahi baita joan den hilabetearen leheneraino. Oraino ere hor izanen ziren superioarak ez balu aspaldi pasatu erretretako adina. Bazituen hiruretan hogoi eta bortz urte. [EPD, Xuri-gorriak, Xipri Arbelbide (Elkar, 2007) Orr.: 174]

Beste diskurtso-markatzaile batzuk ez bezala (baina, hala ere, ), erran nahi baita ez da agertzen juntagailuekin batera birformulatzaile eginkizunean (?eta erran nahi baita, ?baina erran nahi baita ). Salbuespen bakarra aurkitu dugu: edo juntagailuarekin.

(14.37)

Orok dakigun bezala nehon ez da biltzarrerik egiten ahal merian egin gabe aintzinetik deklarazione edo erran nahi baita mera abisatu gabe. [EPD-prentsa, Herria]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Gaur egun, bakan erabiltzen da Hegoaldeko euskara batuan. Iparraldean, ordea, erruz erabiltzen da: testu mota guztietan, lagunarteko erregistroan zein maila zainduan, hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

0

0.00

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

0

0.00

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

0

0.00

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

1

0.04

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

217

2.02

B1a. EPD liburuak

106

1.03

B1b. EPD prentsa

125

1.19

B2. ZT Corpusa

6

0.09

C1. ETBko dokumentalak

0

0.00

C2. Goenkale corpusa

0

0.00

Denera

455

0.72

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

236

0.66

Itzulpenak

219

0.81

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Testu mota guztietan

b. Lagunartekoan eta zainduan

c. Hizkuntza idatzian eta ahozkoan

Gaur egun, bakan erabiltzen da Hegoaldeko euskara batuan. Iparraldean, ordea, erruz erabiltzen da: testu mota guztietan, lagunarteko erregistroan zein maila zainduan, hizkuntza idatzian zein ahozkoan.

OEHko azalpenen arabera (ikus gorago Euskal Hiztegiak), tradizio zaharrean erran nahi da aldaera da erabiliena; gero, XIX. mendearen amaieratik aurrera erran nahi baita aldaera nagusitu zen, XX. mendean beste esapidea (erran nahi da) ia erabat ordezteraino.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH (erran > erran nahi da/baita)]

Es decir

[Elhuyar: erran nahi da / erran nahi baita]

Es decir

frantsesa

[Elhuyar] C´est-à-dire

ingelesa

[Elhuyar, Morris] In other words, that is to say

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Gehienetan, birformulatzailea da erran nahi baita esapidea. Nolanahi ere, litekeena da testuinguru batzuetan (kausazko perpausetan) birformulatzaile-zeregina ez betetzea.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus