Ekoizpen kulturalak
Ni ez naiz Mikel Laboa komikia eta Mikel Laboa …izan liteke konstelazio izan gabe izar… erakusketa
2023-2024 ikasturtean zehar Mikel Laboa izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketa ikusgai egon da Donostiako Okendo Kultur Etxean eta Euskal Herriko Unibertsitateko hiru campusetan.
UPV/EHUren Mikel Laboa Katedrak bultzatutako erakusketa honek Mikel Laboa abeslaria gogoratu nahi du, erakusketa horren inspirazio iturria delarik Katedrak bultzatutako Ni ez naiz Mikel Laboa komikia. Abeslariaren unibertso pertsonal eta profesionalen arteko harmoniak agerian uzten du Mikel Laboak euskal kulturan izan duen garrantzia.
Ni ez naiz Mikel Laboa liburuaren testuak Harkaitz Cano eta Unai Iturriagarenak dira, marrazkiak ’Josevisky’ Joseba Larratxerenak eta argitaratzea Elkar argitaletxearen eskutik etorri zen. Liburuan bezala ohiko biografia moldeetatik ihesi, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea dira erakusketaren iparra. Komikiak arrakasta nabaria izan du eta gaztelaniara nahiz katalanera itzulia izan da. Bestalde, lan horregatik ‘Literatura lanaren ilustrazioa’ren Euskadi Literatur Saria jaso zuen Larratxek 2023an.