Irakaskuntza gidak betetzeko jarraibideak
- 1. Irakasgaiaren azalpena eta testuingurua zehaztea
- 2. Gaitasunak / ikaskuntza emaitzak
- 3. Eduki teoriko-praktikoak
- 4. Metodologia
- 5. Irakaskuntza moduak
- 6. Ebaluazio sistemak
- 7. Kalifikazio tresnak eta ehunekoak
- 8. Ohiko deialdia: orientazioak eta uko egitea
- 9. Ezohiko deialdia: orientazioak
- 10. Nahitaez erabili beharreko materialak
- 11. Bibliografia
- 12. Oharrak
Gida honen helburua irakasgai bat ematen duten irakasle taldeei irakaskuntza gidak egiteko argibideak ematea da. Irakaskuntza gidak IKD ereduaren eta gure unibertsitateko arau eta jarraibideen arabera orientatuko dira, eta, era berean, ikasgaiak txertatuta dauden modulu/maila/titulazioaren helburuak betetzen lagunduko dute.
Zertan bereizten dira Irakaskuntza gida eta ikaslearen gida?
Irakaskuntza gidan ikasleari parte hartzera doan ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ezaugarriak laburturik aurkezten zaizkio. Dokumentu publikoa da, UPV/EHUko webgunean argitaratuko dena, eta irakasle taldeak eta unibertsitateak irakasgai baten inguruan partekatzen dituzten konpromisoak biltzen ditu. Beraz, gutxieneko konpromisoen dokumentua da, bai irakasleentzat eta bai ikasleentzat bete beharrekoa. Era berean, UPV/EHUko zenbait fakultatek antzeko asmoarekin mailaren/moduluaren irakaskuntza gida ere argitaratzen dute, baina ikuspegi orokorrago batez, ikasleak epe jakin batean egingo duena azaltzeko.
Komeni da irakasgaiaren irakaskuntza gida eta ikaslearen gida bereiztea. Lehenengoa zuzenean ikus daiteke webgunean, eta bete beharrekoa da irakasgaia ematen duten irakasle guztientzat. Ikaslearen gida, aldiz, aurrekoaren egokitzapen zehaztua da, testuinguru konkretu bakoitzerako moldatua. UPV/EHUk uste du puntu komun batzuei eutsi behar bazaie ere, irakasle bakoitzak bere jarduna egokitu behar duela testuinguru bakoitzera, eta sormenaz eta ikuspegi pertsonalaz jokatu, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua hobea izan dadin. Ikaslearen gida irakaskuntzaren gidaren "itzulpen" lokal eta pertsonala da, testuinguru jakin baterako egina.
Docentiaz programan (UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jardueraren Ebaluazio Programan) aparteko garrantzia ematen zaio ikaslearen gidari, irakasle baten irakaslanaren kalitatea egiaztatzeko ebidentzietako bat delako. Docentiaz programaren abiapuntua da UPV/EHUko irakasleek ongi egituratutako gida osatuak eskaini behar dituztela ikaskuntza bermatzeko nahikoa informazioa ematen dutenak, argi idatzitakoak eta ikasleek ulertzeko moduan. Docentiaz programak, gainera, irakasleen eskura jartzen ditu gida horien kalitatea ebaluatzeko erabiltzen diren irizpideak.
Ikaslearen gida ez da derrigorrezkoa, komenigarria bada ere, eta irakaskuntza egoera zehatzaren testuinguru hurbilean ematen da ezagutzera (ikasgelan, plataforma birtualetan, irakasle bakoitzaren webgunean eta abar). Beraz, ez dago guztien esku.
Zergatik da garrantzitsua irakaskuntza gida on bat argitaratzea?
Unibasq Euskal Agentziak dio graduko tituluen ikasketa ofizialak baimentzeko baldintza dela Ikasturtea hasi aurretik, ikaskuntza-prozesuaren plangintza egiteko behar adina informazio akademiko [ematea] ikasleari (irakasgaien irakaskuntza gidak, tutoretza-ordutegiak, azterketa-egutegia...). Graduak akreditatzeko prozesuetan, ebaluatzaileek arreta handiz aztertzen dituzte webgunean argitaratutako irakaskuntza gidak, eta, beraz, gutxieneko kalitate irizpide batzuk betetzen dituztela bermatu behar dugu.
UPV/EHUko irakaskuntza gidak GAURen dagoen txantiloi baten bidez kudeatzen eta igotzen dira. Hala ere, batzuetan oso heterogeneoak dira, eta ez dute beti ondo betetzen ikasleek haietatik espero dutena. Beraz, hona hemen eskuartean duzun jarraibide dokumentu honen helburuak:
- Jarraibide argi batzuk ematea GAUR-reko atal bakoitza betetzeko.
- Giden gaur egungo edukiak hobetzea eta agentziek eta UPV/EHUren arautegiek eskatzen dutenera egokitzen joatea.
Egia bada ere malgutasunaz jokatu behar dela gure unibertsitateko ikastegi/titulazioen aniztasuna errespetatzeko, egia da, era berean, gutxieneko irizpide bateratu batzuk zehaztu behar direla titulazio guztietarako. Graduko ikasketen gestiorako 2018/19 ikasturterako arautegiak dio: “Irakaskuntza gida bakarra egongo da irakasgai bakoitzerako eta bertan jasoko dira, gutxien dela, prestakuntzaren helburuak, programa, programatutako jarduerak eta ebaluazio sistema, baita ebaluazio irizpide eta adierazle espezifikoak ere, proba bakoitzaren haztapena barne, horrelakorik egonez gero. Prestakuntzaren helburuek, programatutako jarduerek eta ebaluaziorako irizpideek elkarrekiko koherentzia agertu beharko dute, eta ikasketa planean onartutakoarekin bat etorri beharko dute.” (38.2 art.).
Era berean, irakaskuntza gidek bildu behar dute ebaluazio agentziek eskatzen duten informazio guztia, eta, betiere, informazio hori bat etorri behar da ANECAra eta Unibasqera bidalitako titulazioaren memoriako informazioarekin.
Irakaskuntza gida irakasgaia ematen duten irakasleek adostu behar dute, eta irakaskuntza horren ardura duen sailak onartu behar du.
Ikasturte akademikoaren matrikula epea ireki aurretik, ikastegi bakoitzak bere webgunean argitaratuko ditu bertan irakasten diren titulazioetako irakasgaien irakaskuntza gidak. Gidok Departamentuek onartu beharko dituzte aldez aurretik.
Orain puntuz puntu zehaztuko dugu zein informazio jarri behar den GAUReko irakaskuntza gidetako atal bakoitzean. Era berean, atal bakoitzari dagokion arautegiaren erreferentzia eta argibideak zehaztuko ditugu.
1. Irakasgaiaren azalpena eta testuingurua zehaztea
Lehen atal honen helburua da irakasgaia testuinguruan jartzea eta ikasleei azaltzea zein den haren esangura graduaren barruan. Garrantzitsua da:
- Irakasgaia kokatzea maila/modulu/graduaren barruan
- Azaltzea zein erlazio duen irakasgaiak aurreko edo osteko beste irakasgai batzuekin, eta nola ematen dien jarraipena aurrekoei edo balio duen hurrengoetarako prestatzeko.
- Irakasgai hori egiteko lehendik eduki behar diren ezagutzen edo gaitasunen aipamen laburra egitea.
- Adieraztea zein lotura duen jardun profesionalarekin, edo irakasgaiak zer gehitzen duen irteerako profilari lortzeari begira.
Informazio hau ikasleei zuzendua dago, beraz irakasgaiaren edukia oraindik menderatzen ez dutenek ulertzeko moduan idatzita egon behar da.
“Oinarri Matematikoak I” Arkitektura Teknikoko Graduko 1. mailako oinarrizko gaietako bat da. Oinarri Zientifikoak izeneko moduluaren barruan dago eta haren osagarria da Oinarri Matematikoak II irakasgaia. Irakasgai honetan ikasten dira aldagai erreal bateko eta gehiagoko funtzioak aztertzeko behar diren tresna matematikoak. Oinarri Matematikoak II irakasgaiak osatzen du tresneria hori, honako lanabes hauek gehituz: aljebra lineala, geometria, estatistika eta probabilitatea. Irakasgai oinarrizkoa eta aplikatua denez, lagungarria izan behar da bai matematika ezagutza sinpleak eskatzen dituzten gaietarako eta bai oinarri matematiko konplexuagoa eskatzen dutenerako ere (Fisikaren Oinarriak edo Materialen Teknologia). Irakasgai honetan ikasleek ikasiko dute egituren kalkulurako oinarrizko kalkuluak egiten (adibidez, solido baten bolumena edo grabitate zentroa), ingeniaritzan oso garrantzitsuak direnak. “Oinarri Matematikoak I” arazo gehiegirik gabe egiteko, beharrezkoa da menderatzea aldagai bateko oinarrizko funtzioak (polinomikoak, trigonometrikoak, esponentzialak, logaritmikoak), haien grafikoak egiten jakitea eta funtziook ikasteko funtsezko tresnak ezagutzea (deribazioa eta integrazioa). Gainera, ekuazioak ebazten eta adierazpen matematikoekin eragiketak egiten jakin behar da oinarrizko mailan. Hori guztia batxilergoko 2. mailako Matematikan ikasten da. |
[1] Dokumentu honetan aurkezten diren adibide guztiek orientatzeko eta argitzeko balio dute; ez dira, beraz, aginduzko jarraibideak.
2. Gaitasunak / ikaskuntza emaitzak
2.1. Gaitasunak eta irakaskuntza emaitzak: definizioak
Gaitasunak ezagutza, trebetasun eta abilezia, jarrera eta balioen uztarketak dira, beharrezkoak direnak bizitzan aurre egiteko eta ingurune edo erakunde batean lanbidean jarduteko. Gaitasuna eskuratu, garatu eta praktikan frogatzen da.
Ikaskuntza emaitza baldintza jakin batzuetan eta maila jakin batean lorpen konkretuak adierazten dituen gaitasun baten zehaztapena da. Ikaskuntza emaitzetan agerian jartzen da ikasleak irakasgaia egin bitartean eta amaieran lortu duena. Ikaskuntzaren emaitzak izan behar dira egingarriak, lorgarriak, behagarriak eta ebaluagarriak.
GAITASUNA | Eraikuntza egiturak diseinatzea tipologia desberdineko eta beren testuinguru espezifikoei egokitutako eraikin industrialetarako. |
IKASKUNTZA EMAITZAK |
Eraikin industrialen oinarrizko osagai estrukturalak eta haien sostengu sistema eta printzipioak identifikatzen du. Eraikinok egiteko prozesurik egokiena deskribatzen du. Modu kritikoan baloratzen du bere proposamena, kontuan hartuta faktore ekonomikoak eta testuinguruari dagozkionak (egoera, erabilera eta mantentzea). Eraikuntza irtenbide baten proiektua egiten du eraikin industrial baterako, eskakizunen, planteamenduen eta premien analisitik abiatuta. |
2.2. Nola txertatu gaitasunak/ikaskuntza emaitzak irakaskuntza gidan?
Bigarren atal honetan irakasle taldeak adierazi beharko du zein gaitasun landuko diren irakasgaian eta ikaskuntzaren zein emaitza lortu beharko duten ikasleek. Atal honetako informazioa bat etorri beharko da graduaren memoria egiaztatuan emandakoarekin. Salbuespenak salbuespen, memoria egiaztatuetan gaitasunak eta ikaskuntzaren emaitzak maila edo modulu bakoitzerako aurkezten dira, hau da, ez dira zehazten irakasgairako, modulu edo mailarako baizik. Beraz, bi aukera daude:
- Zehaztea modulu edo mailako zein gaitasun edo ikaskuntzaren zein emaitza landuko diren irakasgaian. Horretarako funtsezkoa da modulu edo mailaren barne koordinazioa, hor bermatu behar baita gaitasun eta ikaskuntza emaitza guztiak ondo garatuko direla modulua edo maila osatzen duten irakasgai guztien artean.
- Irakasgaiaren ikaskuntza emaitzak formulatzea. Lan hau irakasgaiaren irakasle taldeari dagokio eta sailak onespena eman beharko dio. Beharrezkoa da ikaskuntza emaitzak eta graduaren memoria egiaztatuan horretaz ageri den informazioa bat etortzea.
Edozein kasutan komeni da ikaskuntza emaitza espezifikoak esplizitatzen saiatzea ANECA-ren jarraibideen arabera [2]. Era berean, zeharkako ikaskuntzei ere eman beharko zaie arreta. Behar bezala kudeatu eta bideratu beharko dira kasuan kasuko koordinazio batzordeen bidez.
[2] ANECA (2013) “Guía para la redacción, puesta en práctica y evaluación de los resultados del aprendizaje”
3. Eduki teoriko-praktikoak
Atal honetan labur deskribatu beharko dira irakasgaiaren edukiaren bloke nagusiak.
Arautegiak dion bezala, “irakasgaiaren oinarrizko programa taldeetako irakasle arduradunen artean adostu behar dute. Ados jartzen ez badira, saileko kontseiluak, irakasgaia ematen duten irakasle guztiei entzun ondoren, denek eman beharreko gaiei buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, bai eta onartuko diren salbuespenei buruzkoa ere. Titulazio jakin bateko irakasgai bat sail desberdinen artean ematen bada (ikastegi edo atal desberdinetan), oinarrizko programa sail horien artean adostutakoa izan beharko da.” (38.2 art.).
Arautegiak erreferentzia egiten die irakasgaiaren oinarrizko edo funtsezko edukiei, talde guztientzat berdinak direnei, ez irakasleek eman edo ikasleek landu ditzaketen gai guztiei. Beraz, gomendatzen dugu irakaskuntza gidan jartzea irakasgaiaren talde guztientzat berdinak diren eduki teoriko-praktikoak eta bloke handi horiek modu zehatzagoan deskribatzea ikaslearen gidan edo antzeko dokumentuetan.
4. Metodologia
Gomendatzen Gomendatzen dugu irakasgaian erabiliko den metodologiari buruzko informazioa jartzea, hau da, ikasleek gaitasunak garatzeko eta ikaskuntza emaitzak lortzeko erabiliko diren estrategien gaineko informazioa. Komeniko litzateke honelakoak aipatzea: banakako edota taldeko lana, ikaskuntza gidatua edota autonomoa, irakaskuntzako estrategia aktiboak (lankidetzako ikaskuntza, kasuaren metodoa, problemetan oinarritutako ikaskuntza, proiektuak, simulazioak, gela iraulia, esperimentuak eta abar). Garrantzitsua da gogoratzea Unibertsitateko Ikasleen Estatutuaren arabera, ikasleak “Ebaluazio objektiboa eta, ahal delarik, jarraitua jasotzeko eskubidea [duela], irakaskuntza eta ikaskuntzarako metodologia aktiboa oinarri duena.”. (7. art., h atala) [3]
Gomendatzen da informazioa ematea irakasgaian egingo diren jarduera nagusiez (taldeko proiektu bat, laborategiko lan esperimentalak eta abar), ikasleek uler dezaten zer egingo duten eta zer eskatuko zaien entregatzea: txostenak, proiektuak, portfolioak eta abar). Ez da beharrezkoa xehetasunetan sartzea, baina bai irakasgai bakoitzaren ziklo eta mugarri nagusiak zehaztea.
Irakasgai batean metodologia desberdinak erabiltzen badira, komeni da bakarrik zehaztea talde guztietan berdinak izango diren ezaugarriak, eta beste dokumentu batzuetan azaltzea testuinguru bakoitzari dagozkion espezifikotasunak, adibidez ikaslearen gidan.
Eskola magistraletan irakasleak azalpen laburrak emango ditu, eta ikasgelako denbora gehiena hainbat jardueratan erabiliko da, normalean talde lanean, eta batzuetan, bakarkakoan. Ikasleek ikaskuntza emaitzak (IE1: proiektu bat egitea...; IE2: legeria aplikatzea...; IE3: kalkuluak, neurketak egitea…) lortzeko, proiektuetan oinarritutako metodologia erabiliko da. Ikasleek taldean jardungo dute ingeniaritzako proiektu bat egiteko, eta behar den dokumentazio teknikoa sortuko dute, aurkeztuko dutena azken memorian (IE1, IE2 eta IE3) eta ahozko defentsan (IE4: egoki komunikatzea…). Halaber, proiektuaren lan plana, jarraipena eta kontrola egingo dute (IE5: antolatu, planifikatu eta kudeatzea…). Era berean, plangintzaren arazoak konpontzeko jarduerak egingo dituzte (IE5 eta IE6: erabakiak hartzea…) eta ordenagailuko praktiketan proiektuen kudeaketarako softwarea erabiliko dute. Normalean, eskola bakoitzean irakasleari ikasgelan egindako jardueren ebidentzia edo emaitza emango zaio. Horiek, proiektuan entregatu beharrekoak bezalaxe, ebaluatu egingo dira ikaslearen jarraipen, feedback eta hobekuntzarako. |
Irakasgai honetan hainbat metodo erabiltzen dira, baina batez ere problemen ebazpena. Lan autonomoa sustatuko da, ikasleei gaiaren alde desberdinak ulertzen lagunduko dieten baliabide informatiko eta bibliografikoen bidez. Gaiaren kontzeptuak azaltzeko klaseak emango dira, eta noiz edo behin ikasleek parte hartu beharko dute edukiei buruzko eztabaidetan. Ikasgelan ikasleek esku hartuko dute problemak ebazteko lanetan. Problemak eta ariketak emango zaizkie, banaka edo taldean ebazteko. Horrela, sakondu ahal izango dute gaiaren ezagutza teorikoan eta Kimika harremanetan jarriko dute kideko beste arlo batzuekin. Galderak eta eztabaida irekia sustatuko dira, ikasleek eskura ditzaten ahozko komunikazioari, sintesi ahalmenari eta talde lanari lotutako trebetasunak. Ordenagailuko praktiketan egiturak irudikatzeko eta erreakzioak simulatzeko oinarrizko programak erabiliko dira. Laborategiko praktiketan lan esperimentalak egingo dituzte Kimikan erabiltzen diren teknika esperimentalak ezagutu eta euretan trebatzeko, eta laborategiko koaderno batean jasoko dute beren aurrerapenen berri. Ikasleei ikaskuntza erraztu eta bermatzeko, jarraipena egingo zaie bai ikasgelako praktikei eta bai laborategi eta ordenagailukoei ere. Feedbacka emango zaie aurretik ezarritako ebaluazio irizpideen arabera, ikasleek kontzientzia har dezaten beren ikaste prozesuaz eta bera hobetzeko moduez. |
[3] Ministerio de Educación (2010) Estatuto del estudiante Universitario.
5. Irakaskuntza moduak
Atal hau ezin daiteke aldatu, GAURetik bertatik ezarrita datorrelako. Irakasgaiaren irakaskuntza moduak agertzen dira (magistrala, ikasgelako praktika…) eta bakoitzaren ordu kopuru totala.
Irakaskuntza moduetan haietako bakoitzean garatu daitezkeen jarduerei buruzko jarraibideak iradokitzen badira ere, kontuan hartu taldeen tamainak dauden baliabideetara egokitzeko asmatu zirela. Irakaskuntza modu bakoitzari dagokion talde tamainak badu zeresanik ikasgelan egin daitezkeen jardueretan, ikaskuntza aktibo eta sakonerako hobeak izaten baitira talde txikiak. Hala ere, horrek ez du esan gura irakaskuntza modalitate jakin baterako ezarrita dagoen ordutegian nahitaez egin behar denik jarduera mota jakin bat, irakasgaiaren edo taldearen premia eta baldintzek parada ematen badute metodologia aktiboagoak erabiltzeko. Irakasle taldeek barneratu behar dute edozein irakaskuntza modalitate erabilita ere, irizpide nagusia izan behar dela ikaskuntza ahalik eta kalitate handienaz gauzatzea, eta horretarako estrategia aktiboak erabili behar direla, interakzioa eta atzeraelikadura (feed-back) bultzatzen dituztenak.
6. Ebaluazio sistemak
Unibertsitateko Ikasleen Estatutuan esaten da ikasleak “Ebaluazio objektiboa eta, ahal delarik, jarraitua jasotzeko eskubidea” duela (7. art., h atala). Modu berean, Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegiaren [4] “helburua da ikasketa planetako irakasgaietan erabiltzen diren ebaluazio prozesu eta prozedurak arautzea eta ebaluazio jarraituko sistemak ezar daitezela sustatzea, azken proben pisua murrizteko, edo, are gehiago, desagerrarazteko, eta horien ordez irakaskuntza aldian zehar banatuta egongo diren ebaluazio jarduerak ezartzen joateko” (1. art.).
Beronen 8. artikuluaren arabera, “egongo diren ebaluazio sistemak izango dira etengabeko ebaluazioa eta azken ebaluazioa”:
- Etengabeko ebaluazioa da UPV/EHUn nagusiki erabili beharreko ebaluazio sistema. Sistema horretan ebaluazio proba eta jarduera multzo bat ezartzen da, ikasle bakoitzak prestakuntza aldian aurrera nola egiten duen baloratzeko. Erabilitako sistema eta tresnek bermatu egin behar dute gaitasun guztien garapena eta irakasgaiaren irakaskuntza gidan agertu behar dute. Aukera egongo da ebaluazioa prestakuntza aldian zehar egindako probekin soilik egiteko, edo, proba horiek egiteaz gain, kasuan kasuko azterketa deialdirako ezarritako data ofizialean egingo den proba osagarri bat ere egiteko.
- Azken ebaluazioak aukera ematen du proba baten bitartez ebaluatzeko ikaskuntzaren emaitzak. Proba hori irakasgaiaren ebaluazio orokorra egiteko azterketa edo jarduera batek edo gehiagok osatuko dute eta azterketa aldi ofizialean egingo da.
Salbuespen moduan, ebaluazio sistema horrek ikasturtean zehar egindako jarduerak ere barne hartu ahal izango ditu, azterketa aldi ofizialean ezarritako proban ebaluatu ezin diren ikaskuntzaren emaitzak baloratzeko. Irakasgaiaren irakaskuntza gidan argi eta garbi adierazi beharko da jarduera horiek zeintzuk diren eta horien haztapena zein den, eta jarduerok sailaren oniritzia izan beharko dute.
Halako kasuetan, sailak bermatu egin beharko du azterketa aldi ofizialean egindako proban programaren zatirik handiena ebaluatuko dela eta proba horretan ikasleek irakasgaiaren guztizko kalifikazioaren ehunekorik handiena eskuratzeko aukera izango dutela.
[4] Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateare Gobernu Kontseilua (2016) Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia.
7. Kalifikazio tresnak eta ehunekoak
GAURen ebaluazio tresna posibleen zerrenda bat dago. Zehaztu behar da zeintzuk erabiliko diren eta notaren zein portzentaje neurtuko den bakoitzarekin. Araudiak zehazki honela dio: “Irakaskuntza gidan zehaztu egin beharko da proba edo jarduera bakoitzak irakasgaiaren kalifikazioan duen haztapena eta, horrez gain, proba edo jarduera derrigorrezkoa den ere adierazi beharko da, hau da, egin beharrekoa den eta /edo gutxieneko nota bat lortu behar den irakasgaia bera gainditzeko.”. (8.2.a art.).
Ebaluazio tresnak egokiak izan behar dira irakasgaiaren gidan ezarritako ikaskuntza emaitzak agerian jartzeko. Ikaskuntza emaitza guztiak ebaluatu behar dira ezagutzeko modukoa den eta emaitzen izaeraren araberakoa den era batean. GAURen plantillan testu kutxa bat dago, zerrendan ez dauden beste tresna batzuk gehitzeko.
Kalifikazio tresna guztien ehunekoen baturak % 100 eman behar du. Hala ez bada, GAURek ez du informazioa gordetzen utziko. Kalifikazio portzentajeak zehazteko irizpide bat da tresna bakoitzari esleitzea beraren bidez ebaluatuko den irakasgaiaren partea irakasten eta ikasten emandako denboraren pareko balioa, edota tresna horren bidez ebaluatzen den programaren portzentajearen pareko pisua ematea. Edozelan ere, garrantzitsua da kasuan kasuko kalifikazio portzentajea proportzionala izatea ikasleak hori ikasteko egin beharreko lanarekin.
Atal honetako informazioa eta tresnen edota kalifikazio portzentajeen aukeretan egiten diren aldaketak GAURen grabatuta geratzen dira gidaren hizkuntza guztietan aldi berean, hartara informazio berbera egon dadin gidaren bertsio guztietan.
8. Ohiko deialdia: orientazioak eta uko egitea
Aurretik aipatu bezala, irakaskuntza gidetan, ebaluaziorako irizpide eta adierazle espezifikoak agerikoak eta argitaratuak behar dira izan, proba bakoitzaren haztapena barne, horrelakorik egonez gero (Graduko Ikasketen Gestiorako 2019/20 Ikasturteko Arautegiaren 38.2 artikulua).
Garrantzitsua da ebaluazio irizpideak adieraztea balorazio printzipio edo arau bezala, zeinekiko neurtzen den jardunaren maila edo ikaskuntza emaitzen lorpen maila. Informazio horrek ikasleei lagunduko die aldez aurretik jakiten zein alderdi landu behar duten ikaskuntza emaitzak eskuratzeko.
Gomendatzen da atal honetan deskribatzea ikaskuntza emaitzen balorazioa gidatuko duten puntu nagusiak. Halaber gure aholkua da ebaluatu beharreko alderdien zehaztapena eta jardun mailaren graduazioa ikaslearen gidan jasotzea (adibidez, txantiloien edo errubriken bidez.
Bestalde, “ebaluazioa hezkuntzara begirakoa izango da eta ikasleari informazio eta orientazio egokia eskaini beharko dio gaitasunen jabetze mailaren inguruan eta ikaskuntza prozesua hobetzeko iradokitzen diren hobekuntzak adieraziko.” (Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegiaren 5. art.). Beraz, gomendatzen da zehaztea nola egingo den ebaluazio hezigarria, ikasleei ikaskuntza prozesuan zehar feedbacka emateari begira.
Era berean, UPV/EHUko ebaluazio probetan eta lan akademikoetan jokabide makur eta iruzurrezkoak eragozteari eta etika akademikoari buruzko protokoloari erreferentzia egin behar zaio , zein ekintza mota zigortuak izango diren zehazki adierazita.
Gainera informazio hauek ere jarri beharko dira:
-
Azken ebaluazio sistemaren bitartez ebaluatua izateko prozedura. Aipatutako araudiaren arabera (8.3 art.), “Ikasleek eskubidea izango dute azken ebaluazio bidez ebaluatuak izateko, etengabeko ebaluazioan parte hartu zein ez hartu. Eskubide hori baliatzeko, ikasleak etengabeko ebaluazioari uko egiten diola jasotzen duen idatzi bat aurkeztu beharko dio irakasgaiaren ardura duen irakasleari eta, horretarako, bederatzi asteko epea izango du lauhilekoko irakasgaien kasuan edo 18 astekoa urteko irakasgaienean, ikastegiko eskola egutegian zehaztutakoarekin bat lauhilekoa edo ikasturtea hasten denetik kontatzen hasita. Irakasgaiaren irakaskuntza gidan epe luzeagoa ezarri ahal izango da.”
-
Ikasleek ohiko deialdiari uko egiteko prozedura. Araudiak zera dio: “Etengabeko ebaluazioaren kasuan, azken probaren pisua bada irakasgaiko kalifikazioaren % 40 baino handiagoa, nahikoa izango da proba horretara ez aurkeztea azken kalifikazioa ”aurkezteke” izan dadin. Aldiz, azken probaren pisua bada irakasgaiko kalifikazioaren % 40a edo hori baino txikiagoa, deialdiari uko egin nahi dioten ikasleek kasuan kasuko irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu baino, gutxienez, hilabete lehenago egin beharko dute eskaria. Eskari hori idatziz aurkeztu beharko zaio irakasgaiaren ardura duen irakasleari” (12.2 art.). Ikasleak azken ebaluazioko sistema aukeratu badu, “azterketa egun ofizialean egin beharreko probara ez aurkezte hutsak ekarriko du automatikoki kasuan kasuko deialdiari uko egitea.” (12.3 art.).
Irakasgai Irakasgaiaren ebaluazioa etengabekoa izango da eta atal hauek izango ditu: 1. Lauhilekoan zeharreko frogak: Irakasgaiaren notaren % 70. Atal hauek izango ditu:
2. Azterketen garaian ezarritako data ofizialean egingo den froga: irakasgaiaren notaren % 30 Etengabeko ebaluazioan ebaluatu ez den parteari buruzko proba idatzi bat izango da. Garatzeko galdera bat izango du, eta bi problema ebazteko. Azken kalifikazioa lortuko da kalifikazio horien batezbestekoa eginez, baina ezinbestekoa izango da gutxienez lau bat ateratzea banakako proba idatzietan ebaluatuko den problemen ebazpenenean (IE2). Ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko irizpideak: hemen bakarrik adieraziko ditugu ebaluatuko diren alderdi nagusiak. Ebaluatuko diren elementu guztien zerrenda osoa, jardun mailekin eta dagozkien kalifikazioekin, ikaslearen gidako txantiloietan jasoko da.
Ebaluazioa hezigarria izango da zeren ikasleari entregatu dituen lanak hobetzeko argibideak emango baitzaizkio. Lana lehenengoz entregatu eta gero, ikasleak aldaketak egin ahal izango dizkio eta bertsio hobetu bat entregatu. Azken bertsioa kalifikatuko da. Ikasturtearen erdialdean egingo den banakako probaren ostean, aukerako jarduera osagarriak proposatuko dira akatsak zuzentzeko eta ikaskuntzan aurkitutako oztopoak gainditzeko. Gero ikasleari aukera emango zaio banakako beste proba bat egiteko, eta bigarren horren kalifikazioak aurretik lortutakoa ordezkatuko du. Ikasleek ohiko deialdiari uko egin ahal izango diote irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu baino, gutxienez, hilabete lehenago irakasgaiaren ardura duen Irakasle-taldeari idatzi bat aurkeztuz. Kalifikazioa, kasu honetan “ez aurkeztua” izango da. Ikasleek eskubidea izango dute azken ebaluazio bidez ebaluatuak izateko, etengabeko ebaluazioan parte hartu zein ez hartu. Eskubide hori baliatzeko, ikasleak etengabeko ebaluazioari uko egiten diola jasotzen duen idatzi bat aurkeztu beharko dio irakasgaiaren ardura duen irakasleari eta, horretarako, bederatzi asteko epea izango du, ikastegiaren akademi-egutegia oinarri hartuta. Ikasleok azken ebaluazio baten bidez egiaztatu ahal izango dute ikaskuntza emaitzak lortu izana. Azken ebaluazio horrek zati hauek izango ditu: 1) Banakako lan bat entregatzea, ikaslearen gidan deskribatuta egongo dena: % 30 2) Laborategiko praktika bat egitea, non ebaluatuko den teknika esperimentalen aplikazioa; edo ikasturtean zehar praktikak egin izana eta talde txostena entregatu izana (lehendik lortutako nota gordeko da, eta irakasgaiaren kalifikazio osotik dagokion portzentajea). % 10 3) Azken proba idatzia: Garatzeko bi galdera izango ditu, eta lau problema ebazteko: 60% Azken proba idatzira agertzen ez badira, deialdiari uko egin diotela ulertuko da eta bere kalifikazioa “ez aurkeztua” izango da. |
9. Ezohiko deialdia: orientazioak
Adierazi beharrekoa da nola egingo den ezohiko deialdia. Indarrean den araudiak dion bezala, “ezohiko deialdietan irakasgaiak ebaluatzeko sistema bakarra azken ebaluazioa izango da.“ (9.2 art.)
9.3 Artikuluak azaltzen du nola egituratu behar den ezohiko deialdia: “Ezohiko deialdiko azken ebaluazioko probak definituta dauden ikaskuntzaren emaitzak ebaluatzeko eta neurtzeko behar beste azterketa eta ebaluazio jarduera izango ditu, emaitzok ohiko deialdiaren pareko baldintzetan ebaluatu ahal izateko. Ikasleek ikasturtean zehar eskuratutako emaitza positiboak gorde ahal izango dira. Aldiz, ikasturtean zehar egindako etengabeko ebaluazioaren emaitzak negatiboak badira, emaitzok ezin izango dira ezohiko deialdirako mantendu eta deialdi horretan ikasleek kalifikazioaren % 100 eskuratu ahal izango dute.”
Ezohiko deialdian irakasgaiaren ikaskuntza emaitza guztiak ebaluatu behar dira. Ikaskuntza emaitzaren bat ezin bada ebaluatu amaierako proban (adibidez, proiektu baten garapenari lotutako emaitzak, laborategiko praktikak eta abar), aukera bat da horiek proba baino lehenago ebaluatzea, eta nota hori gordetzea, emaitza positiboa izan bada, dagokion portzentajean, ezohiko deialdiko notarako. Beste aukera bat izan daiteke ikasleak ezohiko deialdian aurkeztea une horretan ebalua daitezkeen ebidentziak (esaterako, proiektuko memoria, amaierako proban defendatuko duena).
Ezohiko deialdiari uko egiteko nahikoa izango da bertara ez agertzea.
Ezohiko deialdian erabiliko dira azken ebaluaziora doazen ikasleekin erabiliko diren ebaluazio irizpide berberak. Beraz, eskatuko zaie: 1) Banakako lan bat entregatzea, ikaslearen gidan deskribatuta egongo dena: % 30 2) Laborategiko praktika bat egitea, non ebaluatuko den teknika esperimentalen aplikazioa, edo ikasturtean praktikak egin izana eta talde txostena entregatu izana (lehendik lortutako nota gordeko da, eta irakasgaiaren kalifikazio osotik dagokion portzentajea). % 10 3) Amaierako proba idatzia: bi galdera izango ditu garatzeko eta lau problema ebazteko: % 60 Ezohiko deialdiari uko egiteko nahikoa izango da bertara ez agertzea. |
10. Nahitaez erabili beharreko materialak
Atal honetan jarri behar dira ikasleek gai bat ikasteko beharko duten baliabideak.
11. Bibliografia
Bibliografian irakasgaian erabiliko diren informazio iturriak eta bestelako baliabideak biltzen dira. Hainbat formatu eta euskarritan egon daitezke, inprimatuak edo elektronikoak: liburuak, aldizkariak, artikuluak edo argitalpen baten zatiak, web orriak, problema bildumak, tutorialak, simulazioak, programak eta abar.
Ikasleek informazioa bilatzeko jardueraren bat egitea pentsatuta edukiz gero, informazioaren parte bat eman barik utz daiteke. Era berean, metodo induktiboak erabiltzen direnean, baliteke erreferentzia bibliografikorik ez ematea, harik eta ikasleek ikaskuntzaren helburuak identifikatu arte, eta orduantxe aztertzea haiekin batera zein informazio iturritara joko duten.
Oinarrizko bibliografia
Testu orokorrak dira, oinarrizko gidoi gisa erabiliko direnak, edo lagungarri gisa, irakaslearen azalpenak osatzeko eta ikasleek beren lanak egiteko.
Sakontzeko bibliografia
Arlo baten barruko gai konkretuez egindako azterlan espezifikoak dira. Zailagoak dira eskuliburuak baino, eta gomendatzen dira eskoletan emandako azalpenetan sakontzeko edo eskolako lan, proiektu eta abarretarako ikerketa bibliografikoko dokumentazio gisa.
Aldizkariak
Interneteko helbideak
Honez gain, UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonezkoen Berdintasunerako III Planean (2019-2022) jasotako konpromisoei eutsiz irakaskuntza gidetako bibliografian emakume egileak identifikatu ahal izateko beharrezko datuak (abizenak eta izen osoa) azaltzea gomendatzen da.
12. Oharrak
Atal honetan jar daitezke aurreko ataletan behar bezala azalduta geratu ez diren bestelako argibideak.
Azken iradokizunak
Irakaskuntza gidak UPV/EHUk jendartearen aurrean erakusten duen dokumentu publikoak dira. Hau aintzat hartuta, honakoak dira iradokizunak:
- Testuak argiak eta ulerterrazak izatea, ikasleentzat zein jende ororentzat ere.
- Irakaskuntza gida osoan zehar hizkuntzaren erabilera ez sexista zainduko da. Horretarako UPV/EHU-n euskararen erabilera ez-sexistarako gidaren irizpideak arretaz jarraitzea gomendatzen da.
- Irakaskuntza gida Euskal Herriko bi hizkuntza ofizialetan argitaratuta dagoela bermatzea.