Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan

Xabier Alberdi, Pello Salaburu
BESTE MODU BATERA ESANDA

1. aurkibidera joan Saila > azpisaila

birformulatzailea > esplikatiboa

2. aurkibidera joan Balio oinarrizkoa

Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da beste modu batera esanda: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Gramatikalizatze-bidean dagoen esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela beste modu batera esanda esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.

Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’. Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.

(2.1)

Bi zenbaki bitar positiboren arteko kenketaren adibidea. Batuketarekin gertatzen denaren antzera, bururako bat gorde behar da kenkizuna kentzailea baino txikiagoa denean. Orduan, bururakoa ere kendu behar zaio kenkizunari; beste modu batera esanda, bururakoa kentzaileari batu behar zaio, eta, ondoren, kenketa egin, kenketaren lau arauei jarraituz. [EHU, Elektronika digitala, Martín González, José Luis (koord.) (EHU, 2010) 2. kapitulua.]

Birformulakizuna

bururakoa ere kendu behar zaio kenkizunari.

Azalpena: atal birformulatzailea

beste modu batera esanda, bururakoa kentzaileari batu behar zaio, eta, ondoren, kenketa egin, kenketaren lau arauei jarraituz.

(2.2)

Kodearen arabera, aurreikusitakoak edo aurreikusgarriak izan eta obligazioa ez betetzearen ondorio zuzena diren kalte-galerei bakarrik erantzun behar die zordun horrek. Betekizun horietatik edozein izan den ikusteko, epaileari dagokio inguruabarrak aurrean izanda ez-betetzaileari egoz dakizkiokeen segidako kalteei muga ipintzea, beraren ustetan normalean aurreikusezinak edo, beste modu batera esanda, urrutiegikoak direnak alboratuz (LACRUZ eta DELGADO). [Zuzenbidea-TA, Zuzenbide zibila: obligazio-zuzenbidea eta erantzukizun zibila, Leire Imaz (UPV/EHU, 2011)]

Birformulakizuna

aurreikusezinak

Azalpena: atal birformulatzailea

edo, beste modu batera esanda, urrutiegikoak direnak

Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.

Bestalde, aurreko adibideetan ikus daitekeenez, beste modu batera esanda birformulatzailearen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu atalak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak).

3. aurkibidera joan Balioak eta erabilerak

Ikus BESTE ERA BATERA ESANDA

Perpausak edo enuntziatu osoak lotzen dituenean (ikus sintaxia) azalpen orokorrak emateko erabiltzen da normalean; eta batzuetan baita ondorioa adierazteko ere. Sintagmak lotzen dituenean (ikus sintaxia) askotariko azalpenak emateko erabili ohi da: erreferentzia jakin bat esleitzeko, zehaztapenen bat gaineratzeko, zerbaiten zentzua argitzeko, zerbait definitzeko eta zerbaiten izena zehazteko.

4. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: enuntziazioa

Enuntziazioaren elementu garrantzitsua da beste modu batera esanda birformulatzailea: esatariak, aurreragoko formulazio “desegoki” baten ordez bigarren bat jartzen du, egokiagotzat jotzen duena: esatariak, bere aurreko adierazpenaren balizko iluntasunaz jabeturik, agerian utzi nahi du birformulazioaren bidez bere diskurtsoaren zentzua. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (Larringan, 1996: 245).

Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.

argibide gehiago:

Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:

*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea.

(4.1)

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]

Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:

(4.2)

Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.

Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).

Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.

(4.3)

[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]

(4.4)

Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)

5. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: informazioa

Azalpenak emateko ez ezik, informazioa gaineratzeko ere erabiltzen da beste modu batera esanda birformulatzailea. Bestalde, nabarmenduta edo indartuta geratzen da beste modu batera esanda birformulatzailearen bidez txertatzen edo gaineratzen den iruzkina eta informazioa (birformulazioa): birformulakizuna atzenduta, birformulazioa hartu behar da aintzat diskurtsoaren harian.

6. aurkibidera joan Balio diskurtsiboa: argumentazioa

Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa (beste modu batera esanda…). Inferentziazko prozesuetan, berriz, ondorioa adierazteko erabiltzen da beste modu batera esanda: birformulakizunean esandakotik ondoriozta daitekeen zerbait —batzuetan, ondorio subjektiboa— gaineratzeko balio du.

7. aurkibidera joan Forma eta jatorria

Moduzko perpaus adberbial jokatugabe baten gramatikalizazioz sortua da beste modu batera esanda diskurtso-markatzailea (beste modu batera esateko / beste modu batean esanda / beste modu batean esateko ). Dena dela, ez dago guztiz lexikalizatuta eta gramatikalizatuta eta horregatik du mugikortasun mugatua.

Birformulatzaile-zeregina betetzen duenean, etenaldi artean ageri da esapidea (idazkeran, koma artean).

8. aurkibidera joan Aldaerak

Ez dago guztiz lexikalizatuta eta gramatikalizatuta: lehian dabil beste aldaera libreago batzuekin.

BESTE MODU BATERA ESANDA (multzoa): 231 agerpen ( 0,36) [*Oharra: ‰ = 100.000ko]

Beste modu batera esanda: 116 agerpen

Beste modu batera esateko: 61 agerpen

Beste modu batean esanda: 40 agerpen

Beste modu batean esateko: 14 agerpen

9. aurkibidera joan Baliokideak

Baliokidetzat jo ditzakegu egungo euskaran birformulatzaile gisa erabiltzen diren esapide hauek guztiak: bestela esan(da), beste era batera esanda/esateko, beste modu batera esanda/esateko, beste hitz batzuetan (esanda/esateko) eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko).

Gure corpusaren arabera, gaurko euskaran baliokideen artetik bestela esanda esapideak ditu maiztasunik altuena eta tradiziorik onena. Ondoren, beste era batera esanda, beste modu batera esanda eta beste hitz batzuetan (esanda) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa dute beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…). Hona baliokide bakoitzaren agerpen kopurua eta maiztasuna:

Birformulatzaile baliokideen maiztasunak (EUDIMA corpusa) [*Oharra: ‰ = 100.000ko]

Bestela esanda/esateko…

1032 agerpen, ‰ 1,64

Beste era batera esanda/esateko…

462 agerpen,   ‰ 0,73

Beste modu batera esanda/esateko…

231 agerpen,   ‰ 0,36

Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko)

257 agerpen,   ‰ 0,41

Beste hitzetan/hitzez (esanda/esateko)

104 agerpen,   ‰ 0,16

 

Baliokide erabatekoak dira esapideok guztiok, bai balio semantiko-pragmatikoari dagokionez, bai posizioari eta sintaxiari dagokienez.

10. aurkibidera joan Euskal gramatikak

Birformulatzaile hau (beste modu batera esanda) ez dago aztertuta euskal gramatiketan.

11. aurkibidera joan Euskal hiztegiak

Ez dago guztiz gramatikalizatuta eta lexikalizatuta eta beharbada horregatik ez dago jasota birformulatzaile hau (beste modu batera esanda) esapide gisa euskal hiztegietan. Ikus Orotariko Euskal Hiztegian: bestela > bestela esan

12. aurkibidera joan Posizioa

Ez dago guztiz gramatikalizatuta eta horregatik du mugikortasun mugatua. Perpausak lotzen dituenean, perpaus birformulatzailearen hasieran agertzen da ia ezinbestean:

(12.1)

Izan ere, esentziarik ez dago ilargiaren azpiko munduan, ez dago urtez urte eta mendez mende berdinean irauten duen ezer. Beste modu batera esanda, den-dena historikoa da, gizarte honek edo hark sortua; den-dena denboraren mende dago, eta gu, XXI. mende hasierako euskaldunak, orain dela hamar, hogei edo hogeita hamar mendeko "Euskal Herri" batekin zorretan gaudela pentsatzea erokeria galanta da. Are erokeria handiagoa "Euskal Herri" esoteriko horren izenean euskal gizartearen borondate politikoari bizkarra ematea. [EPD, Lekuak, Bernardo Atxaga (Pamiela, 2005) Orr.: 54]

(12.2)

Lanaren hasieran loriatan ageri da, zori oneko, ongi hezitako gizona, garaikor, bere aretea, Homeroren zentzuan, frogatu du. Bukaeran, aparteko sufrimendutan murgildurik ageriko zaigu; beste modu batera esanda, koruak baino gehiago sufritzen du, eta koru hori merezimendurik lortu ez duten herritar arrunt eta normalez osaturik dago. [T (tragediaren poza), Juanjo Olasagarre (Alberdania, 2008) Orr.: 170]

Esanak esan, inoiz edo behin, sartzen duen perpausaren hasieran agertu beharrean haren osagai baten eskuinean agertzen da birformulatzailea, tartekatuta eta posizio behartuan:

(12.3)

Linksunabhängikkeitsbewegung osoaren indar eta ahuleziaren anagrama garbia, erradiografia zehatza, ekografia gardena. Indarra: apustu ausarta, ia eroa. Ahulezia: apustu ausarta, ia eroa. Zilegitasun berbera aitortzen baitzaie nazio identitate sentimendu biei: konkistatuenari eta konkistatzaileenari. Onartzen baitira -beste modu batera esanda- konkista horren ondorioak, de facto ez ezik, de iure ere bai. Eskuzabaltasun, begi-adeitasun, bihozperatasun handiagorik posible ote? Ez dut uste. Eta halere Manintzinek su-meta eta fede-autua erantzun bakar. Zergatik?... Galdera erretorikoa, behin berriro. [EPD, Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 339]

Sintagmak lotzen dituenean ere atal birformulatzailearen hasieran agertzen da ia beti.

(12.4)

Euskal Literaturaren Izaera "berezia"k (beste adjektibo batzuk ez erabiltzearren) bideratu du Bernardo Atxagaren baitan modernitate osoa eta postmodernitatearekiko jauzia (baldin badago) biltzea. Atxagak Obabakoak argitaratzen zuenean, ez zuen nobela bat argitaratu baizik eta nobela hautsi bat, edo beste modu batera esanda, batasun narratiboa deseginik duen nobela bat. [EPD, T (tragediaren poza), Juanjo Olasagarre (Alberdania, 2008) Orr.: 204]

13. aurkibidera joan Puntuazioa

Etenaldi artean agertu ohi da, eta hori idazkeran komen bidez islatzen da. Koma artean idazten da, eta, etenaldi handi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, eta gidoi edo parentesi baten ondoren), eskuinean koma duela.

(13.1)

Esan dezakegu, orduan, justizia senik ez duen pertsona, justiziak eskatzen duen bezala inoiz jokatuko ez lukeena bere interesak eta komenigarritasunak bultzatuta ez bada, adiskidetasun lokarririk ez izateaz gain, ez dela sumina eta haserrea sentitzeko gai. Bereziki oinarrizkoak diren zenbait jarrera natural eta sentipen moralen gabezia du. Beste modu batera esanda, justizia senik ez daukanak funtsezko jarrera eta gaitasun jakin batzuen gabezia du, gizatasun nozioarena barne. [PKC, Justiziaren teoria, John Rawls / Alberto Gabikagojeaskoa (2008) Orr.: 562]

(13.2)

Goian definitutakoaren arabera, herrixketako etxebizitzen antolamendu lerrozuzena ez da jotzen lauki-sare formako hiri-plangintzaren adibidetzat. Aurreko argitaraldietan hau idatzi nuen: "Pentsatzekoa da K.a. hamalaugarren mendeko politikarien zentzu praktikoaren adibide argia dela lauki-sare formako sistema Tell al Amarnako zati nahiko txikian soilik erabili izana; beste modu batera esanda, hiri-plangintza praktikotasunaren artea zen. [EHU, Hiri-formaren historia Industria Iraultza arte, Morris, Anthony Edwin James (EHU, 2010) 1. kapitulua]

(13.3)

Trantsizio horiek kuantifikatu nahi baditugu, konfiantza-maila neurtzeko bi magnitude nagusiak erabili behar ditugu: Moduluen fidagarritasuna (reliability). Une jakin batetik abiatuz, zerbitzuak etenik gabe daraman denbora (edo, beste modu batera esanda, hutsegite bat izateko igaro behar den denbora) adierazten du. [EHU, Konputagailuen arkitektura, Hennessy, John L. et al. (EHU, 2009) 1. kapitulua]

(13.4)

Linksunabhängikkeitsbewegung osoaren indar eta ahuleziaren anagrama garbia, erradiografia zehatza, ekografia gardena. Indarra: apustu ausarta, ia eroa. Ahulezia: apustu ausarta, ia eroa. Zilegitasun berbera aitortzen baitzaie nazio identitate sentimendu biei: konkistatuenari eta konkistatzaileenari. Onartzen baitira -beste modu batera esanda- konkista horren ondorioak, de facto ez ezik, de iure ere bai. Eskuzabaltasun, begi-adeitasun, bihozperatasun handiagorik posible ote? Ez dut uste. Eta halere Manintzinek su-meta eta fede-autua erantzun bakar. Zergatik?... Galdera erretorikoa, behin berriro. [EPD, Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 339]

Zenbaitetan eskuinean ‘bi puntuak’ (:) puntuazio-zeinua duela agertzen da:

(13.5)

Amaitzea: Haria amaitzen denean, bere erregistro-testuingurua eta pilak askatu egingo dira. Garrantzitsua da kontuan hartzea haria blokeatzeak prozesu osoa blokeatzen duen ala ez. Beste modu batera esanda: prozesu batean hari bat blokeatuta badago, horrek prozesu berean beste hari bat exekutatzea eragozten du, beste hari hori prest egoeran egon arren? [EHU, Sistema eragileak, Stallings, William (EHU, 2008) 4. kapitulua]

14. aurkibidera joan Sintaxia

Ikus BESTE ERA BATERA ESANDA baliokidea.

Beste modu batera esanda birformulatzaileak perpausaren esparruan nahiz perpausetik gorako mailan betetzen du bere funtzio diskurtsiboa. Maizenik, testu bateko perpaus biren arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da (beste modu batera esanda 'aposatu gabea': 14.1). Zenbaitetan —as­kozaz ere gutxiagotan, nolanahi ere— tarteki gisa erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko (beste modu batera esanda 'aposatua': 14.3).

1) Beste modu batera esanda 'aposatu gabea': perpaus biren arteko lotura

(14.1)

Alegia, ez da ari euskaraz irakurtzearen aldeko militantziaz, irakurzaletasuna euskaraz bultzatu nahi duten horien jarreraz. Edo, kontzeptu horrek ez ditu biltzen euskarazko irakurle direnak, baina zerbaiten militante badirenak: militante anarkistak, militante arrazistak, militante ekologistak, militante feministak... Esango nuke euskaltzaletasunak bultzatuta, literaturara jotzen dutenen artean zenbaitzuek afektibotasun gehiegizkoa agertzen dutela euskal testu baten aurrean. Beste modu batera esanda, hizkuntzarekiko afektu edo maitasunak irakurketa-prozesua baldintzatzen duela. [EPD-prentsa, Berria]

adibide gehiago:

(14.2)

Porlanean zeudenean txerrikumeek bero-galera osoaren % 15 galtzen zuten eroapenaz, eta proportzio hori % 6raino (erdira!) jaisten zen egurraren gainean etzaten zirenean; poliestirenozko lurzoruan are gehiago murrizten zen ukipenez galdutako beroa. Jakina, bero-galera zoru motaren arabera aldatzen bada, hazkunderako geratzen zaien energia ere aldatu egiten da. Beste modu batera esanda, txerria desberdin gizentzen da zoru motaren arabera, eta horrek ondorio ekonomiko nabarmenak ditu. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 82]

2) Beste modu batera esanda 'aposatua': perpaus bereko bi sintagmaren arteko lotura

(14.3)

Artikuluak ez du jasotzen betebeharraren definiziorik; betebeharraren edukia zer-nolakoa izan daitekeen besterik ez du esaten. Eduki hori da betebeharraren objektua, zordunak hartzekodunari zor diona -zorra-, beste modu batera esanda, zordunaren betebeharra -prestazioa-: norbait prest dago portaera jakin bat gauzatzeko eta, gainera, horren erantzukizuna hartzeko. [Zuzenbidea-TA, Zuzenbide Zibila I, Ibon Viteri (UPV/EHU, 2011)]

adibide gehiago:

(14.4)

