Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
ERRAN NAHI DA

1. Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. Balioa

Erran nahi baita birformulatzailearen aldaera bat da erran nahi da eta birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela erran nahi da esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.

Aurreko enuntziatuari birformulakizun esango diogu, eta azalpen berriari atal birformulatzaile edo, oro har, birformulazio. Diskurtsoaren harian birformulazioa geratzen da indartuta edo nabarmenduta; hortaz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea. Diskurtso-markatzaile honen bidez aurreko enuntziatuan —perpaus beraren aurreko sintagman nahiz aurreko perpausean— esandakoa birformulatzen da, adierazitakoa argiagotzeko edo azaltzeko.

(2.1)

(...) Gizakiaren esentziak ez du barne hartzen ezinbesteko existentzia; erran nahi da, naturaren ordenaren arabera, gerta daitekeela gizaki hau eta gizaki hura existitzea, edo berdin ez existitzea. [PKC, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 123]

Birformulakizuna

Gizakiaren esentziak ez du barne hartzen ezinbesteko existentzia;

Azalpena: atal birformulatzailea

esan nahi da, naturaren ordenaren arabera, gerta daitekeela gizaki hau eta gizaki hura existitzea, edo berdin ez existitzea.

(2.2)

Ageri da, beraz, bi atributu elkarretarik egiazki bereizirik ulertzen baldin badira ere, erran nahi da, bata bestearen beharrik gabe, ez dugula hortik aterako horiek bi izaki direla edo bi substantzia ezberdin osatzen dituztela. [PKC, Etika, Spinoza / Piarres Xarriton (1997) Orr.: 47]

Birformulakizuna

(bi atributu) elkarretarik egiazki bereizirik (ulertzen)

Azalpena: atal birformulatzailea

erran nahi da, bata bestearen beharrik gabe

Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, erran nahi baitaren bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu zatiak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak)

Birformulatzaile gisa, gaur egun ez da batere erabiltzen erran nahi da esapidea Hegoaldeko euskara batuan. Ezta Iparraldekoan ere: gure datuen arabera, Piarres Xarritonek (“Pentsamenduaren Klasikoak”) baizik ez du erabiltzen birformulatzaile hau. Guztiz maiztasun apala du beste birformulatzaile batzuen aldean: alegia ( = 100.000ko 31,22); hots ( 19,48); erran nahi baita ( 0,72); erran nahi da ( 0,07). Eta ematen du, batez ere, hizkuntza idatzian eta maila jasoan —itzulpenetan— erabiltzen dela: beharbada, testu zaharraren euskarazko itzulpenari zahar-kutsua emateko edo. Izan ere, OEHko datuen arabera (ikus erran nahi da/baita), tradizio zaharrean erran nahi da aldaera izan zen erabiliena; gero, XIX. mendearen amaieratik aurrera erran nahi baita aldaera nagusitu zen, XX. mendean beste esapidea (erran nahi da) ia erabat ordezteraino.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus