Birformulazioa eta birformulatzaileak diskurtsoan
1. Saila > azpisaila | 2. Balio oinarrizkoa | 3. Balioak eta erabilerak | 4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa | 5. Balio diskurtsiboa: informazioa | 6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa | 7. Forma eta jatorria | 8. Aldaerak | 9. Baliokideak | 10. Euskal gramatikak | 11. Euskal hiztegiak | 12. Posizioa | 13. Puntuazioa | 14. Sintaxia | 15. Maiztasuna | 16. a. Testu Mota b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...) c. Idatzia/ahozkoa | 17. Erdal baliokideak | 18. Ez da diskurtso-markatzaile...
birformulatzailea > esplikatiboa
Birformulazio esplikatibo bat bideratzeko erabiltzen da beste era batera esanda: hots, aurreragoko diskurtso atal batean adierazitakoa azaltzera, argitzera, osatzera edo zehaztera datorren diskurtso atal bati bide egiteko. Gramatikalizatze-bidean dagoen esapide horretaz baliatzen da esataria esan berri duena modu argiago batez birformulatzeko: haren bidez esatariak ohartarazten edo iragartzen dio hartzaileari lehenago adierazi duenari buruzko azalpen bat datorrela beste era batera esanda esapideak txertatzen duen diskurtso atalean.
Argiagotu nahi den aurreragoko diskurtso atalari ‘birformulakizun’ esango diogu, eta azalpen berriari ‘atal birformulatzaile’ edo, oro har, ‘birformulazio’. Beraz, diskurtsoan lehenago —birformulakizunean— adierazitakoa argitzera edo azaltzera dator atal birformulatzailea.
Itzul gaitezen ingelesezko (61c) perpausera: John painted the kitchen 'Johnek sukaldea margotu zuen'. Sukaldea margotzea moduko gertaeretan, ingelesezko 'lehenaldiak' aspektu burutua ere jasotzen du. Beste era batera esanda, hizketa-unea baino lehenago gertatu da margotzeko ekintza osoa (lehenaldia), eta sukaldea margotzen amaitu zuen Johnek (aspektu burutua). [EHU, Hizkuntza eta hizkuntzalaritza: hastapenak, Fasold, Ralph et al. (EHU, 2010) 2. kapitulua]
Birformulakizuna |
Sukaldea margotzea moduko gertaeretan, ingelesezko 'lehenaldiak' aspektu burutua ere jasotzen du. |
Azalpena: atal birformulatzailea |
Beste era batera esanda, hizketa-unea baino lehenago gertatu da margotzeko ekintza osoa (lehenaldia), eta sukaldea margotzen amaitu zuen Johnek (aspektu burutua). |
Erabilitako materialaren arabera, beste bi tartetan banatu daiteke fase hau. Lehena bat dator lehortze-abiaduraren jaitsiera linealarekin, eta bigarrena, jaitsiera ez-linealarekin. Arestian aipatutako tarte guztiak agertzea edo ez agertzea erabilitako hezetasun-tartearen mende dago, edo, beste era batera esanda, saiakuntzaren iraupenaren mende. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 8. Kapitulua]
Birformulakizuna |
erabilitako hezetasun-tartearen mende (dago), |
Azalpena: atal birformulatzailea |
edo, beste era batera esanda, saiakuntzaren iraupenaren mende. |
Azpimarratzekoa da diskurtsoaren harian atal birformulatzailea geratzen dela indartuta edo nabarmenduta; beraz, hura hartu behar da aintzat eta ez birformulakizuna.
Bestalde, aurreko adibideetan ikus daitekeenez, beste era batera esanda birformulatzailearen bidez lotzen edo kateatzen diren diskurtso atalak (ikus sintaxia) enuntziatu osoak (2.1.) nahiz enuntziatu atalak (2.2.) izan daitezke, eta askotariko kategoria lexiko eta sintaktikokoak (perpausak, izen-sintagmak, aditz-sintagmak, izenak, aditzak).
Hona hemen beste era batera esanda birformulatzaileak birformulazio-prozesuetan betetzen dituen funtzio nagusiak:
a. Identifikazio- eta zehaztapen-funtzioa: birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzea
Honetan datza birformulazio-prozesua: beste era batera esanda esapidearen bidez birformulakizunari erreferentzia jakin bat esleitzen zaio atal birformulatzailean; hots, identifikazio edo zehaztapen bati bide egiteko erabiltzen da beste era batera esanda. Denborazko eta lekuzko esapideak argitzeko erabiltzen da, edota deiktikoen eta sintagma zehaztugabeen erreferentzia identifikatzeko edo zehazteko.
Biformulakizunari erreferentzia jakin bat esleituz argiagotzen da aurreko adierazpena:
Elkartearen ibilbidean, hasierako 'bertsolaritza bultzatu nahi' hartatik proiektu sendoago bat mamituz joan da pixkanaka. Gorago esan den bezala, hiru ardatz ditu proiektu horrek: transmisioa, bilketa-ikerketa eta hedapena. Eta sentsibilitate osagarri bat: lurraldetasuna. Aletu ditzagun laburki bertsolaritzaren proiektuko ardatzak edo, beste era batera esanda, Bertsozale Elkartearen lan-ildoak: Transmisioa: Belaunaldi berrietara bertsolaritzaren transmisioa ziurtatzea du ipar. Bi lan-ildo nagusi ditu alor honek: batetik, irakaskuntza arautuan txertatutako bertsolaritzaren jarraipena egitea eta, bestetik, bertso-eskolak. [EPD, Bat-bateko bertsolaritza, J. Garzia / A. Egaña / J. Sarasua (Bertsozale Elkartea, 2005) Orr.: 71]
adibide gehiago:
Behatzailea da, beraz, eta ez subjektua, aipatu eskemen baitan etenak egiten dituena. Baliabide eta helburuen arteko bereizketa edota, beste era batera esanda, intentzionalitateak ezaugarri duen eta kanpoko oztopoen eraginez sortzen den kontzientzia hartzea, haurrak gauzak bere horretan erlazioan jarri nahi dituenean soilik agertzen da. [PKC, Adimenaren sorrera haurrarengan, Jean Piaget / Elisabete Etxeberria (1997) Orr.: 256]
Han ere, ostera, euskara guztiz alde batera utzi, eta latinetik erromantzera egin zen jauzia. Aspaldi erakutsi zituen José María Lacarrak (1957: 14) Nafarroako jokabidearen gakoak: Beste era batera esanda, oso goiz erdaldundu zen Nafarroako alderdi zabala, ekonomian aberatsena eta aurreratuena zena. Eremu erdaldun horretakoak ziren Nafarroako agintariak -atzerritik etorritakoak ere bai sarritan- eta, gainera, latinera ohituta egonda, samurragoa zen latinetik hizkuntza erromantzeetarako jauzia, latinetik euskararakoa baino. [EPD, Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 25]
Biformulakizunari zehaztapenen bat gaineratuz argiagotzen da aurreko adierazpena:
Alde biko laguntza ez bezala, alde askoko laguntza, guztizko laguntzaren %30 dena, ez dago a priori herrialde emaileen merkataritzazko edo estrategiazko helburuen mende. Laguntza mota hau administratzen duten erakundeek -Nazio Batuak, Munduko Bankua, Garapenerako Europar Funtsa, etab. -, berez, laguntza hartuko duten herrialdeen garapena dute helburu bakarra, edo, beste era batera esanda, herrialde horietan kapitalismoa zabaltzea. Luzarora errentagarritasuna, pribatua nahiz soziala, ziurtatua dutela diruditen proiektu produktiboak edo kolektiboak finantzatzen dituzte, edota jarduera-sektore osoei berregituratzen eta modernizatzen laguntzen diete (nekazaritzari, energiari edota komunikazioei, adibidez). [EPD, Ekonomiaren globalizazioa, Jacques Adda / Koro Navarro (EHU, 2004) Orr.: 116]
adibide gehiago:
Nolanahi dela ere, nork bere kausazko teoriez eszeptizismozko jarrera hartzea eta apaltasun intelektuala izaten ohitzea da, inolako zalantzarik gabe, eginbehar moralik garrantzizkoenetako bat. Eman ezagun, hala ere, egiaz gertatzen dela uste genuen kausazko lotura edo, beste era batera esanda, egiaz gertatzen dela bitartekoen eta xedeen arteko lotura bat dagoen egoera bat. [PKC, Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) Orr.: 356]
Hain zuzen ere, lege hori gezurtatzen duen zerbait gertatu dela konbentzitzen bagara, ez dugu esaten salbuespena denik, edo legea aldatu denik, gure hipotesia gezurtatu egin dela baizik, zeren frogatuta geratu baita ustezko erregulartasun zurrun hura ez zela egiaz halakoa, edo, beste era batera esanda, ustez izadiaren legea zena ez zela egiaz izadiaren legea, baieztapen faltsu bat baizik. [PKC, Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) Orr.: 78]
b. Birformulakizunaren esanahia edo zentzua argitzea
Honetan datza birformulazio-prozesua: beste era batera esanda esapidearen bidez birformulakizunaren esanahia edo zentzua argiagotzen da atal birformulatzailean; hots, azalpen bati bide egiteko erabiltzen da beste era batera esanda. Alde batetik, aurreragoko enuntziatu oso baten zentzua edo interpretazioa argitzeko erabiltzen da. Bestetik, hitzen esanahia argitzeko erabiltzen da (neologismoak, hitz ezezagunak, hitz teknikoak, atzerriko hizkuntzetakoak, latinetikakoak, eta abar).
Emaitza haiek (ez bakarrik matematikari zegozkionak, noski) onak zirela baieztatu ondoren, iruditu zitzaidan bazela garaia mundu birtualean ikasitakoa errealitatearekin kontrastatzeko; edo, beste era batera esanda, bazela garaia jakiteko ea pantaila aurrean erabilitako teknika haiek benetan eragingarriak ote ziren zinezko emakume batekin jarduteko momentuan. [Patata soro bat, Josetxo Azkona (Alberdania, 2004) Orr.: 167]
Testuan aipatzen den definizio nominalisten eta esentzialisten arteko aurkakotasuna, "hitzezko" definizioen eta definizio "errealen" arteko bereizkuntza tradizionala berreraikitzeko saio bat da. Gehien azpimarratu nahi dudana da ea eskuinetik ezkerrera irakurtzen den definizioa, ala ezkerretik eskuinera; edo, beste era batera esanda, ea adierazpen luze bat adierazpen labur batek ordezkatzen duen ala adierazpen labur bat ordezkatzen duen adierazpen luze batek. [PKC, Gizarte irekia II, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2009) Orr.: 330]
Ez da, beraz, mira egitekoa Zuberoako ertz batetik bestera aldakuntzak izatea. Kontrakzioak, ostera, lehentasun eta lastertasun kontua izan dira: Pettarrean jarri ziren lehenbizi abian eta geroago heldu ziren Basabürüra. Beste era batera esanda, berritzaileagoa izan da Pettarra eta gordetzaileagoa alderdi menditsua, mundu zabaleko beste hainbat lekutan gertatu ohi den bezala. Txomin Peillenek (1983: 128) aipatu zuen horren adibidea. Zuberoa guztian jun eta mendin esaten da, eta juan eta mendian, berriz, Santa-Grazin. [EPD, Euskalkiak, euskararen dialektoak, Koldo Zuazo (Elkar, 2008) Orr.: 40]
adibide gehiago:
Erabilitako materialaren arabera, beste bi tartetan banatu daiteke fase hau. Lehena bat dator lehortze-abiaduraren jaitsiera linealarekin, eta bigarrena, jaitsiera ez-linealarekin. Arestian aipatutako tarte guztiak agertzea edo ez agertzea erabilitako hezetasun-tartearen mende dago, edo, beste era batera esanda, saiakuntzaren iraupenaren mende. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 8. Kapitulua]
(...) (3) Tiraniaren kontrako borroka; edo, beste era batera esanda, gainerako printzipioak, aginpidea duten pertsonen borondate onaren bidez baino areago baliabide instituzionalen bidez zaintzeko ahalegina. [PKC, Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) Orr.: 283]
c. Birformulakizunaren esanahia zabaltzea: definizioa
Honetan datza birformulazio-prozesua: beste era batera esanda esapidearen bidez birformulakizuna definitzen da atal birformulatzailean; hots, definizio bati bide egiteko erabiltzen da beste era batera esanda. Batez ere, terminoak definitzeko erabiltzen da.
Nolanahi ere, gero erabiltzeko moduko zatiki granulometrikoak lortu beharrak -hau da, prestakuntzan bereizketa-teknikak erabili beharrak- neurri handi batean baldintzatzen du baliatuko ditugun tresnen egitura. Ikuspuntu praktiko batetik begiratuz, edozein bereizketa-metodok alderdi kritiko nagusi bat du: eraginkortasuna edo, beste era batera esanda, nahi den helburura iristeko lortzen den arrakasta-maila. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 6. kapitulua]
Errituan oinarritutako jatorri horretatik, eta oraindik forma zeremonialetatik eta hitzaren erabilera sakratutik guztiz askatu gabe zegoen epika arkaikoaren bidez, tragedia eta komedia genero poetiko autonomo bihurtu ziren, herritarrak hezteko sistemaren, paideiaren, pieza. Horrenbestez, tragedia atikarra ezin da, besterik gabe, edertasunaren bilaketatzat hartu; hori anakronismo zakarra litzateke. Irudikapen plastikoko saio bat da: ekintzen mimesia edo, beste era batera esanda, iruditan jarritako ekintzak. [EHU, Artearen teoria, Jiménez Jiménez, José (EHU, 2010) 2. kapitulua]
adibide gehiago:
Spin bat asaldatzen bada (erradiazio elektromagnetikozko pultsu batez, esaterako), indargetu egingo da luzetarako magnetizazioa, eta, horrenbestez, T1 izango da erlaxazio-denbora (spin-sare erlaxazio-denbora). Zeharkako magnetizazioa ere indargetu egingo da, T2 erlaxazio-denboraz (spin-spin erlaxazio-denbora), eta horrek ezartzen du erpinaren zabalera. 8. Fourier transformatu batek espektro (edo, beste era batera esanda, xurgapen-intentsitatea versus maiztasuna) bihurtzen du FID seinalea. [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 15. kapitulua]
d. Birformulakizunaren esanahia laburbiltzea: izendapena
Honetan datza birformulazio-prozesua: beste era batera esanda erabiliz birformulakizuneko formulazio luzea termino bakar batera ekartzen da atal birformulatzailean; hots, birformulakizuna laburbiltzen duen deitura edo termino bati bide egiteko erabiltzen da beste era batera esanda.
(...) Ioi baten erradioa aurkako zeinua duten inguruko ioien kopuruaren araberakoa da, edo, beste era batera esanda, koordinazio-zenbakiaren araberakoa. [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 23. kapitulua]
e. Beste balio batzuk: ondorioa, dedukzioa…
Bestalde, zenbaitetan —testuingurua lagun— aipatutakoez bestelako balioak bereganatu ditzake beste era batera esanda markatzaileak. Izan ere, birformulatzaile esplikatiboak, birformulazioaren nolabaiteko hiperonimoak direnez, gai dira erabilera markatuetan bestelako balioak (ondorioa, dedukzioa) eta bestelako birformulazio motak adierazteko (zuzenketa, laburbilketa, berrazterketa).
Zenbaitetan eragiketa testual argumentatiboak betetzeko erabiltzen dira birformulatzaile esplikatiboak: batez ere, ondorioa eta konklusioa adierazteko. Izatez, hori ez da birformulatzaile esplikatiboen funtzio prototipikoa, baina, testuingurua lagun, ondorioa eta bestelako funtzio argumentatiboak bereganatzen dituzte inferentzia-prozesuetan.
Inferentziazko prozesua gertatzen denean ondorio edo dedukzio bati bide egiteko erabiltzen da beste era batera esanda: ondorio subjektiboa, emaitza, dedukzioa. Halakoetan, atal birformulatzailearen hasieran paratu ohi da markatzailea eta identifikaziotik edo baliokidetzatik harantzago doa bi atalen arteko lotura: birformulazioa ez da oinarritzen parafrasian, inferentzian baizik. Informazioaren egituraren aldetik, iruzkin berriak ez du errepikatzen lehengo mintzagaia, baizik eta aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen du: ondorengo testuan, esaterako, birformulakizunean adierazten denetik harantzago doa birformulazioa. Aurreko enuntziatutik ondoriozta daitekeen zerbait gaineratzen da birformulazioan (zenbaitetan, ondorio subjektiboa).
"Adibide bezala, lan munduan daukagun egoera kezkatzekoa da. Hogei urte pasa dira eta lan eremuetan euskara nola dagoen ikusi besterik ez dago. Euskara hizkuntza ofiziala dela esaten denean nola ulertu behar da lan munduan izandako garapen eza? Edo, beste era batera esanda, erdarak daukan monopolio hutsa?". Erantzunak ondo asko argitu ditu zalantzak, halakorik baldin bazegoen. Eta argitu ahala herri euskaldunaren eta herri langilearen arteko leizea zenbaterainokoa den erakutsi digu. Langileen herria ere herri arrotza da gure herrian jatorrizko herriari dagokionez, eta hori ezin dugu ahantzi. [EPD, Abertzaleak eta euskara. Edo nazio euskaldunaren gainbehera, Joxe Manuel Odriozola (Elkar, 2008) Orr.: 174]
adibide gehiago:
Ameriketako euskaldunez beste zenbait argibide Ameriketara joan eta han ere Euskal Herriko alderdi jakin bateko bizilagunak leku berean biltzeaz mintzatu gara orain artean, baina, jakina, egoera nabarragoak ere izan dira. Horrek, ordea, ez du beti hartu-emana eta elkarlana ekarri, eta batzuk eta besteak euren taldetxoetan itxita bizi izatea ere suertatu da. Beste era batera esanda, Euskal Herrian gertatzen dena errepikatu da Ameriketan: herrialde jakin batekoa izateak "euskalduna" izateak baino indar handiagoa duela. Argigarria da, horren harira, Douglassek eta Bilbaok (1986: 206) Argentinako euskaldunez esandakoa: La comunidad vasca del Río de la Plata no fue en cuanto a organización interna, monolítica ni indiferenciada. [EPD, Abertzaleak eta euskara. Edo nazio euskaldunaren gainbehera, Joxe Manuel Odriozola (Elkar, 2008) Orr.: 176]
4. Balio diskurtsiboa: enuntziazioa
Enuntziazioaren elementu garrantzitsua, birformulatzaile paradigmatikoa: esatariak, aurreragoko formulazio “desegoki” baten ordez bigarren bat jartzen du, egokiagoatzat jotzen duena: esatariak, bere aurreko adierazpenaren balizko iluntasunaz jabeturik, agerian utzi nahi du birformulazioaren bidez bere diskurtsoaren zentzua. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketa bat bideratzen da, lehen formulazioa bigarrenari menderatuz. Enuntziazio-ikuspegiaren aldaketak ez du esan nahi, hala ere, argudiaketaren norabidea ere aldatzen denik (Larringan, 1996: 245).
Gainerako diskurtso-markatzaileekin alderatuz, izaera polifonikoa da birformulatzaileek parte hartzen duten egituren bereizgarrietako bat (Garcés 2008: 82-83). Izan ere, zerbait birformulatzean atzera egiten dugu diskurtsoan lehenago adierazitakoa berrinterpretatzeko, eta atzera itzultze horretan ikuspuntu berri bat sartzen dugu, birformulakizunekoarekin bat etor daitekeena edo ez.
argibide gehiago:
Hiru tipo nagusi bereizi ohi dira polifoniari dagokionez (Murillo 2007; Fuentes 2004). Lehenengo tipoan —gehienetan agertzen dena— erlazio polifonikoa ez dago markatuta, ez baita aldatzen hiztuna edo esataria*:
*Oharra: Polifoniari buruzko teorian (Ducrot 1984) hiru kontzeptu hauek bereizten dira: a) hiztuna (gazt. hablante), enuntziatua ematen duena; b) esataria (gazt. locutor), esaten denaren erantzulea; enuntziatzailea (gazt. enunciador), enuntziatuetan agertzen diren ahots edo ikuspuntuen erantzulea.
«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek. Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. [EPD-prentsa, Berria]
Bigarren tipoan, esatari bat eta bi enuntziatzaile bereizten ditugu:
Berandu etorriko dela esan du. Alegia, ez da etorriko.
Enuntziatu hori polifonikoa da, ikuspuntu-aldaketa bat gauzatzen baita enuntziatzaileari dagokionez birformulakizunetik atal birformulatzailera: lehen enuntziatuan (birformulakizunean) enuntziatzaile batek (e1) adierazten du —zehar-estiloa erabiliz— norbaitek esan duela berandu etorriko dela; bigarren enuntziatuan (atal birformulatzailean), beste enuntziatzaile batek (e2) —zeina bat baitator esatariarekin— dio etortzekoa den pertsona hori ez dela etorriko (hots, bere ikuspuntutik egiten du aurreko enuntziatuaren berrinterpretazioa).
Hirugarren tipoan, lotzen diren enuntziatuetan bi esatari —eta bi enuntziatzaile— bereizten ditugu. Horixe gertatzen da, adibidez, heterobirformulazioan edota enuntziatuetako batean “hitz aipatuak” (norberarenak edo beste norbaitenak) agertzen direnean.
[Heterobirformulazioa] Laukizuzena, gero; bi informazio behar dira hura zehazteko. Gero, erronboa, paralelogramoa, trapezioa. Eta, hara, ia-ia ahaztu zaizkit, haiek izanik ugarienak inondik ere: nolanahikoak! Ezer nabarmenik ez dutenak. -Alegia —sartu zen tartean Jonathan—, matematikan lanerako sekula erabiltzen ez direnak. [ZIO, Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz (EHU, 2005) Orr.: 156]
Insistió en que los aumentos de los pilotos deben ir ligados a los beneficios empresariales, es decir, "si la compañia obtiene esos beneficios, ellos obtienen esas subidas", algo que Iberia no puede garantizar de antemano. (Faro de Vigo, 21/06/2001, CREA)
5. Balio diskurtsiboa: informazioa
Azalpenak emateko ez ezik, informazioa gaineratzeko ere erabiltzen da beste era batera esanda birformulatzailea. Bestalde, nabarmenduta edo indartuta geratzen da beste era batera esanda birformulatzailearen bidez txertatzen edo gaineratzen den iruzkina eta informazioa (birformulazioa): birformulakizuna atzenduta, birformulazioa hartu behar da aintzat diskurtsoaren harian.
6. Balio diskurtsiboa: argumentazioa
Argumentazioaren ikuspegitik, gehienetan lehenago emandako argudioa indartzera dator birformulazioa. Inferentziazko prozesuetan, berriz, ondorioa adierazteko erabiltzen da beste era batera esanda: birformulakizunean esandakotik ondoriozta daitekeen zerbait —batzuetan, ondorio subjektiboa— gaineratzeko balio du.
Moduzko perpaus adberbial jokatugabe baten gramatikalizazioz sortua da beste era batera esanda diskurtso-markatzailea (beste era batean esanda / beste era batera esateko / beste era batera esanez, beste era batera esanik). Dena dela, ez dago guztiz lexikalizatuta eta gramatikalizatuta eta horregatik du mugikortasun mugatua.
Birformulatzaile-zeregina betetzen duenean, etenaldi artean ageri da esapidea (idazkeran, koma artean).
Ez dago guztiz gramatikalizatuta: lehian dabil beste aldaera libreago batzuekin.
BESTE ERA BATERA ESANDA (multzoa): 462 agerpen ( ‰ 0,73) [*Oharra: ‰ = 100.000ko]
Beste era batera esanda: 388 agerpen
Beste era batean esanda: 40 agerpen
Beste era batera esateko: 22 agerpen
Beste era batera esanez: 6 agerpen
Beste era batera esanik: 6 agerpen
Baliokidetzat jo ditzakegu egungo euskaran birformulatzaile gisa erabiltzen diren esapide hauek guztiak: bestela esan(da), beste era batera esanda/esateko, beste modu batera esanda/esateko, beste hitz batzuetan (esanda/esateko) eta beste hitzez/hitzetan (esanda/esateko).
Gure corpusaren arabera, gaurko euskaran baliokideen artetik bestela esanda esapideak ditu maiztasunik altuena eta tradiziorik onena. Ondoren, beste era batera esanda, beste modu batera esanda eta beste hitz batzuetan (esanda) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa dute beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…). Hona baliokide bakoitzaren agerpen kopurua eta maiztasuna:
Birformulatzaile baliokideen maiztasunak (EUDIMA corpusa) [*Oharra: ‰ = 100.000ko]
Bestela esanda/esateko… |
1032 agerpen, ‰* 1,64 |
Beste era batera esanda/esateko… |
462 agerpen, ‰ 0,73 |
Beste modu batera esanda/esateko… |
231 agerpen, ‰ 0,36 |
Beste hitz batzuetan/batzuekin (esanda/esateko) |
257 agerpen, ‰ 0,41 |
Beste hitzetan/hitzez (esanda/esateko) |
104 agerpen, ‰ 0,16 |
Baliokide erabatekoak dira esapideok guztiok, bai balio semantiko-pragmatikoari dagokionez, bai posizioari eta sintaxiari dagokienez.
Birformulatzaile hau (beste era batera esanda) ez dago aztertuta euskal gramatiketan.
Ez dago guztiz lexikalizatuta eta gramatikalizatuta eta beharbada horregatik ez dago jasota birformulatzaile hau (beste era batera esanda) esapide gisa euskal hiztegietan. Ikus Orotariko Euskal Hiztegian: bestela > bestela esan
Ez dago guztiz gramatikalizatuta eta horregatik du mugikortasun mugatua. Perpausak lotzen dituenean, perpaus birformulatzailearen hasieran agertzen da ia ezinbestean:
Europako Batasunaren jarduna «demokrazia ordezkatzailean dago oinarrituta», Konstituzio Itunaren I-46. artikuluaren arabera, baina demokrazia ordezkatzailearen organo gorena izan ohi denari, Parlamentuari, oso ahalmen mugatuak aitortzen dizkio itunak berak. Egia da, orain arte ez bezala, Europako Legebiltzarrak ahalmen legegilea izango duela Konstituzio Ituna indarrean sartzen bada, baina jardun hori Europako Ministro Kontseiluarekin elkarlanean egin beharko du. Beste era batera esanda, Europako Parlamentuak legerik ezingo du onartu, ministroen kontseiluko gehiengo kualifikatuaren oniritzirik gabe. [EPD, prentsa, Berria]
Hainbatetan entzun da Reala talde deserosoa dela aurkarientzat. Defentsak lan duina egiten duela, taldekako ahalegina txalogarria dela eta zaila dela Realari irabaztea. Eta egia izan da, orain arte behintzat. Baina hori txanponaren alde ona baino ez da. Realaren defentsarekiko konfiantza horrek eramaten du ahaztera erasoan deseroso dagoela taldea. Edo, beste era batera esanda, aurkariak eroso daudela baloia daukanean. [EPD, prentsa, Berria]
Esanak esan, inoiz edo behin, sartzen duen perpausaren hasieran agertu beharrean haren osagai baten ondoan agertzen da birformulatzailea, tartekatuta eta posizio behartuan:
Zein izango da, beraz, hurbileko baldintza aipatu inguruneak finkatzen hasteko? Iruditzen zaigu, eskema bisualek beste asimilazio-eskema batzuekin koordinaturik egon behar dutela, atzipen -, entzumen - edo zupaketa-eskemekin, esate baterako. Beharrezkoa da, beste era batera esanda, unibertso batean antolaturik egotea: osotasun batean sartuta egoteak emango die objektibitate-hastapena. [PKC, Adimenaren sorrera haurrarengan, Jean Piaget / Elisabete Etxeberria (1997) Orr.: 106]
Iruzkintzaile 'aposatua' denean ere —hots, tarteki gisa erabiltzen denean—, atal birformulatzailearen hasieran agertzen da gehienetan; baina haren amaieran ere agertzen da noizean behin.
Greziarrek goratu zutena biziotzat hartu dute beste zenbaitek historian zehar. Astialdirako denbora zuena pertsona libre eta bertutetsua zen antzinateko Grezian; gerora, baina, bekataritzat hartu izan da. Hala uste du Gaspar Rul-lan Buadesek. Lanaren kulturan bizi garela dio Run-lan Buadesek, eta lanean ez gaudenean denbora galtzen ari garen ustea izaten dugula sarri. Astialdia, lanaren osteko eta aurreko tartetzat hartzen dugula, beste era batera esanda. [EPD, Berria]
adibide gehiago:
Horregatik, bada, ez du zentzurik gure gizarte-munduaren goitik beherako birmoldaketa batek sistema bideragarri bat ekarriko digunik uste izateak. Bestela baizik, uste izatekoa da, gure esperientzia-falta kontuan harturik, akats asko egingo direla, pixkanakako egokitzapenezko prozesu luze eta neketsu batek egingo ez lituzkeenak; aldezten ari garen pixkanakako ingeniaritzazko metodo arrazional horrek eragotziko lituzkeen akatsak, beste era batera esanda. [PKC, Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) Orr.: 200]
Garbi ikusten da hemen gure ekintzen ondorio guztiak ez direla hala nahi izandakoak; eta, horrenbestez, gizartearen konspiraziozko teoria ezin daitekeela egia izan, zeren eta ondorio guztiak, lehen ikusian inoren asmoari ez dagozkionak ere, horixe lortzeko interesa duen jendearen ekintzen berariazko ondorioz eginak direla esatea bezala bailitzateke. Adibideok ez dute gezurtatzen psikologismoa konspirazioaren teoriak bezain argiro, zeren aise argudia baitaiteke saltzaileak merkatuan erosle bat dela jakiteak, eta prezio handiagoa lortzeko duen itxaropenak -faktore psikologikoek, beste era batera esanda- esplikatzen dituztela deskribatu diren ondorioak. [PKC, Gizarte irekia II, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2009) Orr.: 113]
Etenaldi artean agertu ohi da, eta hori idazkeran komen bidez islatzen da. Koma artean idazten da, eta, etenaldi handi baten ondoren (hots, puntuaren, puntu eta komaren, eta gidoi edo parentesi baten ondoren), eskuinean koma duela agertzen da.
Entzumenaren erresonantzia-teoria, 1863an Helmholtz-ek proposatua, honela laburbiltzen da: zuntz bakoitzak bere erresonantzia-maiztasuna du eta soinu egokia iristen zaionean hasten da mugitzen. Beste era batera esanda, barne-belarria harpa baten antzekoa da, hariak behar bezala estimulatzen zaizkionean soinua ateratzen duena. [ZIO, Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006) Orr.: 115]
Bruff jaunak, jakina, kanpoan izan nintzen bitartean gertatuko guztiaren berri eman zidan; beste era batera esanda, Betteredgeren kontakizunaren ondotik hemen azaldu den guztiaren berri eman zidan, gorabehera batena izan ezik. [Ilargi-harria, Wilkie Collins / Antton Olano (Elkar-Alberdania, 2008) Orr.: 476]
Han ez da nabari inolako famili edo korporazio-eraginik; sarritan ezin da aurkitu ezta eragin indibidual iraunkor samarrik ere. Beraz, Amerikak fenomenorik arraroena du bere gizarte-egoeran. Han gizakiak beren aberastasun eta adimenetan berdinagoak —edo, beste era batera esanda, beren indarrean berdinagoak— dira, munduko beste edozein herrialdetan diren edo historia oroitzen den neurrian beste edozein mendetan izan diren baino. [PKC, Amerikako demokrazia I, Alexis de Tocqueville / Iñaki Mendiguren (1995) Orr.: 7]
Zenbaitetan eskuinean ‘bi puntuak’ (:) puntuazio-zeinua duela agertzen da:
Ez al diozu erantzun nahi nire galdera printzipalari, edo? -Zein da? -Hauxe: sakatzen ez badut, eta atxikitzen ez badut, nola idatzi nezake? Edo beste era batera esanda: zergatik lurmentzen zaigu hain azkar gure gogo-energia guztia, eta gesaltzen, eta desegiten, eta magma informe bat bir-bilakatzen? .. -Zergatik galdetzen duk hori, Ander, erantzuna nik bezalaxe dakik-eta? -Bai, beharbada bazakiat. Baina ahaztu egiten zaidak. [EPD, Terra Sigillata, Joxe Austin Arrieta (Txalaparta, 2008) Orr.: 164]
Beste era batera esanda birformulatzaileak perpausaren esparruan —sintagmak lotuz— baino askozaz ere sarriagotan betetzen du bere eginkizun diskurtsiboa perpausetik gorako mailan. Alde batetik —gutxitan—, tarteki gisa (gazt. 'inciso') erabiltzen da, perpaus baten barruan, elementu baten eta elementu hori azaltzera edo zabaltzera datorren iruzkin baten arteko lotura ezartzeko (beste era batera esanda 'aposatua'). Beste alde batetik —maizenik—, testu bateko perpaus biren (edo gehiagoren) arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da (beste era batera esanda 'aposatu gabea').
1) Beste era batera esanda tarteki gisa (beste era batera esanda 'aposatua'): aurreragoko sintagma bat —eskuarki, aurreko sintagma— da birformulakizuna.
Berrogeita hamarretako lehenbiziko urteetatik dabil lanbide horretan -beste era batera esanda, bere gizonaren istripua baino askoz lehenagotik-, eta nahiz eta orain lanpostu honen beharra duen bere familia txikia aurrera atera-tzeko behar dituen diru-sarrerak edukitzeko, Walker berehala ohartzen da bere lanbideari bete-betean emana bizi dela ema-kumea, lanbideak bete egiten duela eta berau duela seguru asko bizitzako osagairik garrantzitsuena. [EPD, Ikusezin, Paul Auster / Oskar Arana (Alberdania, 2009) Orr.: 188]
adibide gehiago:
Ikus, adibidez, honako erreakziobide hau: (18.113) (18.114) (18.115) 18.10 irudia 18.3 taula A molekula zera da: isomerizatzeko nahiz deskonposatzeko adina bibrazio-energia duen molekula. (Beste era batera esanda: bi molekulen arteko talkaren energia zinetikoaren zati bat baliaturik bibrazio-maila altuago batera eraman den molekula). [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 18. Kapitulua]
Horrelakoetan, tartekatuta eman ohi da atal birformulatzailea: a) aposaturik (maizenik koma artean); b) edo besterik gabe tarteki gisa[1] (sarritan koma artean edota gidoi edo parentesien artean)—. Eta gehienetan halako paralelismo funtzional bat —'baliokidetasun funtzionala' (ikus Suñer 1999)— egon ohi da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (Berrogeita hamarretako lehenbiziko urteetatik / -beste era batera esanda, bere gizonaren istripua baino askoz lehenagotik-,): paralelismo funtzional horrek, bestalde, badu zerikusia informazio-egiturarekin, eskuarki birformulakizuneko mintzagai bera iruzkintzera baitator atal birformulatzailea (gure testuan, adibidez, galdera berari erantzuten diote bi enuntziatuek: Noiztik?). Gainera, gehienetan erlazio parafrastikoa dago bi enuntziatuen artean: hau da, nolabaiteko baliokidetza egon ohi da birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean.
[1] Zentzu hertsian ulertuta, elementu nominalen arteko albokotasunezko predikazio-erlazioa baino ez da aposizioa: "El nombre mismo del fenómeno, appositio, del latín apponere —equivalente a «colocar junto a»— nos indica ya que suele existir adyacencia entre los términos en aposición. Esta circunstancia no es casual, no responde únicamente al mero deseo de un hablante de colocar contiguos dos elementos, sino que es manifestación de la relación predicativa que necesariamente debe mediar entre los dos miembros en aposición. Las aposiciones introducirían, pues, una predicación secundaria (cf. Stowell 1983) de caráctcr nominal [-> §§ 38.1 y 73.2.2], usada para especificar o explicar otra palabra de la misma especie (Suñer 1999: 525). (…) “En los ejemplos anteriores [51a: 'Al final apareció con su hermano, con Pedro'; 52c: 'Se le veía feliz, andaba canturreando, gorgoriteando, por lo bajo'] se respetan ciertos requisitos estructurales comunes a los casos de aposición que se han visto hasta ahora: los dos elementos deben ser de la misma categoria o equiparables funcionalmente y deben poseer cierto grado de afinidad semántica. Sin embargo, si el término 'aposición' se aplica restrictivamente sólo a aquellos segmentos que establezcan una relación predicativa con un nombre o complemento nominal adyacente, ejemplos como (51) o (52) no son propiamente aposiciones puesto que no es posible establecer una predicación con un 'sujeto’ que no sea un elemento nominal” (Suñer 1999: 542-543). Dena dela, lan honetan zentzu zabalean darabilgu 'aposatua' terminoa, beraren barnean aposizioa eta tartekia sartuta (ikus Euskaltzaindiaren 109. araua: 109 Komunztadura aposizioetan).
2) Beste era batera esanda 'aposatu gabea': perpaus biren arteko lotura.
Entzumenaren erresonantzia-teoria, 1863an Helmholtz-ek proposatua, honela laburbiltzen da: zuntz bakoitzak bere erresonantzia-maiztasuna du eta soinu egokia iristen zaionean hasten da mugitzen. Beste era batera esanda, barne-belarria harpa baten antzekoa da, hariak behar bezala estimulatzen zaizkionean soinua ateratzen duena. [ZIO, Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro (EHU, 2006) Orr.: 115]
adibide gehiago:
Noski, proportzio guztiekin gertatzen den bezala, osagai baten proportzio erlatiboa txikiagotzen bada, beste osagai baten edo batzuen proportzioak handiagoa izan behar du. Kasu honetan larruazala da, izan, animalia txikietan proportzio erlatibo handiena. Beste era batera esanda: hezurren masa tamainarekin handitzen den neurri berean txikiagotzen da larruazalarena. [ZIO, Animalien aferak, J.I. Pérez Iglesias / M.B. Urrutia (EHU, 2011) Orr.: 23]
Horrek esan nahiko luke N arau jakin bat ondoriozta litekeela (arauen semantika gisako batean) N arau hori baliozkoa edo zuzena dela dioen esakune batetik; edo, beste era batera esanda, "ez duzu ostuko" arau edo agindua har daiteke "'ez duzu ostuko' agindua baliozkoa edo zuzena da" babespenetik. [PKC, Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) Orr.: 282]
Erabilera aposatu gabean, atal birformulatzailea ez doa aposaturik (koma artean) edo tarteki gisa (gidoien edo parentesien artean), baizik eta perpaus berri bati hasiera emanez. Bestalde, ez da egoten paralelismo funtzionalik birformulakizunaren eta birformulazioaren artean eta ez da iruzkintzen mintzagai bera atal birformulatzailean. Askotan, gainera, ez da parafrastikoa bi enuntziatuen arteko erlazioa: esate baterako, birformulakizunaren eta atal birformulatzailearen artean inferentziazko erlazioa ager daiteke.
BESTE ERA BATERA ESANDA 'APOSATU GABEA'
Testu bateko perpaus batzuen arteko lotura semantiko-pragmatikoa (birformulazioa) ezartzeko erabiltzen da gehienetan beste era batera esanda birformulatzailea: sartzen duen perpausaren (birformulazioaren) hasieran jartzen da ia beti (ikus posizioa); hots, birformulazio esplikatiboa gauzatzen duen perpausaren hasieran.
Gaixotasun baten bilakaera tipikoaren deskribapenak gaixo guzti-guztientzat beti balio ez duen bezalaxe, Platonen gizartearen gainbeheraren teoria historikoak ere ez zuen hiri guzti-guztien bilakaera azaltzeko gai izateko asmorik. Gainbehera konstituzionalaren forma nagusiak sortzen hasi ziren bilakaera originala eta gizarte-aldakuntzaren bilakabide tipikoa deskribatzea zuen helburua. Hala ikusten dugu bilakaera-lege batek gobernatutako aldi historikoen sistema bat finkatu nahi izan zuela Platonek; beste era batera esanda, gizartearen teoria historizista bat finkatu nahi izan zuen. [PKC, Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) Orr.: 58]
Haurrek, takoaren irudia buruan gordetzeko gai badira, hau esperoko dute: pantaila, takoaren aldera biratzen denean, gelditu egingo dela puntu batean. Beste era batera esanda, nahiz eta takoa ez ikusi, pantailak 180 gradu baino gutxiagoko bira egitea esperoko dute haurrek: takoa jotzen duen gunean geldituko dela pantaila. [ZIO, Zenbakirik gabe bizi, John Allen Paulos / Josu Zabaleta (EHU, 2006) Orr.: 49]
Gainazalari CO gehitu ahala, ostera, 1 × 2 gainazaletik 1 × 1 gainazalerako transformazioa gertatuko da, CO-estaldurak 0,2 balioa gainditu bezain laster. 24.17 irudia ? 24. kapituluaren zortzi gakoak 1. Erraz bereizi ohi dira adsortzio fisikoa eta kimisortzioa: kimisortzioak aktibazio-energia handia behar du desortzio-urratsean, edo, beste era batera esanda, abiadura motelagoa du. [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 24. kapitulua]
Horrek esan nahiko luke N arau jakin bat ondoriozta litekeela (arauen semantika gisako batean) N arau hori baliozkoa edo zuzena dela dioen esakune batetik; edo, beste era batera esanda, "ez duzu ostuko" arau edo agindua har daiteke "'ez duzu ostuko' agindua baliozkoa edo zuzena da" babespenetik. [PKC, Gizarte irekia I, Karl R. Popper / Josu Zabaleta (2007) Orr.: 282]
Hasiera-hasieratik, portuetako kofradiek arrain-salerosketak menderatu ez ezik arrantzaren teknika eta antolakuntza ere arautu zituzten. Ermandade horien giza konposizioa nahiko konplexua zela esan beharra dugu, adibidez, Donostiako Santa Catalina-ren kofradian arrantzaleak, itsasgizonak, ontzijabeak, maisuak, pilotuak eta merkatariak nahasturik agertzen zaizkigu (Garca Fernndez, 1995: 360). Arrantzale eta ontzijabeen kofradien helburuak ugariak baziren ere, besteak beste, lau atal nagusi aipa ditzakegu: anaidien betekizun ekonomiko gehienen arauketa; talde estu hauetan sartzeko eskatutako ezaugarrien finkapena; helburu erlijiosoa eta beste gorputz juridiko batzuen aurka bere interesak babestea (Garca Fernndez, 1995: 363-375). Denboraren poderioz, itsas ermandade hauek arrain-salerosketari zegokiona kontrolpean jarri nahi izan zuten edo, beste era batera esanda, talde hauen bidez kostaldeko arrantza-merkatua monopolizatzen saiatu ziren. Alabaina, XV. mendetik aurrera kostaldeko udal-gobernuek kofradia hauek kontrolatu nahian ahalegin handiak egin behar izan zituzten. Aldi berean, ermandade hauek izandako beste arerio indartsu bat merkatariak izan ziren, arrantzaren merkatua menperatu nahi zutelako. [ZTC, Arrantza-merkatuan Gasteizko merkatariek izandako partaidetza eta inbertsioak, Angulo Morales, Alberto Udako Euskal Unibertsitatea, 1999 (aldizkari artikulua)]
BESTE ERA BATERA ESANDA, TARTEKI GISA (BESTE ERA BATERA ESANDA 'APOSATUA')
Gehienetan perpausak lotzen ditu, baina zenbaitetan tarteki gisa erabiltzen da, perpaus baten barruan elementu baten eta elementu hori azaltzen edo zabaltzen duen iruzkin baten arteko lotura ezartzeko. Halakoetan, luzera eta maila guztietako kategoria lexikoak eta sintagmak txertatzen ditu beste era batera esanda aposatuak (Martín Zorraquino, Portolés 1991: 4070): izen-sintagmak, adjektibo-sintagmak, aditz-sintagmak, adberbio-sintagmak, perpaus osagarria Hain zuzen ere, hori da diskurtso-markatzaile honen zeregin nagusietako bat: tarteki gisa txertatzen edo gaineratzen duen iruzkin esplikagarriaren balio birformulatzailea agerian uztea.
Nolanahi ere, gero erabiltzeko moduko zatiki granulometrikoak lortu beharrak -hau da, prestakuntzan bereizketa-teknikak erabili beharrak- neurri handi batean baldintzatzen du baliatuko ditugun tresnen egitura. Ikuspuntu praktiko batetik begiratuz, edozein bereizketa-metodok alderdi kritiko nagusi bat du: eraginkortasuna edo, beste era batera esanda, nahi den helburura iristeko lortzen den arrakasta-maila. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 6. kapitulua]
Han ez da nabari inolako famili edo korporazio-eraginik; sarritan ezin da aurkitu ezta eragin indibidual iraunkor samarrik ere. Beraz, Amerikak fenomenorik arraroena du bere gizarte-egoeran. Han gizakiak beren aberastasun eta adimenetan berdinagoak —edo, beste era batera esanda, beren indarrean berdinagoak— dira, munduko beste edozein herrialdetan diren edo historia oroitzen den neurrian beste edozein mendetan izan diren baino. [PKC, Amerikako demokrazia I, Alexis de Tocqueville / Iñaki Mendiguren (1995) Orr.: 7]
(...) Ioi baten erradioa aurkako zeinua duten inguruko ioien kopuruaren araberakoa da, edo, beste era batera esanda, koordinazio-zenbakiaren araberakoa. [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 23. kapitulua]
Bruff jaunak, jakina, kanpoan izan nintzen bitartean gertatuko guztiaren berri eman zidan; beste era batera esanda, Betteredgeren kontakizunaren ondotik hemen azaldu den guztiaren berri eman zidan, gorabehera batena izan ezik. [Ilargi-harria, Wilkie Collins / Antton Olano (Elkar-Alberdania, 2008) Orr.: 476]
Datuen busa mikroprozesadorearen eta periferikoen artean datuak garraiatzeko erabiltzen da. Hari-kopuruak Unitate Aritmetiko Logikoaren ahalmenarekin zerikusia du, eta honek aldi berean trata dezakeen bit-kopuruarekin bat dator. Mikroprozesadore bat 16 bitekoa dela esaten denean (8088, 8086 eta 286 motakoak adibidez) Datuen busak 16 hari dituela esan nahi da, edo beste era batera esanda, agindu bakoitzean 16 bit trata daitezkeela. [ZTC, Ordenadore pertsonalen mikroprozesadoreak, Romo Uriarte, Jesus Mari Elhuyar Fundazioa, 1993 (aldizkari artikulua)]
Eskanerraren ezaugarririk garrantzitsuena bereizmena da. Hazbete karratu batean zenbat puntu irakurtzeko gai den adierazten du; beste era batera esanda, zenbat sentsore optiko dauden hazbete karratu bakoitzean. Zenbat eta bereizmen-zenbaki handiagoa, orduan eta hobea eskanerra. Gaur egun, eskaner arruntek 600 dpi dituzte (puntu hazbeteko) eta onak 1.200 dpi. Softwarearekin bereizmena bikoiztu edo hirukoiztu egin dezakegu. Koloretako eskanerrak dituzten sentsoreak zuri-beltzekoak baino konplexuagoak dira, kolore desberdinak bereizteko ahalmena izaten baitute. [ZTC, Sistemen elektronika: Ikaslearen liburua, Barrainkua, Alfredo / Odiaga Galletebeitia, Jon Elhuyar Fundazioa, 2001 (liburua)]
Perpaus osagarri bat birformulatzen denean, batzuetan isilduta geratzen da birformulazioan aditz gobernatzailea.
Lexikoa da, ikusten denez, gehien aldatzen dena: hitzak eta esapideak. Gogora dezagun, euskara batuan ez dela euskal hitzik gaitzetsi. Jatorrak eta ahalik eta eremurik zabalenekoak izatea baizik ez da eskatu. Beste era batera esanda, kontuz ibiltzeko azken orduko erdarakadekin eta eremu txikietako bitxikeriekin. Morfologian ere badira gorabeherak. [EPD, Euskara batua, Koldo Zuazo (Elkar, 2005) Orr.: 242]
Inoiz edo behin, antzeko bi birformulatzaile agertzen dira birformulazioan:
Hazkunde guztiak gizabanako sortzaileekin edo banakoen gutxiengo txikiekin sortzen dira, eta hauek zeregin bikoitza izaten dute: lehenengoa beren inspirazio edo aurkikuntza lortzea, zernahi delarik ere; eta bigarrena, beraiek bizi direneko gizartea bizimodu berri honetara konbertitzea. Teorian konbertsio hau bi era hauetako batean edo bestean gerta daiteke: edo gizabanako sortzaileak eraldatu dituen benetako esperientzia pairatzen dutelako masek ere, edo kanpoko ezaugarriak imitatzen dituztelako, beste era batera esanda, mimesi bidez, alegia. [EPD, Historiaren azterketa II, A.J. Toynbee / Iñaki Mendiguren (2000) Orr.: 429]
(...) Hain zuzen ere, ikasleek ikuspegi lamarkista hartzeko joera izaten dute eta ikuspegi horren arabera, uste izaten dute inguruko baldintzek era itzulezinean aldatzen dituztela izaera anatomikoak eta genetikoak. Beharra eta asmoa bezalako kontzeptuak (uste dutenez, bizidunak diren bezalakoak dira helburu baten arabera eta inguru zehatz eta espezifiko bat gustatzen zaie), adaptazioarena (bizidun banakoak ingurura moldatzeko izan dezakeen plastizidadearen zentzuan harturik) eta erabilera/ez-erabilerarena dira ikasle horien oinarri kontzeptualaren azpian daudenak. Hau da, eta beste era batera esanda, eboluzioari buruz duten ikuspegia era honetakoa izan daiteke: hainbat belaunalditan zehar bizidun-banakoek dituzten izaeren kualitateetan gertatzen diren aldaketak dira eboluzioaren muina. [ZTC, Biologia eta Geologia 4. Gidaliburua, Gil Martín, Agustín / et alii Elkarlanean, S.L. Argitaletxea, 2000 (liburua)]
Aurreko adibideetan ikusi denez, askotan, halako funtzio-paralelismoa ageri da birformulakizunaren eta birformulazioaren artean (paralelismo diskurtsiboa, baina ez nahitaez sintaktikoa): alegia, atal birformulatzaile tartekatuak edo aposatuak eta birformulakizunak kasu-marka eta numero bera izaten dute maiz. Baina, berez, ez dute zertan komunztadura sintaktikoa gorde; aski da elkarrekin identifika daitezkeen elementuak izatea.
Zilar haluro horiek, argiaren eraginez deskonposatu egiten dira eta zilar metaliko beltzezko bikortxoak eratzen hasten dira. Argiak ez du prozesua burutzeko adinako ahalmenik eta irudia jaso den arren ez da ikuskorra. Irudia ikuskor egitea edo, beste era batera esanda, zilar beltza erabat eratzea, errebelatuaren bitartez lortzen da. Pelikula errebelatzean intentsitate desberdinez belzten da, subjektutik iritsi zaion argiaren arabera, hain zuzen. Horrela, tonu-sorta eratzen da. Zilarra beltza denez, irudiaren negatiboa lortzen da. Positiboa, pelikularenaren antzeko emultsioz osatuta dagoen paperean egiten da. [ZTC, Pelikula, Nogeras Berra, Itziar Elhuyar Fundazioa, 1994 (aldizkari artikulua)]
Malzock eta Wall-ek, 1965an, kontrol-langaren teoria luzatu zuten. Adierazten zutenez, ingurutiko Nerbio Sistema Zentralerako mezuak handitu edo gutxitzeko langa edo erregulaziorako mekanismo bat dago orno-muineko atzeko adarraren arean. Kaltea eta minaren arteko harremanaren aldatze eta ugaritasunak, mingabeko kaltea eta kaltegabeko minaren arteko tarte guztiak betetzen ditu. Teoria honen bidez, ulerterrazagoa da min-esperientzian antsietatek, depresioak edo minaren beraren kontestuak duten papera; edo, beste era batera esanda, nola beroak, hotzak edo gurasoen laztanak laguntzen duten behe atalasearen estimulazioaren bidez minaren informazioa gutxitzen. [ZTC, Mina, Txakartegi Etxebarria, Xabier Udako Euskal Unibertsitatea, 1998 (liburu artikulua)]
Spin bat asaldatzen bada (erradiazio elektromagnetikozko pultsu batez, esaterako), indargetu egingo da luzetarako magnetizazioa, eta, horrenbestez, T1 izango da erlaxazio-denbora (spin-sare erlaxazio-denbora). Zeharkako magnetizazioa ere indargetu egingo da, T2 erlaxazio-denboraz (spin-spin erlaxazio-denbora), eta horrek ezartzen du erpinaren zabalera. 8. Fourier transformatu batek espektro (edo, beste era batera esanda, xurgapen-intentsitatea versus maiztasuna) bihurtzen du FID seinalea. [EHU, Kimika fisikoa, Silbey, Robert J. et al. (EHU, 2006) 15. kapitulua]
Birformulakizunaren ondoan —haren ondo-ondoan— jarri ohi da eskuarki iruzkina sartzen duen atal birformulatzaile aposatua; bereziki, birformulakizuna elementu nominala bada.
Azken 30 urteotan, herrialde askotako ikerketa-talde askok gaixotasun honen sendakuntzara zuzendu dituzte ahalegin guztiak. Hori bai, nahiz eta ikuspuntu biologiko eta molekular batetik begiratuta gehien aztertu eta ikertu den asalduretariko bat izan, oraindik zalantza ugari daude argitzeko, eta minbizi-mota askoren tratamendua aurkitzear dago. Hain zuzen ere, minbizi-mota anitz daudenez, bala magiko baten aurkikuntza, edo, beste era batera esanda, minbizi-mota guztien aurkako tratamendu baten garapena ia ezinezkoa da. (...) [ZTC, Tumore-angiogenesia, Orive Arroyo, Gorka Elhuyar Fundazioa, 2002 (aldizkari artikulua)]
Zenbaitetan, berriz, aditzaren aurrean geratzen da birformulakizuna eta aditzaren ondoan birformulazioa: horixe gertatzen da normalean, esaterako, birformulakizuna perpausaren galdegaia izanez gero.
Erabilitako materialaren arabera, beste bi tartetan banatu daiteke fase hau. Lehena bat dator lehortze-abiaduraren jaitsiera linealarekin, eta bigarrena, jaitsiera ez-linealarekin. Arestian aipatutako tarte guztiak agertzea edo ez agertzea erabilitako hezetasun-tartearen mende dago, edo, beste era batera esanda, saiakuntzaren iraupenaren mende. [EHU, Sistema farmazeutikoen oinarrizko ezaugarriak eta eragiketak, Vila Jato, José Luis (EHU, 2007) 8. Kapitulua]
Aurreko adibideetan ikusi denez, sarritan erabiltzen da edo juntagailuekin batera (edo, beste era batera esanda,), eta inoiz eta juntagailuaren ondoan:
(...) Hain zuzen ere, ikasleek ikuspegi lamarkista hartzeko joera izaten dute eta ikuspegi horren arabera, uste izaten dute inguruko baldintzek era itzulezinean aldatzen dituztela izaera anatomikoak eta genetikoak. Beharra eta asmoa bezalako kontzeptuak (uste dutenez, bizidunak diren bezalakoak dira helburu baten arabera eta inguru zehatz eta espezifiko bat gustatzen zaie), adaptazioarena (bizidun banakoak ingurura moldatzeko izan dezakeen plastizidadearen zentzuan harturik) eta erabilera/ez-erabilerarena dira ikasle horien oinarri kontzeptualaren azpian daudenak. Hau da, eta beste era batera esanda, eboluzioari buruz duten ikuspegia era honetakoa izan daiteke: hainbat belaunalditan zehar bizidun-banakoek dituzten izaeren kualitateetan gertatzen diren aldaketak dira eboluzioaren muina. [ZTC, Biologia eta Geologia 4. Gidaliburua, Gil Martín, Agustín / et alii Elkarlanean, S.L. Argitaletxea, 2000 (liburua)]
Gaur egungo euskara estandarrean, bereziki hizkera akademikoan —azalpenezko diskurtsoan— erabiltzen da (Pentsamenduaren Klasikoak, ZTC, Zuzenbideko testu akademikoak, EHU, ZIO). Beste muturrean, hutsaren hurrengoa da beste era batera esanda birformulatzailearen maiztasuna Hegoaldeko euskararen erregistro lagunartekoa hein batean islatu nahi duten testuetan (Goenkale). Oso maiztasun urria du, orobat, prentsan eta lege-testuetan.
Maiztasun apalagoa du beraren baliokide batzuek baino. EUDIMA corpuseko datuen arabera bestela esanda esapideak du maiztasunik altuena (‰ 1,64) [oharra: ‰ = 100.000ko]. Ondoren, beste era batera esanda multzoa (‰ 0,73), beste modu batera esanda multzoa (‰ 0,36) eta beste hitz batzuetan (esanda) (‰ 0,41) datoz. Eta maiztasun dezente apalagoa du beste hitzetan (esanda) birformulatzaileak eta haren aldaerek (beste/bertze hitzez…) osatzen duten multzoak (‰ 0,16).
"BESTE ERA BATERA ESANDA" birformulatzailea |
||
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
|
A4. Pentsamenduaren Klasikoak |
145 |
1,35 |
B2. ZT Corpusa |
85 |
1,28 |
A3b. Zuzenbidea / akademikoak |
31 |
1,24 |
A2. EHUko eskuliburu itzuliak |
63 |
1,14 |
A1. ZIO corpusa |
10 |
1,00 |
C1. ETBko dokumentalak |
2 |
0,40 |
B1a. EPD liburuak |
39 |
0,38 |
B1b. EPD prentsa |
11 |
0,10 |
C2. Goenkale corpusa |
2 |
0,01 |
A3a. Zuzenbidea / lege-testuak |
0 |
0,00 |
Denera |
388 |
0.61 |
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
|
Jatorrizkoak |
152 |
0.42 |
Itzulpenak |
236 |
0.87 |
"BESTE ERA BATERA ESANDA" multzoa |
||
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
|
A3b. Zuzenbidea / akademikoak |
51 |
2,04 |
A4. Pentsamenduaren Klasikoak |
165 |
1,52 |
B2. ZT Corpusa |
99 |
1,48 |
A2. EHUko eskuliburu itzuliak |
64 |
1,15 |
A1. ZIO corpusa |
10 |
1 |
B1a. EPD liburuak |
56 |
0,51 |
C1. ETBko dokumentalak |
2 |
0,4 |
B1b. EPD prentsa |
11 |
0,1 |
A3a. Zuzenbidea / lege-testuak |
1 |
0,02 |
C2. Goenkale corpusa |
3 |
0,01 |
denera |
462 |
0,7 |
agerpenak | maiztasuna (100.000ko) |
|
Jatorrizkoak |
198 |
0.53 |
Itzulpenak |
264 |
0.96 |
16. a. Testu Mota
b. Erregistroa (lagunartekoa, zaindua...)
c. Idatzia/ahozkoa
a. Azalpenezko testuetan erabiltzen da, batik bat, beste era batera esanda birformulatzailea: Pentsamenduaren Klasikoak, ZTC, Zuzenbideko testu akademikoak, EHU, ZIO.
b. Askozaz ere maizago erabiltzen da hizkera zainduan, lagunartekoan baino. Adierazgarria da, alde horretatik, Goenkale-ko ( = 100.000ko 0,01) maiztasun urria.
c. Hizkera zainduari eta azalpenezko testuei lotuta dagoenez, ahozko hizkuntzan agertzekotan erregistro edo testu mota horietan agertuko da (ETBko dokumentaletan, esaterako).
espainiera
[OEH]
Dicho de otra forma
[Zehazki]
dicho de otro modo: bestela esan.
frantsesa
pour le dire autrement / d'une autre manière/ d'une autre façon; en d'autres termes
ingelesa
in other words, [Morris] bestela esateko: to put it a different way
18. Ez da diskurtso-markatzaile...
Beti da birformulatzaile.