Bestela, erruagatik sortuko den erantzukizuna mailakatzeko zeregina auzitegiei dagokie, kasu bakoitzean erabakiz zein arreta-maila eska dakiokeen zordunari eta, horren arabera, zer-nolako erruagatik erantzun behar duen zordunak (KZren 1103. art.). Frogatzeari dagokionez, dolua hartzekodunak frogatu behar badu ere, zordunak frogatu beharko du errurik ez duela izan -beste modu batera esanda, arretaz jokatu duela- (KZren 1183. art.). [Zuzenbidea-TA, Zuzenbide Zibila I, Ibon Viteri (UPV/EHU, 2011)]

(14.5)

Trantsizio horiek kuantifikatu nahi baditugu, konfiantza-maila neurtzeko bi magnitude nagusiak erabili behar ditugu: Moduluen fidagarritasuna (reliability). Une jakin batetik abiatuz, zerbitzuak etenik gabe daraman denbora (edo, beste modu batera esanda, hutsegite bat izateko igaro behar den denbora) adierazten du. [EHU, Konputagailuen arkitektura, Hennessy, John L. et al. (EHU, 2009) 1. kapitulua]

15. aurkibidera joan Maiztasuna

Gaur egungo euskara estandarrean, bereziki hizkera akademikoan —azalpenezko diskurtsoan— erabiltzen da (Pentsamenduaren Klasikoak, ZTC, Zuzenbideko testu akademikoak, EHU, ZIO). Beste muturrean, hutsaren hurrengoa da beste modu batera esanda birformulatzailearen maiztasuna Hegoaldeko euskararen erregistro lagunartekoa hein batean islatu nahi duten testuetan (Goenkale). Oso maiztasun urria du, orobat, prentsan eta lege-testuetan.

Maiztasun apalagoa du beraren baliokide batzuek baino. EUDIMA corpuseko datuen arabera bestela esanda esapideak du maiztasunik altuena (‰ 1,64). Ondoren, beste era batera esanda multzoa (‰ 0,73), beste modu batera esanda multzoa (‰ 0,36) eta beste hitz batzuetan (esanda) (‰ 0,41) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa du beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…) osatzen duten multzoak (‰ 0,16). [*Oharra: ‰ = 100.000ko]

beste modu batera esanda

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

20

0,80

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

30

0,54

A1. ZIO corpusa

4

0,40

B2. ZT Corpusa

24

0,36

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

17

0,15

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

4

0,09

B1a. EPD liburuak

9

0,08

B1b. EPD prentsa

8

0,07

C1. ETBko dokumentalak

0

0,00

C2. Goenkale corpusa

0

0,00

Denera

116

0.18

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

61

0.17

Itzulpenak

55

0.20

"BESTE MODU BATERA ESANDA" multzoa

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

A3b. Zuzenbidea / akademikoak

24

0,96

B2. ZT Corpusa

46

0,69

A2. EHUko eskuliburu itzuliak

38

0,68

B1a. EPD liburuak

71

0,66

A1. ZIO corpusa

6

0,6

A4. Pentsamenduaren Klasikoak

27

0,22

A3a. Zuzenbidea / lege-testuak

6

0,13

B1b. EPD prentsa

13

0,1

C1. ETBko dokumentalak

0

0

C2. Goenkale corpusa

0

0

Denera

231

0.35

  agerpenak maiztasuna
(100.000ko)

Jatorrizkoak

140

0.38

Itzulpenak

91

0.31

16. aurkibidera joan a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa

a.  Azalpenezko testuetan erabiltzen da, batik bat, beste modu batera esanda birformulatzailea: Zuzenbideko testu akademikoak, EHU, ZIO, ZTC.

b. Askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino. Adierazgarria da, alde horretatik, Goenkale-ko testuetan behin ere ez agertzea ( 0,00).

c.  Hizkera zainduari eta azalpenezko testuei lotuta dagoenez, ahozko hizkuntzan agertzekotan erregistro edo testu mota horietan agertuko da.

17. aurkibidera joan Erdal baliokideak

espainiera

[OEH]

Dicho de otra forma

[Zehazki]

dicho de otro modo: bestela esan.

frantsesa

pour le dire autrement / d'une autre manière/ d'une autre façon; en d'autres termes

ingelesa

in other words, [Morris] bestela esateko: to put it a different way

18. aurkibidera joan Ez da diskurtso-markatzaile...

Beti da birformulatzaile.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus