Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
ESAN NAHI BAITA

1. Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. Balioa

Erran nahi baita birformulatzailearen aldaera bat da esan nahi baita, eta birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela esan nahi baita esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.

Aurreko enuntziatuari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’. Diskurtsoaren harian birformulazioa geratzen da indartuta edo nabarmenduta; hortaz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea. Diskurtso-markatzaile honen bidez aurreko enuntziatuan —perpaus beraren aurreko sintagman nahiz aurreko perpausean— esandakoa birformulatzen da, adierazitakoa argiagotzeko edo azaltzeko.

(2.1)

Denborarekin, baina, Rufino isildu egin zen: esan nahi baita lehengo boladari, zeinean ez baitzuen heraldikaz beste gairik, beste bolada bat jarraitu zitzaiola: mututasunarena, azkenean Reginari arrazoia eman behar izan balio bezala, baita ohartu ere, kontu hartaz denaz bezainbatean, alferrikako ihesbidean zebilela eta onena zera zuela, errealitatea zen bezalaxe onartzea. [EPD, Bestea da mundua, Joan Mari Irigoien (Elkar, 2008) Orr.: 15]

Birformulakizuna

(...) Rufino isildu egin zen:

Azalpena: atal birformulatzailea

esan nahi baita lehengo boladari, zeinean (...), beste bolada bat jarraitu zitzaiola: mututasunarena, (...) 

(2.2)

Harrapaketa anizkoitzak ere populazioaren itxiera halabehartzen du, hots, ez jaiotzarik, ez heriotzarik, ezta ezein migraziorik laginketaldian zehar; horregatik, denboraldi laburretan burutzen da (esan nahi baita, animaliaren bizi-zikloarekiko labur). Harrapaketak birritan baino gehiagotan egiten dira, aldi bakoitzean jasotako animalia markatugabeak markatuz eta askatuz. Harrapaketa anizkoitzean atzemangarritasun edo harrapaketa-probabilitatearen araberako ereduak garatu dira. (...) [ZTC, Animaliak zenbatzeko teknikak, Garin Atorrasagasti, Inazio – Udako Euskal Unibertsitatea, 1999 (liburu artikulua)]

Birformulakizuna

(denboraldi) laburretan (burutzen da) 

Azalpena: atal birformulatzailea

esan nahi baita, animaliaren bizi-zikloarekiko labur

Aurreko adibideetan ikus daitekeenez, esan nahi baitaren bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu zatiak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak)

Gaur egun, bakan erabiltzen da Hegoaldeko euskara batuan. Gure datuen arabera, “Pentsamenduaren Klasikoak” eta “EPD-liburuak” azpicorpusetan agertzen da batik bat, eta nolanahi ere, oso maiztasun apala du beste birformulatzaile batzuen aldean: alegia ( = 100.000ko 31,22); esan nahi baita ( = 100.000ko 0,65). Ematen du, batez ere, hizkuntza idatzian eta maila jasoan —itzulpenetan— erabiltzen dela.

Bestalde, Hegoaldeko esan nahi baita aldaeraren erabilerak baditu berezitasun batzuk Ipar-ekialdeko tradizioko erran nahi baita esapidearenaren aldean: a) perpausak birformulatzeko erabiltzen da batik bat; b) batzuetan perpaus osagarririk gabe (-la menderagailurik gabe) erabiltzen da (esan nahi baita, giro lasaiagoa behar da); c) noizean behin birformulazioaren amaieran ageri da birformulatzailea (handitzean, kontsumitzaile handiak bihurtzean esan nahi baita). Berezitasunok Hegoaldeko hiztunei zor zaizkien berrikuntzak direla ematen du. Izan ere, Ipar-ekialdekoei ikasitako esapide moldatua da esan nahi baita birformulatzailea.

esan nahi baita 

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

2

0.20

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

2

0.03

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

2

0.04

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

1

0.04

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

209

1.95

B1a. EPD liburuak

159

1.55

B1b. EPD prentsa

9

0.08

B2. ZT Corpusa

26

0.39

C1. ETBko dokumentalak

0

0.00

C2. Goenkale corpusa

1

0.00

Denera

411

0.65

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

169

0.47

Itzulpenak

242

0.89

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus