i3KD-Laborategia-Cabecera
PROYECTOS-LABORATORIO-INNOVACION-IKD-i3-2022-2023
2022-2023 aldia
- 1. Deialdiaren justifikazioa
- 2. Deialdiaren helburuak
- 3. i<sup>3</sup> KD Laborategia berrikuntza proiektu motak
- 4. i<sup>3</sup> KD berrikuntza taldeek eta haien proposamenek bete beharreko baldintzak
- 5. Eskaerak izapidetzea
- 6. Ebaluazio prozesua eta ebazpena
- 7. Proiektuen garapena eta jarraipena
- 8. Publizitatea
- 9. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa baldintzak
- 10. Laguntzak jasoko dituzten taldeen konpromisoak
- 11. Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak
- 12. Proiektuen ziurtapena eta hedapena
- Azken xedapena
1. Deialdiaren justifikazioa
UPV/EHUk bere hezkuntza eredua onartu zuen, IKD izenekoa, 2010ean, Europak martxan jarri zuenean goi mailako hezkuntza politika bateratua. Orduz geroztik, hainbat erakunde programa sortu ditu metodologia aktiboak eta berritzaileak sustatzeko, hezkuntza berrikuntzarako taldeei (oinarrizkoak eta aurreratuak) laguntzeko, bere irakasleen garapena bultzatzeko, irakats lana ebaluatzeko eta bere ikastegiak nahiz tituluak akreditatzeko. Horretarako sortu dira kudeaketa tresnak eta laguntza eta orientazio materialak, eta ahalegin handia egin da batera eraikitzeko.
Hamar urte baino gehiago igaro diren honetan, aldatu egin dira bai unibertsitatearen dinamika bera bai kanpoko testuingurua. Erreferentzia esparru garrantzitsuak agertu dira: hala nola Nazio Batuen 2030 Agenda, Garapen Iraunkorrerako 17 helburu (GIH) eta 169 xede ezartzen dituena, edo Europar Batasunaren Unibertsitate Hezkuntzarako Agenda Berritua, honako desafio hauek nabarmentzen dituena:
-
Aurre egitea gaitasunen garapenean dauden arrakalei eta, batez ere, konplexuagoak direnetan sakontzea: ikustea nola egin diezaiokeen ekarpena ikerketak irakaskuntzari –gradukoa eta graduondokoa–, edo gaitasun konplexuak garatzea mundu aldakor baten ezaugarri den erresilientziarako.
-
Goi mailako hezkuntza sistema integratzaileak eta konektatuak sortzea, gero eta handiagoak diren gizarte desberdintasunei aurre egiteko: sistema horietan sartzea sozio ekonomikoki desabantailak dituzten kolektiboak, migratzaileak, hiriak eta eskualdeak garatzea, eztabaida publikoa giza eskubideei eta gizarte gaiei buruz, etab.
-
Goi mailako hezkuntza erakundeek berrikuntza bultza dezaten bermatzea: titulazioen garrantzia indartzea enplegagarritasunari begira, aurrerapen zientifikoen transferentzia handitzea, doktorego programak fokalizatzea enplegu sektorearekin elkarrekintzan.
Orientazio horiek sartzeari begira, UPV/EHUk lan ildo berriak definitu ditu, eta UPV/EHUren 2018-2021 Plan Estrategikoan eta garapen iraunkorrerako 2030 EHUagendan sartu ditu. Gainera, UPV/EHUren Zeharkako Gaitasunen Katalogoa (2019) argitaratu da, zortzi gaitasun definitzen dituena UPV/EHUren titulu guztientzat:
- Autonomia eta autoerregulazioa
- Gizarte konpromisoa
- Komunikazioa eta eleaniztasuna
- Etika eta erantzukizun profesionala
- Informazioaren kudeaketa eta herritartasun digitala
- Berrikuntza eta ekintzailetza
- Pentsamendu kritikoa
- Talde lana
Analisi eta kontraste lan horrek eta jadanik aipatutako premisek UPV/EHUren hezkuntza eredua berrirakurtzera eraman gaituzte. Emaitza IKD i3 estrategia da (“i ber hiru”: ikaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna), ikaskuntzaren, ikerketaren eta iraunkortasunaren arteko konbinazioaren gaitasun biderkatzailea adierazteko modu sinboliko bat.
IKD i3 estrategiaren xedea da hezkuntza berrikuntzaren hazkunde esponentziala lortzea tituluetan, inpaktu handiko curriculum prozesu eta produktu berriak ahalbidetuko dituena, Zeharkako Gaitasunen Katalogoko gaitasun konplexuak garatzeko, ikerketa irakaskuntzan txertatzeko eta garapen iraunkorrerako helburuak betetzen laguntzeko, EHUagenda 2030en hiru plan sektorialei lotuta baitaude, hots: Berdintasun Campusa, Inklusio Campusa eta Planeta Campusa.
Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren (SAE-HELAZ) bidez, dei egiten die UPV/EHUko irakasle-ikertzaileei aktiboki parte har dezaten IKD i3 estrategiaren garapenean. Bide horretan aurrera egiten jarraitzen dugu i3KD Laborategia Berrikuntza Proiektuen hirugarren deialdia argitaratuta, irakasle taldeak aktibatzeko helburuz. Talde horien eginkizuna izango da iraunkortasun erronkak tituluetan txertatzeko lanak gidatzea, irakaskuntza-ikaskuntza estrategia aktibo eta kooperatiboen bidez, ikerketan oinarritutakoak, halako moldez, non egungo munduan etikoki eta eraginkorki aritzeko behar diren gaitasun konplexuak garatuko diren.
2. Deialdiaren helburuak
Deialdi honetako helburuak honako hauek dira:
-
Bultzada ematea i3KD berrikuntza egitasmoak eta ibilbideak UPV/EHUren tituluetan txertatzeari.
-
Irakasle taldeek berrikuntzarako duten gaitasuna indartzea, martxan jar ditzaten tituluetan egoki integratuko diren proiektu berriak.
-
Sinergiak sortzea irakasle taldeen artean, ikastegietako tituluen barnean edo ikastegien artean, helburua izanik ibilbide egokiak sortzea gaitasun konplexuak garatzeko eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekiko (GIH) konpromisoa betetzeko.
-
Erronka sozial garrantzitsuetara bideratutako diziplina arteko GrAL eta MALen garapena erraztea.
-
i3KD hezkuntza berrikuntzaren emaitzak zabaltzea irakaskuntzaren ikuspegi akademiko batetik (SoTL).
3. i<sup>3</sup> KD Laborategia berrikuntza proiektu motak
roiektu proposamenak egingo dira tituluaren ikuspegi global batetik, halako moldez, non denborarekin ibilbide bat sortuz joango den, GIHak eta gaitasun konplexuen garapena barne hartuko dituena, orain arte inplementatutakoak bezalako metodologia aktiboen bitartez (Ikaskuntza Kooperatiboa, Problemetan eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza, eta Kasu Metodoa), baita Erronketan (Challenge Based Learning) edo Ikerketan (Research Based Learning-RBL) Oinarritutako Ikaskuntza sartuta ere.
Kontua da puntualki eta bakartuta egiten den irakaskuntza berrikuntza gainditzea, eta berrikuntza estrategiko bat sortzea, helburu zehatz eta adostuak izango dituena eta bideragarria izango dena, ekintzei nahiz erabili beharreko baliabideei dagokienez, koordinatua eta denboran mailakatua, epe ertain eta luzera ikasleen ikaskuntza hobekuntza ebaluatzeko modua emango duena.
Ikastegien Kalitate Batzordeek –edo, hala badagokio, Titulazio Batzordeek– zeregin garrantzitsua dute testuinguru honetan titulu bakoitzari ezartzen zaizkion helburuak definitzeko orduan. Helburu horiek hainbat konpromiso mailatan bete ahal izango dira, deialdian parte hartuko duten proiektuetan planteatutako aplikazio eremuaren eta inplikazio motaren arabera.
Aipatzen den tituluaren ikuspegi globalak koordinazioa sustatu nahi du ikastegi eta tituluetako berrikuntza taldeen artean. Deialdi honen helburua titulu bakoitzean ibilbide curricularren konfigurazioa bultzatzea da, bertan, egoki iritzitako proiektu guztiak lekua izango lukete eta tituluaren eta proiektuen koordinatzaileen gidaritza bateratuaren bidez gauzatuko lirateke.
Hainbat prototipo aurkezten dira, praktikan jarduteko modu zehatzak ikustarazten lagundu nahi dutenak (1. taula).
1. prototipoa: EREIN Proiektu hauen helburua da curriculumean Garapen Iraunkorrerako Helburu (GIH) batekin edo gehiagorekin lotutako gaiak txertatzea; helburu horiek ongi definituz eta hasierako mailetako irakasgaietan. Irakaskuntza metodologia aktiboak eta eraldatzaileak erabiliko dira; hau da, aldaketak eragingo dituzte gure ikasleen pentsatzeko eta sentitzeko moduan, eta zeharkako gaitasun baten edo batzuen garapena bultzatuko dute. Proiektuak oinarrizkoak edo sarrerakoak izango dira, eta curriculum ibilbide baten abiapuntua izan daitezke. Proposamen hauek ideia berri eta original baten garapenean oinarritu daitezke, edo lehendik dauden beste batzuen txertaketan (adibidez, oinarrizko online ikastaroak*). Irakasle taldeak, aldez aurretik dagokion prestakuntza jasota, proposamenak egokitu eta kudeatuko ditu. Lehentasuna izango dute irakasgaiaren irakaskuntza talde guztietan gauzatzen diren proposamenek (beraz, haren irakaskuntza gidan agertuko dira). * Besteak beste, berdintasunaren, garapenerako lankidetzaren eta ingurumen kudeaketaren inguruko online ikastaroak dira, orain arte curriculumetik kanpo eman direnak eta irakasgai jakin baten barruan egokitu daitezkeenak. |
2. prototipoa: ERNATU Proiektu hauen helburua da GIH bat edo gehiago txertatzea aldaketa metodologiko berritzaileen bidez ikaskuntza testuinguru konplexuagoetan, zeharkako gaitasun bat edo gehiago garatzeko. Kontua da IKD i3 orientazioa inplementatzea gutxienez irakasgai batean eta, gutxienez, kredituen % 30ean; CBL edo RBL metodologia aplikatuta, garapen iraunkorrarekin lotutako erronka baten inguruan. Prototipo honen barruan egin daitezkeen ekimenetan irakasgai bat edo lotura estua duten hainbat irakasgai sartuko dira, eta antzeko ekintzak edo ekintza koordinatuak inplementatuko dituzte, betiere ikasleen eta irakasleen arteko harremana bultzatzen badute. Lehentasuna izango dute irakasgai batean baino gehiagotan inplementatzen diren proposamenak, eta irakasgaien irakaskuntza talde guztietan gauzatuko direnak, eta, beraz, haien irakaskuntza gidan agertuko direnak. Baita i3KD Laborategien aurreko deialdietako proiektuekin koordinatutako ekintzak ezarriko dituztenak ere. |
3. prototipoa: LORATU Proiektu hauen helburua da gradu baten barruan ikerketari lotutako gaitasun konplexuen garapena finkatzea, denboran mailakatutako ibilbide ezaguterraz baten bidez, GIHekin erlazionatutako erronken inguruan eta CBL edo RBL metodologiak erabiliz. Kasu honetan, irakaskuntza taldeek IKD i3 berrikuntza bat planteatuko dute, irakasgaien sekuentzia batean, eta gutxienez hiru i3 ikaskuntza egoera sartuko dituzte tituluan zehar. Ikasturteko gutxienez irakasgai bat, Gradu Amaierako Lana (GRAL) barne hartuta, jasotzen duten proposamenek izango dute lehentasuna. Lehentasuna izango dute, halaber, irakasgaien irakaskuntza talde guztietan gauzatuko diren proposamenek, eta, beraz, dagozkion irakaskuntza gidetan agertuko direnek. Taldeek egoera aztertuko dute aldez aurretik, eta curriculum ibilbidea definituko dute. Arruntena titulazio bakoitzeko mota honetako proiektu bakarra inplementatzea izango da, baina, kasuak kasu, posible izango da titulazio batean bat baino gehiago egotea, beti ere, horien arteko artikulazioa eta integrazioa lantzen bada. Lan taldeak tituluaren koordinatzailearen eta ikastegiaren Kalitate Batzordearen edo Titulazio Batzordearen oniritzia beharko du proiektua garatu ahal izateko. Egiten diren GRALak UPV/EHUko ikasleen kongresuan aurkeztu ahal izango dira: “Gure lanek mundua eraldatzeko balio dute“ |
4. prototipoa: UZTATU GIH bat edo batzuk curriculumean erabat txertatzen direla eta zeharkako konpetentzia bat edo batzuk modu anitzean edo transdiziplinarrean garatzen direla baieztatzeko proiektuak dira hauek. UPV/EHUko titulazio edo zentro bat baino gehiagoko irakasleek parte hartu behar dute nahitaez, eta kanpoko erakundeen eta/edo beste unibertsitate batzuen partaidetza izan dezakete. GRAL edo MAL-en kasuan, taldea osatzen duten irakasle adina lan kopuru minimo bat bildu beharko dute. Egiten diren GRALak eta MALak UPV/EHUko ikasleen kongresuan aurkeztu ahal izango dira: “Gure lanek mundua eraldatzeko balio dute“ |
5. prototipoa: ONDU Hezkuntza-berrikuntzako proiektuei instituzionalizatzeko aukera ematen zaie azken mota honekin. Beraz, ibilbide sendoa duten eta diziplina anitzekoak diren proiektuei zuzenduriko deialdia da. Hau da, hainbat diziplina, titulazio eta unibertsitatetik kanpoko eragileak inplikatzen dituztenak. Beraz, bereziki baloratuko dira:
Irakasle-taldeek proiektuaren xede diren GIHekin lotutako erronkak sustatuko dituzte, eta inplikatutako ikasleek erronkei diziplina anitzeko edo transdiziplinarra den ikuspegi batetik heltzen dieten taldeetan parte hartuko dute, CBL edo RBL metodologietan oinarrituz, GRAL edo MAL-en kasuan, taldea osatzen duten irakasle adina lan kopuru minimo bat bildu beharko dute. Egiten diren GRALak eta MALak UPV/EHUko ikasleen kongresuan aurkeztu ahal izango dira: “Gure lanek mundua eraldatzeko balio dute“ Proiektu hauek orain arteko ibilbidea eta lortutako emaitzak erakutsi beharko dituzte, eta garapen edo aurrerapen plan bat proposatuko dute IKD i3 estrategiaren esparruan, proiektuaren instituzionalizazioari begira. |
Deialdiari buruzko informazio guztia eskura dago hemen: https://www.ehu.eus/eu/web/sae-helaz/ikd-i3-berrikuntza-laborategiaren-proiektuak.
4. i<sup>3</sup> KD berrikuntza taldeek eta haien proposamenek bete beharreko baldintzak
Baldintza hauek bete beharko dituzte:
-
Taldeetan parte hartu ahal izango dute, besteak beste, proiektuak landuko dituzten irakasgaietako irakasle arduradunek, ikasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek, kanpoko profesionalek, eta beste unibertsitate edo hezkuntza mailetako irakasleek. Bermatuko da betiere taldearen bi heren irakasgaietako irakasleek eratzen dituztela.
-
Taldearen koordinatzaileak irakasle kontratatua izan beharko du, UPV/EHUrekiko lotura bermatzeko proiektuaren iraupena baino txikiagoa izango ez den denboraz. Gainera, pertsona hori DOCENTIAZ programan parte hartutakoa izango da, 60 puntuko edo hortik gorako ebaluazioa lortuta.
-
Ahal bada, taldeen osaera parekidea izango da, gizon-emakume kopuruei dagokienez. Hori ezin denean, baldintza ez betetzeko arrazoia azaldu beharko da.
-
Taldeko kide bakar batek ere ezin izango du parte hartu deialdi honen (2022-2023) eskaera batean baino gehiagotan.
Eskaera guztiek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
-
Deialdian parte hartu nahi duten proiektu guztiek ekarpen bat egin behar diote gure unibertsitatearen hezkuntza berrikuntzari, helburua izanik eragin positibo eta ebaluagarri batzuk izatea ikasleen ikaskuntzan. Zehazki, GIH bat edo gehiago curriculumean txertatzea proposatuko dute, zeharkako gaitasun konplexuen garapena ahalbidetuko duten metodologia berritzaileen bidez.
-
Deialdira aurkeztutako proposamenek honako hauek aurkeztuko dituzte: berrikuntza xedearen definizioa eta haren aplikazio eremua, exekuzio plan bat, eta inplementazioaren emaitzak bildu eta aztertzeko mekanismoaren deskribapena.
-
Proiektu guztiak bat etorriko dira SoTL orientazioarekin; hau da, ikerketan eta esperimentazio kontrastatuan oinarritutako irakaskuntza garatuko dute, abiapuntu harturik bibliografia zientifikoak arlo horri egiten dizkion ekarpenak, ebidentzia enpirikoa sortuz, emaitzak sistematizatuz eta emaitza horiek ingurune akademikoetan zabalduz (aztergai den diziplina/tematikaren irakaskuntzaren arloan garrantzitsuak diren batzar eta jardunaldi zientifikoak, edo aldizkari garrantzitsuetan argitaratzea, berdinek berrikusiak izan ondoren).
5. Eskaerak izapidetzea
Proiektuek UPV/EHUko irakasleen sostengua izango dute. Taldeko kide batek bere gain hartuko ditu taldearen koordinazio lanak, eta arduradun eta solaskide gisa arituko da Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuarekiko harremanetan. Era berean, graduetako koordinatzaileen eta Ikastegiko Kalitate Batzordearen edo Gradu Batzordearen oniritzia jaso beharko du.
EREIN, ERNATU, LORATU eta UZTATU prototipoen proiektuetarako eskaera deialdi honetan proposatutako 1. eranskineko ereduari egokituko zaio, eta bertan eskatutako datu guztiak aurkeztu beharko dira. ONDU proiektuetarako eskabidea deialdi honetan proposatutako 3. eranskineko ereduari egokituko zaio, eta bertan eskatutako datu guztiak aurkeztu beharko dira.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 e) artikuluan eta UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko erabakian (UPV/EHUrekiko harremanak modu elektronikoan izateko interesa duten pertsonen eta bertan zerbitzuak ematen dituzten langileen identifikazio eta sinadura elektronikoari buruzko instrukzioa onartzen duena) ezarritakoaren arabera, eskaera UPV/EHUren erregistro elektronikoan aurkeztu beharko da, https://egoitza.ehu.eus/eu/registro-electronico URL helbidean, eta eskaera Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetza / Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuari (SAE/HELAZ) zuzenduko zaio. Horretarako, hauetakoren bat erabili beharko da: UPV/EHUko langilearen ziurtagiri elektronikoa, Izenpe erabiltzaile ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, edo Diruaren eta Tinbrearen Fabrika Nazionalaren Ziurtagiria (FNMT-CERES).
Era berean, sektore publikoko edozein erakunderen erregistro elektronikoan aurkeztu ahal izango da, eta, salbuespen gisa, aurrez aurre aurkeztu ahal izango da UPV/EHUko erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan. UPV/EHUko erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak digitalizatu egingo dira, espediente administratibo elektronikoan sartzeko, eta originalak interesdunari itzuliko zaizkio, aldez aurretik funtzionarioaren aurrean identifikatuta eta egintza hori egiteko berariazko baimena emanda, UPV/EHUko idazkari nagusiaren 2021eko apirilaren 28eko Erabakiarekin bat etorrita, horren bidez jarraibidea onartzen baita, gai hauen inguruan: erregistro gaietan laguntzeko bulegoak, eskaerak, idatziak eta bestelako komunikazioak funtzionario gaituen bidez aurkeztea UPV/EHUn, eta funtzionario gaituen erregistroa.
Eskaerak aurkezteko, 50 egun natural izango dira, deialdia Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren webgunean eta campusetako errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula) argitaratzen den egunetik kontatzen hasita (bat etorriko dira argitalpen data eta deialdiaren sinadura data).
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun natural igarota, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak eskaeren zerrenda argitaratuko du (ondo betetako eskaerak eta datuak faltan dituztenak) bere webgunean eta campusetako errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula). Eskatzaileek hamar egun natural izango dituzte, zerrenda argitaratzen den egunetik kontatzen hasita, dokumentazioa osatzeko. Epe horretan falta den dokumentazioa aurkezten ez duten eskaerak atzera botako dira.
6. Ebaluazio prozesua eta ebazpena
Lehiaketan onartutako proposamenak sailkatu eta ebaluatu egingo dituzte zeregin horretarako sortuko diren batzordeek, eta proiektu bakoitzaren ebaluazioa bikoteka egingo da. Titulu bati lotutako proposamen bat baino gehiago badago, dagozkion Kalitate Batzordeei eta Titulazio Batzordeei proposamenaren egokitasunaz kontsultatu ahal izango zaie, eta alde guztiak bildu ahal izango dira, taldeen arteko elkarguneak eta sinergiak bilatzeko, tituluan IKD i3 ibilbide bat definitzeko.
Ebaluazio Batzordeak balorazio txosten bat egingo du, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeak kontuan hartuko duena laguntzak jasoko dituzten proiektuak hautatzeko orduan, baita laguntzen kopuruak zehaztean ere.
Laguntzak jasoko dituzten proiektuak aukeratzean, aintzat hartuko dira: 1-5 irizpideetan (3. taula) lortutako balorazioak EREIN, ERNATU, LORATU eta UZTATU prototipoetako proiektuentzat eta 1-6 irizpideetan (4. taula) lortutako balorazioak ONDU prototipoko proiektuentzat, erabilgarri dagoen aurrekontua eta proiektuaren egokitasuna tituluen eta ikastegien beharren arabera. Gainera, ahaleginak egingo dira i3 KD proiektuak UPV/EHUren ikastegi eta tituluen artean banatzeko.
Irizpidea | Deskribapena | Puntuak gehien jota |
---|---|---|
1 | Proiektuaren justifikazioa, helburuak: aintzat hartzen duen GIH, garatzen duen zeharkako gaitasuna(k), irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan egingo dituen hobekuntzak. | 20 |
2 | Proiektuaren irismena prototipoarekin bat etorrita: irakasgaiak, modulu/diziplinen taldeak, titulua edo tituluak (taldeak bere gain har ditzakeen irakaskuntza taldeak adierazita) eta proiektuan berdiseinatuko diren curriculumaren ECTS kredituen kopurua. | 15 |
3 | Proiektua garatzeko metodologia: metodologiaren egokitasuna jadanik argitaratutako ebidentzian oinarrituta (literaturaren erreferentziak eman beharko dira), proposatutako ekintzek helburuekin duten koherentzia (deskribapena erantsiz), eta exekuzio plana, ekintzen eta arduradunen kronogramarekin. | 30 |
4 | Proiektuaren inplementazioaren ebaluazioren diseinua: proiektuaren emaitzak ebaluatzeko aukeratu diren adierazleen egokitasuna, informazioa biltzeko mekanismoa eta emaitzak aztertzeko prozedurak. | 25 |
5 | Taldearen ezaugarriak: aldez aurreko prestakuntza edo esperientzia, bakarkakoa edo taldekakoa, GIH garapenean, hezkuntza berrikuntzan eta gaitasunetan, eta tituluaren edo ikastegiaren ordezkaritza. | 10 |
ONDU proiektuen kasuan, ezinbestekoa izango da taldeak hezkuntza-berrikuntzaren inguruko aldez aurretik garatutako ibilbidea izatea. 4. taulan proiektu-mota horretarako irizpideak eta puntuazioak zehazten dira.
Irizpidea | Deskribapena | Puntuak gehien jota |
---|---|---|
1 | Aurretik garatutako hezkuntza-berrikuntzaren ibilbidean lortutako lorpenak eta/edo emaitzak | 20 |
Garapen edo aurrera plana | ||
2 | Proiektuaren justifikazioa, helburuak: aintzat hartzen duen GIH, garatzen duen zeharkako gaitasuna(k), irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan egingo dituen hobekuntzak. | 15 |
3 | Proiektuaren irismena prototipoarekin bat etorrita: irakasgaiak, modulu/diziplinen taldeak, titulua edo tituluak (taldeak bere gain har ditzakeen irakaskuntza taldeak adierazita) eta proiektuan berdiseinatuko diren curriculumaren ECTS kredituen kopurua. | 15 |
4 | Proiektua garatzeko metodologia: metodologiaren egokitasuna jadanik argitaratutako ebidentzian oinarrituta (literaturaren erreferentziak eman beharko dira), proposatutako ekintzek helburuekin duten koherentzia (deskribapena erantsiz), eta exekuzio plana, ekintzen eta arduradunen kronogramarekin. | 25 |
5 | Proiektuaren inplementazioaren ebaluazioren diseinua: proiektuaren emaitzak ebaluatzeko aukeratu diren adierazleen egokitasuna, informazioa biltzeko mekanismoa eta emaitzak aztertzeko prozedurak. | 15 |
6 | Taldearen ezaugarriak: aldez aurreko prestakuntza edo esperientzia, bakarkakoa edo taldekakoa, GIH garapenean, hezkuntza berrikuntzan eta gaitasunetan, eta tituluaren edo ikastegiaren ordezkaritza. | 10 |
Laguntzak Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordearen erabaki baten bidez adjudikatuko dira, hiru hilabeteko epean gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.
Erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Era berean, aipatu erabakiaren kontra, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, jakinarazpen egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
7. Proiektuen garapena eta jarraipena
Diruz lagundutako proiektu bakoitzak aholkulari bat izango du, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak izendatua, proiektua garatzen laguntzeko eginkizuna izango duena. Era berean, Graduetako koordinatzaileei, Kalitate Batzordeei eta Titulazio Batzordeei beren ikastegi eta tituluetan garatzen ari diren i3 KD proiektuen berri emango zaie.
Proiektuaren fase bakoitzaren amaieran, nahitaezkoa izango da mugarri bat aurkeztea eGelapi plataformaren bidez, proiektu bakoitzaren koordinatzaileek hura eskuratzeko aukera izan dezaten.
Proiektuak 1. irudian ageri den faseen eskemari jarraituta garatuko dira. Jarraian deskribatzen da:
(1) Curriculum txertaketako ekintzak diseinatzeko eta planifikatzeko fasea. Fase amaieran, i3KDirakaskuntza gidak idatziko dira; proiektuen lehenengo mugarria izango dira (1M). Entregatzeko azken data 2022ko uztailaren 30a izango da.
(2) Inplementazio fasea. Diseinuak praktikan jarriko dira, eta jarraipen txosten bat egingo da ebidentziak bilduta (2M). Lehen lauhileko irakasgaiak dituzten proiektuak entregatzeko azken eguna 2023ko otsailaren 1a izango da, eta bigarren lauhileko irakasgaiak dituzten proiektuak entregatzeko azken eguna, berriz, 2023ko uztailaren 1a.
(3) Inplementazioaren emaitzak aztertzeko fasea. Analisi hori hirugarren mugarria izango da (3M). Entregatzeko eguna 2023ko abenduaren 23a izango da.
Proiektuek laguntza izango dute emaitzak zabaltzeko barnean (titulua, ikastegia eta UPV/EHU) eta kanpoan (ekarpenak batzarretan eta argitalpen zientifikoetan).
Proiektuak deialdia erabakitzen denean hasiko dira diseinatzen, eta 2023ko abenduan amaituko dira. Hilabete horietan lehen aipatutako faseak burutuko dira.
Hasieratik titulu batean ibilbide bat zehaztuta duten proiektuak (3. prototipoa, LORATU) denboran luzatu ahal izango dira, hedapen osoa lortu arte, nahiz eta emaitzak aztertzeko fase bakoitzaren amaieran ebaluatuko diren, ekintza berriak inplementatu ondoren. Proiektu horien luzapena 2023ko abenduan eskatu beharko da, eta eskaera urtero berritu beharko da, proiektua amaitu arte. Proiektu hauen luzapena 2. eranskina betez eskatu beharko da.
8. Publizitatea
Informazio saioak egingo dira campus bakoitzean, deialdi honen xehetasunak ezagutzera emateko, eta horren difusio egokia bermatuko da, prozedura hauek erabilita gutxienez:
-
Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren webgunea argitaratzea.
-
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusetako Errektoreordetzen iragarki elektronikoen tauletan (ehutaula) argitaratzea.
9. Baldintza ekonomikoak eta finantzaketa baldintzak
i3KD proiektuen deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira helburu berbera duen beste edozein laguntzarekin.
Urteko aurrekontua zehazteko orduan, kontuan hartuko da Programa Kontratuari urte horretan esleitu zaion kopurua.
Dirulaguntza eskaera behar bezala justifikatuko da urte natural bakoitzerako planifikatutako ekintzen kostuaren arabera. Laguntzak ez dira izango, inola ere, kopuru hauek baino handiagoak:
- EREIN proiektuak: 500€
- ERNATU proiektuak: 1000€
- LORATU proiektuak: 1500€
- UZTATU proiektuak: 2000€
- ONDU proiektuak: 3000€
Gastuak deialdi honek hartzen dituen bi urte naturalen barruan (2022 eta 2023) egin beharko dira. Dirulaguntzarekin honako hauek ordainduko dira: material suntsikorra (soilik lehen urtean, eskaera behar bezala justifikatzen denean izan ezik), proiekturako prestakuntza espezifikoa, ikasleekin eginiko jarduerak eta egitasmoak, software lizentziak, proiektua koordinatzeko bileren gastuak, emaitzen aurkezpena batzarretan eta beste dirulaguntzarik ez duten unibertsitate irakaskuntzari lotutako ekitaldietan, eta emaitzen argitalpena. Ezin izango da inola ere dirulaguntza erabili beste unibertsitate batzuetako lagunen dietak ordaintzeko, nahiz eta taldeko kideak izan (beren unibertsitateen laguntza izan beharko dute).
Deialdiak ez du finantzatuko azpiegitura eskaerak dituen proiekturik (material inbentariagarria edo funts bibliografikoak), eta beste bide batzuk erabili beharko dira.
10. Laguntzak jasoko dituzten taldeen konpromisoak
i3KD taldeek konpromisoa hartuko dute koordinazio bileretara joateko eta beren emaitzak UPV/EHUn i3KD proiektuak ezagutarazteko egingo diren jardunaldietan aurkezteko.
Proiektuaren koordinatzaileak lantaldearen funtzionamendu egokia bermatuko du. Hala, idatziz eskatuko zaizkio Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuari proiektuaren garapenean gerta litezkeen taldekideen altak eta bajak, eta zerbitzu hori arduratuko da eskaerak ebazteaz eta kasu bakoitzean dagokion akreditazioa gauzatzeaz. Gainera, koordinatzailea (edo haren ordez arituko den pertsona) arduratuko da jarraipena egiteaz, eta proiektuaren garapenaren berri emateaz, eskatuko zaion moduan.
Taldearen koordinatzailea arduratuko da ere kontabilitate kudeaketaz. Taldeek konpromisoa hartuko dute UPV/EHUren kontabilitate eta gastu kudeaketaren arauak betetzeko:
-
Fakturek UPV/EHUren kontabilitate arauak beteko dituzte.
-
Material suntsikorrak unibertsitatearen enpresa adjudikaziodunei erosiko zaizkie eta fakturak bidaliko dira martxoa eta azaroa bitartean.
-
Bidaiak eta ostatuak UPV/EHUren adjudikaziodunekin kontratatuko dira nahitaez. Dagozkion bertaratze agiriak aurkeztu ezean, ez dira ordainduko ez fakturak, ez dietak
-
Faktura originalek proiektuaren koordinatzailearen OE izango dute. Behin fakturak izenpetuta, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzura bidaliko dira bertan ordaintzeko, fakturazioari dagokion urte naturalaren barnean eta azaroaren 30a baino lehen.
11. Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak
Dirulaguntza emateko baldintzak bete ez direla egiaztatzen bada, jasotako kopuruak itzuli beharko zaizkio nahitaez UPV/EHUko Zerbitzu Nagusiari.
12. Proiektuen ziurtapena eta hedapena
Ziurtapena.
i3KD proiektuetan aritu den irakasle bakoitzari, programaren eskakizunak betez gero, parte hartu izanaren egiaztagiria emango zaio, Ebaluazio Batzordeak mugarri bakoitzean entregatutako txostenak baloratu ondoren. UPV/EHUko kide ez diren taldekideek dagokion proiektuaren koordinatzaileen akreditazioa jasoko dute.
Proiektuen emaitzen difusioa.
Behin mugarri guztiak aurkeztuta, Ebaluazio Batzordeak aztertuko du unibertsitateko kideentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuen emaitzak zabaltzeko aukera, egoki iritzitako baliabideen bitartez.
Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzak dirulaguntza jaso duen taldeari eskatu ahal izango dio prestakuntza, sentsibilizazio edo hedapen saioetara joateko. Gainera, UPV/EHUk proiektuak eta haien emaitzak erabili ahal izango ditu bere ekintzetan, sentsibilizazio kanpainetan eta urteko jardueren memorian.
Azken xedapena
Deialdi hau araututa dago EAEko Ogasunaren Antolaketa eta Eraketa Legearen bidez, VI. tituluak jasotakoaren bidez bereziki, EAEko administrazio publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubideari dagokionez.
Deialdia eta haren Oinarriak, eta erator litezkeen administrazio ekinbide guztiak, inpugnatu egin ahal izango dira urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio Ordenari buruzko Legeak ezarritakoaren arabera.
Leioa, 2021eko abenduaren 9a.
Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordea
Laura Vozmediano Sanz
- (Beste leiho bat zabalduko du)Deialdia (pdf ,1,80 Mb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)1. eranskina: Eskabide-orria (EREIN/ERNATU/LORATU/UZTATU proiektuak) (docx ,233,59 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)2. eranskina: LORATU proiektuen luzapen-eskaera (docx ,225,95 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)3. eranskina: Eskabide-orria (ONDU prototipoko proiektuak) (docx ,234,65 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)1. Zuzenketa-orria (EREIN, ERNATU, LORATU, UZTATU proiektuak) (docx ,233,72 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)2. Zuzenketa-orria LORATU proiektuen luzapen-eskaera (docx ,225,58 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)3. Zuzenketa-orria (ONDU prototipoko proiektuak) (docx ,234,77 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Onartutako eta baztertutako eskarien behin behineko zerrenda (pdf ,210,11 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Onartutako proiektuen behin-behineko ebazpena (pdf ,257,36 Kb)
- (Beste leiho bat zabalduko du)Onartutako proiektuen behin-betiko ebazpena (pdf ,308,20 Kb)