Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan
birformulatzailea > esplikatiboa
Erran nahi da eta erran nahi baita birformulatzaileen aldaera ezohiko bat da esan nahi da, eta birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela esan nahi baita esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.
Aurreko enuntziatuari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’. Diskurtsoaren harian birformulazioa geratzen da indartuta edo nabarmenduta; hortaz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.
Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea. Diskurtso-markatzaile honen bidez aurreko enuntziatuan —perpaus beraren aurreko sintagman nahiz aurreko perpausean— esandakoa birformulatzen da, adierazitakoa argiagotzeko edo azaltzeko.
Nagusitasun ulertezin bat du horrelakoetan inkontzienteak, esan nahi da, inkontzienteak duen erakargarritasun-indarrak eduki kontzienteei balio guztia kentzen diela, edo beste hitz batzuetan adierazteko, libidoa mundu kontzientetik erretirarazten duela "depresio" bat sortaraziz, "abaissement du niveau mental" bat (Janet) eraginez alegia. Horrelako kasuetan, energiaren legea kontuan izanik, inkontzientean balio-metatze bat (libidoa) gertatuko dela itxaron beharko. Modu zehatz batean bakarrik uler daiteke libidoa, esan nahi da, libidoa eta fantasia-irudiak gauza bera direla. [PKC, Niaren eta inkontzientearen arteko harremanak, C.G. Jung / Lontxo Oihartzabal (2003) Orr.: 156]
Birformulakizuna |
Modu zehatz batean bakarrik uler daiteke libidoa, |
Azalpena: atal birformulatzailea |
esan nahi da, libidoa eta fantasia-irudiak gauza bera direla. |
Oker bideratutako ekintzak, esan nahi da, bestela ezagunak diren hitzak eta izenak ahaztea, baita asmoena ere, hitz egiterakoan trabatzea, irakurtzerakoan eta idazterakoan akatsak egitea, gauzak tokiz aldatu eta ezin aurkitu ahal izatea edo galtzea, ondo ezaguna denaren aurkako hainbat oker, ohiturazko hainbat eta hainbat keinu eta mugimendu - nik hemen gizaki arrunt eta osasuntsuak oker bideratu dituen ekintza moduan laburbiltzen ditudanak - ez dira aintzakotzat hartuak izan psikologian, aditasunik-ezaren ondorio bezala ikusiak izan dira, eta nekearen, kontzentrazio-eskasiaren eta gaixotasun arin batzuen ondoriotzat onartuak. [PKC, Psikoanalisiaren aurkezpena, Sigmund Freud / Lontxo Oihartzabal (1996) Orr.: 121]
Birformulakizuna |
Oker bideratutako ekintzak, |
Azalpena: atal birformulatzailea |
esan nahi da, bestela ezagunak diren hitzak eta izenak ahaztea, (...) hitz egiterakoan trabatzea, (...) akatsak egitea, (...) aurkitu ahal izatea edo galtzea |
Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, esan nahi daren bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu zatiak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak)
Oso bakanetan erabiltzen da esan nahi da esapidea euskara batuan birformulatzaile gisa, eta batzuetan gainera —erran nahi baita esapidea ez bezala— birformulazioaren amaieran kokatuta ageri da (gerra askotan, amodio-kontuetako gerretan esan nahi da). Oso maiztasun apala du birformulatzaile gisa. Izan ere, gure corpuseko agerpen gehienetan ez da birformulatzaile, predikatu arrunta baizik ('determinismo' esatean zera esan nahi da: …). Alegia, ia ez dago batere lexikalizatuta.