Aurkezpena

Aurkezpena

Mikel Laboa Katedra 2013. urtean eratu zen Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren bidez, euskal artea eta folkloreari buruzko ikerkuntza eta arte-sormena bultzatzeko, Mikel Laboaren eta haren garaiko unibertsoaren aspektu ugariak abiaburutzat harturik. Katedraren jarduera-egitasmoak arreta berezia eskaintzen dio gai horien bueltan ikerketa, ekoizpen kulturalak nahiz zabalkundea egiteari.

Mikel Laboa Katedrak lankidetzan jardun nahi du kulturaren eta, bereziki, arteen ikerketan diharduten erakunde eta pertsonekin, euskal artearen ikertzaile eta adituen nazioarteko komunitate bat gorpuzteko, hartara arte-adierazpen horiek hobeto ezagutzeko eta munduan zabaltzeko. Era berean, Katedrak euskal kultur eragileen sarearen parte izanik, esparru horren baitako ekarpena egin nahi du, euskal kultura artistikoaren hedapena eta belaunaldi arteko transmisioa helburu duten ekoizpenak sustatuz (erakusketak, sormen artistikoa, liburu monografikoak, e.a.) nahiz proposamenak diseinatuz eta martxan jarriz estrategikoki garrantzitsuak diren esparruei begira, hala nola, hezkuntzaren eremurako.

Mikel Laboa bera eta Mikel Laboaren obra izango dira sustatuko diren ikerketa-lerroetako bat.