Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan
1. Saila > azpisaila | 2. Balio oinarrizkoa | 3. Balioak eta erabilerak | 4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa | 5. Balio diskurtsiboa: informazioa | 6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa | 7. Forma eta jatorria | 8. Aldaerak | 9. Baliokideak | 10. Euskal gramatikak | 11. Euskal hiztegiak | 12. Posizioa | 13. Puntuazioa | 14. Sintaxia | 15. Maiztasuna | 16. a. Testu Mota b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...) c. Idatzia/ahozkoa | 17. Erdal baliokideak | 18. Ez da diskurtso-markatzaile...
birformulatzailea > esplikatiboa
Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da beste hitz batzuetan: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera edo argitzera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Gramatikalizatze-bidean dagoen esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen edo parafrasi bat datorrela beste hitz batzuetan esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.
Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’.
Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.
Bake-epaitegia pertsona bakarreko jurisdikzio-organoa da, eta bake-epailea da hura zerbitzatzen duen pertsona. Kapitulu honetan, pertsona horren ezaugarriak aztertu nahi ditugu. Norbanako bat bake-epaile nola bihur daitekeen eta, behin karguan, dituen eskubideak eta betebeharrak ikasiko ditugu; beste hitz batzuetan, bake-epaileen estatutu juridikoa landuko dugu. [Zuzenbidea, TA, Bake epaitegien antolaketa eta lana, Ixusko Ordeñana (UPV/EHU, 2011)]
Birformulakizuna |
Norbanako bat bake-epaile nola bihur daitekeen eta, behin karguan, dituen eskubideak eta betebeharrak ikasiko ditugu; |
Azalpena: atal birformulatzailea |
beste hitz batzuetan, bake-epaileen estatutu juridikoa landuko dugu. |
Erdi Aroan, garai hori IX. mendetik XV. mendera arteko denbora-tarte gisa kontuan hartuta, edo, beste hitz batzuetan, Erromanikoaren hastapenetatik Gotikoaren amaieraraino, hiriaren kontzeptua hain zen ezberdina polis greziarraren edo urbs erromatarraren aldean, ezen ezinbestekoa baitzaigu ezaugarri soziologiko zein bisual ezberdinak kontuan hartzea hiriari eta plazari buruzko arazoari ekiteko. [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 4. kapitulua]
Birformulakizuna |
Erdi Aroan, garai hori IX. mendetik XV. mendera arteko denbora-tarte gisa kontuan hartuta, |
Azalpena: atal birformulatzailea |
edo, beste hitz batzuetan, Erromanikoaren hastapenetatik Gotikoaren amaieraraino, |
Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.
Bestalde, aurreko adibideetan ikus daitekeenez, beste hitz batzuetan birformulatzailearen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu atalak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak).
Hona hemen beste hitz batzuetan birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak:
a. Azalpena edo parafrasia. Gehienetan beste hitz batzuetan diskurtso-markatzailearen bidez aurreragoko enuntziatu batean —eskuarki, aurreko perpausean edo sintagman— esandakoa birformulatzen da, adierazitakoa argiagotzeko edo hobeto azaltzeko.
Beraz, gure begietarako, haien autoritatea gutxiago zetorkien berengandik, gurekiko zuten beren egoeratik baino. Postu jakin bat betetzen zuten: eta handik zetorren, beste edozein tokitatik jaurti izan balute izango ez zukeen barneratze-indarrarekin, agindua. Beste hitz batzuetan, bazirudien gurasoak eta maisuak ordezkari gisa aritzen zirela. [PKC, Morala eta erlijioaren bi iturriak, Henri Bergson / Xabier Mendiguren Bereziartu (2002) Orr.: 27]
Erdi Aroan, garai hori IX. mendetik XV. mendera arteko denbora-tarte gisa kontuan hartuta, edo, beste hitz batzuetan, Erromanikoaren hastapenetatik Gotikoaren amaieraraino, hiriaren kontzeptua hain zen ezberdina polis greziarraren edo urbs erromatarraren aldean, ezen ezinbestekoa baitzaigu ezaugarri soziologiko zein bisual ezberdinak kontuan hartzea hiriari eta plazari buruzko arazoari ekiteko. [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 4. kapitulua]
Noizbehinka gertatzen da, gainera, bi birformulatzaile esplikatibo elkarren ondoan metatzea (hau da, beste hitz batzuetan, ):
Erlijio kristauak, gizakiei elkar maitatzea agintzen baitie, herri bakoitzak lege politikorik onenak eta lege zibilik onenak izan ditzan nahi du zalantzarik gabe, horiek baitira, erlijioaren beraren ondoren, gizakiek egin eta jaso dezaketen onik handiena. II Bayleren paradoxa Bayle jaunak .1 frogatu nahi izan du hobe zela ateoa izan idolatra baino; hau da, beste hitz batzuetan, arrisku gutxiago duela inolako erlijiorik ez izateak, erlijio txarra izateak baino. [PKC, Legeen espirituaz II, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta (1999) Orr.: 123]
b. Inferentzia, dedukzioa… Zenbaitetan, testuingurua lagun, aipatutakoaz bestelako balioak bereganatu ditzake beste hitz batzuetan markatzaileak. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulazioaren nolabaiteko hiperonimoak direnez, gai dira erabilera markatuetan bestelako balioak (ondorioa, dedukzioa…) eta bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa…).
Bereziki eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko (ikus Garcés Gómez, 2008: 87-104). Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatzen dituzte inferentzia-prozesuetan.
Batzuetan, beraz, nolabaiteko ondorioa ere adierazten da beste hitz batzuetan birformulatzailea dela medio: laburpena, ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa. Atal birformulatzailearen hasieran paratzen da beti birformulatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura semantiko-pragmatikoa: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: beheko testuan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da birformulazioan (zenbaitetan, ondorio subjektiboa).
Baina, pixka bat pentsatuz gero, ikusten da "gehiago hobe" erako argudio horrek ezin duela zuzena izan. Horrek pentsarazten digu lau arrautza baino bost hobe izango liratekeela, hamar are hobeto, 100 zer esanik ez, eta infinitu ezin hobe. Beste hitz batzuetan, logika bidez absurdura garamatza. [PKC, Gene berekoia, Richard Dawkins / Eider Carton (2008) Orr.: 154]
4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa
Birformulazioaren markatzaile ezohikoa da beste hitz batzuetan. Enuntziazioaren ikuspegitik esatariak, bere aurreko adierazpenaren argitasunik ezaz jabeturik, agerian utzi nahi du birformulazioaren bidez bere diskurtsoaren zentzua: azalpen edo parafrasiak emateko erabiltzen da batik bat (sarritan erabiltzen da testu teknikoetan kontzeptu edo eduki ilunak argitzeko). Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (Larringan, 1996: 245).
Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.
argibide gehiago:
Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:
*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea.
«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]
Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:
Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.
Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).
Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.
[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]
Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)
5. Balio diskurtsiboa: informazioa
Azalpenak emateko ez ezik, informazioa gaineratzeko ere erabiltzen da beste hitz batzuetan birformulatzailea. Bestalde, nabarmenduta edo indartuta geratzen da beste hitz batzuetan birformulatzailearen bidez txertatzen edo gaineratzen den iruzkina eta informazioa (birformulazioa): birformulakizuna atzenduta, birformulazioa hartu behar da aintzat diskurtsoaren harian.
6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa
Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa. Inferentziazko prozesuetan, berriz, ondorioa adierazteko erabiltzen da beste hitz batzuetan: birformulakizunean esandakotik ondoriozta daitekeen zerbait utzi nahi da agerian.
Beste hitz batzuetan esanda moduzko perpaus adberbial jokatugabetik sortutako esapide laburtua da.
Ondorengo atalean ikus daitekeenez, moduzko edo helburuzko perpaus jokatugabe bat dago —beste hitz batzuetan esanda/esateko…— aldaera nagusien jatorrian.
EUDIMA corpuseko datuetatik ondoriozta daitekeenez, litekeena da beste hitz batzuetan birformulatzailea itzulpenen eraginez zabaldu izana gaur egungo euskaran. Izan ere, OEHko testuetan ez dago beste hitz batzuetan (esanda) birformulatzailearen arrastorik eta, bestalde, egitura eta itxura bertsua dute gaztelaniazko, ingelesezko eta euskarazko esapideek: (dicho) en/con otras palabras; in other words; beste hitz batzuetan (esanda).
Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko) |
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
Jatorrizkoak |
71 |
0,21 |
Itzulpenak |
195 |
0,71 |
Moduzko edo helburuzko perpaus jokatugabe bat dago —beste hitz batzuetan esanda/esateko…— aldaera nagusien jatorrian:
a) beste hitz batzuetan esanda (esateko…) > beste hitz batzuetan
b) beste hitzetan esanda (esateko…) > beste hitzetan
c) beste hitz batzuekin esanda (esateko…) > beste hitz batzuekin
d) beste hitzez esanda (esateko…) > beste hitzez
Lehian dabiltza birformulatzaile gisa perpaus menderatua eta haren forma laburtua: beste hitz batzuetan esanda / beste hitz batzuetan; beste hitzetan esanda / beste hitzetan. Egungo euskaran lau aldaera horiexek dute maiztasunik altuena eta badirudi haietan nolabaiteko lexikalizazioa[1] eta gramatikalizazioa[2] gertatzen hasita dagoela.
[1] Martín Zorraquinok (2010: 96) azaltzen duenez: “La constitución interna de los marcadores del discurso refleja a menudo un proceso de lexicalización (de fijación) —muchos de los marcadores son, como se ha indicado, locuciones de distinto tipo—, combinado con un proceso de gramaticalización”. Zenbait diskurtso-markatzaile, bestalde, predikatuetatik sortuak dira (ibid., 163): “Ciertas oraciones, fijadas también, han dado lugar a ciertos marcadores del discurso: esto es, es decir, vale decir, o sea (y o sea, o séanse) (cfr. Casado Velarde, 1991). Y, como hemos visto, otros marcadores del discurso son el resultado de la fijación de formas verbales apelativas: mira, oye, anda, vamos, etc. o performativas: digo, quiero decir, etc.”.
[2] Honela azaltzen du Cuenca-k (2012: 282) zer den gramatikalizazioa: “La gramaticalización presupone: a) un cambio de categoría (reanálisis), por el que un elemento léxico pasa a ser gramatical o uno gramatical desarrolla una nueva función gramatical, y b) una modificación del significado (cambio semántico), que implica una pérdida o esquematización del contenido semántico denotativo y un incremento de los valores pragmáticos, de tipo procedimental.”
Beste hitz batzuetan (esanda/esateko) eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko) birformulatzaileen baliokidetzat jo ditzakegu egungo euskaran birformulatzaile gisa erabiltzen diren esapide hauek guztiak: bestela esan(da), beste era batera esanda/esateko, beste modu batera esanda/esateko.
Gure corpusaren arabera, gaurko euskaran baliokideen artetik bestela esanda esapideak ditu maiztasunik altuena eta tradiziorik onena[1]. Ondoren, beste era batera esanda, beste modu batera esanda eta beste hitz batzuetan (esanda) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa dute beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…). Hona baliokide bakoitzaren agerpen kopurua eta maiztasuna:
Birformulatzaile baliokideen maiztasunak (EUDIMA corpusa) [*Oharra: ‰ = 100.000ko]
Bestela esanda/esateko… |
1032 agerpen, ‰ 1,64 |
Beste era batera esanda/esateko… |
462 agerpen, ‰ 0,73 |
Beste modu batera esanda/esateko… |
231 agerpen, ‰ 0,36 |
Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko) |
257 agerpen, ‰ 0,41 |
Beste hitzetan/hitzez (esanda/esateko) |
104 agerpen, ‰ 0,16 |
Baliokide erabatekoak dira esapideok guztiok, bai balio semantiko-pragmatikoari dagokionez, bai posizioari eta sintaxiari dagokienez.
[1] Nolanahi ere, bestela esan(da) esapideak ez bide du oso tradizio luzea. Izan ere, XX. mendearen bigarren zatikoak dira OEHko lekukotasunak (“Kamiñazpi”: bestelan esanda; Orixe: bestela esan; Mitxelena: bestela esan) eta haietako gehienak, gainera, Mitxelanari zor zaizkio.
Birformulatzaile hau (beste hitz batzuetan) ez dago aztertuta euskal gramatiketan.
Orotariko Euskal Hiztegiko (OEH) testuetan ez dago beste hitz batzuetan (esanda) birformulatzailearen arrastorik eta horregatik ez dago jasota esapide gisa hiztegian. OEHk badakar, ostera, beste/bertze hitzez esapidea, nahiz eta azpisarreran ez dituen bereizten esapidearen adberbio-erabilera eta birformulatzaile-erabilera (Ikus orobat Orotariko Euskal Hiztegian: bestela > bestela esan):
BESTE, BERTZE HITZEZ. Con otras palabras. Neskato hagitz bertutetsu da, bainan atzeman eta erori zen; orobat da bertze hitzezko edergailluez. SP Phil 353s. Zeruaren esperantzan, edo, bertze hitzez erraiteko [birformulatzailea], Fedean eta Erlijionean. Lap 52 (V 28). Bera etzen kontu hari, edo bertze hitzez, [birformulatzailea] berak etzuen axolarik ez izenaz, ez onthasunez. Jnn SBi 136. Bertze hitzez erratera [birformulatzailea[1]]. Ib. 154. Akta horiek egin ditazke ere bertze hitzez edo bertze moldez. CatJauf 20. "Beude zuen gerriak loturik", edo beste itzez, [birformulatzailea] lanerako gertu egon. Ir YKBiz 282. Beste itzez esateko [birformulatzailea]. Vill Jaink 113. (OEH, beste sarrera)
Beraz, bertze/beste hitzez (erraiteko/esateko…) esapideak badu tradizioa XIX. mendeaz geroztik: OEHren arabera, Etiene Lapeire, Bazilio Joanategi, Polikarpo Iraizozkoa, Luis Villasante; eta Klasikoen Gordailuaren arabera[2], Mixel Elizanburu[3]. Eta, hain zuzen ere, tradizioa duen aldaera hori da Zehazki hiztegiak[4] jasotzen duena con otras palabras esapidearen ordain gisa (ik. palabra sarrera). Bestela, oro har, ez daude jasota esapide hori edo haren aldaerak euskara hutsezko hiztegietan. Eta hiztegi elebidun gutxitan ageri dira azpisarrera gisa halako esapideak. Elhuyar hiztegiak[5], esaterako, gaztelaniazko con otras palabras esapidearen ordain hauek dakartza (ik. palabra sarrera): beste hitzez, beste hitz batzuetan (esanda), beste hitzetan (esanda), bestela esanda.
Kontua da egungo euskaran —EUDIMA corpuseko datuen arabera, behintzat— askozaz ere erabiliagoa dela forma berria —beste hitz batzuetan (esanda) [257 agerpen]—, tradizioa duen forma eta haren aldaerak baino —beste/bertze hitzez (esanda) [11 agerpen], beste hitzetan (esanda) [93 agerpen]—.
[1] Hona esaldi osoa (Klasikoen Gordailuaren arabera): “Zenbeit aldiz iduritzen zaiku badugula jasan ahal baino gehiago; gure gurutzeak, edo bertze hitzez erratera, gure atsegabeak eta oinhazeak handiegiak direla.”
[3] Hona Mixel Elizanbururen adibideak (Lehenagoko Eskualdunak zer ziren): Bertze hitzez errateko, Jainkoa, aiphatu lege heiek baino gorago gelditu da eta deusek ez dezake limita haren puxantzia. / Bertze hitzez, diote nahi dutela kestione guzietan jakin zoin arrazoin diren alde, eta zoin diren kontra. / Bere ustez izpiritu handia eta azkarra duten gizon batzuek erranen dute haurrak ez bazuen minhartu, hori izan zela, bakharrik errekontru uros bat, edo haren orduko zorthe dohatsu hat, finean, bertze hitzez, hala beharra. / Hori hala da, zautan ihardesten; bainan bertzen zorigaitzak ez dezake egin gure zoriona; bertze hitzez, ez gaitezke onak izan preseski bertze asko eta asko hala ez direlakotz.
Ez du mugikortasunik: salbuespenak salbuespen, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da.
Bake-epaitegia pertsona bakarreko jurisdikzio-organoa da, eta bake-epailea da hura zerbitzatzen duen pertsona. Kapitulu honetan, pertsona horren ezaugarriak aztertu nahi ditugu. Norbanako bat bake-epaile nola bihur daitekeen eta, behin karguan, dituen eskubideak eta betebeharrak ikasiko ditugu; beste hitz batzuetan, bake-epaileen estatutu juridikoa landuko dugu. [Zuzenbidea, TA, Bake epaitegien antolaketa eta lana, Ixusko Ordeñana (UPV/EHU, 2011)]
Erdi Aroan, garai hori IX. mendetik XV. mendera arteko denbora-tarte gisa kontuan hartuta, edo, beste hitz batzuetan, Erromanikoaren hastapenetatik Gotikoaren amaieraraino, hiriaren kontzeptua hain zen ezberdina polis greziarraren edo urbs erromatarraren aldean, ezen ezinbestekoa baitzaigu ezaugarri soziologiko zein bisual ezberdinak kontuan hartzea hiriari eta plazari buruzko arazoari ekiteko. [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 4. kapitulua]
Etenaldi artean agertu ohi da, eta hori idazkeran komen bidez islatzen da. Koma artean idazten da, eta, etenaldi handi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, eta gidoi edo parentesi baten ondoren), eskuinean koma duela.
Baina, pixka bat pentsatuz gero, ikusten da "gehiago hobe" erako argudio horrek ezin duela zuzena izan. Horrek pentsarazten digu lau arrautza baino bost hobe izango liratekeela, hamar are hobeto, 100 zer esanik ez, eta infinitu ezin hobe. Beste hitz batzuetan, logika bidez absurdura garamatza. [PKC, Gene berekoia, Richard Dawkins / Eider Carton (2008) Orr.: 154]
Erlijio kristauak, gizakiei elkar maitatzea agintzen baitie, herri bakoitzak lege politikorik onenak eta lege zibilik onenak izan ditzan nahi du zalantzarik gabe, horiek baitira, erlijioaren beraren ondoren, gizakiek egin eta jaso dezaketen onik handiena. II Bayleren paradoxa Bayle jaunak .1 frogatu nahi izan du hobe zela ateoa izan idolatra baino; hau da, beste hitz batzuetan, arrisku gutxiago duela inolako erlijiorik ez izateak, erlijio txarra izateak baino. [PKC, Legeen espirituaz II, Montesquieu / Iñaki Iñurrieta (1999) Orr.: 123]
Ikus BESTE HITZ BATZUETAN ESANDA sarrera (Sintaxia).
Beste hitz batzuetan birformulatzaileak, batik bat, perpausetik gorako mailan betetzen du bere funtzio diskurtsiboa. Alegia, gehienetan testu bateko bi enuntziaturen arteko lotura edota paragrafo baten eta ondorengo enuntziatuaren arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da . Bakanka, hala ere, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko erabiltzen da (halakoari aposatua deituko diogu).
1) Beste hitz batzuetan: perpaus biren arteko lotura
Sexologia edukiaz, teoriaz bete behar da, eta testuinguru horretan corpus teoriko osoa garatu ahala, gabeziaz eta sexu-hutsunez hitz egin liteke. Baina ez lehenago. Ezin dugu sexualitatearen problematikan sakondu lehenago sexualitate normalaren funtzionamendua ez badugu ulertu. Beste hitz batzuetan, ezin dugu zatia osotasunaz ordezkatu. [ZTC, Parafilia eta sexu-nahasteei buruzko ikuspegiak psikopatologian eta sexologia, Alonso-Arbiol, Itziar Udako Euskal Unibertsitatea, 2000 (aldizkari artikulua)]
Nafarroan euskal nortasunaren indarra eta indar politiko abertzaleen indarra ez datozela bat diote batzuek. Beste hitz batzuetan, baskismo kulturala politikoa baino indartsuagoa dela. [EPD, Berria]
Bestalde, Bondek (1984) frogatu zuen adiskide pozoituaren efektua gerta dadin beharrezkoa dela arratoi-bikoteek elkar ezagutzea. Beste hitz batzuetan, arratoiek elkar ezagutzen ez dutenean, arratoi ez pozoituek ez dute zaporea saihesten. [ZTC, Zaporearekiko abertsioa arratoietan: adiskide pozoituaren efektuan hainbat aldagai kognitibo eta sozialen eragina, Balluerka Lasa, Nekane / Gorostiaga Manterola, Arantxa / Iraola Bakedano, Jose Angel Udako Euskal Unibertsitatea, 1997 (aldizkari artikulua)]
2) Beste hitz batzuetan 'aposatua' edo parentetikoa: perpaus bereko bi sintagmaren arteko lotura (bakan)
Baliteke populismoa partez isolazionismoaren, probintzialismoaren dema bigun, metropolitar, dotore eta sozialki garaiagoaren susmagarri, beau mondearen forma guztien gorrotoaren erantzule izatea; baina horrekin joan zen zentralizazio, dogmatismo, militarismo eta auto-baieztapenarekiko etsaitasuna, edo, beste hitz batzuetan, hemeretzigarren mendeko nazionalismo erabat haziarekin eskuarki asoziatzen den guztia, baita jendailarekiko higuin sakonarekin ere -Herderrek arretaz bereizten ditu Pöbel auf den Gassen (jendaila) eta Volk (hau da, nazioaren gorputza), hori egiten den bakoitzean- eta Weimarko beste humanisten artean, Goethe, Wieland eta Schillerrengan aurkitzen den adinako bortxaren eta konkistaren gorrotoarekin. [PKC, Giza historia, Isaiah Berlin / Xabier Mendiguren Bereziartu (2008) Orr.: 479]
Aposizioan doazen beste birformulatzaile esplikatibo batzuen kasuan (alegia, hots, hau da) izendapen bidez, definizio bidez, zentzua argituz, zehaztapenak emanez edota erreferentzia jakin bat esleituz argiagotzen da birformulakizuna. Dena dela, oso bakan agertzen da gure corpusetan beste hitz batzuetan esapidea birformulazio aposatuetan.
EUDIMA corpuseko datuen arabera, beste birformulatzaile esplikatibo batzuekin alderatuta (hau da: ‰ 40,38; alegia: ‰ 28,19; hots: ‰ 23,42) oso maiztasun apala dute beste hitz batzuetan (esanda) eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko) esapideek egungo euskaran [*Oharra: ‰ = 100.000ko]: hurrenez hurren, ‰ 0,41 eta ‰ 0,16. Bereziki, diskurtso akademikoan —azalpenezko diskurtsoan— erabiltzen dira (Pentsamenduaren Klasikoak, Zuzenbideko testu akademikoak, EHU, ZTC). Gainerako corpusetan oso bakanetan agertzen dira.
Beste hitz batzuetan/batzuekin… (esanda/esateko…) |
||
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
|
Pentsamenduaren Klasikoak |
154 |
1,43 |
Zuzenbidea/akademikoak |
34 |
1,36 |
EHUko eskuliburu itzuliak |
23 |
0,41 |
ZT corpusa |
20 |
0,29 |
EPD liburuak |
26 |
0,24 |
ZIO corpusa |
2 |
0,2 |
Zuzenbidea/ lege-testuak |
3 |
0,07 |
EPD prentsa |
9 |
0,07 |
Goenkale corpusa |
5 |
0,04 |
ETBko dokumentalak |
0 |
0 |
denera |
276 |
0,43* |
*Oharra: Taula honetan erauzleak automatikoki emandako datuak agertzen dira. Balio ez duten adibideak kenduta, zertxobait jaisten da maiztasuna (276 > 257; hots, ‰ 0,43 > ‰ 0,41).
Maiztasun apalagoa du beste hitz batzuetan esapideak, beraren baliokide batzuek baino. EUDIMA corpuseko datuen arabera bestela esanda esapideak du maiztasunik altuena (‰ 1,64). Ondoren, beste era batera esanda (‰ 0,73), beste modu batera esanda (‰ 0,36) eta beste hitz batzuetan (esanda) (‰ 0,41) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa du beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…) osatzen duten multzoak (‰ 0,16).
16. a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa
a. Azalpenezko testuetan erabiltzen da, batik bat, beste hitz batzuetan birformulatzailea: zuzenbideko testu akademikoak, Pentsamenduaren Klasikoak.
b. Askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino. Adierazgarria da, alde horretatik, Goenkale corpusean behin ere ez agertzea.
c. Hizkera zainduari eta azalpenezko testuei lotuta dagoenez, ahozko hizkuntzan agertzekotan erregistro edo testu mota horietan agertuko da.
espainiera
En otras palabras
frantsesa
pour le dire autrement / d'une autre manière/ d'une autre façon; en d'autres termes
ingelesa
in other words; (Morris) bestela esateko: to put it a different way
18. Ez da diskurtso-markatzaile...
Ia beti da birformulatzaile. Hona salbuespen bat:
NOR kasua da salbuespena; leku berean dago singularrean eta pluralean: lagü´na bezala lagü´nak. Antzina gertatutako kontrakzioak ikusten dira azentua azken silaban duten beste hitz batzuetan: ardú (" ardano) 'ardoa', gazná (" gaztana) 'gazta', orgá (" organa) 'orga gurdia'... [EPD, Euskalkiak, euskararen dialektoak, Koldo Zuazo (Elkar, 2008) Orr.: 50]