Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
BESTELA ESANDA

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da bestela esanda: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Gramatikalizatze-bidean dagoen esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela bestela esanda esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’. Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.

(2.1)

Jakitekoa da bakterio beregainezko zopa batek, beste adibide bat jartzearren, egitura gutxiago duela lotura fisikoz sendo elkarturiko zelula multzo batek baino, eta hark egitura gutxiago, berriz, ongi uztartu eta koordinaturiko jarduera fisiko eta kimikoa duen zelula-ehun batek baino. Jakitekoa da ez dela organismo bizirik barne-banakuntza muntadunik gaberik. Bizitza ez da planetaren gainean isuritako halako mintz jarraitu bat. Ez da izaki bizirik egiturarik gaberik; bestela esanda: bizirik egoteko, gutxieneko barne-partiketa bat behar da. [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) Orr.: 19]

Birformulakizuna

Ez da izaki bizirik egiturarik gaberik;

Azalpena: atal birformulatzailea

bestela esanda: bizirik egoteko, gutxieneko barne-partiketa bat behar da.

(2.2)

Wallersteinek 1974, 16 or. gurutzatuek 1204an Konstantinopla hartu ondoren, XIII. mendean, Veneziak Bizantzioko Inperioaren zuzendaritza politikoa hartzeari uko egin zionean, jartzen du metatzearen aldeko joeraren lehen agerraldia. Europar mundu-ekonomiaren nolakotasun kapitalistatik dator haren bokazio unibertsala, bestela esanda, munduko espazio osora zabaltzeko joera, espazio horren hetereogeneitateaz baliatuz; (...). [EHU, Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro (EHU, 2004) Orr.: 46]

Birformulakizuna

( nolakotasun kapitalistatik dator) haren bokazio unibertsala,

Azalpena: atal birformulatzailea

bestela esanda, munduko espazio osora zabaltzeko joera

Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Bestalde, aurreko adibideetan ikus daitekeenez, bestela esanda birformulatzailearen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu atalak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak).

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Hona hemen bestela esanda birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak:

a. Identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzea

Honetan datza birformulazio-prozesua: bestela esanda esapidearen bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide egiteko erabiltzen da bestela esanda. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko.

Biformulakizunari erreferentzia jakin bat esleituz argiagotzen da aurreko adierazpena:

(3.1)

Asteburu guztietan ikusten da hori. Ustelkeriak, gainera, ez du irtenbiderik. Nola izango du, bada, agintariei komeni ez bazaie? Alferrik batuko dira txikiak, alferrik izango dira ahaleginak, handiek dena kontrolatzen dute-eta: erakundeak, kirol batzordeak, epaileak, hedabide handiak... Zelaitik kanpokoa eta barrukoa. Berak galdu zuen. Osasunak, bestela esanda. [EPD-prentsa, Berria]

(3.2)

Pentsa liteke oso urrun dagoela hori partikulen arteko indar bortitzetik, baina badu edertasun deigarri bat kontuak: bada indar bat —kasu honetan, indar elektromagnetikoa— azpian simetria-printzipio bat erakusten duten ekuazioz deskribatzen dena. Hain zuzen ere, horrek aukera handiagoa ematen digu pentsatzeko ikusten ditugun prozesu fisikoekbestela esanda, elektrizitatearen eta magnetismoaren artean hautematen ditugun eragin-truke horiexek— simetria lokalean dutela jatorria. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 422]

Biformulakizunari zehaztapenen bat gaineratuz argiagotzen da aurreko adierazpena:

(3.3)

1991tik 1996ra, Munduko Bankuak jasotako datuen arabera, eragile pribatuek 900.000 milioi dolar korronte inguru mailegatu, ezarri edo inbertitu zituzten garapen-bideko herrialdeetan, Ekialdeko Europa barne, eta 1985-1990 urte bitartean 170.000 milioi baino ez ziren izan. Zifra horiek epe luzeko deritzaten fluxu garbiei dagozkie, bestela esanda, urtebete baino gehiagorako fluxuei, parte nagusia eta kopuru desinbertituen ordainketa kenduta. Maileguen gainean ordaindutako interesak eta atzerritar inbertitzaileek beren herrira eramandako dibidenduak eta mozkinak kontuan hartzen badira, garapen-bideko herrialdeen aldera joandako baliabideen transferentzia garbien zenbatekoa ateratzen da; transferentzia horien bilakaera ere oso adierazgarria da. [EPD, Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro (EHU, 2004) Orr.: 131]

adibide gehiago:

(3.4)

Dmitri Pitermanek Juan Carlos Olivari egin zion ongietorria nolakoa izan zen ikusi ondoren, inork ez zuen uste Alavesen aldaketa handirik egongo zenik. «Erabakiak nik hartzen ditut», esan zion presidenteak. Ez zegoen, beraz, entrenatzaile aldaketak taldearen ibilbide kaskarrean eragin handirik izango zuela pentsatzeko arrazoi askorik. Usteak erdi ustel. Oliva Alaveseko entrenatzaile denetik, azken hamabost puntuetatik hamar irabazi ditu taldeak. Edo bestela esanda: 20. postutik 15.era egin du salto. [EPD-prentsa, Berria]

(3.5)

Adingabeen eremu pertsonalari dagokionez, zenbait betebehar garrantzitsu dituzte gurasoek: (1) Haurrak zaindu, bestela esanda, haurren beharrei egoki erantzun. [Zuzen-TA, Familia Zuzenbidea, Leire Imaz (UPV/EHU, 2009)]

b. Birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea

Honetan datza birformulazio-prozesua: bestela esanda esapidearen bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argiagotzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da bestela esanda. Alde batetik, aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argitzeko erabiltzen da. Bestetik, hitzen esanahia argitzeko erabiltzen da (neologismoak, hitz ezezagun edo teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak, eta abar).

(3.6)

Bestalde, halako gertakizunekin loturiko hipotesi gehienek ez dute modurik eskaintzen, ez berreraikuntzarako, ez esperimentu bidezko egiaztapenerako. Bestela esanda, argi samar ageri bada ere gizakiak, animaliak, landareak, onddoak, mikrobioak -hots, nola edo halako bizidunok- hasierako protobakterioren batetik gatozela guztiok, ez da bihar goizeko kontua izango, ez horixe, gure arbaso erkide horren aurpegi zehatza ezagutzea. Hala, eboluzioaren teoriak bezala, kosmogonia modernoak ere, unibertso mudagaitz baten, denbora itzulgarri baten ideiaren lekuan, etengabe berrantolatzen den eta historiaren esku dagoen unibertso batena ipini du. [ZIO, Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 35]

(3.7)

Hortzak ere palanka-sistema baten parte dira; 3,5eko desabantaila mekanikoa dago ebakortzetan, eta 1,7koa haginetan, hau da, mastekatze-lan gogorrena egiten den lekuan; haginek, bada, hortzek baino bi aldiz indartsuago estutzen dute. Ingeniaritzaren ikuspuntutik, zera da muskuluen diseinu-akatsik nabarmenena: uzkurtuz ez bada, ezin dutela lanik egin; bestela esanda, muskuluek tira egin dezakete, baina bultzarik ez. [ZIO, Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006) Orr.: 64]

(3.8)

Ohartu bedi nola ziurgabetasunaren ideia, lagunarteko hizkeran duen esanahiarekin, hots, zoriaren, kaosaren edo ezjakintasunaren sinonimotzat, ondo zentzu argi, neurgarri eta objektibo batez janzten den horrenbestez. Berdintzaren beste terminoetariko edozein bezalaxe, bistan da. Izaki bizi baten aurre-hartze gaitasunak banako bizi bat irits daitekeen egoeren aldakortasun-tartea (bestela esanda, konplexutasuna) adierazten du, behin ingurumena zer egoeratara irits daitekeen finkaturik (ezaguturik). [ZIO, Formen matxinada, Jorge Wagensberg / Juan Garzia (EHU, 2007) Orr.: 148]

adibide gehiago:

(3.9)

Planck horretaz jabetu balitz, baztertu egingo zuen noski bere teoria, eta ez zen iritsiko energia-kuantuaren aurkikuntza bikain hartara, Einsteinek berak geroago ohartarazi zuen bezala. Barrunbe-erradiazioaren intentsitatea kalkulatzeko Planck-en formulaz mesfidati, Wien-en formula zaharragoa erabili zuen Einsteinek haren ordez, ederki azaltzen baitzuen barrunbe-erradiazioa uhin-luzera laburretan edo, bestela esanda, maiztasun altuetan. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 44]

c. Birformulakizunaren esanahia zabaltzea: definizioa

Honetan datza birformulazio-prozesua: bestela esanda esapidearen bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, definizio bati bide egiteko erabiltzen da bestela esanda. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da.

(3.10)

Uranio astunaren atomo baten diametroa elementu arinenaren - hots, hidrogenoaren - atomoaren diametroa baino bizpahiru aldiz handiagoa baino ez da. Atomo arrunt baten diametroa 0,3 nanometro inguru da; nanometroa (1 nm) metro baten milamiliorena da, edo, bestela esanda, milimetro baten milioirena; alegia, irudikatzeko gai garen neurriaren muga-mugan. [ZIO, Erreinu periodikoa, Peter William Atkins / Juan Garzia (EHU, 2011) Orr.: 45]

adibide gehiago:

(3.11)

Gregoryk bere paziente S.B.rengan ikusi zuena ekarri zidan gogora: ez ziola "aurpegira begiratzen hitz egiten zuenari", eta ez ziela "antzematen aurpegierei". Virgilen portaera ez zen egiaz ikusten duen gizonarena, baina itsuarena ere ez. Agnosiko edo, bestela esanda, gogamenez itsu balitz bezala portatzen zen: ikusi bai, alegia, baina zer ikusten ari zen deszifratzeko gai ez balitz bezala. [ZIO, Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 126]

(3.12)

e) Hantura horrek nerbio trigeminoa narritatzen du, eta hortik sortzen da min zorrotz eta taupakaria. Migraina kasuen %30ean aura izeneko sentsazioa agertzen da; bestela esanda, min atakearen aurretik agertzen diren alterazio neurologiko sail bat. [EPD, Berria]

d. Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea: izendapena

Honetan datza birformulazio-prozesua: bestela esanda erabiliz birformulakizuneko formulazio luzea termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean; hots, birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati bide egiteko erabiltzen da bestela esanda.

(3.13)

Lotsagarria izan zen Madrileko partidaren ondoren eman zuen prentsaurrekoa. Topikoak gora eta topikoak behera. Hura hitz egiten aritu edo gure etxera etortzen den igeltseroa aritu, gauza bera izango zen. Ez zuen ezer esan. Zerbaiti buruz hizketan ari behar duenak gai horretaz ezer gutxi badaki, ohiko esaldi eginak erabiltzen ditu. Topikoak, bestela esanda. [EPD-prentsa, Berria]

adibide gehiago:

(3.14)

Zenbait egoeratan, bien batura sinplearen ondoriozko kimika izaten dugu; beste zenbait egoeratan, aldiz, karbonilo a,ß-asegabeak, enonak, talde funtzional oso gisa jokatzen du. Hurrengo kapituluetan ikusiko dugunez, erreaktibotasun konplexu hori ohikoa da bi talde funtzional dituzten molekuletan (edo, bestela esanda, konposatu difuntzionaletan). [EHU, Kimika organikoa, Volhardt, K. Peter C. et al. (EHU, 2008) 18. kapitulua]

(3.15)

Fotosintesi-mintz unitario baten barruan, klorofila edo bakterioklorofila molekulak proteinei lotzen zaizkie, eta, hala, 50-300 molekulaz osatutako konplexuak eratzen dituzte (15.6 irudia). Pigmentu molekula gutxi horietako batzuek bakarrik hartzen dute parte argi-energia ATP bilakatzen, erreakzio-zentroetako klorofilek edo bakterioklorofilek, hain zuzen (15.6 irudia). Zentro horien inguruan, argia jasotzen duten klorofilak, edo, bestela esanda, antena-klorofilak pilatzen dira. [EHU, Mikroorganismoen biologia , Madigan, Michael T et al. (EHU, 2007) 15. kapitulua]

e. Beste balio batzuk: ondorioa, dedukzioa

Bestalde, zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzake bestela esanda markatzaileak. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulazioaren nolabaiteko hiperonimoak direnez, gai dira erabilera markatuetan bestelako balioak (ondorioa, dedukzioa) eta birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa).

Zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatzen dituzte inferentzia-prozesuetan.

Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da bestela esanda: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa Halakoetan, atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo testuan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Gehienetan, aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da birformulazioan (zenbaitetan, ondorio subjektiboa).

(3.16)

Daukagun gene arruntenetako bat alderantzizko trasnskriptasa proteina egiten duena da; eta proteina horrek, guk dakigula, ez die batere onurarik egiten gizakiei. Hain zuzen, gizakien sisteman oharkabean sartzeko aukera ematen die erretrobirusei (adibidez, GIBari). Bestela esanda, gure gorputzak energia asko samar gastatzen du guri mesederik egiten ez digun proteina bat ekoizteko, eta proteina horrek, batzuetan, ondo izorratzen gaitu. Gure gorputzak ez du aukerarik: proteina hori egin egin behar du, geneek agintzen dutelako. Geneen haizeak mugiarazten dituen belaontziak gara. [EPD, Ia denaren historia labur bat, Bill Bryson / Ixiar Iza (Elhuyar, 2009) Orr.: 393]

adibide gehiago:

(3.17)

Eta atzera Txapeldunen Ligari eusteko, hobeto (otsailaren bukaeran hasiko da berriro, Lyonen kontra). Bat edo bestea, bietako bat aukeratu beharko luke; biak ez. Ligan putzuan ibili denean eta Txapeldunen Ligan bete-betean zebilenean, oso gaizki pasatu du. Lyonen kontra jokatzerako Ligan erdialdean baldin badago, harrobia lantzeko askoz aukera hobea. Olabek eman beharko lioke horri garrantzia. Izan ere, Realean Denoueixen aroan, denboraldi eta erdian, behetik inork ez du irten, edo, bestela esanda, behetik inor ez du atera Denoueixek. [EPD-prentsa, Berria]

(3.18)

Hortik ideia ezen, Brigitte Bardot-en edo De Gaulle jeneralaren zeluletatik, nahi adina Brigitte Bardot edo De Gaulle jeneral fabrika zitezkeela. Duela hamar edo hamabost urte, hala, artikulu mordoa plazaratu zen halako klonazioaren abantailak edo, sarriago, ondorio latzak deskribatuz. Bestela esanda, igelekin ozta-ozta lortzen zena besterik gabe estrapolatzen zuen hainbatek gizakietara. [ZIO, Sagua, eulia, eta gizakia, François Jacob / Juan Garzia (EHU, 2004) Orr.: 30]

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazioaren elementu garrantzitsua, birformulatzaile paradigmatikoa: esatariak, aurreragoko formulazio “desegoki” baten ordez bigarren bat jartzen du, egokiagoatzat jotzen duena: esatariak, bere aurreko adierazpenaren balizko iluntasunaz jabeturik, agerian utzi nahi du birformulazioaren bidez bere diskurtsoaren zentzua. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (Larringan, 1996: 245).

Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.

argibide gehiago:

Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:

*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea. 

(4.1)

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:

(4.2)

Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.

Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).

Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.

(4.3)

[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

(4.4)

Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Azalpenak emateko ez ezik, informazioa gaineratzeko ere erabiltzen da bestela esanda birformulatzailea. Bestalde, nabarmenduta edo indartuta geratzen da bestela esanda birformulatzailearen bidez txertatzen edo gaineratzen den iruzkina eta informazioa (birformulazioa): birformulakizuna atzenduta, birformulazioa hartu behar da aintzat diskurtsoaren harian.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa. Inferentziazko prozesuetan, berriz, ondorioa adierazteko erabiltzen da bestela esanda birformulatzailea: birformulakizunean esandakotik ondoriozta daitekeen zerbait —batzuetan, ondorio subjektiboa— gaineratzeko balio du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Moduzko perpaus adberbial jokatugabe baten gramatikalizazioz sortua da bestela esanda diskurtso-markatzailea (bestela esanda / bestela esateko / bestela esanik). Dena dela, ez dago guztiz gramatikalizatuta eta horregatik du mugikortasun mugatua.

Birformulatzaile-zeregina betetzen duenean, etenaldi artean ageri da esapidea (idazkeran, koma artean).

8. aurkibidera joan Aldaerak

Ez dago guztiz gramatikalizatuta: lehian dabil beste aldaera libreago batzuekin.

BESTELA ESANDA (738 agerpen)

  • bestela esan (213 agerpen)
  • bestela esateko (43)
  • bestela esanik (20 agerpen)

Maiztasun urria dutenak (lexikalizatu gabe daudenak):

  • bestela esatearren (9 agerpen)
  • bestela esanez (1 agerpen)
  • bertzela erraiteko (1 agerpen)

     

  • bertzela erran (3 agerpen)
  • bertzela erranik (1 agerpen)
  • bertzela erran dezadan (1 agerpen)

9. aurkibidera joan Baliokideak

BESTE ERA BATERA ESANDA, BESTE MODU BATERA ESANDA, BESTE HITZ BATZUETAN, BESTE HITZ BATZUETAN ESANDA, BESTE HITZEZ (ESANDA)

Baliokidetzat jo ditzakegu egungo euskaran birformulatzaile gisa erabiltzen diren esapide hauek guztiak: bestela esan(da), beste era batera esanda/esateko, beste modu batera esanda/esateko, beste hitz batzuetan (esanda/esateko) eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko).

Gure corpusaren arabera, gaurko euskaran baliokideen artetik bestela esanda esapideak ditu maiztasunik altuena eta tradiziorik onena[1]. Ondoren, beste era batera esanda, beste modu batera esanda eta beste hitz batzuetan (esanda) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa dute beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…). Hona baliokide bakoitzaren agerpen kopurua eta maiztasuna:

Birformulatzaile baliokideen maiztasunak (EUDIMA corpusa) [*Oharra: ‰ = 100.000ko]

Bestela esanda/esateko…

1032 agerpen, ‰ 1,64

Beste era batera esanda/esateko…

462 agerpen,   ‰ 0,73

Beste modu batera esanda/esateko…

231 agerpen,   ‰ 0,36

Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko)

257 agerpen,   ‰ 0,41

Beste hitzetan/hitzez (esanda/esateko)

104 agerpen,   ‰ 0,16

 

Baliokide erabatekoak dira esapideok guztiok, bai balio semantiko-pragmatikoari dagokionez, bai posizioari eta sintaxiari dagokienez.

[1] Nolanahi ere, bestela esan(da) esapideak ez bide du oso tradizio luzea. Izan ere, XX. mendearen bigarren zatikoak dira OEHko lekukotasunak (“Kamiñazpi”: bestelan esanda; Orixe: bestela esan; Mitxelena: bestela esan) eta haietako gehienak, gainera, Mitxelanari zor zaizkio.

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Birformulatzaile hau (bestela esanda) ez dago aztertuta euskal gramatiketan.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Beharbada guztiz lexikalizatuta eta gramatikalizatuta ez dagoelako ez dago jasota forma hau (bestela esanda) esapide gisa euskal hiztegietan. OEHn, berriz, jasota dago bestela esan esapidea, forma hori dokumentatzen baita literatura-tradizio berrian (XX. mendearen bigarren zatian).

[OEH] Ikus Orotariko Euskal Hiztegian: bestela > bestela esan

BESTELA ESAN. Dicho de otra forma. Beste eredurik ez baldin badakar, ez du, ene ustez, mintzatzeko eskubiderik. Bestela esan, [...] bere kontzientzian eraman behar duen harrak ixil-eraziko du. MIH 223. Euskara batuak, izkribuzko batasunaren bitartez, juduentzat adina jentilentzat egina behar du izan; bestela esan, aitzinazaleentzat adina atzerazaleentzat. Ib. 124. Ez zuen, bestela esan, XVII, mendeko iraultzaren berri gehiegirik jaso. MEIG VI 108.

EUDIMA corpusaren arabera, gaurko euskaran baliokideen artetik bestela esanda esapideak ditu maiztasunik altuena eta tradiziorik onena. Nolanahi ere, bestela esan(da) esapideak ez bide du oso tradizio luzea. Izan ere, XX. mendearen bigarren zatikoak dira OEHko lekukotasunak (“Kamiñazpi”: bestelan esanda; Orixe: bestela esan; Mitxelena: bestela esan) eta haietako gehienak, gainera, Mitxelanari zor zaizkio.

[Euskal Hiztegia, Elhuyar, Hiztegi Batua, Euskaltzaindiaren Hiztegia]

Ez dago jasota bestela esan(da) esapidea, sarrera edo azpisarrera gisa.

Azkueren hiztegian ere (Diccionario vasco-español-francés) ez dago jasota bestela esan(da) esapidea.

12. aurkibidera joan Posizioa

Ez dago guztiz gramatikalizatuta eta horregatik du mugikortasun mugatua. Perpausak lotzen dituenean atal birformulatzailearen hasieran agertzen da ia ezinbestean:

(12.1)

Pertsona batzuk oroimen harrigarria dute beren izaera genetikoari esker, baina ez dago froga sinesgarririk oroimena trebakuntzaz edo ariketa bidez hobetu daitekeela erakusten duenik. William James amerikar psikologoak duela mende bat esan zuen bezala: "Gertaerak erregistratzeko norberaren metodoak hobetzea da oroimena hobetzea". Bestela esanda, jaiotzean eman zaigun oroimena aldatzerik ez badago ere, erabil daiteke hobeto. [ZIO, Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006) Orr.: 240]

Esanak esan, inoiz edo behin, sartzen duen perpauseko osagai baten —beheko adibidean, mintzagaiaren— eskuinean agertzen da birformulatzailea:

(12.2)

Ingurugiroa ez da besteak bezain iharduera produktiboa. Gainerako guzti-guztiak burutzeko behar den euskarria da, izan ere, ingurugiroa. Iturria irekitzen dugunean, arnasa hartzen dugunean edo menditik osteratxoa egitera irteten garenean inguruari eragin egiten diogu. Eta guk sortutako inpaktu horrek, gainera, ez du mugarik; iturburutik baino askoz haratago doa inpaktu ekologikoa, tximeleta efektuaren teoria ez dela horren zentzugabea frogatuz, bidenabar. Ingurugiroa, bestela esanda, herri txiki bat da: ezin da deus egin inguruko guztiok ohartu gabe. [ZTC, Fernandoren egiak, baina, Kaltzada Gonzalez, Pili Elhuyar Fundazioa, 1997 (aldizkari artikulua)]

Iruzkintzaile aposatua denean ere atal birformulatzailearen hasieran agertzen da gehienetan; baina baita haren amaieran ere batzuetan.

(12.3)

Pailazoa ez den pailazoa, beraz, edo, bestela esanda, "normalitatearen zirkuko pailazoa", umeen aurrean normaltasuna, heldutasuna edo zuzentasuna ordezkatzen baititu: gauza (edo "jaun") triste, zozo eta lerdo bat, horixe izan ohi baita pailazo zuria, umeen hezierarako asmatu den gauza baliozkoenetako bat baita nere gusturako. [ZIO, Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008) Orr.: 181]

(12.4)

Lotsagarria izan zen Madrileko partidaren ondoren eman zuen prentsaurrekoa. Topikoak gora eta topikoak behera. Hura hitz egiten aritu edo gure etxera etortzen den igeltseroa aritu, gauza bera izango zen. Ez zuen ezer esan. Zerbaiti buruz hizketan ari behar duenak gai horretaz ezer gutxi badaki, ohiko esaldi eginak erabiltzen ditu. Topikoak, bestela esanda. [EPD-prentsa, Berria]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Etenaldi artean agertu ohi da, eta hori idazkeran komen bidez islatzen da. Koma artean idazten da, eta, etenaldi handi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, eta gidoi edo parentesi baten ondoren), eskuinean koma duela.

(13.1)

Apuntetako azalpenetan oinarritu nintzen nire kalkuluak egiteko. Irlan eguerdia 23tan gertatu zen nire erlojuaren arabera. Horrek udako ordu ofiziala adierazten zuen eta beraz, bi ordu kendu behar nituen. Eguerdia 21etan gertatu zen hortaz. Bestela esanda, Greenwich meridianoarekiko 9 orduko atzerapena nuen. [ZTC, Non ote nago? latitudearen eta longitudearen kalkulua, Ibarra Mendia, Javier Elhuyar Fundazioa, 1995 (aldizkari artikulua)]

(13.2)

Fidagarritasunaren garapenean sortzen diren atzerapenen arriskurik handiena proiektuaren hasieratik kontutan hartu ez denean gertatzen da; fidagarritasunaren beharra, prototipoak onetsi ondoko proiektuaren bukaerako faseetan kontutan hartzen bada, alegia. Sistemaren fidagarritasunaren adierazlea MTBF (Mean Time Between Failures), hau da, huts egin arteko batezbesteko denbora, da; bestela esanda, funtzionamendu-tarte osoaren eta hutsegite-kopuruaren arteko erlazioa. [ZTC, Produktuen diseinuaren ezkutuko faktoreak, Zabala Lekue, Eduardo Elhuyar Fundazioa, 1996 (aldizkari artikulua)]

(13.3)

Adingabeen eremu pertsonalari dagokionez, zenbait betebehar garrantzitsu dituzte gurasoek: (1) Haurrak zaindu, bestela esanda, haurren beharrei egoki erantzun. [Zuzen-TA, Familia Zuzenbidea, Leire Imaz (UPV/EHU, 2009)]

Inoiz eskuinean ‘bi puntuak’ (:) puntuazio-zeinua duela agertzen da:

(13.4)

Baina, halaz guztiz, aitortu beharra daukat aski komenentziara papereratu direla esandakoak eta botatakoak, komeni zen tokietan esanok txukunduz, orraztuz eta gominatuz, irakurlearen begietan hobeki eman zezaten. Ezin orraztu eta gainzuritu dezakedana da liburu hau argitaratzearen egokitasunaz izan ditudan zalantzak. Izan ere, ze grazia izan lezake irratian ahoz bixi-antzean esandakoak paperean hilda bezala ikusteak? Bestela esanda: zenbaterainokoa da galeraren tamaina? [EPD, Nere gorringotik, Iñaki Segurola (Alberdania, 2008) Orr.: 9]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Bestela esanda birformulatzaileak perpausaren esparruan nahiz perpausetik gorako mailan betetzen du bere eginkizun diskurtsiboa. Alde batetik, 'tarteki' gisa (gazt. 'inciso')) erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten arteko lotura ezartzeko (bestela esanda 'aposatua'). Beste alde batetik, testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da (bestela esanda 'aposatu gabea'). 

1) Bestela esanda, tarteki gisa (bestela esanda 'aposatua'): aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— da birformulakizuna.

(14.1)

Badira banda-zabalera askoz handiagoak dituzten era guztietako kableak eta bestelako transmisio-bide batzuk. Koaxialak badu hari sendo bat erdian, plastikozko isolatzaile batez inguratua eta kanpoko estalki metaliko malgu batean zorroratua. Kable horren banda-zabalerak 200 milioi hertz har ditzake (edo, bestela esanda, 200 megahertz; hots, segundoko 400 milioi bit). [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 398]

Horrelakoetan, tartekatuta eman ohi da atal birformulatzailea: a) aposaturik (maizenik koma artean); b) edo besterik gabe tarteki gisa[1] (sarritan koma artean edota gidoi edo parentesien artean). Eta gehienetan halako paralelismo funtzional bat —'baliokidetasun funtzionala' (ikus Suñer 1999)— egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (200 milioi hertz / bestela esanda, 200 megahertz): paralelismo funtzional horrek, bestalde, badu zerikusia informazio-egiturarekin, eskuarki birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzera baitator atal birformulatzailea (gure testuan, adibidez, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Zenbat hertz har ditzake?). Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, nolabaiteko baliokidetza egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.

[1] Zentzu hertsian ulertuta, elementu nominalen arteko albokotasunezko predikazio-erlazioa baino ez da aposizioa: "El nombre mismo del fenómeno, appositio, del latín apponere —equivalente a «colocar junto a»— nos indica ya que suele existir adyacencia entre los términos en aposición.  Esta circunstancia no es casual, no responde únicamente al mero deseo de un hablante de colocar contiguos dos elementos, sino que es manifestación de la relación predicativa que necesariamente debe mediar entre los dos miembros en aposición. Las aposiciones introducirían, pues, una predicación secundaria (cf. Stowell 1983) de caráctcr nominal [-> §§ 38.1 y 73.2.2], usada para especificar o explicar otra palabra de la misma especie (Suñer 1999: 525). (…) “En los ejemplos anteriores [51a: 'Al final apareció con su hermano, con Pedro'; 52c: 'Se le veía feliz, andaba canturreando, gorgoriteando, por lo bajo'] se respetan ciertos requisitos estructurales comunes a los casos de aposición que se han visto hasta ahora: los dos elementos deben ser de la misma categoria o equiparables funcionalmente y deben poseer cierto grado de afinidad semántica. Sin embargo, si el término 'aposición' se aplica restrictivamente sólo a aquellos segmentos que establezcan una relación predicativa con un nombre o complemento nominal adyacente, ejemplos como (51) o (52) no son propiamente aposiciones puesto que no es posible establecer una predicación con un 'sujeto’ que no sea un elemento nominal” (Suñer 1999: 542-543). Dena dela, lan honetan zentzu zabalean darabilgu 'aposatua' terminoa, beraren barnean aposizioa eta tartekia sartuta (ikus Euskaltzaindiaren 109. araua: 109 Komunztadura aposizioetan).

2) Bestela esanda 'aposatu gabea': perpaus biren arteko lotura

(14.2)

Super heroien mundutik at, anti heroiaren figura era sinesgarrian landu izan du, era zitalean batzuetan, bere pertsonaiei sakontasun eta potentzia aipagarria emanez. Hori da, agian, Millerren ezaugarri nagusia (marrazki bikainekin batera): pertsonaien trataera. Sin City filma, guztiagatik, askok eta askok irrikaz espero zuten. AEBetako zinemak, ostera, berriro ere, urrezko meategietatik gorotza nola atera erakutsi du Sin City errariarekin. Edo, bestela esanda, interesez betetako istorioari interes guztia nola ken dakioken erakutsi du, interes hori estetikakeria huts bilakatuz. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren kasu horretan, atal birformulatzailea ez doa aposaturik (koma artean) edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean), baizik eta perpaus berri bati hasiera emanez. Bestalde, ez da egoten paralelismo funtzionalik birformulakizunaren eta birformulazioaren artean eta ez da iruzkintzen mintzagai bera atal birformulatzailean. Askotan, gainera, ez da parafrastikoa bi enuntziatuen arteko erlazioa: esate baterako, birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean inferentziazko erlazioa ager daiteke.

BESTELA ESANDA 'APOSATU GABEA'

Testu bateko perpaus batzuen arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da bestela esanda birformulatzailea: sartzen duen perpausaren (birformulazioaren) hasieran jartzen da ia beti (ikus posizioa); hots, birformulazio esplikatiboa gauzatzen duen perpausaren hasieran.

(14.3)

Horrenbestez, datozen asteetan batez besteko hipoteka -160.000 euro, 30 urtean itzultzekoak eta %0,5eko diferentzialarekin- berritu behar dutenek %10,10eko beherapena izango dute kuotan. Bestela esanda, 63 euro gutxiago pagatu beharko dute hilean, edo 756 euro gutxiago urtean. [EPD, Berria]

(14.4)

Super heroien mundutik at, anti heroiaren figura era sinesgarrian landu izan du, era zitalean batzuetan, bere pertsonaiei sakontasun eta potentzia aipagarria emanez. Hori da, agian, Millerren ezaugarri nagusia (marrazki bikainekin batera): pertsonaien trataera. Sin City filma, guztiagatik, askok eta askok irrikaz espero zuten. AEBetako zinemak, ostera, berriro ere, urrezko meategietatik gorotza nola atera erakutsi du Sin City errariarekin. Edo, bestela esanda, interesez betetako istorioari interes guztia nola ken dakioken erakutsi du, interes hori estetikakeria huts bilakatuz. [EPD-prentsa, Berria]

(14.5)

«Ezin esan gauzak askorik aldatu direnik urte honetan. Nolabait, Kosovo independente zen 1999tik, baina nazioarteko erakundeen menpe jarraitzen du. Independentzia lortu du Kosovok, baina ez subiranotasuna», dio Bakearen Aldeko Mugimenduko Mikel Cordoba iruindarrak. Bestela esanda, Serbiarengandik askatu du bere burua, eta independentzia lortu, baina munduarekiko dependentzia inoiz baino handiagoa da. [EPD-prentsa, Berria] 

BESTELA ESANDA, TARTEKI GISA (BESTELA ESANDA 'APOSATUA')

Tarteki gisa erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko. Halakoetan, luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen ditu bestela esanda aposatuak (ikus Martín Zorraquino, Portolés 1991: 4070): izen-sintagmak, adjektibo-sintagmak, aditz-sintagmak, adberbio-sintagmak, perpausak Hain zuzen ere, hori da diskurtso-markatzaile honen zeregin nagusietako bat: tarteki gisa txertatzen edo gaineratzen duen iruzkin esplikagarriaren balio birformulatzailea agerian uztea.

(14.6)

Badira banda-zabalera askoz handiagoak dituzten era guztietako kableak eta bestelako transmisio-bide batzuk. Koaxialak badu hari sendo bat erdian, plastikozko isolatzaile batez inguratua eta kanpoko estalki metaliko malgu batean zorroratua. Kable horren banda-zabalerak 200 milioi hertz har ditzake (edo, bestela esanda, 200 megahertz; hots, segundoko 400 milioi bit). [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 398]

(14.7)

Gregoryk bere paziente S.B.rengan ikusi zuena ekarri zidan gogora: ez ziola "aurpegira begiratzen hitz egiten zuenari", eta ez ziela "antzematen aurpegierei". Virgilen portaera ez zen egiaz ikusten duen gizonarena, baina itsuarena ere ez. Agnosiko edo, bestela esanda, gogamenez itsu balitz bezala portatzen zen: ikusi bai, alegia, baina zer ikusten ari zen deszifratzeko gai ez balitz bezala. [ZIO, Antropologo bat Marten, Oliver Sacks / Xabier Olarra (EHU, 2003) Orr.: 126]

(14.8)

Planck horretaz jabetu balitz, baztertu egingo zuen noski bere teoria, eta ez zen iritsiko energia-kuantuaren aurkikuntza bikain hartara, Einsteinek berak geroago ohartarazi zuen bezala. Barrunbe-erradiazioaren intentsitatea kalkulatzeko Planck-en formulaz mesfidati, Wien-en formula zaharragoa erabili zuen Einsteinek haren ordez, ederki azaltzen baitzuen barrunbe-erradiazioa uhin-luzera laburretan edo, bestela esanda, maiztasun altuetan. [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 44]

(14.9)

(...) Adin-txikien eremu pertsonalari dagokionean zenbait betebehar garrantzitsu dituzte gurasoek: (1) Umeak zaindu, bestela esanda, umeen beharrei egoki erantzun. [Zuzenbidea, TA, Zuzenbide Zibileko ikasgaiak: pertsona, Itziar Alkorta (UPV/EHU, 2005 )]

(14.10)

Hori horrela, pentsatu behar dugu hautespen-indarren batek eragin izan duela gizonen gustu hori; hau da, pentsatzekoa da gizonen gustua hori izateko arrazoi sendoak egon behar dutela. Hori bakarrik uler daiteke GAR delakoaren balio horrek arrakasta (zentzu darwinistan) handitzen badu, edo, bestela esanda, ezaugarri horrek moldatze-balioa badu. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 320]

Inoiz edo behin, antzeko bi birformulazio agertzen dira bata bestearen ondoan, kateatuta bezala:

(14.11)

Badira banda-zabalera askoz handiagoak dituzten era guztietako kableak eta bestelako transmisio-bide batzuk. Koaxialak badu hari sendo bat erdian, plastikozko isolatzaile batez inguratua eta kanpoko estalki metaliko malgu batean zorroratua. Kable horren banda-zabalerak 200 milioi hertz har ditzake (edo, bestela esanda, 200 megahertz; hots, segundoko 400 milioi bit). [ZIO, Eder behar du, Graham Farmelo / Fernando Morillo (EHU, 2009) Orr.: 398]

Aurreko adibideetan ikusi denez, askotan, halako funtzio-paralelismoa ageri da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (paralelismo diskurtsiboa, baina ez nahitaez sintaktikoa): alegia, atal birformulatzaile aposatuak eta birformulakizunak kasu-marka eta numero bera izaten dute maiz. Baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde; aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea.

Birformulakizunaren ondoan —haren ondo-ondoan— jarri ohi da eskuarki iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile aposatua; bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada (ikus Zabala 1996).

(14.12)

Mutiko bi dira protagonista, tituluak esaten duen bezala bata printzea eta bestea eskalea, gizarte-mailen eskaileraren bi muturretan bizi direnak, elkarren berri izan gabe baina, aldi berean, bata bestearen berdin-berdinak, ur tanta bi nola. Halako batean, kasualitatearen eskuak edo, bestela esanda, idazlearen apeta jainkozkoak nahiko du mutiko biek topo egitea, eta, hasierako ustekabe eta errezeloen ostean, beren tokiak trukatzea erabakiko dute, bolada baterako. Istorio zozo bat dela esango du baten batek, irakurle nahiz ikusleak aise antzematen diola, gertaeren aurretik alegia, ondoren zer etorriko den. [EPD, Vikingoen sorterrira, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2010) Orr.: 94]

Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoan birformulazioa: horixe gertatzen da normalean, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia izanez gero.

(14.13)

Hala ere, guztietan garrantzitsuena, beharbada, parada dugun guztietan enuntziatu holistikoak erabiltzeko joera da. Hizkuntzaren ahalmen sortzailea, zalantzarik gabe, haren konposiziozko izaerari zor zaio - hitzak eta gramatika konbinatzeari -, baina egunerokotasunean egiten dugun komunikazioan enuntziatu holistikoak erabiltzen ditugu askotan, edo bestela esanda, "hitz-multzo estereotipatuak". [PKC, Neanderthal kantariak, Steven Mithen / Iraia Yetano (2008) Orr.: 423]

Aurreko adibideetatik ondoriozta daitekeenez, sarritan erabiltzen da edo juntagailuarekin batera (edo, bestela esanda,).

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Gaur egungo euskara estandarrean, hizkera akademikoan —azalpenezko diskurtsoan— erabiltzen da gehien (ZIO, Pentsamenduaren Klasikoak, ZTC, EHU, Zuzenbideko testu akademikoak, EPD). Beste muturrean, hutsaren hurrengoa da bestela esanda birformulatzailearen maiztasuna Hegoaldeko euskararen erregistro lagunartekoa hein batean islatu nahi duten testuetan (Goenkale) edo entzunak izateko diren ETBko dokumentaletan. Oso maiztasun urria du, orobat, prentsan eta lege-testuetan.

bestela esanda 

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A1. ZIO corpusa

64

6,40

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

235

2,19

B2. ZT Corpusa

138

2,09

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

106

1,92

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

30

1,20

B1a. EPD liburuak

107

1,04

B1b. EPD prentsa

45

0,42

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

10

0,24

C2. Goenkale corpusa

3

0,02

C1. ETBko dokumentalak

0

0,00

denera

738

1.17

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

258

0.72

Itzulpenak

480

1.78

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a. Azalpenezko testuetan erabiltzen da, batik bat, bestela esanda birformulatzailea: ZIO, Pentsamenduaren Klasikoak, ZTC, EHU, Zuzenbideko testu akademikoak, EPD.

b. Askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino. Adierazgarria da, alde horretatik, Goenkale-ko ( 0,02) maiztasun guztiz urria.

c. Hizkera zainduari eta azalpenezko testuei lotuta dagoenez, ahozko hizkuntzan agertzekotan erregistro edo testu mota horietan agertuko da.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH]

Dicho de otra forma

[Zehazki]

dicho de otro modo: bestela esan

frantsesa

pour le dire autrement / d'une autre manière/ d'une autre façon; en d'autres termes

ingelesa

[Morris]

bestela esateko: to put it a different way

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Beti da birformulatzaile.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus