DESTACADO-IKDi3-Laborategia-Reuniones
IKDi3-Laborategia-Cabecera
Hezkuntza berrikuntza proiektuen deialdia. IKDi3 Laborategia
IKDi3-2023-2024
2023-2024 aldia
- 1. Deialdiaren justifikazioa
- 2. Deialdiaren helburuak
- 3. IKDi3 Laborategia berrikuntza proiektu motak
- 4. IKDi3 berrikuntza taldeek eta haien proposamenek bete beharreko baldintzak
- 5. Eskaerak izapidetzea
- 6. Ebaluazio prozesua eta ebazpena
- 7. Proiektuen garapena eta jarraipena
- 8. Publizitatea
- 9. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa baldintzak
- 10. Laguntzak jasoko dituzten taldeen konpromisoak
- 11. Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak
- 12. Proiektuen ziurtapena eta hedapena
- Azken xedapena
1. Deialdiaren justifikazioa
UPV/EHUk IKDi3 izeneko hezkuntza eredu propioa du. Eredu hori IKD ereduaren ondorengoa da, UPV/EHUk 2010ean definitu eta sortu zuena, Europa unibertsitate hezkuntzarako politika bateratzen hasi zen garaian. Hala, eredua orduz geroztik unibertsitatean eta, oro har, gizartean izandako aldaketen ondorioa ere bada; aldaketa batzuk, lotuta daudenak Nazio Batzuen 2030 Agendaren argitalpenarekin, Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuen (GIH) eta 136 helmugen adierazpenarekin (2015) edo Europako Unibertsitate Hezkuntzarako Agenda Berrituarekin (2017).
Testuinguru berri horrek erronka berrien aurrean jarri zituen unibertsitateak, hala nola:
-
Aurre egitea gaitasunen garapenean dauden arrakalei eta, batez ere, konplexuagoak direnetan sakontzea: ikustea nola egin diezaiokeen ekarpena ikerketak irakaskuntzari –gradukoa eta graduondokoa–, edo gaitasun konplexuak garatzea mundu aldakor baten ezaugarri den erresilientziarako.
-
Goi mailako hezkuntza sistema integratzaileak eta konektatuak sortzea, gero eta handiagoak diren gizarte desberdintasunei aurre egiteko: sistema horietan sartzea sozio ekonomikoki desabantailak dituzten kolektiboak, migratzaileak, hiriak eta eskualdeak garatzea, eztabaida publikoa giza eskubideei eta gizarte gaiei buruz, etab.
-
Goi mailako hezkuntza erakundeek berrikuntza bultza dezaten bermatzea: titulazioen garrantzia indartzea enplegagarritasunari begira, aurrerapen zientifikoen transferentzia handitzea, doktorego programak fokalizatzea enplegu sektorearekin elkarrekintzan.
Horiei erantzun ahal izateko, UPV/EHUk IKD ereduaren berrirakurketa bat egin zuen, gaur egungoa sortzeko: IKDI3 eredua (“i ber hiru”: ikaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna), ikaskuntzaren, ikerketaren eta iraunkortasunaren konbinazioak biderkatzeko duen ahalmena adierazteko modu sinboliko bat.
IKDi3 estrategiaren xedea da hezkuntza berrikuntzaren hazkunde esponentziala lortzea tituluetan, inpaktu handiko curriculum prozesu eta produktu berriak ahalbidetuko dituena, Zeharkako Gaitasunen Katalogoko gaitasun konplexuak garatzeko, ikerketa irakaskuntzan txertatzeko eta garapen iraunkorrerako helburuak betetzen laguntzeko. Honela, EHUagenda 2030en dauden hiru plan sektorialei lotura bermatuta geratzen da, hots: Berdintasun Campusa, Inklusio Campusa eta Planeta Campusa. Horrela jasota dago UPV/EHUren Plan Estrategikoan (2022-2025) ere.
Lan esparru horretan, UPV/EHUn, hainbat erakunde programa garatu izan dira metodologia aktiboak eta berritzaileak sustatzeko, hezkuntza berrikuntzako talde oinarrizkoei eta aurreratuei laguntzeko, irakasleen irakaskuntza garatzeko, irakaslana ebaluatzeko, eta bertako ikastegiak eta tituluak egiaztatzeko. Horretarako kudeaketa tresnak eta laguntza eta orientazio materialak sortu dira, eta ahalegin handia egin da elkarrekin eraikitzeko.
Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren (SAE-HELAZ) bidez, dei egiten die UPV/EHUko irakasle-ikertzaileei aktiboki parte har dezaten IKDi3 estrategiaren garapenean. Bide horretan aurrera egiten jarraitzen dugu IKDi3 Laborategia Berrikuntza Proiektuen laugarren deialdia argitaratuta, irakasle taldeak aktibatzeko helburuz. Talde horien eginkizuna izango da iraunkortasun erronkak tituluetan txertatzeko lanak gidatzea, irakaskuntza-ikaskuntza estrategia aktibo eta kooperatiboen bidez, ikerketan oinarritutakoak, halako moldez, non egungo munduan etikoki eta eraginkorki aritzeko behar diren gaitasun konplexuak garatuko diren.
2. Deialdiaren helburuak
Deialdi honetako helburuak honako hauek dira:
-
Bultzada ematea IKDi3 berrikuntza egitasmoak eta ibilbideak UPV/EHUren tituluetan txertatzeari.
-
Irakasle taldeek berrikuntzarako duten gaitasuna indartzea, martxan jar ditzaten tituluetan egoki integratuko diren proiektu berriak
-
Sinergiak sortzea irakasle taldeen artean, ikastegietako tituluen barnean edo ikastegien artean, helburua izanik ibilbide egokiak sortzea gaitasun konplexuak garatzeko eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekiko (GIH) konpromisoa betetzeko.
-
Erronka sozial garrantzitsuetara bideratutako diziplina arteko GrAL eta MALen garapena erraztea.
-
IKDi3 hezkuntza berrikuntzaren emaitzak zabaltzea irakaskuntzaren ikuspegi akademiko batetik (SoTL).
3. IKDi3 Laborategia berrikuntza proiektu motak
Proiektu proposamenak egingo dira tituluaren ikuspegi global batetik, halako moldez, non denborarekin ibilbide bat sortuz joango den, GIHak eta gaitasun konplexuen garapena barne hartuko dituena, orain arte inplementatutakoak bezalako metodologia aktiboen bitartez (Ikaskuntza Kooperatiboa, Problemetan eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza, eta Kasu Metodoa), baita Erronketan (Challenge Based Learning-CBL) edo Ikerketan (Research Based Learning-RBL) Oinarritutako Ikaskuntza sartuta ere.
Kontua da puntualki eta bakartuta egiten den irakaskuntza berrikuntza gainditzea, eta berrikuntza estrategiko bat sortzea, helburu zehatz eta adostuak izango dituena eta bideragarria izango dena, ekintzei nahiz erabili beharreko baliabideei dagokienez, koordinatua eta denboran mailakatua, epe ertain eta luzera ikasleen ikaskuntza hobekuntza ebaluatzeko modua emango duena.
Graduetako koordinazioek, Ikastegien Kalitate Batzordeek –edo, hala badagokio, Titulazio Batzordeek– zeregin garrantzitsua dute testuinguru honetan titulu bakoitzari ezartzen zaizkion helburuak definitzeko orduan. Helburu horiek hainbat konpromiso mailatan bete ahal izango dira, deialdian parte hartuko duten proiektuetan planteatutako aplikazio eremuaren eta inplikazio motaren arabera. Hori dela eta, proiektu guztiek ikastegiko Kalitate Batzordearen oniritzia jaso beharko dute.
Aipatzen den tituluaren ikuspegi globalak koordinazioa sustatu nahi du ikastegi eta tituluetako berrikuntza taldeen artean. Deialdi honen helburua titulu bakoitzean ibilbide curricularren konfigurazioa bultzatzea da, bertan, egoki iritzitako proiektu guztiak lekua izango lukete modu koordinatu batean.
Hainbat prototipo aurkezten dira, praktikan jarduteko modu zehatzak ikustarazten lagundu nahi dutenak (1. taula).
1 Prototipoa: EREINProiektu hauen helburua da curriculumean ongi definitutako GIH bati edo gehiagori lotutako gaiak txertatzea, irakasgai baten esparruan. Irakasgai hori arrunta izan daiteke, edo izan daitezke ere curriculumeko praktikak, GRALak edo MALak. Kontua da IKDi3 orientazioa sartzea irakasgai horren kredituen % 10ean gutxienez. Irakaskuntza metodologiak aktiboak eta eraldatzaileak izango dira; hau da, aldaketak eragingo dituzte gure ikasleen pentsatzeko eta sentitzeko moduan, eta zeharkako gaitasun baten edo batzuen garapena bultzatuko dute. Proiektuak etorkizuneko ibilbide curricularren abiapuntua izan daitezke. Lehentasuna izango dute irakasgaiaren irakaskuntza talde guztietan gauzatzen diren proposamenek (beraz, haren irakaskuntza gidan agertuko dira). |
2 Prototipoa: ERNATUCurriculumean ongi definitutako GIH bati edo batzuei lotutako gaiak sartzeko xedea duten proiektuak, gutxienez bi irakasgaien esparruan, koordinazio ekintzak abian jarriko dituztenak. Irakasgai horiek arruntak izan daitezke, edo izan daitezke ere curriculumeko praktikak, GRALak edo MALak. Kontua da IKDi3 orientazioa inplementatzea gutxienez irakasgai horien kredituen % 30ean. Irakaskuntza metodologiek aktiboak eta eraldatzaileak izan beharko dute; esate baterako, CBL edo RBL. Era berean, garapen iraunkorrari lotutako erronka bati lotuta egongo dira, eta zeharkako gaitasun baten edo batzuen garapena sustatuko dute. Lehentasuna izango dute, halaber, irakasgaien irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek, eta, beraz, dagozkion irakaskuntza gidetan agertuko direnek. |
3 Prototipoa: LORATUProiektu hauen helburua da gradu baten barruan ikerketari lotutako gaitasun konplexuen garapena finkatzea, denboran mailakatutako ibilbide ezaguterraz baten bidez, GIHekin erlazionatutako erronken inguruan. Kasu honetan, irakaskuntza taldeek IKDi3 berrikuntza bat planteatuko dute, irakasgaien sekuentzia batean, eta gutxienez i3 ikaskuntza egoera sartuko dituzte tituluan zehar. IKDi3 orientazioa gutxienez irakasgai horien kredituen % 30ean txertatu nahi da, eta tartean egon daitezke Curriculumeko Praktikak, GRALak edo MALak. Irakaskuntza metodologiek aktiboak eta eraldatzaileak izan beharko dute; esate baterako, CBL edo RBL. Era berean, garapen iraunkorrari lotutako erronka bati lotuta egongo dira, eta zeharkako gaitasun baten edo batzuen garapena sustatuko dute. LORATU proiektua luzatu ahal izango da, baldin eta hura inplementatzeko plangintzan elkarren segidako hainbat ikasturte biltzen dituen denborazko sekuentzia bat aukeratzen bada eta berrikuntza ikasle talde baten ibilbide akademikoan inplementatuko dela justifikatzen bada. Ikasturte bakoitzean gutxienez irakasgai bat —GRALa eta MALa barne hartuta— jasotzen duten proposamenek izango dute lehentasuna. Lehentasuna izango dute, halaber, irakasgaien irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek, eta, beraz, dagozkion irakaskuntza gidetan agertuko direnek. Taldeek egoera aztertuko dute aldez aurretik, eta curriculum ibilbidea definituko dute. Arruntena titulazio bakoitzeko mota honetako proiektu bakarra inplementatzea izango da, baina, kasuak kasu, posible izango da titulazio batean bat baino gehiago egotea, beti ere, horien arteko artikulazioa eta integrazioa lantzen bada. |
4 Prototipoa: UZTATUGIH bat edo batzuk curriculumean erabat txertatzen direla eta zeharkako gaitasun bat edo batzuk diziplinartekotasunez garatzen direla baieztatzeko proiektuak dira hauek. UPV/EHUko titulu edo ikastegi bat baino gehiagoko eta/edo beste unibertsitate batzuetako. Irakasle taldeek proiektuaren xede diren GIHekin lotutako erronkak sustatuko dituzte, eta inplikatutako ikasleek erronkak diziplinartekotasunez landu beharko dituzte, CBL edo RBL ikuspegi batetik. IKDi3 orientazioa gutxienez irakasgai horien kredituen % 30ean txertatu nahi da, eta tartean egon daitezke Curriculumeko Praktikak, GRALak edo MALak. Bereziki baloratuko dira diziplinarteko GRALak eta MALak eginez amaitzen diren proiektuak. GRALen eta MALen kasuan, proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak gutxienez GRAL edo MAL bat zuzendu beharko du. |
5 Prototipoa: ONDUProiektu hauen bidez hezkuntza berrikuntzako proiektuak instituzionalizatu eta finkatu nahi dira, baldin eta horietan GIH bat edo batzuk curriculumean erabat txertatzen badira eta diziplinartekotasunez zeharkako gaitasun bat edo batzuk nabarmen lantzen badira, eta UPV/EHUko hainbat ikastegi edo titulutako eta/edo beste unibertsitate batzuetako irakasleek eta ikasleek parte hartuko badute. Prototipo horren barruan bi modalitate aurreikusten dira:
Irakasle taldeek proiektuaren xede diren GIHei lotutako erronkak sustatuko dituzte, eta ikasleek erronkak diziplinartekotasunez landu beharko dituzte, CBL edo RBL ikuspegi batetik, diziplinarteko GRALak, MALak edo beste mota batetako lan akademikoak eginez. GRALen eta MALen kasuan, proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak gutxienez GRAL edo MAL bat zuzendu beharko du. |
Egiten diren GRALak eta MALak UPV/EHUko ikasleen kongresuan aurkeztu ahal izango dira: “Gure lanek mundua eraldatzeko balio dute“
4. IKDi3 berrikuntza taldeek eta haien proposamenek bete beharreko baldintzak
Baldintza hauek bete beharko dituzte:
-
Taldeko kideak Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektua ezarriko den, gutxienez, irakasgaibateko edo GRAL/MAL bateko irakasle izango dira. Pertsona hauek izango dira lan talde eragilea osatuko dutenak eta, beraz, eskaera aurkeztu dutenak. Gainera, taldean kolaboratzaileak egon daitezke, esate baterako, irakasgaietako ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, kanpoko profesionalak, eta beste unibertsitate edo hezkuntza maila batzuetako irakasleak. Pertsona hauek zeregin konkretuen ardura izango dute proiektuaren garapenean zehar.
-
Taldearen koordinatzaileak irakasle kontratatua izan beharko du, UPV/EHUrekiko lotura bermatzeko proiektuaren iraupena baino txikiagoa izango ez den denboraz. Gainera, pertsona hori DOCENTIAZ programan parte hartutakoa izango da, 60 puntuko edo hortik gorako ebaluazioa lortuta.
-
Ahal bada, taldeen osaera parekidea izango da, gizon-emakume kopuruei dagokienez. Hori ezin denean, baldintza ez betetzeko arrazoia azaldu beharko da.
-
Taldeko kide bakar batek ere ezin izango du parte hartu deialdi honen (2023-2024) eskaera batean baino gehiagotan beren kargu akademikoa dela eta proiektuan egon behar dutenak izan ezik. Egoera berezi horietan, pertsona hauek bi proiektuetan egoteko aukera izango dute.
Eskaera guztiek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
-
Deialdian parte hartu nahi duten proiektu guztiek ekarpen bat egin behar diote gure unibertsitatearen hezkuntza berrikuntzari, eta lerrokatuta egon behar dute UPV/EHUren Plan Estrategikoarekin (2022-2025), haren helburuetako baten garapenerako ekarpena eginez.
-
Proiektu hauen azken helburua ikasleen ikaskuntzan ondorio positiboak eta egiaztagarriak izatea da. Zehazki, GIH bat edo gehiago curriculumean txertatzea proposatuko dute, zeharkako gaitasun konplexuen garapena ahalbidetuko duten metodologia berritzaileen bidez.
-
Deialdira aurkeztutako proposamenek honako hauek aurkeztuko dituzte: berrikuntza xedearen definizioa eta haren aplikazio eremua, exekuzio plan bat, eta inplementazioaren emaitzak bildu eta aztertzeko mekanismoaren deskribapena.
-
Proiektu guztiak bat etorriko dira SoTL orientazioarekin; hau da, ikerketan eta esperimentazio kontrastatuan oinarritutako irakaskuntza garatuko dute, abiapuntu harturik bibliografia zientifikoak arlo horri egiten dizkion ekarpenak, ebidentzia enpirikoa sortuz, emaitzen jasotzea sistematizatuz eta emaitza horiek ingurune akademikoetan zabalduz (aztergai den diziplina/tematikaren irakaskuntzaren arloan garrantzitsuak diren batzar eta jardunaldi zientifikoak, edo aldizkari garrantzitsuetan argitaratzea, berdinek berrikusiak izan ondoren).
5. Eskaerak izapidetzea
Eskaera proiektuaren koordinatzaileak aurkeztuko du, eta, aldi berean, hezkuntza berrikuntza ezarriko den ikastegiaren edo ikastegien kalitate batzordeen oniritzia eduki beharko du.
EREIN, ERNATU, LORATU eta UZTATU prototipoen proiektuetarako eskaera deialdi honetan proposatutako 1. eranskineko ereduari (docx, 172 Kb) egokituko zaio, eta bertan eskatutako datu guztiak aurkeztu beharko dira. ONDU proiektuetarako eskabidea deialdi honetan proposatutako 2. eranskineko ereduari (docx, 170 Kb) egokituko zaio, eta bertan eskatutako datu guztiak aurkeztu beharko dira.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 e) artikuluan eta UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko erabakian (UPV/EHUrekiko harremanak modu elektronikoan izateko interesa duten pertsonen eta bertan zerbitzuak ematen dituzten langileen identifikazio eta sinadura elektronikoari buruzko instrukzioa onartzen duena) ezarritakoaren arabera, eskaera UPV/EHUren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko da, https://egoitza.ehu.eus/eu/registro-electronico URL helbidean, eta eskaera Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuari (SAE/HELAZ) zuzenduko zaio, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzaren barruan. Horretarako, hauetakoren bat erabili beharko da: UPV/EHUko langilearen ziurtagiri elektronikoa, Izenpe erabiltzaile ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, edo Diruaren eta Tinbrearen Fabrika Nazionalaren Ziurtagiria (FNMT-CERES).
Era berean, sektore publikoko edozein erakunderen erregistro elektronikoan aurkeztu ahal izango da, eta, salbuespen gisa, aurrez aurre aurkeztu ahal izango da UPV/EHUko erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan. UPV/EHUko erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak digitalizatu egingo dira, espediente administratibo elektronikoan sartzeko, eta originalak interesdunari itzuliko zaizkio, aldez aurretik funtzionarioaren aurrean identifikatuta eta egintza hori egiteko berariazko baimena emanda, UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28eko Erabakiarekin bat etorrita, horren bidez jarraibidea onartzen baita, gai hauen inguruan: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak, eskaerak, idatziak eta bestelako komunikazioak funtzionario gaituen bidez aurkeztea UPV/EHUn, eta funtzionario gaituen erregistroa.
Eskaerak aurkezteko epea, 60 egun natural izango dira, deialdia Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren webgunean eta campusetako errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula) argitaratzen den egunetik kontatzen hasita (bat etorriko dira argitalpen data eta deialdiaren sinadura data.)
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun natural igarota, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak eskaeren zerrenda argitaratuko du (ondo betetako eskaerak eta datuak faltan dituztenak) bere webgunean eta campusetako errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula). Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte, zerrenda argitaratzen den egunetik kontatzen hasita, dokumentazioa osatzeko. Epe horretan falta den dokumentazioa aurkezten ez duten eskaerak atzera botako dira.
6. Ebaluazio prozesua eta ebazpena
Lehiaketan onartutako proposamenak sailkatu eta ebaluatu egingo dituzte zeregin horretarako sortuko diren batzordeek, eta proiektu bakoitzaren ebaluazioa bikoteka egingo da. Titulu bati lotutako proposamen bat baino gehiago badago, dagozkion Kalitate Batzordeei eta Titulazio Batzordeei proposamenaren egokitasunaz kontsultatu ahal izango zaie, eta alde guztiak bildu ahal izango dira, taldeen arteko elkarguneak eta sinergiak bilatzeko, tituluan IKDi3 ibilbide bat definitzeko.
Ebaluazio Batzordeak balorazio txosten bat egingo du, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeak kontuan hartuko duena laguntzak jasoko dituzten proiektuak hautatzeko orduan, baita laguntzen kopuruak zehaztean ere.
Laguntzak jasoko dituzten proiektuak aukeratzean, aintzat hartuko dira: 1-5 irizpideetan (2. taula) lortutako balorazioak EREIN, ERNATU, LORATU eta UZTATU prototipoetako proiektuentzat eta 1-6 irizpideetan (3. taula) lortutako balorazioak ONDU prototipoko proiektuentzat, erabilgarri dagoen aurrekontua eta proiektuaren egokitasuna tituluen eta ikastegien beharren arabera. Gainera, ahaleginak egingo dira IKDi3 proiektuak UPV/EHUren ikastegi eta tituluen artean banatzeko, aurreko deialdiak ere kontuan hartuta.
Irizpidea | Deskribapena | Puntuak gehien jota |
---|---|---|
1 | Proiektuaren justifikazioa: beharra eta egokitasuna, lortu nahi diren helburuak, GIHen deskribapena eta horiek txertatzeko justifikazioa, zeharkako gaitasunen deskribapena eta horiek txeratzeko justifikazioa, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan barneratuko dituen hobekuntzen deskribapen zehatza. | 20 |
2 | Proiektuaren irismena prototipoarekin bat etorrita: irakasgaiak, modulu/diziplinen taldeak, titulua edo tituluak (taldeak bere gain har ditzakeen irakaskuntza taldeak adierazita) eta proiektuan berdiseinatuko diren curriculumaren ECTS kredituen kopurua. | 15 |
3 | Proiektua garatzeko metodologia: metodologiaren egokitasuna jadanik argitaratutako ebidentzian oinarrituta (literaturaren erreferentziak eman beharko dira), egin beharreko ekintzen deskribapen zehatza eta horien koherentzia planteatutako helburuekin, egikaritza plana kronograma baten bidez, eta egin beharreko ekintzen arduradunak. | 30 |
4 | Proiektuaren inplementazioaren ebaluazioren diseinua: proiekturako diseinatutako ebaluazio sistemaren deskribapena, proiektuaren emaitzak ebaluatzeko aukeratu diren adierazleen egokitasuna, informazioa biltzeko mekanismoa eta emaitzak aztertzeko prozedurak. | 25 |
5 | Taldearen ezaugarriak: aldez aurreko prestakuntza edo esperientzia, bakarkakoa edo taldekakoa, GIH garapenean, hezkuntza berrikuntzan eta zeharkako gaitasunetan, eta kolaboratzaileen ekarpena. | 10 |
Irizpidea | Deskribapena | Puntuak gehien jota |
---|---|---|
1 | A modalitatea. Aurretiko ibilbidea: lehendik egindako hezkuntza berrikuntzaren ibilbidearen deskribapena, lorpenak eta emaitzak B modalitatea. Interes estrategikoa: proiektuaren interes estrategikoaren deskribapena. |
20 |
Garapen edo aurrera plana | ||
2 | Proiektuaren justifikazioa: beharra eta egokitasuna, lortu nahi diren helburuak, GIHen deskribapena eta horiek txertatzeko justifikazioa, zeharkako gaitasunen deskribapena eta horiek txeratzeko justifikazioa, eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan barneratuko dituen hobekuntzen deskribapen zehatza. | 15 |
3 | Proiektuaren irismena prototipoarekin bat etorrita: irakasgaiak, modulu/diziplinen taldeak, titulua edo tituluak (taldeak bere gain har ditzakeen irakaskuntza taldeak adierazita) eta proiektuan berdiseinatuko diren curriculumaren ECTS kredituen kopurua. | 15 |
4 | Proiektua garatzeko proposamena: metodologiaren egokitasuna jadanik argitaratutako ebidentzian oinarrituta (literaturaren erreferentziak eman beharko dira), egin beharreko ekintzen deskribapen zehatza eta horien koherentzia planteatutako helburuekin, egikaritza plana kronograma baten bidez, eta egin beharreko ekintzen arduradunak. | 25 |
5 | Proiektuaren inplementazioaren ebaluazioren diseinua: proiekturako diseinatutako ebaluazio sistemaren deskribapena, proiektuaren emaitzak ebaluatzeko aukeratu diren adierazleen egokitasuna, informazioa biltzeko mekanismoa eta emaitzak aztertzeko prozedurak. | 15 |
6 | Taldearen ezaugarriak: aldez aurreko prestakuntza edo esperientzia, banakakoa eta taldekoa, GIH garapenean, hezkuntza berrikuntzan eta zeharkako gaitasunetan, eta kolaboratzaileen ekarpena. | 10 |
Laguntzak Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordearen erabaki baten bidez adjudikatuko dira, hiru hilabeteko epean gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.
Erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Era berean, aipatu erabakiaren kontra, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, jakinarazpen egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
7. Proiektuen garapena eta jarraipena
Diruz lagundutako proiektu bakoitzak aholkulari bat izango du, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak izendatua, proiektua garatzen laguntzeko eginkizuna izango duena. Era berean, Graduetako koordinatzaileei, Kalitate Batzordeei eta Titulazio Batzordeei beren ikastegi eta tituluetan garatzen ari diren IKDi3 proiektuen berri emango zaie.
Proiektuaren fase bakoitzaren amaieran, nahitaezkoa izango da mugarri bat aurkeztea eGelapi plataformaren bidez, proiektu bakoitzaren koordinatzaileek hura eskuratzeko aukera izan dezaten. Mugarri horiek ezarritako epeetan ez entregatzeak, emandako dirulaguntza etetea ekar dezake.
Proiektuak 1. irudian ageri den faseen eskemari jarraituta garatuko dira. Jarraian deskribatzen da:
(1) Curriculum txertaketako ekintzak diseinatzeko eta planifikatzeko fasea. Fase amaieran, IKDi3 irakaskuntza gidak edo/eta ikasle-gidak idatziko dira; proiektuen lehenengo mugarria izango dira (1M). Txosten bat burutu beharko da irakaskuntza gidetan edo/eta ikasle-gidetan eginiko aldaketak azalduz. Entregatzeko azken data 2023ko uztailaren 28a izango da
(2) Inplementazio fasea. Diseinuak praktikan jarriko dira, eta jarraipen txosten bat egingo da ebidentziak bilduta, eta ordura arte egindako gastuen memoria ekonomikoa (2M). Lehen lauhileko irakasgaiak dituzten proiektuak entregatzeko azken eguna 2024ko otsailaren 1a izango da, eta bigarren lauhileko irakasgaiak dituzten proiektuak entregatzeko azken eguna, berriz, 2024ko uztailaren 1a.
(3) Inplementazioaren emaitzak aztertzeko fasea eta egindako gastuen memoria ekonomikoa. Analisi hori hirugarren mugarria izango da (3M). Entregatzeko eguna 2024ko abenduaren 20a izango da.
Proiektuek laguntza izango dute emaitzak zabaltzeko barnean (titulua, ikastegia eta UPV/EHU) eta kanpoan (ekarpenak batzarretan eta argitalpen zientifikoetan).
Proiektuak deialdia erabakitzen denean hasiko dira diseinatzen, eta 2024ko abenduan amaituko dira. Hilabete horietan lehen aipatutako faseak burutuko dira.
8. Publizitatea
Informazio saioak egingo dira campus bakoitzean, deialdi honen xehetasunak ezagutzera emateko, eta horren difusio egokia bermatuko da, prozedura hauek erabilita gutxienez:
-
Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren webgunea argitaratzea.
-
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusetako Errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula) argitaratzea.
9. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa baldintzak
Urteko aurrekontua zehazteko orduan, kontuan hartuko da Programa Kontratuari urte horretan esleitu zaion kopurua.
Dirulaguntza eskaera behar bezala justifikatuko da urte natural bakoitzerako planifikatutako ekintzen kostuaren arabera. Laguntzak ez dira izango, inola ere, kopuru hauek baino handiagoak:
- Proyectos EREIN: 500€
- Proyectos ERNATU: 1000€
- Proyectos LORATU: 1500€
- Proyectos UZTATU: 2000€
- Proyectos ONDU: 3000€
Gastuak deialdi honek hartzen dituen bi urte naturalen barruan (2023 eta 2024) egin beharko dira.
Dirulaguntzarekin honako hauek ordainduko dira:
-
material suntsikorra (2024ko uztailaren 31 arte erosi ahal izango da material suntsikorra)
-
proiekturako prestakuntza espezifikoa, ikasleekin eginiko jarduerak eta egitasmoak (prestakuntza hori FOPU-UIPREk eskaintzen duenean izan ezik)
-
software lizentziak, proiektua (programak dagoeneko UPV/EHUk eskaintzen dituenean izan ezik)
-
koordinatzeko bileren gastuak
-
emaitzen aurkezpena batzarretan eta beste dirulaguntzarik ez duten unibertsitate irakaskuntzari lotutako ekitaldietan, eta emaitzen argitalpena
Fakturek UPV/EHUren kontabilitate arauak beteko dituzte:
-
material suntsikorrak unibertsitatearen enpresa adjudikaziodunei erosiko zaizkie eta fakturak bidaliko dira martxoa eta azaroa bitartean
-
bidaiak eta ostatuak UPV/EHUren adjudikaziodunekin kontratatzea gomendatzen da. Dagozkion bertaratze agiriak aurkeztu ezean, ez dira ordainduko ez fakturak, ez dietak
-
faktura originalek proiektuaren koordinatzailearen OE izango dute. Behin fakturak izenpetuta, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzura bidaliko dira bertan ordaintzeko, fakturazioari dagokion urte naturalaren barnean eta azaroaren 30a baino lehen
Deialdiak ez du finantzatuko:
-
UPV/EHUtik kanpoko langileen mugikortasunari lotutako gastuak
-
material inbentariagarria edo funts bibliografikoak. Horretarako beste bide batzuk erabili beharko dira.
10. Laguntzak jasoko dituzten taldeen konpromisoak
IKDi3 taldeek konpromisoa hartuko dute koordinazio bileretara joateko eta beren emaitzak UPV/EHUn i3KD proiektuak ezagutarazteko egingo diren jardunaldietan aurkezteko.
Proiektuaren koordinatzaileak lantaldearen funtzionamendu egokia bermatuko du. Horren harira, proiektuak garatu bitartean taldekideen artean gertatzen diren altak eta bajak eGelapi bidez eskatu beharko dira, dagokion eskabidearen eranskina igota.
Gainera, koordinatzailea (edo haren ordez arituko den pertsona) arduratuko da jarraipena egiteaz, eta proiektuaren garapenaren berri emateaz, eskatuko zaion moduan.
Taldearen koordinatzailea arduratuko da ere kontabilitate kudeaketaz.
11. Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak
Dirulaguntza emateko baldintzak bete ez direla egiaztatzen bada, jasotako kopuruak itzuli beharko zaizkio nahitaez UPV/EHUko Zerbitzu Nagusiari.
12. Proiektuen ziurtapena eta hedapena
Ziurtapena. IKDi3 proiektuetan aritu den irakasle bakoitzari, programaren eskakizunak betez gero, parte hartu izanaren egiaztagiria emango zaio, Ebaluazio Batzordeak mugarri bakoitzean entregatutako txostenak baloratu ondoren. UPV/EHUko kide ez diren taldekideek dagokion proiektuaren koordinatzaileen akreditazioa jasoko dute.
Proiektuen emaitzen difusioa. Behin mugarri guztiak aurkeztuta, Ebaluazio Batzordeak aztertuko du unibertsitateko kideentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuen emaitzak zabaltzeko aukera, egoki iritzitako baliabideen bitartez.
Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak dirulaguntza jaso duen taldeari eskatu ahal izango dio prestakuntza, sentsibilizazio edo hedapen saioetara joateko. Gainera, UPV/EHUk proiektuak eta haien emaitzak erabili ahal izango ditu bere ekintzetan, sentsibilizazio kanpainetan eta urteko jardueren memorian.
Azken xedapena
Deialdi hau araututa dago EAEko Ogasunaren Antolaketa eta Eraketa Legearen bidez, VI. tituluak jasotakoaren bidez bereziki, EAEko administrazio publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubideari dagokionez.
Deialdia eta haren Oinarriak, eta erator litezkeen administrazio ekinbide guztiak, inpugnatu egin ahal izango dira urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio Ordenari buruzko Legeak ezarritakoaren arabera.
Leioa, 2022ko abenduaren 1a.
Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea
Laura Vozmediano Sanz
- (Beste leiho bat zabalduko du)Deialdia (pdf ,502,29 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)1. eranskina: Eskabide-orria (EREIN/ERNATU/LORATU/UZTATU proiektuak) (docx ,174,29 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)2. eranskina: Eskabide-orria (ONDU proiektuak) (docx ,171,71 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)1. Zuzenkenten orria (EREIN-ERNATU-LORATU-UZTATU proiektuak) (docx ,173,01 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)2. Zuzenketen orria (ONDU proiektua) (docx ,171,92 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)IKDi3 Laborategia Berrikuntza Proiektuen IV. Deialdian dokumentazioa ZUZENTZEKO DUTEN ESKABIDEEN ZERRENDA argitaratzea (pdf ,3,08 Mb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)IKD i3 23-24 IV. Deialdian Zuzendutako eskaeren zerrenda (pdf ,3,14 Mb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Onartutako proiektuen behin-behineko zerrenda (pdf ,1,14 Mb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Onartutako proiektuen behin-betiko zerrenda (pdf ,1.013,82 Kb)