Hezkuntza

Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikorako proiektua (IGOA)

Egitasmo honen helburua da euskarazko irakaskuntzan jardungo duten profesionalen prestakuntzan ohartze eta ahalduntze soziolinguistikoa sustatzeko plangintza bat sortzea (epe labur-ertainean) eta pilotatzea (epe ertain-luzean). Plangintza horren sortze-prozesuan, beraz, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Graduak eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen Formakuntza masterra izaten ari dira abiapuntu eta jomuga, gaur egungo euskal hezkuntzaren testuinguruko erronketako bati erantzuteko asmoz. Izan ere, etorkizuneko irakasleek izan dezakete azken hamarkadetan hizkuntza komunitatea ahultzen ari diren joerak norabidez aldatzeko giltzetako bat. Beraz, graduetako ikasleen prestakuntza egokitzeko egindako ekarpenak, ikasleen ongizatea handitzeaz gain, Unibertsitateak duen erantzukizun sozialari ere erantzungo dio.

Gipuzkoako Campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean Mikel Laboa Katedrak (MLK) sustatuta unibertsitateko irakasleon artean gaiari buruzko hausnarketa-eztabaida piztu eta lan talde bat sortu dugu. Helburu nagusia da etorkizuneko irakasleen prestakuntzan euskal testuinguruaren eduki soziolinguistikoei eta soziokulturalei dagozkien eduki, gai eta hausnarketak zehar-lerro gisa txertatzea.

Gure xedeari behar bezala erantzuteko Rosa Ramos Alfaro hizkuntzalaritza aplikatuko aholkulariaren laguntzaz eta haren eskutik, fase ezberdinez osatutako prozesu bat diseinatu dugu, orain garatze bidean dena. Hona 2023-2024 ikasturtean hasi eta 2026-2027 ikasturtean amaituko litzatekeen ibilbidearen plangintza:

Dagoeneko, fakultateko irakasleen parte-hartze zabala izan zuen hausnarketa fasea, esku-hartzeen diseinuaren eta esku-hartze planaren komunikazioarena gauzatu ditugu eta aurtengo ikasturtean abiatu dugu esku-hartzeen lehen inplementazioa.